Debru krapautak (aputxarra)
J-Louis Caussade
Gaua urdin, lanotsu eta haize fina, goizeko oren bata da eta jendeak karriketan erdi andarka
badoatzi, nik dakita norat; Ostatu guziek ateak hetsiak dituzte eta etxerat buruz noa.
Nere buruan mila amets, nere buru fuñean mila arrabots, nere gogoan izen bat, Brigitte,
behar bada hor aurkituko zindudala bide bazterrean nere bila, bainan ez zaitut ikusi eta
bakardadean sartu naiz gaur, nere saizilorat.
Hortzak garbitu, zigarretaren orroitzapen karatsen galtzeko eta begitartea ikuzi, argitasunaren bila,
nere gogoko asmoen aurpegitik lahardekatzeko bezala; Bainan debru krapautak, urak ere
ez zituen haizatu eta hor ziren beti azkarrago, nere barnean beti gehiago gudukan: «Zure saretan
sarrarazi nahi ukan ninduzun, armiarmak eulia gakatzen duen bezala, bainan nere bihotza askaturik
atxiki dut eta nere sentimendua erne; eulia armiarmaren sarearen aintzinean, furrudunka
bere hegal guziez ari den bezala, airatu naiz bertze ertsakaietarat.»
Karrikan azken edanek usaiaz gabeko kantu erkiduragoetarik emaiten dituzte.
Bakan autoak iragaiten dira, gutaz axolatu gabe, beren ametsak, aments bitxiak,
badituztela ere eta haien ondotik dabiltzala. Bi orenak dira.
|