| 
 
 
Agur Garaziri
 
 
 
Dominique Ezponda
 
 
 
                  1
 
Sortzez Garaztarra naiz eta
 
Orai Lapurdin naiz bizi
 
Gogo bihotzak nahi ditut
 
Gaur hegaldatzerat utzi
 
Hastapeneko urte goxoak
 
Nik ez baititut ahantzi
 
Bertsu berri batzuen kantari
 
Heldu nitzaizu Garazi
 
 
 
                  2
 
Garaziko lurrean eginik
 
Lehenbiziko urratsak
 
Eta haur batek egin dezazken
 
Nigar irri-ta solasak
 
Bai eta ere gazte denboran
 
Egiten diren ametsak
 
Bizi batean nola ahantzi
 
Gazteko urte airosak
 
 
 
                  3
 
Garaziko hiri kapitala
 
Beti baita Donibane
 
Aldi bat baino gehiagotan
 
Izatuak gira hane
 
Izan merkatu edo feria
 
Denetan baigiden barne
 
Neure orduko lagunekilan
 
Hasi nintzan pertsutane
 
 
 
                  4
 
Goizetik arrats astelehenak
 
Merkatu egunak daude
 
Horarat ere juaiten ginden
 
Ardurenik buru alde
 
Egun hartan egin behar ziren
 
Lanak utzirik debalde
 
Hor ere pasatu izan dugu
 
Guk hameika arratsalde
 
 
 
                  5
 
Donibanen feria egiten
 
Dira lau aldiz urtian
 
Egun goxoak pasatzen dira
 
Neska mutillen artian
 
Karrikan kurri goiti beheiti
 
Dantzaldia trinketian
 
Gu goizik etortzen ginden eta
 
Etxeratzen berantian
 
 
 
                  6
 
Donibane dena komertsa da
 
Baditu aunitz ostatu
 
Baginakien nun jan ziteken
 
Eta nun zaiken jostatu
 
Gure artean bazagon pertsu
 
Ixtorio eta kantu
 
Garaztarren airostasuna
 
Behine ez da faltatu
 
 
 
                  7
 
Biramunean ere oraino
 
Kantu musika gogoan
 
Bertze feria noiz izanen den
 
Oroitzen gira orduan
 
Lagun guziek partitu aitzin
 
Hitz emena baiginduan
 
Berritz ere bertze horen bertze
 
Egitea urrenguan
 
 
 
                  8
 
Lur maite hortan sortu nintzen ta
 
Hor berean naiz hazia
 
Jainko onari eskertzen diot
 
Egin zidatan grazia
 
Hobekiago iragaiten da
 
Ontsa hasten den bizia
 
Nik ere Garaziri zor diot
 
Neure izaite guzia
 
 
 
              
             |