Goitiko poza
Enbeita'tar Balentin
(Alberdi eta Etxandia'tar Begoña ta Pili bikotxen
lenengo Jaunartzia, Muxika-Areatza'ko Kurutz Deunaren eleizan).
Begoña
Goizean jagiz juan naz arin
Ene gelako leiora...
Eta txoritxu papar-gorri bat
Etorri yata aurrera.
Aren kantuak entzuten alai
Egon naz luzez begira;
Bere abesti gozo-mamiñak
Zerutikoak bai dira.
Txoritxu arek garbi esaustan
Neuri begira kantari
Zugatz batean sortu zirala
Egun berean lora bi,
Zugatz artako magal beroan
Gaur pozez dirala bizi
Alberdi eta Etxandia'tar
Begoñatxu eta Pili.
Bere abesti gozo bigunez
Auxe da esan eustana:
«Goizean goiztik Josu Aurtxoak
Bialdu nau zuekana,
Sendi guztiai pozez emoten
Bake-agur ta zoruna,
Eldu dalako zuek lenengoz
Josu artzeko eguna».
Pilitxu, neure bikoitz laguna,
zur eta adi egoan,
Gorputza dardar, biotza pozkor,
Entzuten neure ondoan;
Eta txoria, agur egiñik,
Iges juan zan beingoan;
Ari begira gu gengozala,
Ezkutau yakun zeruan.
Pili
Pozezko izparra bialdu dausku
Josu Aurtxoak guretzat,
Zenbateraiño nai dauskun Berak
Maitasun.ezaugarritzat.
Guk zer daukagu gaur emoteko
Josu Aurrari ordaintzat?
Begoña
Geure biotzak osorik, Pili,
Izango dira Beretzat.
Pili
Aita ta ama irribarreka
Biotzak pozez zoratzen,
Ardura aunditan ikusten doguz
Alabatxuak apaintzen;
Aspaldidanik ibilli yakuz
Gauza on asko irakasten,
Arima garbiz juan gaitezan
Josu maitea artuten.
Ama
Oindiñokarren biok zarie
Sei urteko loratxu bi,
Arantza barik lili artean
Gaur arte zarenak bizi;
Aita ta amaren magal beroan
Zer entzun ta axe ikasi,
Maltzurkerizko mundu laban au
Oindiño ez dozue ikusi.
Begoña
Zugandik, ama, ainbeste gauza
Guk bai ditugu ikasi,
Zelan ibilli, nundik jokatu
Eta zer eska Josu'ri.
Zuek zarie gure geroko
Bizitzearen oiñarri:
Ikasi onak zainduko gaituz
Orain ta gero ta beti.
Aita
Aita ta ama eta alabatxo
Sendi guztiak, osoan,
Zuen lenengo Jauna artzia
Eukiko dogu gogoan;
Zintzo ta garbi jarraitu daigun
Bakoitzak bere lekuan:
Ondo egiñen saria Jaunak
Emongo dausku zeruan.
|