L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 8. Donibane Lohitzune / Ziburu (1985-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Amets bat

 

Jakes

 

Aintzin solas labur bat: badakit eta zuek ere bai naski, sekulan gertatzen bada, ez dela hola gertatuko bainan preseski ametsaren indarra eta balioa holako erhokerietan dago. Eta zertako ez ginuke ikusten ahal gure ametsetan eguneroko bizian lortu nahi ginuken gauza? Amets ederrak direno, itxaropena biziko da.

        Begi bat idekitzen dut, beste begia eta azkenean deliberatzen dut atzartzea. Erdi idekia den nere ganbarako leiho batetik sartzen da iduzkia eta berak nau atzarri. Atzarria naiz orain bainan nola debru eginen dut ohetik ateratzeko? Oraino izigarri akitua naiz edo hobeki erraiteko ez dut batere jeikitzeko gogorik. Hain luzea izan da gau hura eta hain xoroa nun orain ezin naiteken eman xutik. Ezpeletako bestetan ibili izan gira lagun batzuekin eta biziki berant itzuli gira etxerat, goizeko 7etan uste dut, eta ez bakarrik hori bainan pixka bat «hunkituak» ere, aitortu behar da. Bainan orain jeiki behar dut eta zaila zait! Azkenean, nere buru barnean lasterka ari ziren pottoka basa horiek pixkanaka pixkanaka hurruntzen dira eta xutik emaitea aliatzen naiz.

        Etxea ixil ixila da eta jeiki orduko orroitzen naiz nere burrasoak joan direla ahaide batzuen ikusterat eta beraz, egun, bakarrik izanen naizela egun osoan. Bakarrik, ez da oso-egia zeren igande goiz guziz bezala gelditu gira eguerditan lagun batzuekin aperitifa bat hartzeko, herriko ostatuetan. Jauntzi ondotik jausten naiz gosaltzera. Eta eskaleretan gelditzen naiz pentsaketan: jeiki naizenez geroz iduri zait zerbait bitxia badela airean. Ezin dut erran zer den, bainan holako bitxikeri bat senditzen dut, eta dena erraiteko iduri zait badela egun, zerbait normala ez dena. Eskalerak jausten berriz hasten naiz eta sukaldearen ixiltasunean ohartzen naiz hortik heldu dela, ixiltasunetik!

        Barkatu, bainan jakin behar duzue nere etxea delako bide «nazionala» baten ondo ondoan eraikia izan dela eta normalki, igande goiz bat izan arren autoen etengabeko burrunba entzuten dela; harrabots hori entzutearen entzuteaz ez da gehiago entzuten, gelditzen delarik baizik. Eta hori da. Banoa leiho baterat, begiratzen dut... ez da nihor!

        Jakin behar duzue ere, egun, 1986-eko uztailaren 12a dela eta beraz oraino gutiago ulertgarria dela.

        Batzuk ezagutzen ditut samurtuak izanen direnak aurten ere, bainan ni ez naiz hortaz kexatuko, turista guziak batbatean joanak badira ez dut nigar eginen!

        Gosaria iretsi, azpirina batzu eta bi litro ur edan ondotik, nere mobileta hartzera noa. Zaila da mobiletaz ibiltzen usaia berritz hartzea bortz azken urte hauetan autoz ibili izan naizelarik, bainan hala da, dirurik gehiago ez delarik langabeziarengatik, usaiak aldatu behar dira. Eta horiekin batera delako biziaren trena. Bo! Ez du inporta! Lagunekin ibiltzen ahal deno.

