Tropiketan (Orroitzapen asmatuak)
Ladix Arrosagarai
Jon Cazenave
Mikel Hiribarren
Tropiketan ez da sasoinik, urtea hedatua da uhain gazien joan jin tinkoetan. Argiaren ezpatak egunaren luzean itzal ferde ilunak sarraskitzen ditu.
Noizean behin, uharteen zainetan, haize bortitzen mutur zorrotzak harrotzen du harearen gorputz efemeroa, ondotik hondartzak hantzen direla larru zaurituaren erara.
Tropiketako goizetan armiarmak sarea zabaltzen du koloreen suzko uztaren biltzeko, lurpeko itsuek lurraren hertze gorriak argira dakarten bitartean.
Aratsari buruz, asko koloretako arrainen haragi minberakorrek ondarra odoleztatzen dute arrainkarien urratsetan.
Xori kalakariek oihan handiaren ahoan lumak galtzerakoan gaua argitzen dute. Ur geldietako apo handien amodiozko kantetan aise nabari delarik urte osoa dela maitatzeko aro.
Hemen, lur borobilaren begi gorrian ez da hiltze luzerik, ez eta hilobirik. Gauzak oro iduzkian ongi ontu ondoan, airean lehertzen dira, barne hezetsua beroak xurgaturik.
Tropiketan, gorputz hilen indar ondar idorrak haizeak eramaiten ditu itsasoen itzulian. Gero, eguna argitzean lurreratzen dira... urrezko hautsa airean dilindan, hunkigai.
|