L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 9 (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Jandonabakirako bidea...

 

Eñaut Etxamendi

 

        «Egia horiek kontsidera ditzagun psikologo batek egin behar duen bezala. Huna gizonaren izpiritua, aintzingogorik gabe, zikinik gabe, ez usteldua, birjina batek itxuratua, eta aitzaki-izpiritu horrek gizonean Jainkoaren beraren sortzea erdi dezake»

        (Karl Gustav Jung)

 

Haurreri, lokarrarazteko ixtorioak kondatzen nezkeien, artetik burua perekatuz eta perekatuz. Kanpoan xakurra dai-dai erhausiz ari zen argi-zariari, eta izotzak urdin-xuhail egiten zuen gure naba. Negua sartzen ari zen ixil-ixila. «Santsun behin igorri zuen nausiak oihanerat egur egiterat. Astoekin juan zen gero egurrak astotan ekartzeko etxerat. Astoak estekatu zituen bedera zuhamuri, sua piztu, hotz baitzen izigarri. Ondoan bazen erreka turrustan zohana, eta hur-bazterretan karroiñ gandak zintzilik. Aizkoraz, Santsun haratxago juanik, zuhamu aurtikitzen hasi zen. Zinpi zanpa, zinpi-zanpa... eta krrrask! zuhamua lurrerat. Eta Santsun, izigarri azkarra baitzen, bere kuona estekaturik aihen-bilhur batez, hasi zen zanpa zanpa egur egiten. Gariak eta egur arrailduak metatuz, abarrak berhex haxekatuz. Eguerditan heldu da ba astoetarat eta surat. Zer ikusten du?? otsoak! Otsoek astoak janak zazkoten! janak, pildak ezik. «Sarrr balakio! hauk komedia!

        — Bada, zion otso batek, negua duk eta, elurra, eta gose gintian. Gu ere Jainkoak eginak gaituk eta...

        — Zer bada? Jainkoak eginak bai, nahi diat bainan egurrak? nork eremanen dauzkit eni egurrak? Astoak asto bainan jendeak jende dituk eta etxean hotzak hilen ditik jendeak.

        — Nahi baduk lagunduko haigu Santsun.

        — Bai beharko, nahi edo ez!»

        Horrela xarduki zuen Santsunek otsoekin, eta pildatu zituen... egurrak gainean kargatu eta etxerat horrela ekarri. Herri guzia berriz ere Santsunek harriturik ezarri zuen. Pentsa! otsoak pildatu eta egurrez kargaturik etxerat...»

        Haurrak xoraturik zauden nahiz eta erdi-lotan begiak hetsirik irriz ari ziren... eguna ala gaua zenez exakin, berhala beren amentsek jarraikiz kondaira. «Eta gero... Eta gero? Eguberri! Aitatxi-bizar-zuri!!! Zer ekarriko othe du?»

        Uzten nituen lo egiterat. Galeriatik egoiten oraino apur bat Iparlatzeko mendieri begira. Landibarreko ibarra mantelinez jauntzirik, ilargi-pean. Gauak zerua eta lurra juntatzen zituen eta ahapetik nabari zitzaizkidan musika baten notak. «Jung-en arkeo-arima...» egin nuen neure baitan. Azkonbegi aldetik xakur bat hurubiaka ari zen Urtzateietako bortueri... «lehengo otsoak; min othe dabiltz heien arimak?»

        Negua bazohan bere gau luzeekin. Eguberri ere iragan zen. Oihanak pentsaketa zauden urrunean, eta igande iruzkitsu batez Aitatxiren ikusterat juan behar ginduela erabaki ginduen familian. Argia arrosa-kolore zen Irisarriko bidea. Garazin hegoa. Etxeak irriz eta nexkatxen biloak hegoak airatzen zituen Ithurranburuko pottoka basen kumak iduri. Garaziko pezoiñetarik jali eta agertzen da Erruzate mendia, han urrun, beste mendiak baino gorago. Ene Futsu-Yama! Elurrak dirdiran iruzkirat.

        «Ikusten duzue han mendi xuri hura? Erruzate da. Aitatxi-bizar-zuri handik jiten da...»

        Haurrak kantuz eskuak joz. Mentstuak ziren.

        «Lehenago ni astoan jiten nintzan bide huntarik etxerat. Erruzate ikustearekilan nigarra jiten zitzautan, bera...»

        Eiheralarren iragan ginen. Haur batzu pilotan plazan. Gero Har-arteketako potxa-gainetan ahuntzak, beherean erroitza izigarriak. Haurrak ixilik orai. Norat gohaz? Denetan oihanak eta harrokak, mendi pataitzak. Bainan huna berriz etxeak, eta krixto bat besoak zabalik bide kurutze batean. Haurrak pilotako plazan.

        «Hemen dagoia Aitatxi?

        — Ez ez, gohorago, Erruzate-aldean»

        Aintzina bagindohatzin. Erreka Ondoz-ondo puska atean, eta gero goiti, goiti-goiti, autoa goiti ta goiti oihanpez, goiti-goiti-goiti... oh! zein goiti! Gibelerat haurreri so-egin neien, ixilik zauden, bainan begiak argirik. Zer othe zuten gogoan?

        «Oh! etxe bat!

        — Bai, etxe bat. Sausia da hori.

        — Aitatxi hor dago edo?

        — Eeez! haratago

        — Nun?

        — Erruzaten!

        — Erruzaten?

        — Bai, zeru-mendian... Hara, haaara, aantxuño gira, hortxetako gerenda hori iragan eta berhala. Hori da Orrhemaldako hegia. Hor haize-liliak jiten dira elhorrien pean harri-xurien artean.

        — Oh! zer dira haize-liliak?

        — Berhala ikusiko duzue.»

        Oraino ere goitiago juan eta gelditu ginen delako Orrhe-Maldako gerendan. Han zauden bide-hegitik goitiko malkarran: haize-liliak! ainitzak xuriak, bakar batzu urdin-gorraxtak, mertxika liliak bezala, harrien artean, elorritzeen azpian, bahar eta otsalaharren artean. Hegoa fal-fal zabilan han gaindi xahoak eta iratze eiharrak.

        — Zendako deitzen dira «haize-liliak»?

        — Hemen sortzen da hegoa.

        — Hegoa hemen sortzen?

