Gipuzkoa'ko Bertsolari Berrien Txapelketa
Ordizian (Villafranca) 1959, Agorrak 9.
Baztarrika'tar Isidor
beneditarra
Euskal Jai ederrak izan ditugu aurten ere Ordizian. Euskalzaleak bazun antxe nun ase bere egarria: txistu, eskusoiñu, aurresku-txapelketa, dantza.sariketa, bi irri-antzerki euskeraz, ta baita ere, nola ez, bertsolariak. Gipuzkoa'ko bertsolari berrien Txapelketa gaiñera. Igaz goierrikoena genun.
Orregatik inguruetako errietatik erruz etorri zan jendea. Bertsoetarako enparantza laster bete-bete zan ta an iraun zuten denak, bi ordu ta erdi luze, tarteka belarriak erne, tarteka erdiparrez edo txaloka, ta geienak eguzkitan. Nola erakartzen duten oraindik bertsolariak gure erria! Bertsoetarako griña bizia izan euskaldunok!
Amasei bertsolari gazte bildu ziran txapelketarako. Ona emen izen-abizenak. Bertsoetarako zotz eginda atera ziranez jartzen ditut: Jesus Basoarte, Zumaiarra; Domingo Garmendia, Berrobiarra; Bizente Mujika, Ormaiztegiarra: Tomas Lasa, Lasartearra; Jose A. Lazkano, Donostiarra; Jose A. Iturbe, Lasartearra; Florentino Nosellas, Berrobiarra; Jesus Eskisabel, Legorretarra; Jose Luis Lekuona, Ernaniarra; Jose Agirre, Azpeitiarra; Patxi Etxeberria, Lasartearra; Jose Usabiaga, Errenderiarra; Jose Otamendi, Amezketarra; Patxi Arregi (Moxo), Irurarra; Patxi Beloki, Bidaniarra; Jose Migel Iztueta, Lazkaotarra.
Epai-maian Basarri ta Manuel Lekuona Apaiza ezagunak ta beste ira euskalzale eseri ziran. Eguerdiko amabietan, zintzoki Agurmariak esanda, ekin zioten bertsolariak lanari. Denak etor-agurra lenbizi. Ondoren Maiekoak bakoitzari emandako gaiean, biña bertso. Gero bertso bana, puntua jarrita. Beste biña bertso, bertsolariak bikoteka zirala, zotzean artutako lanbidei buruz. Ta azken-agurra. Etor-agurrak eta azken-agurrak etziran txapelketan sartzen.
Maiekoen iritziz Garmendia, Berrobiarra, atera zan Txapeldun, bigarren Iztueta, irugarren Mujika, laugarren Agirre ta bosgarren Lekuona; beste guztiak sari berdiña eraman zuten.
Amaika bertso eder entzun genun. Ona emen aukeratu ditutan bakar batzuk, magnetofonez jasoak.
1) ETOR-AGURRAK
Basoarte
Makina batek entzun nai dute
gaur emen gure jarduna;
auxen da kristau talde jatorra
emen ikusten deguna.
Gaurko jaiari eman dezaion
bear dun argitasuna,
Ama Birjiñai eskatzen diot
ortako laguntasuna;
gorrotorikan ez degu
bear baizikan maitetasuna,
premi danetan lagundutzeko
gogozko alkartasuna;
guztion onez izan dedilla
gaur emen gure jarduna,
opa dizuet pasatutzia
alaitasunez eguna.
Agirre
Gure Jainkoak eguerdi ona,
astera noa lantegia,
nere bizitzan bigarren aldiz
naiz gaur onuntz etorria.
Txoko maite au beti deizkiot
ain leku paregabia,
beti bezela astezkeneko
azoka eta peria;
orregatikan bildu da
onuntz orrelako jenderia,
eta geiena ikusitzen det
euskaldunen arpegia,
kopeta illun gutxi ageri da
auzen da jende alaia;
zuek bear ainbe eskertutzeko
oraintxen degu garaia,
asko pozten naiz
ikusitzean ainbat arreba ta anaia;
gaur Ordiziak ez al du ematen
zeru txiki aberria?
Nai dan lekuan ez da ikusten
au bezelako erria.
Iztueta
Nere txanda ere iritxi da-ta
nolabait biarko asi,
nai detan eran nere buruai
gaur ezin eginarazi.
Zorioneko Epai-maia
ta zorioneko Ordizi,
gaiñerantzeko anai-arreboi
arratsaldeon lenbizi.
2) GAIA EMANDA
Garmendiari'ri. Euskalerriko gauzik onenak.
