Itsasoa
Jean-louis Davant
Ekitoltzean opa, hor zaude baketsu,
Larru legun, uhin-gabe ta gori batean,
Eguzkiaren musu garbi'aski zaizu
Baina haren distira behar'zu betean.
Eta ni, legorreko gizon,bakan natorkizu
Iluna, ez jakina, itxaron gaberik,
Arraun oker batean ura urraturik,
Argiaren ordainez burua dena su.
Uholdeak orduan sagailoen kaldan
Astindurik narabii ur beroen maldan,
Naietan ontzi hordi, zuk desjabeturik.
Galernaren zilborrak, azken zirimolan,
Ondartzara bota nau eta baketurik
Nago, zure indarraz orain txaranbelan.
Indar eme, emankorra,
Zutan daukat iturria
Ta helburu gurgarria,
Ene ametsen alorra.
Gizonkia, uste duk amodiozk'obran
Haizela nagusia. Ohart hadi arren,
Mariñela, zein ttipi haizen galernaren
Begiak hartzen hauen zirimola hortan.
Pentsa zein bakuna den hire oldar hori
Eta soila ontzia. Aldiz mila margo,
Uhin, olde, dirdiraz aberats azpiko
Mundu sakona, mila ñabarduraz jori.
Joairak errespetuz harturik ertzean,
Haren altxorrez dituk sareak betetzen.
Ekaitzaren begitik portura heltzean,
Haren ortzadarraz duk leihorra hezetzen.
Zuhurtu nahi denak, Ülyssek bezala
Itsasoaren lotsa eduki dezala.
Itsasoko banintz sortu,
Haren uholdean sartu
Nintzateke, uren askatzeko.
Lurreko bainaiz gertatu,
Nehor ez bedi engaina,
Ezin izan naiz arraina.
Baina eme gabe, bizi gabe
Litzateke mundu gaina.
Artzan-hora ez da otso,
Ur gezala ez da goxo.
Nehor ezin izan ber denboran
Mariñel eta itsaso.
Ahal banaiz humanista,
Neholaz ez feminista.
Ez nuke nahi gizateria
Bizi dadien erdizka.
Ezin da itsasturia
Bizi guduka gorrian
Edo itsaso maitetik bazter,
Hor baitauka iturria.
Begi urdin-berdeen bistan
Nor ez da sendi artista?
Hetarik urrun ez nuke nahi
Bizi hau bizi erdizka.
IGORTZE
Itsasoa, itsasoa,
Lurraren gero beroa,
Hi gabe gure mundua ez dun
Neholaz ere osoa.
ITZULTZE
Itsasoa, maite haunat
Baina uren lotsa diñat.
Bake zuzenezko arraun oldez
Etortzen nun hire ganat.
|