        — Bai, hemen sortzen da hegoa gauaz: Mendi hotan sortzen da hegoa jendeak lo daudelarik,, amentsetan ari direlarik, hegoa hasten da ahapetik kantuz eta elurrak hurtzen ditu, eta mendier behera kilikatuz belarrak eta laharrak jeusten da hegoa. Eta Xazetik hunarat lurpean lokarturik zauden liliak, orai iratzartzen dira... lurretik jalitzen dira hegoaren kantuak amentsetarik iratzar-arazirik. Hortakotz dira lili hauk «haize-liliak».

        — Oh! oh!»

        Eta haurrak haize-lili biltzen.

        — Kokinak dira! batzuk oraino begiak hetsirik dauzkate.

        — Bai, ez dira oro batean iratzartzen.

        — Oh, soizu! hunek iduri du kuxkutuna! begiak hetsirik dauzka Labriren kuxkutunek bezala.

        — Bai, esnea edanen duenean ainitz, orduan begiak zabaliko ditu. Utz-axu haunditzerat, ttipixe da biltzeko. Epa, Aitatxiren etxerat juan behar gira.

        — Oh! ba, ba. Guazen, guazen!»

        Atherat etorri zen Aitatxi boneta buruan irriz.

        «Soik, soik, ze ustegabekoa!

        — Aitatxi, Aitatxi, Aitatxi!

        — Nola xira Aita?

        — Untsa nuxu ba ni, ta ziek? Oh! ze plazerra! jin ziizte?

        — Ba ba Aitatxi jin gira zure ikusterat

        — Oh! nola haunditiak ziizten! oh! Kattalin xutik abiatia... pottolo!

        — Erruzaten egoiten zira Aitatxi?

        — Erruzate gora da, gohorago.

        — Aitatxi! aitatxi!»

        Eta ogi-ta-gasna athera zuen, arnoa, jelera haurrendako. Hantxet denak atsalaskari egiten. Sua zirt-zart ari zen. Sukaldeko leihotik Indartaldeko potxak gibeletik iruzkiak zeruan mozten zituela ageri ziren. Bihotza hanbat gauzez inharrosirik nauken ez bainion solas bat funtsez jarraik... Alta elhe ta elhe ari ginen, denak batean mintzo, arpegiak hegozeruz jauntzirik. Juanes, ttipi ttipiñoa zen... ixila. Aitatxiren ondoan zagon berari begira. Eta Aita gurekin elhaka. Juanes han zagon berari begira, begi beltzak eta ukondotik hunki zuen «harren hola Aitatzi zeruan egoiten hiz hi?» Aita gurekin solasean... eskuaz burua perekatu zakon Juanesi «ba, ba pottolo.

        — Eta kontent hiza zeruan Aitatzi?

        — Ba, ba pottolo...»

        Eta Juanes han zagon berari begira behatza ahoan... artetan kentzen zuen ahotik «harren Aitatzi hi zeruan egoiten hiz hola?» Begiek argitzen zakoten izarrek bezala, so, so Aitatxiri.

 

        Urte luzeak zoin diren laburrak! juan direlarik... Zortzi ziren, hemezortzi hark eta azken biek bi urte, aita ta ama, eta amatxi. Hameka etxean. Heizar ondo zaharraren itzalean zuten egongia. Hark oraino bizarra beratx zuen mateletan, doi-doia esperantxan... Gerlarat johaiteko manua... Etzen ez alta Khomeiny Frantzian lehendakari, bainan zortzi txitxetan lehena ezarri zuten soldadoz jauntzirik eta jandarmak hor gaindi zabiltzan... Orbaizeta eta Auritze aldean ere familia baitzuten gure etxekoek. Juan zen harat, Pariseko alderat, Alemaniako alderat, bere hemezortzi urtetako lagunekilan. Domingok xahakua berekilan omen zuen. Herrikia, orhoitzeko. Baionan xahakuaren berriz betetzen ari zirelarik karkallaka, jandarmak jin zitzezkeien pixtolak eskuan... Treñak iphar-alderat ereman zituen ziuntan.

        Kanoiaren orroa! Mutikoak herremelka lohian ikasten... gerlan ikasten. Zer mintzaira! nolako arpegi murritzak! Denak kexu, hitzen erdiak ez ulertzen, herioa, gorputzak...

        Larrazkena etorri zen, Garazitik telegrama:

        «Ama arrunt gaizki duk, haugi»

        Gau bat eta egun bat treñan.

        «Atseko treñatik landa, Donianetik Eihalarrerat emazte bat bidean... Erruzaterako naban...

        — Oh! xu permisionez!

        — Ba, ba

        — Etxitut ezautzen, Ezteintzuitarra xirare seurrenik?

        — Ba, ba hala nuxu.

        — Soixu! Atzo ezteintzuin izigarria ba'uxu gertatuik.

        — Ze?

        — Baa, emazte bat hil izan duxu, zortzi haurren ama...»

        «Zanguak enitioxun higi lekian gaiñian, ezin ibil, ezin hurratsik in...»

        Nolezbait aintzina jin zen etxe alderat. Bideak dira! «Etxapareko gaztaña-petan fitsik ez ikusten ilunain ilunez. Arbolen kaskuer solten niexun bidian atzemaiteko. Eskolaitaik hunat zangoz xendra haztakatuz, batzutan ñauka. Etxeatu-ta borta jo nixin: Aita leihorat: «hi hiza Juanes?

        — ba ba Aita.

        — heldu nuk

        Borta ideki ta Aitak potta eman ziaxun ta samatseat juan zuxun nigarren gordetzeat... ezpeitzakien banakiela».

 

        Gero haurrideak hazi.

        Gero lehen haurra galdu bi urtetan.

        Gero zazpi haurrekin gelditu alargun.

        Gero bera gelditu etxiaren zain. Bakarrik.

        Begiak hetsi behar zituen gauean, bere esku konkor haundia perekatzen nakola, erran nakon: «zonbait tailu gider eta aitzur gider erailirik esku hotan

        — Nola? (doi-doia mintzo zen, nekez)

        — Zonbait zonbait tresna-gider erailirik esku hotan

        — ....

        — Zee?

        — hortako inak ginela...»

        Othoitzetan gurekin. Arrebak beste aldetik, eskua atxikitzen zakon ere.

        Amentsetan sartu zen. Batzutan irriño bat egiten zuen begiak hetsirik eta zerbait erraiten ezpaiñez.

        Gaua bazohan ezti-eztiki. Amentska.

        Zerbait gorago erran zuen. Ezin adi

        — Zee?

        — ....

        — Nola Aita?

        — Athera beha'utela kanpoat... eun guzla arditeian eon gabe (...)

        — Zee?

