Gurea
Jean Louis Davant
Naturaren eta kulturaren haurrak gara, naski. Bizia, naturari zor diogu: zimino egin gaitu. Gizon egiten gaituena, kultura da: izpiritua eta eskua, elgarri ezkondurik, uztarturik, hori da kultura. Kabalatik berezten gaituena, hori bera da.
Buruak asmatzen du, eta eskuak obratzen. Eskuak xerkatzen du, eta buruak aurkitzen, non ez den alerantziz. Biek, elgar eskolatuz eta lagunduz, bat egiten dute.
Elgarrekin, zer indarra. Berezirik, ezer ez, fitsik ez, deus ez. Tirrit!
Eskua gabe, antzu da burua, deusik ez dezake. Izpiriturik gabe, itsu da eskua, ez daki zer egin.
Beraz ez erran: ekonomia gaizki doalarik, kultura utz geroko! Autoari moturraren kentzea litzateke, arintzeko aitzakiz. Aitzitik, lana xuhurtzen delarik, burua berotu behar dugu, izpiritua xorroxtu. Aterabideen bilatzeko, eskuen ez hutsik uzteko, hobeki pentsatu behar dugu. Hori da kulturaren eginbide premiatsuen bat.
Hitzekin pentsatzen dugu, hitzekin kurutzatzen gara. Azken finean gizona, hitza da. Mintzairak egiten du gizona, euskarak euskalduna.
Haritza bezala da gure kultura.
Bere lurra badu, buztintsua
eta bere zerua, zinez aldakorra.
Batetik bestera, enbor azkarra, gotorra, gogorra,
zuzen ala makurra, zubi edo zurubi.
Eguzkia behar du haritzak, bagoaren itzalean ezin da bizi.
Erroen hedatzeko lekua behar du, aski nasaia.
Zuzen altxatzeko, auzoak ere behar ditu, hein bat hurbilak.
Eta hemen, lurraren sabelean, besteen erroak hunkitzen ditu bere zainez,
humus berean urtzen dira denen orbelak.
Eta han, zeruan, haize beretan abesten dute haritzaren ostoek eta beste arbolenek,
elgar lilistatzen dute haritz guzien lore haziek.
Halere haritza beti haritz dago
eta bere kantu berezia kantatzen du,
bere hameka eriez perekatzen du
iparraren harpa
hegoaren gitarra.
Haritza ez da gurbitza, ez da izaia.
Aski zaio bere ostoen itzala.
|