Karlixten gudu-kantuak
Piarres Dunypetre
Lehen hala,
Orai hola,
Gero nola?
Duela mende bat eta erdi, Karlixten jazar-aldi denboran, sasi-gudariek bazituzten beren kantuak, Frantses «Maquisards» delakoek bezala. Ez uste, orduan ere, kantu bat bakarrik bazela. Egia erraiteko, 1942-an, hiru segurik entzuten nintuen, eta «Le Chant des Partisans» farnatu hura, berantegi agertu zen egiazko borrokarien artean. Nik ez nuen ikasi 1944-eko udan baizik, sasi-gerla bururatzen ari zelarik!... Ez uste ere gudari horiek tirahala kantuz ari zirela mendien gainetik, denbora goxoki pasatzeko. Beti gordetuz eta barrandan, etzuten beraz azantzik egin behar. Bainan zonbait aldiz, etsaia urrun zelarik eta tresnak oro bizkarrian ereman beharrez mendiz mendi, mutiko horiek botatzen zituzten bertsu batzu, ahapetik bederen, kantuak laguntzen baititu gizonaren urratsak.
XAPELA GORRIA
Garaziko haur bat nintzalarik, Karlixten kantu eta erranzahar zonbait ikasi nintuen ene aitatxi edo amatxiren ahotik. Bixtan da beraz gogoz banakiela «XAPELA GORRIA» ospetsua. Bainan luzaz egona nintzan hitz batzu ezin ulertuz, ezpaiziren herriko euskaraz erranak, eta ezpainuen oraino ikasi liburu zaharretan, zer izan ziren Karlixten gudu izigarriak hemengo mugaren ondo-ondoan. Huna, ene ustez, nola Nafartarrek emaiten zuten kantu hori lehenbiziko gerlan, 1830-etik 1839-rat, Don Karlos V-garrenaren ohoretan:
Azpeitiko neskatxek, gona gorriekin (bietan)
Ez dute dantzatu nai «Xapel Xuriekin».
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria! (bietan)
Biba xapel gorria, borlia ferdea,
Zaldi batian dator Don Karlos maitea.
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria!
Biba Don Karlos eta Doña Margarita,
Gure Lege Zaharrak ta Jainko handia!
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria!
Gobernuak baditu bi pezeteroak
Ba, bainan Don Karlosek boluntarioak.
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria!
Nik ere gogotikan hartu nuen arma,
Nigarretan utzirik aita eta ama.
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria!
Gu lapurrak girela, kalean diote.
Gezurra diote ta pagaturen dute!
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria!
Ez girare armetan ohointzaren dako,
Bainan bai bakarrikan Don Karlosen dako.
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria!
Don Karlosek eman du Frantziatik ordena,
Xanponian saltzeko beltzetan onena.
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria!
Xanponian ez izan, arditian ere,
Lizarrako kanpotan dotzenaka daude.
Ai, Ei, Ai, muttila, xapela gorria!
Bertsu zahar horietan, oraiko ikertzalek badukete zer ikas eta zer pentsa. Lehenik, nuntik debru ateratzen den «XAPEL XURI» eta «XAPEL GORRI» ixtorio hori. Horra zer erraiten ahal dutan.
1 «XAPEL-XURIAK». Hola deitzen zituzten erregetiar boluntario guziak, Españatik, Frantziatik, edo nun-nahitik etorriak, Don Karlosen armaden gerla egiteko. Horiak etziren beraz Euskaldunak, eta boneta xuria zuten buruan, aspaldi danik erregetiarrek hautatua baitzuten kolore xuria. Frantzian bederen. Bainan, Gipuzkoako Karlixtek ere ezartzen zuten buruan boneta xuria, batailun zonbaitetan, erregetiar arrotzek bezala.
2 «XAPEL-GORRIAK». Horiek aldiz, Euskal-Herriko gudari guziak, eta bereziki Don Karlosen «GIDARI KONPANIETAN» ziren soldado hoberenak. Huna zer xuxentasunak emaiten dauzkigun Karlixten aintzindari batek:
...«Les seules Compagnies de Guides avaient alors un costume militaire au grand complet, et ce costume consistait en une petite veste de drap, couleur gris de fer...