        — denbora huna'uxu, kanpoat atheatzen ahal tuziela eun... elurra gesaldia'uxu...»

        Gero erran zuen: «Amaaa!»

        Ta.

 

        Lur saindua! iraultzen hindugularik harekin! Behien eta lur irauli berriaren usaina! Aitaren mintzoa. Hungarriaren goha beroa... goldearen marrakak harrizkoletan behien xintxak, amaren ahotsa sukaldeko leihotik. Mendiak, mendiak, eta oihanak urdin urdin han urrun... Gure zeru-mendia!

 

        Ospitalean. Hila? bizi? hiltzen ari? Ama han ondoan alegia trikotatzen. Aita jin zen, beranta. «Alemanek sekula ko ixtoriak in diauzkiutxie. Ez nahi utzi pasatzeat...

        Nola xira Xainker? sendatuko xira ba. Baakixu akerra? Erruzatetik ekarri akerra?

        —Ba ba! arditeiean zena, orger estekatuik!

        — Baa! hil dixiu, mahahahraa in dixi marraka hiltzian. Azkarra zuxun biziki! Beharrik Sauce han baitzen atxikitzeko! «Ba Sausek atxikiko ba akerra!» eta irrintzina in dixi Sausek, baakixi nola iten dien» eta Aitak irrintzina egin zuen Sausek bezala.

        Ospitaleko leihotik Alemanak hautemaiten ziren iragaiten karrikan: brau, brau! Heili-heilo-haila! Haili-heilo-haila! brau, brau, brau, eta xirulak atabalekin.

        Ama ikusi nuen bizkarraz ene oheari jartzen eta leihorat buruz arpegia. Banakien nigarrez ari zela. Aitak apal-apala zerbait erraiten zakon. Alemanen soinua bazohan Madalenako bidean harat...

        Bigarren gerla. Bere anaia gazteena Alemanian zen preso. Izeba Marisan etorri zen aita juan-eta. Pirripitan hainbat hozturik, eskuak ene ganbarako berogailuan berotzean, nigarrez ari izan zen minez. Gero Amarekin elhaka. Senharra Alemanian zuen preso eta berriz ere nigarrez ari zen. Amak beharrirat zerbait erraiten zakon. Biak ziren hain gazte ta ederrak!

        «Atorra beltza?» hori zonbat aldiz entzun dakotan hari! Puxka bat sendatu nintzalarik, ospitaletik ez urrun, beste izeba baten etxean nindagon. Ostalera zen hau. Harat etortzen ziren saldaren jaterat eta baso-arno banaren edaterat ondoko segategi bateko langileak. Ni supazter xokoan ninduten ezarri karrusa ttipi batean. Ba nintzanez ere ohartu gabe handik beha nindagokon han gaindi zabilan munduari. Sartzen ziren gizonak, salda jaten, baso bat arno dank! edaten, eta bazohatzen berriz lanerat, esku gibelaz xahutuz ez-painak. Izerdi ziren ardurenean, sega zahiz begi-ondoak eta boneta beterik, beltzak. Atorrak bustiak, nahiz kanpoan negua izan.

        Bat etorri zen bakarrik. Izeba Mari Grazianak salda eman zakon. Jaten ari zen ixilik. Ni azazkala hortzetan xamindeixokotik:

        «Ze gizon beltza!

        — Ni? baia beltza?

        — Atorra beltza...»

        Aitaren adixkidea zen eta irri onik egin zuten.

        Geroago, adinean ni ere juan nintzalarik, abertzale bidetan sartu eta munduari ditxidoka hasi, aita xahartuak maiz erranik:

        «Nihunee etxaude... atorra beltxa?»

        Gaur naiz ohartzen zer zautan nahi erran... Johana da.

        Hegoa... izarrak dir-diraka ari ziren. Ilargiak gure mendi mundua zilharretan zaukan. Zirritu ta Arhantzaldeko hegiek urrezko koronak. Zerua barna ta arin han zagon barna zeruan urrun. Izarrak... Bide xuhail bat bazohan zeruan Pagaltzetatik Oriun-Zilho alderat. Aldean «Xita koroka»: izar ttipiezko lili bat.

        «Behin mutiko batek behar etzen zerbait inik, gauza beltz bat, Jandonabakirat juaitekoa xedea hartu zixin, bekatiaren barkamendia ukaiteko. Han urtxo bat ba'uxu, Jandonabakin. Kofesatu eta urtxoari ofia eman behar ziakoxu: jaten balinbadu erran nahi'ixi bekatia barkatia dela, ez balinbadu jaten... Berriz eta berriz koosatu zuxun gisala mutikua. Noizbait koosarrak erran ziakoxun omen: «bekatu horren barkamendia ukaiteko beha'uk berriz hireietxetik hunarat beila bat in kotxu bat esne eskian (artzaiña baitzen)». Erran bezala in omen zixin mutikuak. Bana kotxu esnia pizia baitzen talastatzen zixin bidian, eta esnia izurtzen tilistaka. Horra zendako den izar-bide hori gioztik esne-kolore.»

 

* * *

 

        Aita ezindurik gelditu zen urtean, sort-etxian zauden etxezaiñen familian malur harrigarria gertatu zen beren aita, oihanetako aizkolaria, ixtripuz hil zen bere egur kargarekilan zohalarik bidean kamionez. Egur-metaren pean leherturik hil zen. Oihanetako gizona izana zen bethidanik, azkenean zuhamuek berenganatu zuten. Zuhamuek beren saria bethi kentzen omen dute azkenean... urak bezala. Iratin hasia oihanean zazpi urtetan.

        Gero, gure aitak begiak hetsi zituen.

 

        Negu hartan hegoa zen bethi gure etxalde inguruetan, herri-beherean aldiz bethi izotz. Etxe-zaiñ, ama-seme batzu gelditu ziren. Gau ilargi-bete batez semea, jeikirik ohetik, hasi zen zuhamu aurtikitzen gure oihanetan... aurtiki zituen etxe garaiko bost gaztañatze haundi gauez-gau. Basa-Sagharreko auzoetan argiak piztu ziren. Euxebio aintzina ari zen motor-segaz zuhamu aurtikitzen: Olhaberrin zazpi haritz-ondo haundi bota zituen! Gero Larrezokon hasi zen: haritz ederrena aurtiki zuen... bainan gizon batzu haratu ziren, eta, ereman zuten Euxebio estekirik autoan. Bi egunen buruan bakarrik nuen jakin zera.

