L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 4 (1983-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Larresoron beilaz

 

B. Bidegorri

 

Etxe hau eskualde honetako seminarioa zen denbora hartan, gure herrian familia bakoitzean haur bat bederen Elizari eskaintzera lehiatzen omen ziren, ohore handia baitzen herritar guztientzat norbait haurrideetan elizako artzainetarik izatea. Gure fedeak zerbait ezin hautsizkoa zirudien, eta ipar bortitzak ekarri aro berriko ideia paganoek, Aturrin, ezin gaindituzko harresia kausitzen zuten, Jainkoak euskara eta katolikotasuna betirako juntatu balitu bezala. Giristinoki bizi zen gure herria, giristinoki jaten zuen, giristinoki ziren haurrak egiten eta altxatzen; hil ere, giristinoki hiltzen da gure herria.

        Hazparne eta Kanbotik, Ezpeleta eta Donibanetik, Sara eta Azkainetik, Lapurdi guztitik, Nafarroa Beheretik ere, zernahi haur biltzen zen Seminariora, oro bizi saindu baten besarkatzera gerturik. Dudak ez ziren haizu, eta betidanikakoa uste genuen lege giristinoa den mendrena kolpa zezaketen berrikuntza guztietan, deabruaren jokutria zenbait ikusten zen. Infernua ez zen oraino apezak ahalgeturik ezartzen zituen haurkeria, fedearen azkar atxekitzeko hura baitzuten zimentarririk tinkena. Zenbat haur-amets ez ote dituzte bete, prediku alkitik infernuaren itxuratzeko egin deskripzio izigarriek; sofrikarioa eta eternitatea euskaldun gogo irudimen-urrikoetan elkartu beharrez, zenbat metafora, zenbat gonbarantza, mugarik ezaren mugen urruntzeko! Eta orduan azkar zen gure herria, baitzekien gauzen nondik norakoa; fier zen egiaren jabe eta defenditzailea zelako. Euskaldun ere zen. Ez zekien bere buruaz beste egitera kondenatua zela.

        Errobiaren ondoan, Larresoroko lurretan altxatua, hor dut aitzinean mende eta erdi batez hemengo jauneria guztia eskolatua duen Seminario zaharra. Aspaldi honetan hutsik dago, arrunt utzia. Badazkit batzu loriatzen direnak, ilunbean ginauden denbora hartako bele beltzen jauregia hondamendutan ikusiz. Lo belarraren kontua. Egiak bere bidea; gezurrak zangoak labur. Erran zahar, sineste berri. Segurtamen oso eta erosoak. Bizkitartean nola uka: azpian ginduzkaten, umil eta obedient nahi gintuzten. Aitzinamenduaren argiak ezin ikus zitzaketen gure begi itsutuek. Ordean, itsumenduaren bastiza desegina da aspaldi honetan: argia sartu da prefeten eskola eta gerletako burrunberi esker. Hauxe bozkarioa! Ba ote? Baietz bada.

        Etxe hau duela ehun urte oraino, euskal herri honetako sentinela zen. Mundu zaharra suntsitzera zeraman uhainari ihardokitzeko altxatu zuten, Voltaire bere pozoiaren isurtzen hasten zen garaian. Libertatea ateari joka, aritzen gintzaizkion hemendik tiroka. Iraultzarekin ikasi genuen libertatea, gobernamenduak lehen aldikotz. Seminarioa beretu ondoan Sara, Itsasu eta Azkaineko jendeak Aturriz haraindira bortxaz desterratu zituztelarik. Zenbat zuzen: hiru, lau, bost ala zazpi mila? Lepotik eginak kondatu gabe. Enian uste edaten ziala libertatiak odolik.

        Denbora hartan, gurutzefika bide bazterrean ikusten genuen aldi oroz zeinatzen ginen, halaber guztiak lanetik gelditzen anjelusak entzutean. Nagusiak errespetatzen ziren, eta ondasun hitzaren anbiguitateak ez zion inori gogoetarik eginarazten. Baina izpiritu argiek —mediku, notario, kanpainetako lurrez jabetu hiritar eskolatuek, laster errientek ere— pobrea eta aberatsa Errepublikaren legearen aitzinean berdin zirela erraten zutelarik, irriño dudaz eta ironiaz hantu batekin so egiten zien, bizitzekoaren biltzeko lehert eta zapart lurrarekin borroka ari izan behar ziren laborariek. Egia hori irentsi gabe hilen ziren dohakabeak.