        Joan den urtean, bai, lan egiten nuen lantegi tiki batean. Nagusia... badakizue nagusi bat zen, ez beste bat baino hobeagoa ezta ere txarragoa. Eta ezin dut erran gu bien arteko harremanak txarrak zirela, nik nere lana egiten nuen, harek eman baino gehiago egin gabe bainan are ahal bezain ongi eginez. Eta egun batez; batere arrazoin garbirik eman gabe kanporatu ninduen. Geroxeago ezagun batzuengandik jakin nuen izan zela euskal abertzaleen manifestaldi batean ikusia izan nintzelako eta gertatu zen tokiaren auzapeza onak nagusiari telefonatu ziola nere kanporatzea eskatuz. Eta horra, egun batetik bertzerat langabezian atxeman nintzen: eta gero badakizue beste lan bat atxemaiteko...! Eta nere kasua ez zen bakarra izan omen. Boo! Egun batez dena ordaindu beharko dute eta ttipikeri eta ustela horiek ez naute hunkitzen. Hek uste baino goizago izorratuak izanen dira bai!

        Bon! beraz nere mobileta martxan emaiten dut eta plazarat buruz abiatzen naiz. Izigarria da, ez gatu lehertu bat ere bidean. Uiaiai uditarrak!! Kontent izanen dira oraino, gaixo gu! Azkenean plazarat heldu naiz eta hor... aldiz beste igande goizen alderantziz, jendez betea da. Taldeka bilduak eta iduriz mirakuilu handi batez denak ari dira euskaraz/sekulan ez nuen pentsatuko euskara bazakitela batzuek ere bai. Mirakuilu bat. Zer demontre gertatzen da hemen? Gero nere lagunak ikusten ditut, zainetan direla iduri du. Mobileta arbole baten kontra uzten dut eta heietarik hurbiltzen naiz.

        — Adio! Zertan zaizte?

        — Hi ere etorri haiz berriketa?

        — Ze berriketa? Ni etorri nintzen zuekin aperitifa hartzerat eta uste nuen esplikatuko zinautatela zer ostiaz gertatzen den egun. Balekite zonbat jende guti ikusi dutan hunat heltzean, harrituko zintaizkete! Sasoin hura ere iduriz gaizki hasten duk. Eta ohartu zaizte, denak euskaraz ari dituk; izigarria duk ezta? Eta koaferra ere bai gainera!

        — Bainan nun bizi haiz hi? Esprex ari haiz ala mozkorra haiz oraino. Badakik gehiago edan behar huke oraino: azkenean ez haiz orroitzen?

        — Bainan zertaz orroitu behar nikek? Erradazue zuek balinbadakizue!

        — Gaixo muttikoa, ez duk orroitzen egun ASKATASUNA-ren eguna dela. Ez haiz ohartu ez dela gehiago xakurrik herri huntan, euskara hizkuntza ofiziala bilakatu dela, muga berri bat ezarri dutela Baionako iparraldean eta hemen bilduak girela gauza guzien antolatzeko? Alta hori aipatu diagu barda Ezpeletan eta hi hor hintzen ezta? Eta orain ari haiz deus ez baheki bezala.

        — Ah bai bai bai! Orroitzen nuk orain bai, bainan nik uste nian astokeriak zirela eta irri egiteko bakarrik zinituztela, ez nakien nik serioski ari zineztela; orain dena konprenitzen diat. Harritu ninduen hainbertze jende guti ikustea, uste nian zerbait gogorra gertatu zela eta... Bainan horrek erran nahi dik ostatuak eta hetsiak izanen direla gaur?

        — Ez, ez idekiak dituk bai!

        — Ah bon! Orduan sartzen gituk zerbaiten edaterat, zeren ni egarri nuk eta gogotik edanen nikek fruitu jus handi bat edo holako zerbait. Eta orain goazen.

        Eta orduan, iguzkiak bere berotasun eztiaz berotzen zuela eta txorinoak haize hegoaz hasetuak eta askatasunaz hordituak zoriona eta euskal herri berria kantatzen ari zirela, mila bederatzi ehun ta lauetan hogoi ta bosteko uztailaren hamabia egun hortan, ostatuan sartu ginen ............................ eta atzarri nintzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.