L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1961 I (1961- urtarrila/martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Gure bertsolariak

«Xenpelar»

 

Zeleta

 

        Euskal-Erria'k oraindaño izan duen bertsolaririk entzutetsuenetako bat, «Xenpelar» gaitz-izen edo izengoitiaz ezagutzen zan gipuzkoar bertsolaria izan zan.

        Xenpelar, ez-jakiña edo eskolagabea izanagatik, ikasiak edo eskolatuak ere naiko lan ark utzi zizkigun zenbait bertso irakaspengarri bezin obeak asmatu ta tajutzen. Gizaki argia, ta bertsolari arrigarria zan, iñor izan bada, errenderiar bertsolaria.

        Bera noiz jaio zan, noiz il zan, zer-nolako bizitza eraman zuan, bertsotarako zenbateraiñoko azkartasuna zuan, nolako etorria zuan, eta abar eta abar, oraindaño heste iñork azaldu ez digun bezela, Jauregi apaiz jaun agurgarriak bere Xenpelar izeneko

liburu zoragarrian xeetasun guziaz adierazten digu.

        Orain 25 urte inguru Lekuona apaiz jaun jakintsuak argitara zuan Literatura oral euskerika izeneko liburu guztiz irakurgarriaren hidez, ezagutzen gendun ze motatako bertsolaria zan Xenpelar ospetsua; baiña, askoz zeatzago ezagutu degu aitaturiko Jauregi jaunaren bertsoz jautzitako liburu paregabea

irakurriaz.

        «Xenpelar — dio— bertsolaria dezu, soil-soillik; burutik oñetaraño bertsolari. Bertsolari erritar eta erriko-uts. Ortik datorkio, bere izenari, gure erriak erantzi dion dirdira. Irudipen biziko ta biotz-xamurreko erritar olerkaria, euskal-gizartearen biotz-zanpadak

igarri ta bertso borobilletan abesten yaioa, erri xearen alde, nun-nai eta beti, bere abotsa jasotzen kementsua, plaza-gizon trebe, atsegin eta guzien begikoa».

        Eta gure Xenpelar, Pernando Amezketarra baiño bertsolari osoagoa, bertsolari doai eta bikaintasunez ornituagoa izan zala oarrarazi ondoren, Jauregi jaunak aberaski ta berezitasun arrigarriaz sendotzen digu bere aburu maukatua, esanaz:

        «Eme zortzigarren mende edo gizaldian, beintzat, bertsolaririk ospetsuena, Xenpelar degu. Aren bertsoetarako etorria, aren edozein gaietaz eta itz-neurtu zaillenez mintzatzeko erreztasun arrigarria, geroztik ere bertsolari gutxigan aurkitu izan ditugun doai bereziak dira. Iñund'ik ere -dio- orrengatik Xenpelar'en bertsotik pranko, entzun oi dira gure egunetan ere ainbat bazterretan, eta Xenpelar izenaz alako oroipen maitekorraz gure agure baserritarrak oroitzen dira».

        «Dana dala, ezin beintzat uka —darrai Jauregi jaunak— Xenpelar bertsolari-mailla goi-goienetakora igo zitzaigula. Ezagutu zutenak diotenez, amabi urte zituanean bertso jotorrak botatzen asi omen zan».

        Bertsolari yaioa izan bear, derrigor —diogu, gure aldetik Jauregi jaunarekin batean— ain gazterik bertsotan asia izateko. Ona emen, bein batez lantegiko bere lagun Muxarro'kin izandu zun bertsozko eztabaida batean, asarraturik, ain egoki botatako bertso

bat:

 

                Aizak i, mutil mañontzi,

                nagusiari goraintzi:

                ez al ekian pipa artzea

                ez dala lizentzi?

                Jenio txar oiek utzi,

                bestela ezurrak autsi:

                giza-legea nola bear dan

                ezin erakutsi!

 

        Betroi baten tratua izeneko bere bertso saill batetik artzen degun bertso onetxek ere, ba-du gatza ta neurtizkintz-jario egoki ta ugaria:

 

                Oraindik gaztia da.

                —ogei ta sei urte—

                ernari omen dauzka

                bost bat illabete.

                Nik ez diot igartzen,

                ala esan dute,

                gezurra baldin bada

                engañatu naute:

                ezurrak txit torpe,

                zaiñak dauzka fuerte,

                —aragia aparte—

                zeiñek nai du merke?

                Ziriko baten truke

                saldulko nuke!

 

        Xenpelar'en beste bertso zar au ere, oso ezaguna eta oso erabilia da, oraingo egunetan ere, euskaldunen abotsetan:

 

                Lengo batean, esango det noiz,

                igande illunabarra,

                nere andria dantzan zebillen,

                begira zeudenak parra.

                Lanian ez du arretik, baiña,

                pandangolari azkarra

                baldin neronek ikusi ba'nu,

                autsiko nion bizkarra!

 

        Beste au ere, aurrekoaren antzekoa da:

 

                Umiak karraxian,

                neroni antzika,

                senarra moskortzian

                etxian musika.

                Erantzuten ba'diot

                kontrako itzikan,

                nere bizkarrak ez du

                izaten otzikan!

 

        Bein eta berriz aipaturiko Jauregi jaunaren liburuan bertso irritsuak ez-ezik, bertso sakonak, bertso arretatsuak eta bertso erligiozko irakaspen aundikoak ugari ta onurakor aurkitu lezazke, irakurle euskalduna, ondoren agertuko ditugun iru bertso auen antzekoak:

 

                Anima galdu baten tormentu

                eta naigabe aundiak,

                zer diran ezin konsideratu

                gizonaren memoriak;

                eternidade guziko penak

                ez arren mende jarriak...

                Orra munduko gustuak eta

                egun engañagarriak.

                Zar eta gazte, pobre ta aiberats,

                maizter eta nagusiak,

                ez gaitzala, arren, desanparatu

                Jaungoikoaren graziak,

                animarentzat kaltian datoz

                gorputzaren maliziak...

                Emen utzita juanak dira

                oraindaiñoko guziak!

 

        Bertso ederrak, benetan! Eta beste, au? Entzun, entzun!:

 

                Zer pena pasa zuan

                Jesus'ek gugatik!

                Zintzilik iru ordu

                Gurutze batetik...!

                Lantza sartu zioten

                bular Sagradu'tik,

                alare biziko zan

                oiek danak gaitik:

                borondatez il zan,

                gu salbatziagatik!

 

        Bertsolari ikasienak ere, ezin tajutu egokiagorik, ez irakaspen onuratsuagokorik. Orrela kantatu oi zuan gure Xenpelar bertsolari ospetsu ta omengarriak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.