L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 9 (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Amarauna 2 eta 3

 

Mayi Pelot

 

 

KIPKH ARMIAMO BATEN ALDE

 

Itxaro-ri

 

Amaraunez amentsean egitean, armiamo eder batez askotan oroitzen naiz: Odüzeian aipatzen den Kirke jainkosaz, sorgin famatuaz, kantari-aztia kizkurraz, urtebete bateko Ulixezen ohaideaz.

        Kirke uharte batean betiko gazte eta ederra bizi da. Bere «harri leunduzko» jauregi-zelata ibar goxo baten erdian, agirian ezarri du. Eta barnean dago, ehundegi handi baten ondoan, jarririk, emakume lanetan baina gizonen bereganatzeko ozenki kantuz. Armiamo kantaria, amaraunaren erdian zai.

        Odüzeiako beste ehailea, Penelope bera, Ulixezen emazte leiala dugu! Ironia Grezian sortu zela ezin ahantz...

        Izigarri gaixtoa baita gure Kirke. Gizonak eradan eta bere edariez aldatzen ditu, gizonetarik otsoak, lehoiak, eginez, bai eta sofrieraziz, bakotxak gizakumearen gogoa aberearen gorputzean beti baitu. Kirkerengatik Ulixezen lagunak urdeak bilakatu dira, gaixoak. (NDLC: berriz ere arrazakeria urdeei buruz!). Baina Ulixezek, lore sorgin bati esker, ez da urdea bilakatu, Kirke menperatu du eta ez du sorginaren ohera igan nahi, Kirkek gizontasuna ez diola kenduko zin egin baino lehen.

        Geroztik Kirke, kritiken fantasmoeri esker, emagalduaren, hobeki esan emagaltzailearen sinboloa bilakatu da, bere edertasunaz gizonak engainatuz haietaz zer nahi egiten duena. (Ikus Buzzatiren ipuia). Emazte sorgin gaixtoa.

        Kirkeren alde jarri? Zergatik ez?

        Ulixezek galdatu eta, egin duen miña kentzen du, hots, haren lagunek berriz gizontzen ditu. Orduan, haiek elkarren besoetan nigarrez ikusiz urrikaldu zaio. Ulixezen ohaidea bai eta ere laguna bilakatzen da, berak Ulixez lagundu nahi baitu. Atsegiñaren truke eskerduna? Gizakumeen oinazeen berri ukan eta jainkosaren bihotz idortasuna edo lasaitasun krudela galdu eta? Dena den, gizakumeen legeri obeditzen die, Ulixez eta haren laguneri, mariñel ezindu hoieri janaria, edaria, oheak, jantzi berriak eskainiz, haiek pizkortu arte artatuz.

        Ulixezen sentimendueri buruz olerkariak fitxik ez digu esan, urte baten buruan lagunek abiatzea galdatu diotela salbu. Halere Kirkek ez dio Kalipzorena egin, ez du jainkotu nahi, ez eta senartzat nahi; ihardoki gabe joaitera utziko du.

        Kirkek gauza gorde ainitz aintzinetik bazekien: hala nola, Ulixez delako bat behin batean etorriko zaiola. Harek itsasoan jasan zituen hondatze eta miñak ere jakin zituen.

        Kirkek aintzinetik badaki Ulixezek itsasoan arrisku ainitz atxemanen dituela. Itsas-neskak, Karybdis eta Skylle ezagutzen ditu. Ulixezi dena ikasten dio, dudarik gabe hura zaindu nahiz.

        Gure ehaile-sorginak korapilo berezi baten teknika ikasten dio, korapiloak mariñelen eta sorginen lanak baitira. Eta aholku gogor baina on bat emanez joaitera utziko du: Ulixezek ifernuetara, Tiresias zenarengana jautsi behar duela. Kirkek ez daki, beraz, etorkizun guzia. Armiamo kantari ederra ere ANAI KHren, Beharraren amaraunean preso...