...»La coiffure n'était autre que la boina, béret basque rouge orné d'un gland jaune. Le pantalon était blanc et l'alpargate en corde formait encore la chaussure indispensable...»
«TIO TOMAS», Souvenirs d'un soldat de Charles V, par Alexis SABATIER, Lt Colonel d'Infanterie au service de l'Espagne, Bordeaux 1836 (Chap. V)
Orai, argitasun horieri esker, asmatzen ahal da naski, zergatik Azpeitiko nexkatxek nahiago zuten jantzan arizan «Xapel-gorriekin», GIDARI famatu horiek gizon ederrenak zirelakotz, eta bereziki Euskaldunak!
Ba bainan, kantu hunen hastapenean, argitu behar litake zertako olerkariak aipatzen daukun «BORLIA FERDE» hori. Iduritzen zaut huts bat egin duela, ikusi baitugu, orai berean, xapel guzien gainetik borliak edo punpunak kolore horia zutela! Eta gehiago dena, «TIO TOMAS» liburu hortan, Sabatier Kolonelak erraiten daukun Madrilekoek kolore ferdea hautatzen zutela Don Karlosen gudarietarik berexteko (XII-garren kapituluan).
3 «XAPEL-URDINAK» ere baziren Karlixten batailun zonbaitetan. Eta beste liburu batian ikusten ahal dugu zer zuten soinean, bereziki aintzindari batzuek.
...«Il portait la boina bleue à houppe d'or, la tunique sombre des Brigadiers Généraux, sans décorations sans autre insigne que, brodé sur la poitrine à gauche, le scapulaire au coeur enflammé entouré de la devise ARRETE, LE COEUR DE JESUS EST AVEC MOI...»
«POUR DON CARLOS», par Pierre BENOIT à Paris, 1929 (2e partie, Chap. 1)
4 Bizkitartean, ez dugu sekulan ahantzi behar Karlixten armadako Euskaldun gehienak «sasi-gudariak» zirela. Eta gizagaizoek, buruan ukanik ere xapela gorri bat, etzuten denek jauntzi berdinak soinean. Beraz, ibiltzen ziren, atxemaiten ahal zituzten beztimenduekin, egiazko «MAQUISARDS» delakoek bezala. Hori ere agertzen da «POUR DON CARLOS» aipatu dugun liburuan, itxura ohargarri bezain eder horietan:
...«Une cinquantaine d'hommes s'approche. De l'Infanterie Carliste. Longues capotes bleues, récoltées sans doute sur les cadavres des Libéraux, boinas rouges à plaque de cuivre, alpargates. Les montagnards ont un pas long et balancé, étonnament rapide. Un guitariste rythme leur marche dansante...
....«La petite troupe défile. Olivier voit près de lui ces montagnards en guenilles, aux armes bien fourbies...»
(2e partie - Chapitre IV)
KARLIXTAK ETA MADRILEKO LIBERALAK
Orai, argitasun horieri esker, erraiten ahal dugu Karlixten artean bazirela bi gerlari mota:
HERRI GUZIETAKO ERREGETIARRAK, Don Karlosen laguntzeko gogotik jinak, pentsatuz hua ta bera behar zela Españako errege.
EUSKALDUNAK ETA KATALANAK. Horiek aldiz Karlixten armadarat etorri ziren, Don Karlosek erabaki baitzuen «FUEROAK» edo «LEGE ZAHARRAK» begiratuko zituela, lehengo libertateak eta ohidurak onhartuz.
Ageri da, beraz, iritzi desberdinak ukanik ere, jende horiek oro Madrileko Liberalak gudukatzen zituztela. Denbora hortan, ez ginuen egun bezalako nahaskeriarik, «eskuin» edo «ezkerreko» politikarekin. Eta bi alderdi baizik etziren azkenian:
«ZENTRALIZMOAREN» ALDE ZIRENAK, Madrilek podere guziak bereganaturik, eta baimenak oro berak emanik.