        Neure Garaziko sortetxetik berri horiek jakitean nahiko desmasietan nituen neure familia ta etxea. Gure lau semealabak etxetik kanpoan, andrea ta biak ginen etxean. Haizegalerna batek urratu zauzkun berotokiak eta oihanean hautsi haritz-haundien buharrak. Lurra samurtua zen...

        Juan nintzan bai halere aitaren etxerat. Auzoan utzia zuten gakoa. Gaua zen harat goiti heldu nintzaneko, eta han hegoa zen. Auzoan supazterrean jendeak. Arnoa edan ginduen. Xakurrak argizariari hurubiaka ari ziren kanpoan. Hegoak sukaldeko leihoak ar-arazten zituen xiritan kantuz, eta khe buhakoak noiztenka igortzen sukalderat xamindeitik. Zuzulian jarririk amatxi, suak argituz arpegia:

        «ba, gaizo Emilio, oihanak ereman du. Oihanak emanak oihanak iruaiten ditu. Bere denhoran zuhamu botatzen aritu zen, zuhamuek azkenean lehertu dute. Bethiko errana da: arta'mak zuhamuekin! Heiñean ago! Euxebiok burua galdu du. Bada, lehenagotik are tira-ahala bazuen gero! Bainan aldi huntan arrunt juan da burutik: mendekatu nahi ukan du zuhamueri, denak bota nahiko zituzkeen... Gixaxoa! Arta'mazu gero! ez da oihana desafiatu behar.»

        Etxeratekoan gogoetan nindagon: «Amañi Bidaurretak zer othe du hori? Ala... zerbait othe daki nik ez dakidanik? Oihana, oihana. Funtsean oihanak diaukek gure lurra mendi huntan, oihanak kanta arazten hegoa bere kumetan, oihanak emaiten xori-kantuak goiztirietan, oihanak emaiten sugaiak gau elurthuetan, oihanak egiten etxeak eta bordak, oihanak gaztaña, urde, onjo eta azken ibilaldiko inguragailua...»

        Etxea. Bera zagon. Beraren usaina berehala ezagutu nuen. Zur idor xaharren usaina zaukan.

        Ezkaratza, eskalerak, sukaldea. Gauza bakotxari begira nindagon bederazka. Sukaldea: sua piztu nuen. Gandeailuak tauletan zauden, Krixto bethikoa bere lekuan. Kheak beltzarandu paetak, xurruxtateia, ogiaren eta arnoaren hermeirua, amaren untziteia. Ganerreko atheak hego hatsetan bethidanikako abotsa emaiten zuen, eta naski mintzo bat aitamen ganbaratik! «mentsa hiz, bana kusi beha'uk!» Ganbara hutsik zagon. Paetan zauden aita-amen esposeko argazkiak, irri herabe batean, osoki irri egiteko beldur, eta han biak elgarren ondoan, gu guziak sortu baino lehenagoko zera... Bularretan hipa idor bat iragan zitzautan. Bazen ere familia guziaren argazkia: bederatzi ginen, Ana-Mari eta nik komuniatu ginduen urtekoa. Aitak bonet ederra zuen eta gizon gaztea zen, ama pollita eta begi akitua. Manez? hogoita hamairu urte huntan ez ikusia... Arizonan dena. Batita, hogoita bederatzi urte huntan ez ikusia, Arizonan. Ana Mari, hogoita bost urte Kalifornian. Maiterez hogoita bost urte Kalifornian. Marti, hogoi ta lau urte Kalifornian. Kattalin, hau Garazin. Biak gaude hemen orai. Han nindagon eta bordatik heldu hauteman nuen aitaren abotsa! Juan nintzan bordarat: bazterrak oro ixilik zauden. Lehengo behien lekuak... Buru-Zabala, han zokoan. Zizto, haren ondoan. Andere III, Andere II, Andere Zaharra. Katzo, Eskuiña, Adar-Xabal, Baigorri.... Denak hutsik. Armi-mahoak eta iñara-kafia zaharrak zoladuran. Gau-iñara bat hegalka argiaren inguruan.

        Sabaian hurratsak... eskalerrak iragan nituen: bazterrak hutsik zauden, bakarrik sorho meta ttipi bat, eta handik gatu beltx eder bat jin zitzautan kurru-kurru zango artetan egiten zautala. Perekatu nuen eta geihiago kurru-kurru egiten zautan, erhiak amiñi bat ausikatuz.

        Arresteluak han zauden athearen ezker-aldeko hagatik dilindan. Amaren arrestelu xaharra ezagutu nuen, eraztun urre-kolore bat dazaukan matxarde ondoan. Giderra legundua zuen... perekatu nuen, eta! amaren ahur eztia bero-beroa neure garkolan iragaiten seinditu nuen. Larru guzia ikaratu zitzautan goxoz eta bihotzkatzez. Han nindagon sabai zabaleko argi gorri ezbaiekoan. Hegoak ufako bat irauna ernan zakon tellatuari argia dardarika-araziz, eta Indartaldeko oihanetan inguruka zabilela intzireka hautemaiten nuen. Gatuaren marraka iturri-ondotik orai, gauak bazeraman harat Sausaldeko errekarat... Iturriak askarat turruxtan erortzean egiten zuen bethiko nigar auhen hura. Eta berriz ere hegoaren burrunba Mendilarreko gaztandeitik.

        Arrestelutei parrean, eskalerraren hegian, leiho aintzinean aitaren eta anaien xintxuketako mahaia. Pollikiño tresna xaharren eskuetan iragaiten hasi nintzan: burdin-mutila bere lehengo markitxarekin! marruxketa... pinpaleta, ongide bat, oh! Aitaren tallu-pikatzeko ongidea. Eta beste holako puxkila batzu. Ixil-ixila zauden han ene beha. Denetaz orhoit ziren hek. Zoko batean aitaren taillu aztal-luxe xaharra, oi!

        Sukalderat juan nintzan berriz, egurrez sua kargatu. Noizbaiteko egurrak bazauden borda gibeleko hegaldeian.

        Suak «trrrriii» egin zuen: «etxelarrak!» egin nuen goraki, eta belaunikaturik othoitz egin nuen.

