Xinatar ipuin
Untzi saltzailea
Marcel Etchehandy
Untzi saltzailea bideko harri kozkorrean behaztopatu da, eta zarea lurrerat erori zaio. Gopor, kikera eta gaineratiko untzieria guzia hautsia du. Puskak biltzen ditu, eta hirian sarturik, bere aintzinean hedatzen. Erosleek beren baitan egiten dute: «Horrek burua galdua dik». Halere gizon aberats bat gelditzen da, puska-muska horiek erosi behar dituela. Orduan untzi saltzaileak biziki kario galdegiten dio. Gizon aberatsak baietz. Hirian zurru-murruak ala dira: eroslea ala saltzailea da eroena?
Hamar egunen buruan, merkatari berak untzi hautsiak hedatzen ditu berriz, bere aintzinean, eta gizon aberats berak erosten dizkio izariz kanpoko prezioan. Hantik hamar egunen buruan gauza bera gertaturik, hiriko merkatari guziek beren untziak oro xehatzen dituzte eta puskak salgai ezartzen.
Hola zen gizon aberatsa aberatsagotu, etxazpi guzia gopor, kikera eta untzi eder berriez beterik baitzaukan, eta deus gabe gelditu ziren merkatarieri saldu baitzizkien, ontsa baino hobeki pagaraziz. Ordutik Inperio Haundi osoan erran-zaharrak dio: «Untzi hautsiak erosten dituenaren etxazpian zer den jakin behar da beti».
|