Lantegiko komunean
Daniel Landart
Lanean ari naizelarik,
batzutan bertsuak sortzen zaizkit.
Baina ezin ditzaket paperean ezar...
Paperik ez dut eskumenean.
Eta bestalde, papera banu ere,
nagusiak ez nau
bertsu asmatzeko pagatzen; baizik
lanaren ongi egiteko, eta ahal bezenbat.
Beraz, nagusia edo haren ordainak
ez ditudalarik ondo-ondoan
lantegiko komunera ihes egiten dut,
eta han egoten naiz, (ez luzaz haatik)
zenbait lerro idazten ditudala tarrapatan
nehork deus jakin Babean.
* * *
Komunean nago orain ere.
Benetan leku hertsia... eta itsusia.
Usaina ez dut aipatzen.
Paretetan ikus daitezke,
langile lagunek egin edo ezarri marrazkiak
emazte biluzgorriak
eta beste mila gauza!
Hitz zenbait, artetan.
Labur bezain larriak.
Seksoa aipatzen duten horietarik...
Seksoaren nahia, gosea, beharra, ederra.
Seksoa, toki hontan errege...
errege, edo... edo... edo...
nor ez da seksoaren esklabo?
* * *
Komunean olerki idazten aritzea,
Hauxe bada gertakari paregabea...
Alta horrelakoa da ene zortea.
Hemendik, ez dut deus ikusten
ez mendirik, ez itsasorik,
are gutiago ametsetako mundurik.
Funtsean, ez nabila
ametsetako mundu baten ondotik...
Toki hontan,
nehon eta sekula baino hobeki
senditzen dut nor eta zer naizen ni
LANGILE BAT, besterik ez.
Baina hori aski zait.
* * *
Eta zenbait aldiz, pentsatzen dut ba daitezkeela
ni bezala beste langileak,
komun batean
gordeka, ixilka, tarrapataka,
olerkiak idazten dituztenak.
Segi bezate, segi luzaz.
Baina, ez deiet gutiziatzen gertatu zitzaidana
Herenegun; sortuz geroztik paperean ezarritako
ene ustez poesiarik ederren-ederrena,
Komun zulora erori zait
eta kakarekin batean
urak, denak eraman ditu.
* * *
Barkatu, beraz, barkatu
eskaintzen ahalko nizuen
olerkirik zoragarriena
komunean baitut galdu...
|