L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 7 (1984-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Frantxix!

 

Eñaut Etxamendi

 

Francis Oleigts zuen bere egiazko izena, Biarnesa baitzen. Bainan Amikuze Euskal Herriko gure ikastetxean haboroxak euskaldunak ginen eta, behin deitu nuen artagabean «Frantxix! Frantxix!...» eta denek «Frantxix» deitzen zuten geroztik. Peyrehoradkoa zen. Mutiko luze lerden azkar bat. Laborari semea eta laborari gaia. Arpegi zabal lahargia, begi haundi urdin batzu beti Landesetako zerupe heren haundien amentsez igeri, eta bizkitartean beti zeure begietarat behatzaile. Irri gozo batean murgilduz elhea. Eztia eta azkarra zen. Gure ikasgelan gibel-gibeleko eskuiñeko xokoan zaukan bere jartokia, azkena han. Buruaz besteak gainditzen zituen, eta noiz-nahi mintzatzen zen zerbaiten galdegiteko, xehetasun baten hobeki esplikarazteko eta hola. Lagunek maite zuten, sekulan ez baitzen gaixtoa, eta nehoiz ez baitzuen durduzarik deusetan erakusten. Frantxix mutiko on bat zen.

        Gertatzen zitzautan batzutan ikasleen larderiatzea. Maizenik oihu puska bat egin eta kitto. Bainan behin edo beste, Frantxixen denboran, gertatu zaut kexatzea... Oihua bainoko zerbaiten erraitea norbaiti. Orduan nexkak gorritzen ziren, mutikoek eskuak zaintsu zituzten eta hatsaren azantza eskolan nabari zen...

        Jarraikitzen nuen norapait erakaskuntza!

        «Beraz, Kapitalismoaren lehen garaia izan zen Kapitalismo Konpradorea, negozianteen kapitalismoa. Bankoetan diru-metatzearen lehen poloa izanen da Italia goihenean Gênes, Venise eta Florence. Geroxago Barzelona ere. Bainan laster Flandriako leihorretan hasiko da bigarren polo kapitalistiko bat. Italiatik bigarren polo hortarat mogimendua abiatuko ere baita bai itsasoz, bainan bereziki mendiz, Brenner-eko lepoetarik... etab»

        Denak ixilik eta idazten. Ikasgela andan zen. Holakoetan Frantxixek xuxen zerbait galdeginen zuen.

        «Zu, jauna, ta nolaz bada negozio eta diru-mogimenduak erabil zitazkeen Italiatik Barzelonerat edo Flandriarat nihun aduana lanfarik gabe?»

        — Aha, bai, arrazoiña. Karlos Kintoren inperio barnean zauden horiek oro eta gehixago ere, Pragatik Akapulkoraino, eta San Frantsiskotik Patagoniaraino. Oraiko Txekoslovaki deitzen denean harrapatzen zen zilharretik, thaler izeneko dirupezak eginik, bazerabiltzaten Kanadaraino. Hortarik ba dolar-a...»

        Eta holaxet ikasgela berriz jabaltzen zen.

        Behin, larrazkena zen eta, urtzoak pasan. Ikasleak oro leihotik begiran. Hego-zerua zen eta bekatua baino gehiago izanen zen larderiaka hastea. Arpegiak dirdiran mutil-nexkak garimaka urtzoeri so. Lekuratu ginenean galdegin neien:

        «Zuetarik ba ote da norbait ihiztaria? — bai, bai, ni.» Erran zuen Frantxixek.

        Beste batzuk ere hala zirela erran zuten, eta galdegin neien zer ihiziren ondotik ibiltzen ziren. «Ni basa-ahateka ibiltzen niz, erran zuen Frantxixek.

        — Neguan naski hori, al'ez?

        — Bai bai neguan

        — Ura baduzu etxeari hurran edo?

        — Bai! Aturria, Aturri bazterrean da gure etxea.

        — Eta nola artzen zira?

        — Baditut ahate lepoperde eskolatuak... kaloian atxikitzen ditut. Ihiziko lekurat lantxan juaiten gira lagunekin. Ugarte ttipi bat da Aturriaren barnean. Neure ahateak kantuz hasten dira zeruan basa-ahateak iragaitean, eta neureak aditzearekilan, basak jeusten dira zirurika Aturrirat. Orduan dugu tiratzen.»

        Eta ikasle guziak xoraturik zauden eta ni ere bai.

        Isabelle Peyré, nexka bilo horibel eder bat zen. Akize aldeko nekazari famili bateko alaba. Metra eta lauetanhogoi hurbil luze zen, kasik Frantxix bezain haundia. Ezpain meheak, eta larru fina zuen izotza bezain. Begiek arpegia betetzen zakoten. Ikusia nuen Irantxixen begien kurutzatzen behin edo beste... «Zer parea egin behar duten!» nion neure baitan.

        Behin eskolan solasa ginduen aktinidia frutatzeez. Aktinidia edo Kiwi delakoak Peyrehoradeko eskualdean badira. Eta berehala Isabelle-k erran zuen:

        «Frantxixek baditu.

        — Ah bai?

        — Bai bai. Bada, gazte samarrak ditugu oraino. Jaz landatuak.

        — Ikusterat jiten ahalko nintekeia?

        — Ba araiz! Untsa plazer izanen dute etxean.»

        Eta holetan egun batez beraren etxerat juan nintzen. Aktinidiak erakutsi zauztan, esplikazioneak oro emanez. Biziki kontent zen bere frutatzeaz.

        «Badakizu, aitamak oraino gazte ditut, 50 urte ere ez dute, beste lau haurride baditut eta nik aktinidiekin hasi gogo dut nekazaritzan. Leku gutti dut horrela kentzen eta besteendako gelditzen dira etxeko lur haboroxak. Kusten duzu?