Gure Jainkoari eskatzen diot
bertsoetarako laguntza,
Euskalerriko nola ditutan
anima eta gorputza;
utzi ziguten jatorri zarrai
aurrera nai diot bultza,
Euskalerriko gauzik onena
(nere ustez da) izkuntza.
(Euskalerrian) ni jaio nintzan
nola ez diot elduko,
entzule asko daude ta
ori nola ez det zabalduko;
emengo oitura ta euskal jendeak
nola ditut aitatuko,
ta osasuntsuko gauden artean
Euskerik ez da galduko.
Agirre'ri. Arriak laborea ondatu dionaren egoera.
Baserritarran bizi modua
jarri didate nei gaia,
badakiguta nola izaten dan
oso arrisku aundia,
naiz ta kanpoa etorri arren
indartsu, zoragarria,
egun batetik bestera
igual egiten digu arria.
Aurten or daude soroetan
baba ta arto ugariak,
sekula baiño indartsuago
ta ederkiago etorriak;
oiez gaiñera oso ederki
erantzun digu gariak:
aurten jan pixkat seguru degu,
launtzen badu egualdiak.
Iztueta'ri. Zer da bertsolaria.
Auxen da gaia ala bear da
egoki jarri diguna,
bertsolaria nor dan aipatu
ori det eginkizuna;
poza du bere lagun maitea
ta memoria laguna,
gure-izkuntzaren puska bakarrak
neurtu oi dituna.
Euskal-erriko bertsolaria
nola dan bere jatorriz,
estudioaz ez da egiten
ez baldin bada etorriz;
alde batetik gaiari segi,
itzak neurtu bestetiz,
naiago nuke gai oen jabe
seguru baldin ni banitz.
3) PUNTUA JARRITA
Garmendia'ri. «Anima salbatzeko Zer egin bear da?»
Euskalduna ortan
ondo ikasia bada,
konprendituko dezute
nik orain esanda,
errezu asko egitea
gauzik onena da.
Mujika'ri. «Aurki asiko dira usoak menditan»,
eiztariak preparatzen
diran tokitan;
amets oiek dabiltza
jundan aspalditan,
baiño okelik ez da
merkau karnizeritan.
Lasa'ri. «Dirurik bai al dezu gordeta bankuan?»
Sartzeko toki ederra
ba-daukat kolkuan;
lan egin ia akatuan
gorputza plakuan,
milla pestakua ez dakit
nik nolakua dan.
Lekuona'ri. «Zenbat bide daukagu lurretik zerura?»
Zerbaiten etorri zait ba
orain neri burura,
kalkulatzeko ere ez
bai daukat ura,
metroz nik ezin neurtu
joan arte ingurura.
Etxeberria'ri. «Siñisten al dezu sorginkerietan?»
Egia esango det
gaiñera benetan,
gaur ere kaso bat
gertatu zait bertan,
aize demoniuak
jiratu nau bueltan.
4) LANBIDEAK
A) Basoarte baserritar eta Garmendia morroi.
Baserritarrak
Len esaten dizut aurtengoagatik
morroia bear detala,
ondo dakizu lan ortarako
ez du balio motela,
orain menditik akarreu nai det
garoa eta orbela;
zintzo laguntzen baldin baidazu
emango dizut jornala.
Morroiak
Orrek morroia jaso nai luke
betik asita goraiño;
kalean gabiltz argi antzian
geron baztarretan baiño,
bera da beti alperrantza ta
bestei ainbeste enpaiño,
lana aginteko gorabera du
ondo pagatzeko baiño.
Baserritarrak
Jendeak ez luke parre egingo
gaur onen berri ba'leki,
bere burua azaldu naian
erakusten du beroki;
lana egiteko galbana du ta
patxaran bizi ederki,
zenbat loaldi egiten dezun
gure Jainkoak ba-daki.
Morroiak
Zer arraiotan asi zeraden
arrazoi oiek kantatzen;
oain bi urte artu niñuzun morroi
geroztik ez dizut paltatzen,
oi aldian sarri nabillela,
au jendiak engañatzen;
aitzeki oiek danak izanda
nola ez nazu bialtzen?
G) Lekuona juez eta Agirre lapur.
Juezak
Ni juez nola jarri nintzan ba
oraindikan daukat goguan,
(aur-laun bezela gure errira
bein iritxi zidan Juan)
zer gauza zegon ikusten
antxe zegon nere inguruan;
kajian zeuden diru pitiñak
gabez eraman zituan.