ASKATASUNEAN PROBINTZIAK ATXIKI NAHI ZITUZTENAK, Madrile nausi agertzen balinbazen ere denen onetan, eztabaden trenkatzeko bederen.
Holako auzi bat ezpaita naski atzo sortua!...
Bainan beste alde batetik, bertsu zahar horiek ikustarazten dauzkigute nola sumindu zen gudua. Jakiten dugu lehenik zer zen Madrileko soldadoen saria: bi Pezeta irabazten zituzten egunean. Eta hetaz trufatzeko, Euskaldunek erraiten zaioten «BI PEZETAKO GIZONAK» zirela! Karlixtak aldiz, kopeta gora zabiltzan «BOLUNTARIOAK» izanik. Liberalek, ordu berean, zikintzen zituzten sasi-gudariak, erranez lapurrak edo ohoinak zirela... Alta, badakigu arras ontsa nola jujatuak diren, orai ere, «Eusko Gudariak». Bai eta Frantzian, 1942-eko «Maquisards» horien artean nintzalarik, «terrorista» bilakatu nintzan omen! Hortan dugu naski betiereko leloa.
Bota eta errefera! Karlixtak berriz lotzen ziren gataskari, eta izengoiti tzar bat Madrileko Liberaler emaiten. Horiak oro ziren «BELTZAK» edo «Los Negros». Eta laido hau ezpaizakoten aski, Karlixtek zioten «beltz» horietarik hoberenak etzuela «Xanpon» bat balio ez eta ere «Ardit» bat! Jakin behar da Xanpona eta Ardita, sos ttipienak zirela gerla horren denboran.
Ororen buruan, nola sortu zen ezin ahantzizko herra bat Euskaldunen eta Españolen artean? Aise asmatzen ahal litake, irakurtuz lerro batzu aipatu ditugun liburuetan.
1. Huna zer zion Alexis SABATIER Kolonelak, ikusi orduko zer gaixtakeriak egiten zituen Liberalen aldeko RODIL Generalak: ...«Impuissant contre, le génie de ZUMALAKARREGUI, Rodil se vengeait de ses pertes et de ses humiliations par le pillage et l'incendie des couvents, des fermes des volontaires, des maisons où était entré le Roi, des églises, et par l'assassinat des parents des soldats de Charles V, etc. Il sera impérissable, dans les Provinces Vascongades, le souvenir hideux du féroce, du sacrilège et de l'incendiaire Rodil. Tous les lieux qu'i a parcourus conserveront à jamais les traces sanglantes de sa présence...» («TIO TOMAS», Chap. VI)
2. Huna, bigarren gerlaren ondotik, zer orhoitzapen izigarriak bildu zituen Pierre BENOIT-ek Don Karlosen gudari xaharren ahotik: ...«Entre Pampelune et Jaca, c'était plein de prisonniers Carlistes. Ils n'avaient pu atteindre la frontière, les malheureux. Ils s'étaient rendus et, immédiatement, les Libéraux les avaient décimés. Il y avait là près de cent cinquante cadavres, nus comme des vers, rangés le long de la route. Notre voiture les a passés en revue. J'ai eu toutes les peines du monde à empêcher que mes roues de gauche ne leur écrasassent les jambes. Je ne suis pas sûr d'y avoir toujours réussi, obligé que j'étais de répondre par des drôleries aux plaisanteries que me lançaient ces ordures de soldats Libéraux qui étaient derrière leurs faisceaux formés a droite de la route...» («POUR DON CARLOS», 3e partie - Chap. V)
Gerla horietan ere, nun ote ziren egiazko «terroristak»? Eta geroztik, zer ziren bada Franko-ren Afrikanoak, heldu zirelarik hego Euskal heretan? Zer ziren bada Hitler-en Mongoloak edo «S.S.» hiltzaleak, sartzen zirelarik Oradour bezalako hiri zonbaitetan? Beraz, ez da harritzeko, mende bat iraganik eta, ene haur lagunekin oihukatzen baiginuen Garaziko bazter guzietan Nafarroko erran-zahar bitxi hori
Española kokotero,
Mando tzar bat hil dutero!