 

* * *

 

        Bihararnunean, iturri ondoan zaku bat lurrean ezarririk, ongide xaharra lurrean sartu eta taillu aztal-luxearen mehatzen hasi nintzan. Lehenbizian azantz hil bat egiten zuen, bainan erdoila kenduz-kenduz, hasi zen noizbait kantatzen arin eta fin, Peko-Iturriaitako oihanetik oiharzuna errepikatuz, lehen bezala: ttauk-ttauk-ttauk... Auzoak bestaldeko mendian etxaintzinerat atherarik beha zauden, bainan burua ez nuen goititu nahi. Gure etxean berriz musika bazen. Krink, krink, krink... lahar mozten hasi nintzan etxe inguruetan: Baratze inguruak lehenik. Gero etxerateko bide bazterrak. Gero borda ta sabaiaren ondoak. Gero sagar-peak garbitu nituen. Gero amaren udarea baitzen borda gibeleko erreka ondoan, hari pea ta inguruak garbitu nazkon. Gero burdinga-sagarrari, gero otsanda-sagarrari, gero Jandonabane-sagarrari, gero metalastoko intzaurteari, Gehezipetako laharren mozten hasi nintzan gero. Eguna juanago eta besoak azkarrago. Jan gabe. Iturrian dingako batzu egin, taillua harriaz legunt eta jo beti, ta beti, beti.

        Gaua. Soiñekoak kanpoan hedatu nituen hegorat. Supazterra bestan zen. Jan eta edan nuen. Berriz ere etxelarrak jantzan nabaritu zitzaizkidan. Atalartzean jarririk, Jandonabakirako izarbideari so nindagon: zerua gerriko xuriz... Elizako nexka gazte kantariak hola ziren lehen aldikotz Aita eta Amarekin Elizarat juan nintzalarik, Aitak konkolotx eremanik. Eta orai ulertzen nuen Mari Gainekoa nor zen. Gehezipetako zuhamuen adar artetarik bortu hegi urdinak zilarrezko leiñuruekin eta argizaria Zuhañetako parrean. Gaztahatzeen enbor ederrak aintzinean nauzkan katedrale pilarrak iduri eta zuhamuen azpiko munho hegian isatzeak sekretu sakratu idazten ari ziren hegoan.

        Iratzartu nintzalarik, berriz ere, hegoaren hatsanga ari zen ganerretik. «Egun behar tuk atzo moztu laharrak hego hunekin erra-arazi.» Sabairat juan nintzan su pizteko ezpalka (hauk xintxuketa tokian ziren). Besatra bat ximixtakin eta ezpalen lurretik biltzen ari nintzalarik ohartu nintzan arrasteluen pean lahar burdats bat bazela... begiak goititu eta! amaren arresteluan xaho ixpi bat bazauken xiri-arrailo batek. «Atzo etzikan holakoik arrastelu horrek?!». Hobeki sogin eta lur-herrestoak ageri ziren tollan eta xiritan, herresto berriak. Kanporat banoha eta baratze ixkinan su-leku ttipi bat... hautsak oraino bero beroak!

        Laharrak oro lupertuak ziren, baratzea garbi-garbia. Etxagibeleko bidea berdin bipil zagon: laharren erragia Sausaldeko zubi ondoan, bero-beroa. Gehezipetan, Sagardoian... berdin. Artizarrak azken dirdirak kliskatzen zituen Harri Kottorretako hegian eta xoriak hasi ziren kantuz. Ni ere bai. Sua alai eta kafea bero, etxaldeko pentze oihanak ta hesiak argiratzen ari ziren. Gatua supazterrean jarririk burua gora eta begiak erdi-hetsirik suari begira zagon ixilik. Etxe-barneak untsa xahutu nituen, hermeiruak garbitu, untziak berriz ikuzi. Etxe-zaiñek berenak eremanak zituzten bainan gureak bordan altxaturik atzeman nituen. Duela berrogoi urteko gatuliak eta sukre-ontziak eskuetan iragaiten nituen. Bixkotx-ontzi hau amak noiz ekarri zuen Donianetik orhoitzen nintzan. Berriz beren lehengo lekuetan altxatu nituen.

        Gero Antxienborda eta Xunborroko bordaren ikusten izan nintzan. Alor-leku, pentze, oihan eta larreen ingurua egin. Eta neure Herri-Behereko etxerat etorri behar nuen.

        «Bazterrak garbitu tinagu amiñi bat, laharrak moztu, bildu eta erre-arazi.

        — Gu? nor zinezten?

        — etxe-barneak xahutu, untziak ikuzi ta altxatu, etxalarrak ohoratu...

        — heldu den igandean nahi ba'uk neure bi ahizpak beren senharrekin ekar-arazten tiagu eta Menjiburian inen diagu bazkaria.

        — xuxen! oro gurbilxka ezarriak tinagu, eta liliak ere baditinat ezarririk sukaldian: orai famili-besta baten iteko prestik diagon Menjiburia, eta behar din egin besta horrek.»

        Primadera heldu zen eta pentzeak berdatzen hasi ziren. Bainan «Apirila biribila, urdandelan urdia hila, ezta hila bada hila, buztana badabila... etzian hilen bere ordotsian, ukan balu aintzinian, gasna gogorra hortzen artian». Aitaren errana. Larunbatean aroa hoztu zen, euri ta barazizkorra erhauntsika.

        Bernaten ikusterat Bitiñarat juan nintzan. «Harren jin beha'uk lehen bai lehen Menjibururat buldozerraz ene lurren lantzerat.

        — Ba, xuxen-xuxena erteko, beste aste hortako diaukeiat hire etxerat jitia.

        — Arua altxatzen den ber jinen hiza?

        — Baietz gizona! erraiten deat.»

        Arratsaldean andreari erran nakon: «So'in betatxaturik tinagu berotokiak, baratzekariak ondo-moko artaturik ezarriak tinat. Banihoan Menjibururat. Gaurkotz, biharko bazterren untsa apaintzerat.

        — Ba, ba, eta etzakala ahatz egurra behar dukala ausarki, hotz duk eta.

        — Baietz emaztekia! badinau brauki han.»

        Banindohan bidez-bide ziuntan. Landibarren, Suhuskunen, Lakarran gaindi jendeak ardien sartzen zabiltzan bidetan. Garazi... Erruzate kautta doblez burua, elhurra eta lanbroak. Lehen, pirripitaren bultzatzeko indar berriak hemen zitzaiztan sortzen ixtazaiñetan... Has-arteketan harat banindohan kasik airean. Iluna heldu zen. Lerindei-alden ardiak bidean: egon behar. Luix gibeletik, haratago Lope-Beltze elhurretan.

        «Gatza-re hurran duzie ardiendako!

        — Ez gitxu hortik ari, Koperatifatik diailexuu.. Untsa ziiztea?

        — Baha ba, ta ziek.

        — Untsa gitxu ba Luix, paastiak-paastu.