Lapurrak
Mundu ontara etorritzen da
amaika olako gizaki,
egia garbi azaltzen onek
danen aurrian eztaki;
bate kulparik ez nuela nik
kartzelan nintzan izaki,
bestek eindako lapurretia
bota zun nere aitzaki.
Juezak
Onek sartu zin uste ez nuela
zirikote bat epela,
nik parte berriz erri aretan
an eman bai nuan bela,
etzuten uste Agirre au
saiatzen zalaik orrela;
guardazibillak an lotu zuten
juduak Jesus bezela.
Lapurrak
Jaunai eskerrak erantzunetan,
nik emen daukat buruan,
kontuz ibiltzea obe da askoz
olakoen inguruan;
diru pixka bat norbaitek eman
eta engañau bai zuan,
gero, beste baten oker dana,
Agirrek pagatu zuan.
K) Beloki itzai ta Iztueta perratzaille.
Itzaiak
Perratzaille au arkitzen zaigu
ejenplo baten premian,
ez det probatu antziña dala
ongi daukat memorian;
berrogei duro kobratu baiño
erantsia txarkerian;
lenengo egunez perrarik gabe
gelditu nintzan mendian.
Perratzailleak
Nik ba-nekien itzaiangaitik
ez neukala itzonik,
ez det esango alde batera
utsegiñik ez detanik;
nik perrak ongi ipiñi baiño
etzuen neurtzen lanik,
itzaintzan ongi ez dakiñantzat
iñun ez da perra onik.
Itzaiak
Lenago, ez bein, entzuna nago
au gizon alperra dala,
idi bateri zortzi perra onek
jarri zizkan beriala;
nik ba-nekian lan ondo eginda
ori ezin zeikeala,
ikusten nago, galdu biar du
Goierriko klientela.
Perratzailleak
Nere tranpia aitatzen digu
lasaitasunez jarrita,
eskerrik asko auzo geienak
daukatela igerrita,
inguruan eta gure errian
dakite onen berri ta,
gau bat osua tabernan bota
perratzera etorrita.
5) AZKEN AGURRAK
Lasa
Kristau maitiak, neure esana
ein biar dezute aditu,
barren-barrendik biotza neri
(zatokin) etzait mugitu;
bertsok entzuten emen jendia
danak ez dira kabitu,
gu ikustera ona etorrita
egin liteke arritu;
ai! Gipuzkoak, lagun maitiak,
Billafranka asko ba'litu!
Eskisabel
Gaurko billera oni ez diot
gaizki dagonik iritzi,
len asiera eman degu ta
noizbait ein bear utzi.
Euskera eta oitura onak
galtzerik ez du merezi.
Ordizia'ra sarri bisitak
eiñez ondo-ondo bizi.
Iztueta
Zu Billafranka, zu Billafranka,
lenagoko Ordizia!
Oraindik ere gordetzen dezu
gaztearoko bizia,
bertsolarien zale zerala
nago ongi ikasia,
izanez ere seme asko
ituzu gauza on askon jabia,
zure zugatzan gaiñian baita
Urdaneta'ren kabia.
Bukatzean, epai-maiko eseri zan Basarri aundiak orrelako jai baten ezin ba bere barrena ixillerazi ta orra zer kantatu zien bertsolari lagun gazteei:
Gazte maiteak apal dituzte
jakintasunan eguak,
parte artu duten danak
merezi dituzte txalo beruak;
urteak joanda aberritutzen
asiak gaude lenguak,
beste pozikan ez daukat ezer
badatoz ondorenguak.
Al dan tokirik ugariñetan
artu zuek kantuz parte
ta jaiotako lur ederrakin
ongi gelditzen zerate;
asko konzejal izaten dira
batek bear du Alkate,
berriro ere saiatu beintzat
euskal bizia dan arte.
Merezi zuten jasotzea bertso auek. Ta miñ ematen du beste asko ta asko, auek baiño bikaiñagoak oraindik, galtzen uzten edo itzalean gelditzen dirala jakiteak. Magnetofondunak badute zertan lan ederra egin. Izan ere, egia bai atsegin zaizkiola gure erriari bertso Berriak, eskuz idatziak, askoz atsegiñago ordea bertsolariak bat-batean, mingaiñ-dardaraz, aletuak, arrigarriro agertzen dutelako auek bertsolarien etorria.
Ta bukatzeko, txalo beroak Bertsolari-Txapelketa ori jarri dun Ordizia'ko «Laguntasuna» taldeari ta ez gutxigo Lete'tar Jesus antolatzaille bizkorrari.
«Ai! Gipuzkoak, lagun maiteak,
Billafranka asko ba'litu!»
|