Catulurik ezpaitute,
Xerrien askan jan dute!
Bai eta ere, jende batzu españolez mintzatzen zirelarik karrika hegi batean, Donibandarrek erraiten zuten, irri tzar batekin hortzetan: ...«To, beharri-motxak hemen ditiagu!...».
BIGARREN GERLA
Bi aldin, Karlixtak jazartu ziren Madrileko gobernuaren kontra. Lehenbiziko gerla irabazten ari ziren, noiz eta ere Don Tomas ZUMALAKARREGUI aintzindari ospetsua hil baitzen 1835-eko ekainaren 24-an, Bilbo hiri nausia atakatzen zuelarik. Hola itzali zen España guziko general hoberenetarik bat. Eta zorigaitz horren ondotik, Karlixtak gero ta nekeago arizan ziren guduan, «TIO TOMAS» bezalako buruzagi bat ezin atxemanez. Azkenian, Don Karlos V-garena, ihesari loturik, Frantziarat pasatu zen 1839-ko buruilaren 14-an.
Berriz, 1872-etik 1879-rat, Euskaldunak joan ziren gerlarat Don Karlos VIl-garrenarekin. Aldi hortan ere, agertu zen sasi-gudari aipagarri bat: Hernialdeko Jaun Apez gaztea, Don Manuel SANTA-KRUZ deitzen zena. Hunek, arras ontsa ezagutzen zituen mendietako bidexkak, leizeak, eta zoko-moko guziak, axeria bezain abila izanez. Biziki maitatua zen herri guzietan, eta ezin ahantzizko balentriak egiten zituen bere mutiko taldearekin, Madrileko soldadoak beldurrez ikaran egon araziz. Gaetan Bernoville idazleak, gure Euskal gudarien ohoretan, emaiten dauzkigu itsura eder zonbait, egiazko olerki batean bezala, dena erromantismo eta gaztetasun agertzen direnak. Erdaraz ixkiratuak izanikan ere, zer bizitasuna, eta zer euskal hatsa, lerro pollit horietan:
. «Santa-Cruz marcha sur Alegria avec un parti de deux cents hommes. Il les disposa en file, un par un, et chaque homme à bonne distance de celui qui le précédait. En tête marchait Santa-Cruz, à pied, encadré de deux 'chicos' à cheval. Derrière, venait le silbo Xabalo, puis le tambour Toloxa. Tous deux jouaient un air pimpant et frais, entrainant et gouailleur, qui s'accordait au bruit léger du torrent sous les feuilles... Un beau soleil faisait partout chanter les couleurs. La route, aux prises avec le soleil et l'ombre, était blanche et bleue, et quand les gens de Santa-Cruz passaient dans les rais de lumière, entre les arbres, les canons des fusils luisaient soudain...»
«LA CROIX DE SANG», par Gaétan BERNOVILLE, PARIS, 1928. (Chap. X)
Denbora hurtan, ene aitasoren arabera, beste kantu bat emaiten zuten sasi-gudariek. «XAPELA GORRIA» bezalakoa zen, bainan hitzak etziren arras berdinak, eta eratxiki zituzten bertsu berri horiek:
Arnegin egin dute lastozko zubia, (Bietan)
Hantik pasarazteko Don Karlos handia...
Ai, ei, ai, muttila, xapela gorria! (Bietan)
Don Karlosek omen du ezpata zorrotza,
Liberal ustel horier mozteko bihotza...
Ai, ei, ai, muttila, xapela gorria!