        — Xauri, xauri othoi! etxiu deusee... xerria egun hil dixiu eta koñata'ixit etxian, xauri.

        — Othoi Luix barka zezaaxu, arrunt ilundu gabe oono zeaixka in nahi nikexi etxian, bihar familiako besta ttipi bat hor beharra'ixiu ta.

        — Untsa, konpreintzen dixit. Na noiz geldituko xira?

        — Geldituko Luix. Hara hitza. Bestaldi batez. Geldituko nuxu gio!

        — Untsa'uxu. Pasa zaxu gau hun.

        — Gisa bera ziekee Luix.»

        Etxeratu eta, denak han zauden nik utzi bezala. Sua piztu nuen. Gatua kurru-kurru. Leihotik ezagun zen elhurra inguruko mendi guzietan bainan ia gaua zen. Jan nuen eta tabako erretzen hasi. Gogoa matokatua nuen. Euriaren soinuari eta suaren kantuari begira nindagon gogoko galerna jabal beha. Ez nuen goizetsi nahi zer gertatuko zitekeen gau hartan. Beha nindagon. Arnoak gorputza lasaitzen zautan eta suak berotzen. Euria amilka ari zen kanpoan eta Gohonetxeko erreka orroaz Boneinpentze beherean. Zeihar haizea etxeari buruka bere indar guziez euri zortak karraskan zeruko ganerrean eta ximixtak zirtaka bas'haran guzian.

        Loak hartzerat nindoan, eskua gatuaren buruan...

        «Agur Maria Graziaz betia, Jaune da Zurekin...»

        Ama zen.

        Begiak ideki gabe jarraiki nuen: «Maria Saindia Jinkuaren Ama, egizu othoitz gu bekatorosentzat orai eta...»

        Eta berriz. Eta berriz. Aitak emeki ihardesten zuen, mintzo ezti akitu batez: «Maria Saindia, Jinkuain Ama...»

        «Orhoit zaite Ama garbia... ahide adixkideez...»

 

* * *

 

        Maiatza ordukotz bururatzerat zohan eta gure zerumendia oraino lanhotan zagon. Bainañ noizbait primadera jin zen. Mendiak bete ziren belarrez, oihanak adelatu, eta Behibetako Andere-Xuri etorri gure zerurat udaren hitzemaiterat... Artaldeak juan ziren bortuetarat eta xoriek umeak sortu zituzten sasu eta brosta zokoetan. Menjibururat juan nintzan Bernat bere buldozerrarekin jin beharra zen bezperan. Urkulu oraino elurrez jauntzirik zagon bainan gure naban oihanek itsaso berde egiten zuten eta kukua kantuz ari zen iruzki sartzean.

        Hautsak baztertu nituen su-tokian eta kixka idorrez sua piztu. Gatua etorri zen eta ene altzoan kurru-kurru lokartu. Irulegiko-Irratia ezarririk nuen eta Amuriza ta Lopategi zezenaren trikitritxan ari ziren. Sua dantzan ari zen alai. Ausiki bat janik han nindagon mahai-gainean ukondoaz burua atxikiz ia kasik lo... Gizon bat ene aintzinean alkian! intzaurrak hausten zituen ahurrean bata bertzeari eta pollikiño jaten. Boneta buruan. Artetan ene arnotik godaleta betetzen zuen eta edaten. Berari so egin nakon eta irri goxo batekin bera eni so intzaur jaten ari zen. Gure Aitaren eite izigarria zaukan.

        «Nor xitut othoi? naski zautzen xitut, ua...

        — Ni? ba, aise! aitak eta amak hainbeste aipatia xaxkiate lehen. Baa ta Mañexek eta Kattalinek-ee.

        — Baa, xuk enuxu ez ezautu. Zazpi ilaite xiutien hil nintzalaik. Bana altzuan atxikia xitut ba, xu, gaizua, ximiñua xinen ordian.

        — Oh! oh! aitatxi. Ze plazerra. Ta zerian xaude harren aitatxi?

        — Oh! ze pena nien hiltzian! ziek guziak hoin ttipiak eta etzintuztela geihio ikusi behar...

        — Harren Aitatxi xu zerian xira? Untsa xirea zerian Aitatxi?

        — Ikusten nitxin zien aita ta ama, hain gazte! ziek hain ttipiak, eta ni johaki, oh!

        — Oh! oh! aitatxi... Xuk saharra lau parte iten omen xindien bizi xinelarik denek hartaik jateko, amak errana... Untsa xira harren zerian Aitatxi?

        Eta suan egur bat kraskatu zen. Itzuli nintzan suaren erdirat-biltzeko. Lopategi ari zen «goizalderaiño, goizalderaiño...»

        Berriz lekuratu nintzalarik bakarrik nintzan sukaldean. Aitatxi etzen han. Leihorat juan nintzan, Bonein-Pentzeko erreka intzireka ari zen eta goian izarrak: Jandonabakirako bidea zeru urdin izarratuan Oriun-Ziloko pagadoietan harat zohan Orregarat buruz.

 

        Bernat jin zen. Bost alor lantu zituen buldozerraz: ezkandaka ezarri. Fruatatze berriak landatu gintuen denetan. Gaztaña hesolak lerroka sartu mahastian bezala frutatzeen burdinhariendako. Haizearen jo-gunetan leizarrak eta busuntzak landatu frutatzeen orkobitzeko.

        Larrazkena jin zen,

        Menjibururat juan nintzan ibiakoitz arrastiri batez. Urria zen. Hegoa. Auzoko amañi Bidaurreta ez untsaz zagola bainakien, bide-nabarka Ahatsatik gaindi iragan nintzan berarentzat amarraiñen erosteko, biziki maite ba itzituen.

        Beraz, ilun-nabarrean Sausean gelditu nintzan. Irulegiko-Irratiari beha zauden supazterraren inguruan denak. Berhala arma athera zuten eta arraiñak ideki mahai gianean. Mila plazer baitzuten.

 

        Biharamun goizean nintzan ohartu egur-meta pollit bat bazagola supazter ondoan. Mahaia apaindurik ezarria zen: untziak sei andanetan, godaletak, zaliak, gizkeiak, orkatxak... eta lili berriak ontzian erdi-erdian: haize-liliak eta otxa-liliak, sua izarkirik. Piztu nuen ezpal berriak ezarririk. Baratze-zolako udaretzea lili xuritan zagon, eta xoxo bat handik xaramelan. Bethi nigar egin arazten nau xoxoak. Beste mendiko etxean, Indartean, sua bazuten ere, xamindeitik khea bazohan. Hango xakurrak josteta zabiltzan etxazpeko pentzean. Otxagabi aldetik iruzkia jinen zela nabari zen: zuhañetako zerua urrez distiran zen. Elurrek garrasizko argi xuria zaukaten bortu guzietan eta udaretzeak amodio dardaran zauzkan lili bustiak. Andrearen autoa hauteman nuen Gaztain-Zilon gora heldu eta kantu berri bat jin zitzautan zintzurrerat.