        — Bai segurki. Ideia hori biziki pollita duk.»

        Bere beso beltzaran luzeaz ari zen laia goititzen eta arrapiru zimikatzen.

        «Arrapirua bihurdikatzen hasten denean zimikatu behar da, horrela geihegi luzatzerat eta zingilatzerat uzteko ordez, zangarra loditzen eta ziritzen zako, beste urteko sagarren lili-laiak horietarik jali beharrak dira.»

        Erran zautan ere rugbian artzen zela eta heian halako batez ez nintzanez jinen familiarekin partida baten ikusterat Peyrehoraderat bera jokatu beharra zen igande batez. Baietz segurki erran nakon.

        «Eta, uste duka aktinidia hektara pare horrekin aski irabaziko dukala bizian abiatzeko?

        — Baietz! Gaixo jauna. Bazindaki zer emaiten duten! Isabellekin esposatu aintzin neure etxea ere egin eta pagatu gogo dut! Ikusazu. Eta menturaz ikastola baten sortzea ere Peyrehoraden laguntzen ahalko dut...

        — Zeee?

        — Bai bai ikastola!

        — Bana hemen Biharnuan gaituk.

        — Bai hala da. Bainan etzindautana zuhaurek erran «Oleigts» euskal abizena zitekeela?

        — Bai bai, bainan historia ezin duk berriz idatz.

        — Bono, hori geroak erranen du. Nolanahiz Euskaldunekin askazi segurrik gira naski eztea hala?

        — Bai, bai mutikoa. Hala duk. So'egik, nik neure arimaz agintzen dauiat hire amentsen betetzea. Jainkoak lagunt hezala.»

        Baxoa etzuen eskuratu Frantxixek. Isabellek bai. Ondoko larrazkenean Donapaleuko karrikan merkatu egun batez Frantxixen ama topatu nuen.

        «Eta Frantxix? zendako ez da berriz jin eskolarat?

        — Bai guk nahi ginduen igorri eta... berak ez du nahi, ez dakit zendako»

        Berehala pentsatu nuen «Isabelle ez den lekua Frantxixentzat zer leku trixtea!»

        «Errakozu Frantxixi ene partez, heldu den primaderan jin dadien azterketak baino bi hilabete lehenago. Arte huntan etxean ikasten artzen bada baxoa ukanen du.

        — Bai etxean ari gogo du bai ikasten.

        — Errakozu gogotik ar dadien eta helduko dela.»

        Eskolurtea bazohan neguan barna. Frantxix ia ahantzia bezala nuen. Beste hoinbeste gazte berri bethi larrazkenak besoetarat ekartzeri eta, heieri buru eman behar. Hainbeste iragaiten da.

        Noizbait aments gaixto bat egin nuen, oi! bainan gaixtoa! Nabarrenkozeko bidez nindohala Pauerat, jakin nuen —ez baitakit nola— amentsean nunbaitik norbait etzagoela untsa han herri batean. Mutiko bat ezaguna, ezin erran neure semea zenez ala eskolako seme bat, nolanahiz neurea... Eta juhanik bere etxerat harrapatu nuen eri, ohe batean jarririk eni so irri ezti batekin, bainan zer irri dolamena!

        Iratzartzen eta kopetari joka: «Frantxix eztuk Nabarrenkozeko eskualdean bizi! Frantxix Peyrehoradeko ondoan duk bizi...» Eta izerdia seinditzen nuen bizkarrean loak berriz nahasten ari ninduela nunbaiteko bide luzeetan.

        Biharamunean, kiwi frutatzeak zertaratuak ziren jakin behar nuela ta Frantxixen amak ihardetsi zautan telefonan: «Bai, bai, zato, zato segurki, Frantxix kontent izanen da zure bisitaz...»

        «Zure bisitaz...»

        Urria zen eta larunbat arratsaldea. Haize hegoa karkallaz ari zen Amikuzeko arto alorretan. Tresna haundiak gizonez inguraturik nun-nahi arto biltzetan. Urtzoak saldoka zohatzen zirurika bortueri buruz. Peyrehoradeko bidea xixtuz bazohan iruzkian herri xurien artez-arte. Eskauzeko sorhoetan ahateak hegoz mensturik kalapitan ta hegalka. Platanoak bide ondoan urrez, haritztegiak gorri, ur-aintziak urdin, han aintzinean Landesetako zerua alai eta juhan-ahal urrun itsaskolore.

        Athea jo nuen. Ama etorri zitzautan idekitzerat. «Nola zirezte?

        — Bada, zer nahi duzu? Pollikixago da...

        — Zeer?» eta so egin nakokeen bitxiki begirat.

        «Ez dakizu ala!

        — Bainan zer? zertaz mintzo zira?

        — Na! Eztakizia Frantxix itsuski kolpatia dela

        — Espres ari zirea edo barka ezadazu othoi othoi!

        — Oh! Oh! etzindakien... oh! oh! Frantxixek rugbian bizkar hezurra hautsi du eta paralesiaturik dago bere denborako...» eta nigarrak athera zitzazkon.

        Ikusi nuen. Lau xirringetako alkian zagon jarririk. Begitarte zuri ederra irri ezti batekin eni so... lehen, eskolan bezala. Begiak lehen baino urdinago zituen oraino. Pinadoien zerua, Aturriaren dirdira amentsezkoa han berean nuen heraren soan.

        Ni erran behartu: «Sendatuko hiz...»

        Arpegi ederra bi eskuen artean gordez belaunen gainerai bota zuen hipaka bizkarra dangatuz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.