        Gure euskal hèrriak ez zuen banderarik, ez himnorik, ez izenik. Baina bazen, eta gu ere baginen, ginenak ginela ez baginakien ere. Herria gauza guti zen jendeentzat: ezagutzen zituzten ingurumen hertsiak, ez gehiago. Ez gutiago: haien bizitzea hots, sortzetik hiltzeraino. Izarren harat-hunaten berririk ez bide zuten, eta arima herratuak zebiltzan tokietan ez zuten zangorik sartzen. Inorantzia gorrienean bizi ginen, eta han-hara jainkoak daki noren kontra gudukatzera igorri nahi gintuztelarik, ez genuen ulertzen; Ameriketara ihes egin nahiago genuen. Eskolak irakatsiko zigun, asteko zazpi egunen eta frantses departamenduetako hiri nagusien izenekin batean, desertore izatearen itsusia, Patriarentzat hiltzearen ederra. Eta, nola ez, orthographia.

        Ordukotz jauregi hau —Euskal Herrian norbait eta zerbait zirenen eskolexea deitu baitu norbaitek, barka biezat galde hau: hartan ibiligabeak inor, ez deus, ez ote ziren?— hestaraztekotan ziren etsaiak, etsaitzat baitzeuzkan orduan errepublikanoak, «Eskualduna», Larresoroko Seminarioari hoinbeste zor zion kasetak. Galdez nago, aitzina jarraiki balitz, zer segida ukan zuketen ikasketen denboran hor egon euskal letradunek. Zerrenda gogoratzean, ikara batek hartzen nau: Harriet utz dezagun, Laphitze eta Lapeire heldu dira, ondotik Duvoisin eta Elizanburu, hurbilago, jaun eta nagusi, Hiriart-Urruti, Barbier eta Etxepare, nola ez aipa bestalde, Adema, Saint Pierre, Oxobi... Horiek oro, mutiko zirelarik hor egonak dira. Zein ikastetxek hoinbeste izen lerroka ditzake? Hasten betiko trufaria Balzac edo Proust-en zenbait obra besapean daukala: «Horiek direa egiaz zuen urrezko lumak, miraz haukatenak, ala irri egiteko diok?» Muturreko bat eman baniezazio nik arrapostu gisa?

        Zertarako ordean? Ahantziak ditugu. Harri horien azpian ehortzirik dauntza, ondokorik kasik utzi gabe; non ez diren haietan sartzen, euskal herriaren otoitzez askatzea amestu duen olerkari paregabea, eta Uztaritzeko apez managaitz hura, bizi guztian mendi eta mendeen gainetik zubi egin beharrez higatu dena, herria herritar atxeki nahiz, itotzen gintuen uholdearen azpian kontrakarreko lan etsigarrietan.

        Aitor dut. Etxe hau eraikia izan zen landa honetakoa sendi dut neure burua, desgaraikeria deskarata bada ere ene gisako zenbaiten gostuko.

        Seminarioa bigarren eta azken aldikotz gobernamenduak bortxaz beretu zuenetik, zazpi urte iragan ziren denak akort jarri zituen gerlaren hasteko. Zer gogoeta zerabilen Manex gerezietarrak, 40 urte, bost haurren aitak, 1915.eko uztailaren 12an, tiro bat ukaraian, obus puska bat izterrean, etsaiek hiltzera edo berdin hiltzat utzi ondoan, herrestaka frantses lerroetara buruz itzultzen zelarik? Ez zatekeen eskola honetan ibili, ardietarik bide zen hura, ordena eta obediantza azpiko tokitik preziatzen ohitua. Etxe honek zaindu zuen munduan sortua, gerlatik jitean bestelakatua zatekeen: gizon berri bat mende berri batetan, azken tenorea heldu herri zahar honentzat.

        Pirka-pirka joaten ari zaizkigu begien aitzinean, Arana (eta Galileo bera ere) baino lehenagoko Euskal Herri honen azken hondarkinak, euskaldungoa ere berekin betikotz daramatela. Horrengatik, pagano nahasmenduzalea naizen euskaldun berantiar kaskoindu hau, errespetuz nago hemen harri abandonatu horien otoitz isilaren entzuten.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.