L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 8. Donibane Lohitzune / Ziburu (1985-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Lurra norena da?

 

Seattle aintzindaria

 

euskaratzailea:
Anje Ithurbide

 

(Gizon gorri baten erantzuna
duela, orai, ehun urte)

 

        1854-ean, Washington-eko Gobiernoak galdegiten du Indioeri sal dezaten beren lurra eta joan ditezen bizitzerat bazter-aldetarat. Idatzi hau egin zuen Sioux-Qualwish leinuaren buruzagiak.

        Asko irakurtze egiten ahal dira paper harrigarri huntaz: ixtorio mailean, politika mailean, ekologia mailean eta psikanalizia mailean.

        Barnean daukan olerkia senditzen ahal da. Egungotzen ahal da orai Braziliako Indioek jasaiten dutenarekin bikunduz.

        Erran nezake ere fedezko eta esperantzazko aitormen bat dela: Xurien Jainkoa, Larru Gorrien Jainkoa da, menturaz egun batez denak anai izanen gira.

        Irakurtze desberdin eta anizkun hauen ondotik, entzunen ote duguia beharrenaz gabetua den gizon baten solasa? Solas-aldi hau hemengoa dea? Atzokoa? Egungoa? Zer diozu irakurle?

 

        Washington-en den Manatzale haundiak igorri dauku mezua: nahi duela gure lurra erosi. Manatzale haundiak igortzen dauzkigu ere adixkidantzazko eta borondate onezko hitzak. Zinez pollit da haren partetik, badakigulakotz ez duela, ordainez, gure adixkidantzaren beharrik.

        Halarik ere zure eskaintza ikertuko dugu, ezen badakigu ez badugu onartzen saltzea, gizon xuria jiten ahal dela bere harmekin eta gure lurra hartzen ahal duela.

        Nola? Nola erosten edo saltzen ahal da zerua, lurreko beroa? Gogoeta hori bitxi kausitzen dugu. Airearen freskoa eta uraren dirdira ez dira gureak. Nolaz erosten ahal ditutzue? Lur hunen zatiño bakotxa sakratua da ene populuarentzat, pino-orratz dirdiratsu bakotxa, ur-hegi hariñtsu bakotxa, oihan ikuntsuetako lantxurda bakotxa, argalgune bakotxa eta mamutxa burrunbatsu bakotxa saindutua da ene populuaren orroitmenean eta adikuntzan. Arbolari goiti igaiten den izerdiak, berekin dakarzka gizon gorriaren orroitzapenak. Xurien hilek ahanzten dute beren sort-herria, izarretara badoatzilarik.

 

        LURRA GUHAUREN PARTE BAT DA

        Gure hilek, hek, ez dute nehoiz ahanzten hein ederra den lur hau, gizon gorrien ama delakotz. Lurrarenak gira: lurra guhauren parte bat da. Lore usain emaileak gure arrebak dira. Oreina, zaldia, arrano haundia... horiek gure anaiak dira. Gain harrokatsuak, pentzeko hezeak, zaldi basaren gorputzeko beroa eta gizona, horiek oro familia berekoak dira. Orduan, Washington-en den Manatzale haundiak erraten daukunean gure lurra erosi nahi duela, anixko galdegiten dauku.

        Manatzale haundiak erraten dauku xoko bat atxikiko daukula gutartean erasoan bizitzeko: gure aita izanen omen da eta gu haren haurrak. Beraz arren, zure eros galdea ikertuko dugu, baina ez zaiku erretx izanen, guretako sakratua baita!

        Turrustetan eta uhaitzetan ibilki den ur distiranta, ez da ura baina gure arbasoen odola. Saltzen badautzugu gure lurra, behar zinukete orroitu sakratua dela eta gure ur garbietako dirdira zomorrotsu bakotxa mintzo de enen populuaren bizia seinalatu duten gertakari eta ohidurez. Uraren marmara ene aitonaren botza da. Uhaitzak gure eta zuen arrebak dira... eta hementik goiti, behar zinukete eman uhaitzeri arreba bakotxari emaiten duzuen samurtasun bera.

        Gizon gorriak geldi geldia gibelerat egin du gizon xuriaren aintzinean, iduri mendi gaineko lanoa ihes doalarik goiziguzkiaren aintzinean. Baina gure aiten hautsak sakratuak dira, heien hobiak lur saindua dira guretzat; eta, hola, mendixkak, zuhaitzak eta gure lurretik ahurtza bakotxa kontsekratua da.

