Xileko langileriari
Daniel Landart
Ximixta baten pare
eguzki gorrari bat ikusi ondoan
Xileko langileria ,
berriz,
gau beltzean sartu da.
Langileen kopetak beheititu dira
haien begiak zorroztu
bihotzak gogortu
eta...
eskuan zeukaten xoria airatu.
Alta zenbait denboraz uste ukan dute
Uste ukan dute bai
eguzki gorrail hori gorriagotuz joanen zela
eta zuzen den bezala
klase gabeko gizarte bat eginen zutela.
Baina ez!
Haundi-maundi madarikatuek
ez dute horrelakorik onartu
eta beren interesak zaindu beharrez
erabakia segidan hartu
iraultzaren gidariak
behar zirela suntsitu!
Beren lan tzarraren obratzeko
denak zeuzkaten eskuko
dirua eta harmak, harmak eta dirua
Ipar Amerikaren laguntza
ez dut aipatzen Eliza...
Populuak aldiz, gaixo populuak
bere buruaren zaintzeko
Faszismoari ihardokitzeko
ez zuen deus kasik
bere esku hutsak baizik....
Eta esku huts horiek moztu dituzte
gobernuko giderrez jabetzeko
eta jabetu ondoan, oraindik
salbaikeria harrigarrienen egiteko:
Politika-gizonak hil
sindikalistak hil
Olerkari eta kantariak hil
eta bizi gelditu direnen saria
desterrua edo presondegia
eguneroko miseria.
Geroztik,
Xileko langileria doluminez dago
eta ha daki
zeru gainean ez duela izarrik ikusiko
askatasuna ez baitzaio zerutik jautsiko
baina bai, lur hontan aski gudukatuz
zuzentasunak baitu, egun batez, irabaziko!
Xileko langileria
lurrera eroria
eta
Euskadiko langileria
zutitzen hasia
Zein diren elkar iduriak...
...Elkar iduriak!
1975-VII-15ean
|