Udazken
Igartza'tar E.
Ego aize magalean
nola aurra amarenean
baso zuaitzak dabiltz,
kulunka, ametsean.
Goizaren ate zuria,
eguzki aizpak idekia.
Zelai maldetan aize:
belarraren orrazia!
Mendi-lorak zabal begi,
ortzi urdin begiraki,
laiño gurdiak ikus
ta aize doiñuan dardarti!
Ego arnasan besuan
ega orbelak zeruan.
Ega-aldia labur...
orratx ibai ispilluan!
Pago oiñetan, bildurrez,
perretxikua txapel beltz
alboan dun barea
gose? adar tente, pozez.
Gaztain morkots ta aleak
urrezko orain etxeak.
itzal egiten dien
garo ximur oin luzeak.
Sagar eldu bat erortzen,
miñez, malko bi negartzen.
Bertan mokoka zegon
birigarroa uxatzen.
Sasi barnean bildua
arantz kabian trikua.
Aize ta eguzkiak
berari bakar, muxua.
Bizarpean ao zabal
urre ortz artoak azal.
Lapurtxoriak koxka...
ortz-irripar erdia gal.
Ego aizetan igari
uxoak ega-astinlari;
otzaren bildur, iges,
jazten doan neguari.
Eiztariak, kuku menditan,
biotz arri! uxoei «pim! pam!»
Odol bero oraindik,
ene!, txakurren aotan.
Ia ikutuz zeru gaiña
kurillo laiño bikaiña
ludia agur nairik
zeru ingian «A» apaiña.
Ego aize magalean
nola aurra amarenean
baso zuaitzak makur,
xurru-murru, otoitzean.
Oi Udazken, Udazkena!
ero aizez txoro dena.
Urte aroen biotz,
i, margolari gardena.
|