        Juan ginen biak azkonaren xendrerat, Miatze-Bixkarreko potxarat, udaberriko lili berriak nun gordetzen ziren erakutsi nakon. Amarraiñak behereko errekan nun eta nola harrapatzen nazkon erakutsi ere. Laster iruzkia hasi zen andrearen begietan dirdiratzen.

        «Bernati alor hau hortxetik haradino ezkandaka lantaraziko diakonat. Ezkanda hegitan landatuko tinagu zuhamu-frutuak...»

        Gero etorri ziren koñatak. Hau galde eta hura galde... ez neien erraiten gauzen axala baizik. Baitira asko gauza erran behar ez direnak. Erran gabe ulertzen dituztenendako dira. Lehen hola zen, orai ere, eta gero ere hola izanen. Gure haurretan batzu badira mintzaira gordeen ulertzeko izanen direnak. Badakit. Neure ikastetxeko mutil nexketan badira batzu, ikusi deiet behakoan Mari Gauekoaren igitaria. Jandonabakirako izar-bidea ulertu behar dute berek.

        Andreak eta bere ahizpak etxea ikuzi zuten bernez-eta larre-oihanak erakutsi, neizkeien. «Hementxet eginen diat ur-bilgia bat ederra, hortik etorriko baitzeie zuhamu-fruitueri ura. Amarraiñak izanen dituk hemen eta oraino atsaldaskariak egin behar ditiagu finak!»

        Baskari bat orhoitgarria egin ginduen han. Arranoak inguruka zabiltzan gora zeruan eta pentzeetan artalde xuriak. Koñat batek erran zautan: «hire aita ihizin ibiltzen zen oihanetarat gohazen.

        — elur sobera ba'uk uai!

        — auto-bidea ez dea ba?

        — Bai, bainan hortakotz. Autoa ezin duk harat juan.

        — Oinez goazen harren.

        — Urrunegi duk gizagaizoa! geihegi jan ta edanik badiagu

        — Iduri duk ez dukala haret gurekin juan nahi...

        — Eez! ez duk batere hori. Bana leku hauetako ara badiat, eta badikiat nehola ere ezin dela egun haret juan.

        — Alta datorren udan juanen gituk.

        — Behar bada bai...»

        Urrunean zauden han oihan urdin ederrak, tabernakle sakratuak. Hango elurretan bas'ahuntzen hurratsak...

        — Zonbat zor dautzugu?

        — Ta nik zonbat zor dauziet Gañeko-Pentzetikako iratze orga heendako?

        — Hua jeusik ezta, berdin guhauk ez gindion balia.

        — Baliatia duu ba guk: oixe! zonbait tomate landareren ohantze inik badu!

        — Hobe, baliatu ba'uzie. Na, arraiñ hok paatu nahi tuu.

        — Zaude othoi ixilik!

        — Untsa beaz. Ta? zonbait eunen jina zirea? Urtzo-ihizirat zu?

        — Ba hori bera!»

        Ta irri.

        «Pollitei dira urtzuak tirokatzeko.

        — Alta zien aitak tirokatzen zitien, hemengo ihiztari hoberenetarik omen zen.

        — Hala diote. Egia da, maite zien ihizia, urtzo ihizia. Ba'ut anaia bat hogoitabi urte huntan Amiiketan doona, ixkiatu berri daat: urrian han ardien erditzeko sasoina izanki eta (lan tenore haundiena), gauaz amentsetarik urteka! Aita zenarekin dabilala Geheztein, Gohosaron, Uztaazun, Zalbeten, Tirran, Oriun-Zilon gaindi, eta ere Kotxu-Betagietan... hori ez dakit nun den.»

 

        Etxalderat sartzeko seheila hetsi nuen neure atzetik eta autoa piztu gabe berriz, gainbehera ixilik heldu nintzan gure etxaintzinerat. Etxea bera ixilik. Argi-Zaria zeruan. Mendiak eta potxak, oihanak hegoan. Bestaldeko auzoak han xuri-xuria. Gatua jin zitzautan. Bordarat juan nintzan gakoka. Han denak beren tokian zauden. Pollikiño etxe-athea ideki nuen. Nik utzi bezala ziren bazterrak oro. Sua piztu, tabakoa ahurrerat ixuri. Zaude, baratzerat juan nintzan: bi arrosa eder hartu eta ontzian ezarri mahaian. Orena bazohan, irratiak emaiten zuen «lurraren pean sar nindaiteke maitia zure ahalgez...» Suak trrriiit... egin zuen. Irratia itzali nuen eta sukaldean belaunikatu.

        Gero, etzan intzan aita eta amaren ofean. Etxearen ixila! haizea hasperenka ganerrean doidoia...

 

* * *

 

        Goizaldea hurrandua zitekeen iratzartu nintzalarik: lauak, lauk et'erdia bethi bezala. Biziki untsa hautemaiten nituen elheak sukaldetik.

        AMAK: ozpineko biperrekin inen dauxut arrultze- moleta Eñautek ekarririk den untzi huntaik.

        AITAK: ba, maite txit ba biper ozpinekuak.

        AMAK: xardin buata'at horrekin? Gasna-ree baixi ekarria Eñautek.

        AITAK: ba, berdin.

        AMAK: xahakua-ree bizkarreko zakian ezarria dauxut.

        AITAK: untsa. Gehezteirat juan-goo'ixit, egun ene iduriko urtzuak haat join dixi...

        Eta amaren irri karkalla entzun nuen.

 

        Hatsa bahiturik beha nindagon. Xoragarriko goxo batek betetzen ninduen gorputz guzian. Aitaren bortuko oskiak hauteman nituen brau, brau, brau ezkaratzean. Athea krask hetsi zuen, etxagibelean harat johaki entzun nuen.

