L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1959 I (1959-urtarrila/martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Arratsalde urduri baterako

 

G. Aresti

 

Animalia ederra, gizon akabatua.

Lurreko jabe laztana, zeruak maitatua,

Jaungoiko poteretsuak eskuz bedeinkatua.

 

Goiko basoan elurra, zuria ta motza da;

Errekaldean simaurra, zikiña bainan ona:

Gizona zutik munduan, sugerik zakarrena.

 

Ezkeunkan izenik ere, mendietatik zeihar,

Erantzunik egunari egiten dugu negar,

Erririk erri genbiltzan, tristuraz eta makal.

 

Arrotasunez beterik, ezkenkien zer egin,

Animaliak tragatu. Alare gizonak il:

Izenez aldatzen gara. aizeaz putziturik.

 

Zer garen guk eztakigu, iñoiz ezta jakingo;

Anketan oiñak ditugu, lurretik ibilteko,

Besoetan esku finak, gauzak erabilteko.

 

Gizonak eztu pausurik il eztadin artean.

Il bere iloba maitea egin du amandreak,

Ezta eguzkirik agertu egun odei artean.

 

Demonioen artean politena Belial,

Begi politak ditugu, galantak aurpegian

Mundua konprenitzeko ezkara animaliak.

 

Gauza aundiak ditugu egiten lur gaiñean,

Eztago pisti bat ere iñungo lurraldean

Pentsatuko eztuena garena erregeak.

 

Gatazka hamorratua, burrukaldi ertsia,

Buztina hilaren kontra, genbiltzan izakiak:

Ilunpeko erreiñutik agertu zen bizia.

 

Mutantzak begiratzeko ezta asmatu denpora,

Zerren uraren erditik agertu zen buztina,

Aizearen deseotik agertu ziren urak.

 

Modu asko daude emen, odolak edateko,

Ezpaiñarekin edo-ta ezpatak bitarteko,

Bidea bilatu dute guri gaztigatzeko.

 

Gizona atinik lurrean, komuneri begira,

Satsa jateko gogoak molde askotako dira,

Gorotzak eta gernuak eman dute begira.

 

Amak amoriotsuak, aitak biotz-gogorrak,

Gurasoek elkarrekin bake ondoko gerra,

Alimentatzen dituzte, derrigorrean aurrak.

 

Gure soldadoek gerran, soiñean arrasadura

Eskalera luzetatik igonik gaztelura,

Eskuetan ezpata bat iltzekn zaldun hura.

 

Ibai ondoko landetan belar gizena dago

Aurrok dugu gogorako askozaz nahiago,

Borobiltasun emea, zorroztasuna baino.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.