Hemen ere, gure ikertzalek badukete buru hauste bat, «LASTOZKO ZUBI» horrekilan... Zer erran nahi zuten Karlixtek ele horiek erabiltzen zituztenean? Nik segurik ez nuen sekulan asmatu. Orai, uste dut Don Karlos sartu zelarik Nafarroan, herritarrek edertu zutela mugaren zubia, lastoz, belarrez, ostoz eta liliz, besta batzuetan egiten den bezala, prosasionearen eguna delarik.
Zorigaitzez, lehen bezala, okaztagarriko nahaskeriak eta bekaizkeriak sortu ziren Don Karlosen gortean. Ixilki bezain maltzurki, Santa-Kruz bezalako aintzindari bikainak baztertuak izan ziren armadatik!... Azkenean, zernahi zozokeriak eginik bere Jaunttoekin, Don Karlosek galdu zuen bigarren gerla hori. Doi-doia eskapatu zen, mendiz-mendi, mugaren bestalderat, Euskal-Herria utzirik odol eta sutan. Gaizo Gudariak! Halere ari ziren borrokan, gosez hamikatuak, eta zaurituak izanik ere. Kinka tzar hortan arrunt etsituak, bainan debruak hartuak, kantatzen zituzten omen bertsu horiek Don Karlosen zikintzeko:
Don Karlosen gortean badute apeza, (Bietan)
Gaztain errez ase ta emaiten du meza...
Ai, ei, ai, muttila, xapela gorria! (Bietan)
Arnegin eman dute gaxur ta zahia,
Gizen dadin auserki Don Karlos urdia...
Ai, ei, ai, muttila, xapela gorria!
Bigarren gerla hunen oiharzunak etziren oraino ixildu noiz Pierre BENOIT-ek «POUR DON CARLOS» liburua idatzi beharrez, atxeman baizituen zernahi xehetasun Euskal gudari ohien artean. Hala nola erakusten dauzkigu ezinago hunkigarriak diren azken itxura horiek:
...«Une mélopée grandissait. Les Carlistes scandaient leur marche en chantant. Bientôt, les paroles devinrent distinctes...
Ellio a vendu Bilbao,
Et Mendiri le Carrascal,
Calderon le Monte-Jurra,
Et Perula ce qui, restait!...
...»Olivier vit tout près de lui les capotes en loques, les visas hâves, les pieds nus. Une aigre guitare rythmait la chanson.
...»Ce n'est pas vrai, leur cria-t-il, se penchant hors de la voiture qui l'entraînait. Ce n'est pas vrai. Calderon n'a pas trahi!
...»Les montagnards, surpris, regardèrent le jeune homme. Puis ils ricanèrent et lui lancèrent une bordée d'injures...
...»Un village s'offrit à eux: Laruns... Sous les arcades, gardés par une brigade de gendarmes français, une centaine de soldats Carlistes étaient rassemblés. Les uns étaient debout, les autres couchés dans de longues couvertures bariolées. La plupart étaient blessés. Ils regardaient d'un air sombre leurs pauvres armes, jetées en tas au milieu de la place, aux pieds des gendarmes...»
(«POUR DON CARLOS», 2e Partie, Chap. V)
AZKEN SOLASA
Euskal-Herrian, noiz eginen ditugu liburu edo filma eder zonbait gure gudarien orhoitzapenetan? Holako lan bati lotzeko, baginuke segurki gaia! Nik uste dut, Españako eta Frantziako Jauntto batzuek, ontsa merexi luketela ostiko bat ipurdian gure idazlen partez, mundu guziak ikus dezan zer izigarrikeriak jasan dituzten gaizo Euskaldunek mende batetik besterat. Azkenean bederen, arrotz itsu eta elkor horiek jakinen dutea nuntik heldu den basakeria, eta noen faltaz hasten den?
Egungo Euskaldunek segurik, eta bereziki gaztek, arras ontsa badakite, duela bi mila urte bezala, nun den betiereko etsaia. Orai ere, «XAPELA GORRIA»-ren ondotik, ez dea sortu «EUSKO GUDARIAK GERA» kantu famatua? Orai ere, zapaldi lehertzale baten ondotik, gazteria ez dea errabiatzen ari herrialde guzietan?
|