 

        EZ DUT ADITZEN

        Ohartzen gira gizon xuriak ez dituela aditzen gure botzak. Harentzat lur puska batek beste bat balio du, kanpotiarraren pare heldu delakotz, gauaz, lurrari ebastera nahi duena. Lurra ez da haren ama, baina haren etsaia. Eta meneratu dueneko, badoa haratago. Gibelean uzten du bere aitaren hobia, ez du axolarik. Bere haurreri lurra ebasten du eta trufatzen da. Arbasoen hobiak, haurren etxe partea bezala, ahantziak dira. Erabiltzen ditu ama, lurra, anaia eta zerua gauza ebatsgarriak, nekagarriak eta salgarriak bezala, atzarra edo berineria saltzen diren bezala.

        Haren goseak ihetsiko du mundua, bere gibelean utziz desertu bat.

        Ez dakit. Gure bideak zuenetarik arras bertzelakoak dira. Zuen hirietako ikuskuntzak kolpatzen ditu gizon gorriaren begiak. Menturaz ote gizon gorria salbaia delakotz eta ez duelakotz aditzen?

        Gizon xuriaren hirietan ez dago xoko geldirik. Nihun ezin ahal dira entzun xuxurlatzen primaderako ostailak edo mamutxa hegalen perekak. Baina menturaz salbai bat baizik ez bainiz eta ez baitut aditzen. Azantzak naski beharriak laidostatzen ditu, eta zer da gizon baten bizia ez badu entzuten ahal gaubele baten azantz xoila? Edo igelen aharrak, gauaz, uhil batean. Gizon gorri bat niz eta ez dut aditzen.

        Indioak nahiago du haizearen firfira bizia, uhilaren axala ximurtzen duenean eta haizearen usaina eguerdiko euriak garbitua edo pino-morkoitxak urrindatua. Airea, ba! Airea gizon gorriarentzat baliosa da, baitaki gauza bakotxak parte duela hats berean: abere, zuhaitz eta gizon... denek hats berean parte dute. Gizon xuria ez da ohartzen araiz hartzen duen hatsari: aspaldian azken hatsetan den gizon bat bezala, haren usainkinak iduri du bere urrinduran moteldua.

        Baina gure lurra saltzen badugu, behar zinukete jakin airea baliosa zaukula eta arima zatitzen duela bere baitan dituen bizi guzien artean. Haizeak, gure aitonari lehen hatsa eman-eta bildu dio ere azkena eta eman behar du biziaren izpiritua gure haurreri.

 

        GURE LURRA SALTZEN BADUGU...

        Beraz ikertuko dugu bure lurraren saltzeko zure eskaintza. Baina deliberatzen badugu onhartzea, banuke baldintza bat: gizon xuriak erabil ditzan, hementik goiti, lur huntako abereak bere anaiak bezala. Salbai bat naiz eta ez dut ezagutzen beste legerik. Ikusi ditut mila basa-idi usteltzen ari pentzean, hor berean gizon xuriak utziak, ibilki zen treineko leihotik tirokatu-eta. Salbai bat naiz eta ez dut ulertzen nolaz alzeiruzko zaldi ketsuak, guk gure hazteko bakarrik hiltzen dugun basa-idiak baino balio gehiago baduen. Zer dira gizonak abereak gabe? Abere guziak suntsitzen balira, gizonak hil litezke arimaren bakartasun haundian, ezen abereri gertatzen dena, gertatzen da ere denbora guttirik barne, gizonari. Gauzak elgarri josiak dira. Behar da erakatsi haurreri zangopean ukanen duten lurra egina dela gure arbasoen hautsez, beraz errespetagarria dela. Errazue zuen haurreri lurra gure populuaren biziez aberastua dela. Erakuts azue zuen haurrari gureeri beti danik erakutsi duguna: lurra gure ama dela. Lurrari gertatu dena, gertatzen ahal da ere lurreko semeeri. Gizonek tustatzen badute lurra, beren burua dute tustatzen. Hau badakigu: lurra ez da gizonarena, baina gizona lurrarena da.

        Hau badakigu: gauzak batziak besten meneko dira, familia bat odol berak batetaratzen duen bezala. Gauza guziak elgarri josiak dira: lurrari gertatzen dena, gizonari gertatzen da. Gizonak ez ditu biziko hariak oihaldu, haren piru bat baizik ez da. Oihalari egiten dituen kalteak, bere buruari egiten ditu.