        Bere ehundegiaren ondoan, geroa, nahi ta ez gertatzekoa, kantatzen ote du jainkosa-azti ederraren abots ozenak?

 

* * *

 

Lucien'i

 

IRUTEN

        Aintzin Denborako Grekoek KERA BELTZAK (Suntsitzaileak) deitzen zituzten. Hiru atso dira, armiamoen gisan ifernu zolan betiko irauten eta iruten. KLOTOS-ek kilua eskuan du, LAKHESIS-ek (Suerteak) haria ardatza bakotxean ezartzen du. Haria, gizakume bakotxaren bizia da. ATROPOS-en (Ezinbestearen) haixturrek ebakitzean hitzen baitira gizakumeak. Beraz bakotxak bere zatia eta bere ardatza baditu, Kerek hautatutako gertakariez betea.

 

EHUNTZEN

        Viking-ek NORN-ak deitzen dituzte. Ipar Europako Keren ordainak dira. Desberdinak haatik. Hiru neska eder haiek ez dute lurpean iruten, zeruari, mundua zurkaitzen duen lizarrarenpean, URD iturri garbiaren ondoan baizik. Atzo, Orai eta Bihar kantuz ehuntzen dituzte. Urd iturriko urak zortea ikasten dielako haiek deus ez dute erabakitzen, ez eta ebakitzen, haria etengabea baita, ez baitago norberaren zorterik. Gizakume-Jaungoikoen zortea orokorra da beraz... itzulgarria? Baina geldi, beste amentsa daiteke hori, hindutarren SAMSARA da. Zortearen amarauna, oihala da; gertakariek izaki-gizakien xedeak irazkia eta bilbea osatzen.

 

REMAKE

                «Spinne, Schwester, und Singe!»

                «Ehun eta kanta, ahizpa!)

        Antzokian, hiru atso erdi burusoil, Breughel-en itsuak bezainbat kordoka, urrezko soka bat elkhi nahiz. Zortearen haria korapilo mordo bat bilakatu baita. Wagner-en «Jaungoikoen Ilunabarra». Nornek gertakarien ikasteko irun edo ehundu, eta kantatu behar dute. Kantatzeko, soka lotu, tinkatu eta adastu behar dute. Behin eta berriz, eta nekez, soka arrokari edo izei bati lotzen diote, ezin baitute mundu zabala zurkaitzen duen lizarrarenpean ehundu. WOTAN Jaungoikoak bere harma egiteko lizarrari adar bat kendu diolako. Hil egin da lizarra, iturria idortu. Ordutik Nornek beti kantatzen dute, baina ezin dute gauza argi eta garbirik esan.

        Lehen Norna, kosmogoniaz mintzo, bigarrena, gertatu zenaz, baina beren lana ahantzi zaiela iduri, bakotxak besteeri zer gertatu edo zer gertatuko den galdegiten die, Spinne, Schwester, und Singe, zortea, soka, nahasten ari...

        Hirugarren Nornak geroa aipatzen duenean, ez digu suspenserik emaiten: jaungoikoak beren jauregian —WALHALL-en— hilen direla, jauregia erreko dela...

 

Jaungoikoen ala munduaren azkena?

        Orainaz, gizakumeez, hitzik ere ez. Amarauna desegiten ari da, gertakari maltzur batek hortzikatua. Eta zortearen soka batbatean hautsi da! Zergatik? ALBERIX iputxak Rheineko urrea ebatsi eta urre hartaz zorigaitzezko eta gorrotozko eraztun bat —boterea— moldatu zuelako.

        Hari-amarauna hautsi eta lurrera ihes egiten dute hiru atso itsuek. Zortea ehuntzekoa utziz.

        Soka hautsiko korapiloen erdian ote datza gizakumeen askatasuna?

        «Spinne und Singe... ehun eta kanta, ahizpa... ba al dakin zer gertatuko den?»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.