Urkuluko laminak
Lohigorri
Laminak ziren denborako ixtorioa... Pentsa beraz atzokoa denez...
Lamin zaharrak erran zioten laguneri «Hortxetan ikusten duzue Urkulu, aspaldiko dorre motz hori... Erromano gudariek zuten azkenean Akitania bentzutu eta Zezar Augustori zioten eraiki orroitgailu hori. Ikusi bazinute zer harri meta! Hau baino bietan gorago eta, kaskoan, Zezar-en itxura, bere armekin. Bainan oraiko gizonek horiek guziak ahantziak dituzte, itxura ebatsia izan baitzen eta artzainek gaineko harriak hartu baitzituzten etxolen altxatzeko... Beraz, ez baitakite gehiago nolakoa zen, gau huntan behar ginuke bermatu dorrearen berriz egiterat. Denek elgarrekin ez duguia xutik ezarriko, iguzkia atera aintzin?»
Denek botz batez baietz, laminek hargintza odolean baitute... Briu, brau, ehunka abiatu ziren. «Har harri hau! Bota beste bat! Etor ene laguntzerat!» Gau guzian lur ikararen pareko azantz luze bat aditu zen omen, Urkulu aldetik eta Garaziraino. Jendea lotarik atzartu ere: «Erran, entzuten duna lur ikara hau? Ez duk biziki bortitza! Ixil hadi hortik, otoi!»
Artaldea aintzinean, Peio artzaina bere etxolatik heldu zenean, ez zen guti harritu ikustearekin han, bihurgune batean, Urkuluko dorre motza arrunt goratua. Eta kasko hartan, alimaleko gudari baten urrezko itxura distiranta. «Alta, alta, ez nuk ni lo, tenore huntan... Ez nuk ere edana... Nundik demontre egin ahal ukan dute holako lana hain laster? Barda ez zian hemen betiko dorre motza baizik... Ala ametsetarik ari naiz?» Eta zimikoka hasi zitzaion matelari...
Pettanek oihu luze bat eta artzain lagunak etorri zitzaizkon lasterka. Denak dorre berriari so eta so, alimaleko gudariari so. Hunen ondora igan ziren harriz harri, ahuntzak iduri. Ez zuten behin ere holako itxura haundirik ikusi: Iruñako sanferminetan ibiltzen diren ziganteak baino haundiagoa. Batek erran zuen: «Elizako kurutzearen bideko soldado erromanoa iduri dik!» Eta bestalde ez zuena urrea bezala distiratzen? «Jende biziak holakorik egiten ahal duela hain laster... Behar ginikek Garazin hunen berri eman... Nor joanen da mezulari gisa erretoraren eta alkatearen ganat?» Peiok baietz...
« Hori, Peio, ez ditaken gauza... Nun ez den debruaren lana... Hura ez baitago sekulan lo...»
« Baietz, jaun alkatea. Barda ez zen hor gaindi betiko dorre motza baizik. Funtsean, ene auzoak ere lekuko dira.
Orduan, herriko kontseilua behar dut bildu orai berean»
« Zuk zer diozu, Domingo? Ori, jaun alkatea, urrezkoa balinbada, urre hori zatitu behar ginukela ene arotz-tegian urtarazi eta. Familia bakotxak hunenbeste hunki lezake. Eta zuk, Mañex? Nik diot, han denaz geroz, han behar dela utzi. Nik aldiz nahi nuke denak haret joan gaiten. Ikusi gabe, zer egiten ahal dugu?»
Zanpa zanpa bazoatzin patarrari goiti... «Ez ginikek behar, gero, alferretan egin holako piaia... Urrunetik baginu urrez eta, harat hel eta, lurrez... Ixilik egon, otoi, hire tritzoekilan. Baitugu... aski lan!»
Urkulurat heltzean, denak harriturik zauden...
«Hauxe da aldapen espantagarria!» Erreintak, zirri zarra, dorre berriaz egin zituen dotzena bat marrazki, lehengoen gaiherat.
«Ta, orai, jaunak, zer behar dugu erabaki?», erran zuen alkateak.
Ni ez naiz gudarien alde. Baketiarra daukat ene burua. Joan bedi hemendik urrun itxura pozoindatu hori! Ez dauku zorigaitzik baizik ekarriko...
Nik diot behar ginukela Garaziko plazen ezarri orroitgailu hori. Kanpotiarrak ekar-araz lezazke, denen onetan...
Hemen berean egon dadila... Gau bakar agertu dena, gau bakar joaiten ahal zauku!
Jaun erretorak zerbait otoitz atera dezala ikusteko debruaren lana den edo ez...»
Denak tirabiraka... Lotsaturik, alkatea mintzatu zen: «Hemen bakotxa ari da bere ganat indarka... Hunat igan artio besterik zen... Beti erabakiak hartzen ginituen goxotasunean eta onean onez. Iduri luke urrezko itxura hunek nahasi gaituela. Beraz, helduden-igandean, herri guzia bozkatuko da, emazteak aintzinean...»
Etxerat etorri ziren akiturik. « Zer duzue bada gain hortan? Deus onik ez. Urre madarikatu horrek hoztu gaitu elgarren artean.
Bazterrak haatik berotuko dira Garazin, jendeak bozkatu beharko baitu igandean!...»
Ortziralean oihan-zainak etxez etxe aipatu zuen delako bozkatzea.
Aratseko haatik, Peio artzaina berriz etorri zen bortutik, izitua, hatsa ezin hartuz. « Ez dakizue? Gudaria joana da... Dorrea berriz apaldu da lehengo heinerat».
Norbaitek erran zuen: «Hori, behialako laminen lana... Gizoneri laguntza bat ekarri dute. Laguntza hortarik mutur salda etorri zauku... Beraz beren lan zoragarria desegin daukute...»
Bozkatzerik ez zen izan, Garazirendako haundi baitzen. Urrerik ez zuen gehiago nehork aipatu. Eta Urkulu betiko lano petan gorde zen, ahalgetua bezala.
|