 

        ...BESTE NORAPAIT JOANEN GIRA BIZITZERAT

        Baina ikertuko dugu zure eskaintza, ene populuarentzat begiratu duzun bazter-aldetarat joaiteko. Joanen gira, harat berex eta bakean bizitzeko. Funtsean berdin zauku jakitea nun iraganen dugun gure biziaren ondarra. Gure haurrek ikusi dituzte apalduak beren aita garraituak. Gure gudulariek ahalgea barnean sartua daukate, eta oirai, deseginak, egunak deramazte alferkerian, beren gorputzak kutsatuz jaki azukreztatuez eta edari alkoolezkoez.

        Berdin zauku jakitea nun iraganen ditugun gure egunak. Zonbeitño baizik ez ditugu. Zonbeit oren gehiago, zonbeit negu gehiago eta leinu haundienetako seme bat ere —egun multxo ttipitan xaretan dabiltzanak— ez da geldituko auhenka artzeko, lehenago zuena bezain indartsu eta esperantzaz betea zen populuaren hil hobien aintzinean.

        Zendako behar dut ene populuaren bururatzeaz nigar egin? Leinuak gizonez eginak dira, eta kitto; eta gizonak sortzen dira eta itzaltzen itsasoko uhainak bezala. Gizon xuriarentzat ere berdin da —huni Jainkoa mintzo zaio eta biak eskuz-esku ibilki dira baratzean—, baina gauza bera gertatuko zaio. Menturaz anai izanen gira. Zernahi izanik ikusiko dugu.

 

        LURRARI KALTE EGITEA,
        KREATZAILEAREN MEXPRETXATZEA DA

        Baina badakidu gauza bat segurrik —eta gizon xuriak ere asmatuko du menturaz egun batez— GURE JAINKOA ZUENA ERE DA. Egun iduritzen zautzue zuen jabego bakarra dela, orobat nahi duzuen bezala lurra izan dadin zuen jabegoa, baina ezina da. Gizonaren Jainkoa da eta haren maitasuna gizon xuri ala gorriarentzat berdina da.

        Lur hau, mundu hau harentzat bailo haundikoak dira, eta lurrari kalte egitea, kreatzailearen mexpretxatzea da... Xuriak ere itzaliko dira, menturaz, menturaz beste leinuak baino lasterrago. Kutsa zazue oraino zuen ohea eta egun batez itoko zirezte zuen huskinetan. Baina hilen zirezte, lur huntarat ekarri zaituzten Jainkoaren ahalaz erreak, zoinak —arrazoin gordekako batez haizu uzten zaituzte lur hunen eta gizon gorriaren menperatzea. Xede hori guretzat mixteriozkoa da, ezen ez dugu deusik ulertzen ikusiz usinduak eta mendixka zohituak «hari mintzatzalek» zikinduak.

        Nun da oihanttoa? suntsitua!

        Nun da arranoa? Eta zer erran nahi du zaldi zalueri eta ihiziari agurra?

 

        Ikertuko dugu gure lurraren erosteko zure eskaintza. Onhartzen badugu, bakarrik hitz-eman daukuzun bazter aldearen beharrez dugu onhartuko. Hor menturaz gure bizi laburra bururatuko dugu zuk nahi bezala.

        Azken gizon gorria itzaliko denean lur huntarik eta haren orroitzapena ez denean izanen pentze gaineko lanoaren itzala baizik, ur-hegi eta oihan hauek atxikiko dituzte oraino ene populuaren izpurituak, ene populuak lur hau maite duelakotz, haur sortu berriak bere amaren biotz ttapadak maite dituen bezala. Orduan gure lur hau saltzen badautzuegu, maita zazue.

        Maita zazue guk maitatu dugun bezala, arta zazue guk artatu dugun bezala. Atxik azue begien aintzinean lur hunen itxura, hartu daukuzuenean zen bezala! Zuen indar, izpiritu eta biotz guziaz zaint-azue: zuen haurren gatik maita zazue, guk maitatu dugun bezala! Jainkoak oro maite gaituen bezala.

        Gauza batez segur gira: gure Jainkoa zuen Jainkoa da, mundu hau maitexko du eta gizon xuria ere besten xendra beretarik iraganen da.

        Menturaz, menturaz anai izanen gira, ororen buru! Ikusiko dugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.