 

        Ama... beraren hurrats arhinak hauteman nituen sukaldean oraino. Untzi altxatzeko azantzak... eta gero denak ixilik. Higitu gabe nindagon ofean. Pentzeberri aldetik axeria xaringaz ari zen. Hegoak Matxarderen-Lepoko haritztegian bultzako berri bat egiten zuen, eta gatuaren marraka hedagia aldeko sorhotik haizeak barreiatzen zuela Arhainatan harat. Huntzak hurubi egin zuen Bordagibeleko intzaurtzetik. Loak berriz bereganatzen ari ninduen ahantz-eremu xurietan barna. Amentsek egunargizko gauzak nahasten ari zauztaten eta zurdetan estekirik nindagon alde orotarik xori gaixoa xederan bezala. Nahiko nukeen oraino atzarririk egon horrelako agitgarrien ez galtzeko bainan nehola ere ezin... arrainka ginen ari Gohonetxeko errekan Indarteko Xan Pierra ta biak. Artoak zohi ziren, bizar gorriak irriz, eta ostoak jantzan. Eskolatik haurren garrasiak... Babileneko Mai arto-biltzerat galdez... Gaztaiha egorozten Erramun Landarteko gaztandoian, Aita behiekin eta katauekin:

        «Negian goxo izain txu paderan erreik gaztañak.»

 

        Noizbait argi-zirrinta sartu zen gelarat leihoen arteketarik. Jeiki nintzan. «Orai iatzarririk hiz haatik!» eta eskuz arpegia joiten nuen. Leihoak ideki nituen, kanpoa xoragarriki urdin zen, azken izarrak gauari adioka, zerua xuhail, leihorriaren hats eztia sartu zen gelarat. Orhoitu nintzen... Sukaldean arrutze-ta-biper berriki errearen usaina. Ezkaratzeratu berriz eta... aitaren harma etzagon bere ohiko lekuan, urintegi ondoan. Sukalderat... kartuxen gerrikoa etzen bere itzean.

        «Alta naikuan ihizirat juan beha'uk! Harmarik gabe, aitaren xendretarik...»

        Bidez-bide Gehezteirat. Sausaldetik ez nahiz iragan, Larre-Zokotik juan nintzan auzoek ez ikusteko. Orrhe-Maldan gaindi, Sauseko Peko-Pentzetik (axerien jostalekuan gaindi), Peko-Bixkarren harat. Hatsangan, aitak amari batzutan kantatzen zakon kantua ez niron gogotik ken:

 

                «Anderia, gorarik zaude leihoan

                Zure senharra behera dago Frantzian

                Hura handik jin ez diteken artian

                Eskutaritzat har nezazu sahetsian»

 

        Izerdiak eta... naski nigarrak, nahasten zitzauzkitan ezpaiñetan. Zeru-pean etzitakeen nehor izan ni nintzan baino zorionago.

        Juan ahala juan oihan ederren petik banindohan. Darte-Maldatik moztu nuen Ugarre alderat, handik Iturbiderat. Ezpel brosten urrina!!! Aitak hainbat aipaturik... Behobiko erreka peña-artetarik han gaindi doha. Lehengo arraintzak Mañex eta Batitarekin! Nolako irri pollita egiten zaukun amak etxerat arraiñekin heltzen ginelarik!

        Xuberaineko maldan gora, Ezpondako zubiaitan harat, Antxileneko parra iraganik, berehala Gehezteiko asketan nintzan. Han itur hotzatik edan nuen. Tiroak hasiak ziren Oriunetik. Gehezteiko potxatik tiro bat... «hori aitarena». Banakien. Juan, juan, juan. Xendrak ereman nindun Gehezteiko bordarat. Han ezbaietan nindagon «pentzetik ala Oihanetik?» Pentzetik, ikusten ahal ninduen, «guazen oihanetik» egin nuen. Pollikiño abiatu nintzan borda ezker utziz, potxa-gerendetarat buruz. Bihotza taupa-taupa ari zitzautan eta hatsak min egiten

        «Anderia gohora zaude leihoan...»

        Pagazorrotzeko erreka erroitza zolan orroaz. Tiroa berriz entzun nuen. Orai banakien nun zagon. Ñauka nindohan. Laharrek kopeta, burua ta eskuak arhaturik nituen. Foltsuak danga-danga. Esku gibeleko odola mortxatu nuen izerdiarekilan.

        Geldi, juan. Geldi, juan. «Hura handik jin eztiteken artian...

        «Eskutaritzat har nezazu sahetsian.»

        Amaren karkalla... «Beha'uka juan haratago?»

        Eskuak ikaran nituen, atorra urratua papoan eta odolez gorritua. Erroitzaren haraindian ageri zen Oriune haundia papo-itsaso bat, Uztarazuko bordaldea hortxet erdian, Orbaizetarako xendra, Zalbeteko munhoa... Burua goititu nuen ezker alderat eta Errozate han zagon ond'ondoan. «Eez! gohorago duxu Erruzate...» Gauza izigarri baten egiterat nindohan... «untsa, bost hurrats oraino ta haratago enuk juain» Berriz abiatu nintzan pollikiño, delako musika heldu zitzautan oraino ere... Ahai! hortxet, hortxet berean zagon... Bai! Aita. Lasai-lasai zagon zeruari begira. Bazterka ikusten nuen: bethiko Aita. Begi xuria zeruetarat begira, aroaren ikertzen bezala, bethidanikako aments hura soan, irri-aire bat ahoan. Sudurra xuxen, boneta buruan, matel-koskoak akituak bainan halako eztitasuna aurpegian! Harma eskuetan zaukan kanoia goiti so. Inguruan urtzoak lurrean: bat, biga, hiru, lau... Fla-fla fla! pago ostoetan urtzoen farrasta. Aitaren aurpegian haur ttipiaren irri bat egin zuen, kanoia goititu zuen eta tiratu... paan!

 

        Hor iratzartu nintzan. Ezkaratzeko athea zanpaka ari zen haizean. «Nun hiz, zer hiz? Zer bada...?» Noizbait ohartu nintzan ohean nintzala, Menjiburian. Zerbaitez orhoitzen hasi nintzan... Sauseko Ttotte Menjilarre aldetik zena kantuz ari, ala irratia zen...

        «Anderia gorarik zaude leihoan..........»

        Hegoa zen. Salako leihotik bortuak gorri-urdin. Moxkor nintzan leihorriaren ederrez, burua burtxoratzen zitzautan arnoa edan eta bezala. Urte-erdiko loaz aztoriaturik nindagon amodioak egiten duen bezala. Begira, begira, oihan urrunekoeri, Aita ihizin ibiltzen zenekoeri... Zazpi urtzo bazohatzen hegalka Orreagarat buruz.

        «La vida es sueño» itxeskatu nintzan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.