Beti dantza
Pioner Vgarrena ta ni
Orixe
Olerki auxe da nunbait Orixe zananen azkenengoa. Dakusgunez, ba ditu bere biur-unak idazkeran eta; goi-mezulari, ortzi zear igorritako Pioner V'garren dalakoaren gora-berak ederto azaltzen dauskuz. Auxe nai eban, antza, OLERTI'k eratutako sariketara bialdu; baiña Tolosa'n be sari galanta jaso ebalako edo, lotsa zan. Onela idatzi eustan berau OLERTIrako bialduaz:
«OLERTIren batzaldirako enaz ausartzen ezebe bialtzen: lotsa emoten deust alde batera. Loba asi da beure saioa egiten. Nik extra concursum bialdu bearko dot».
A. O.
Zimizten ziztuan
badoa Pioner
mundu berri billa;
artean emen ni,
oiari josirik,
neregan bil-billa.
Pioner-ek baiño
asko bizkorrago
dut nik eragiña;
piztu bazan piztu,
etzait atertuko
barrungo irakiña.
Goizoroz esnatuz
aurrea artzen diot
nonai dijoala;
zenbat oroitaldi,
ainbat jun-etorri
geldi nagoala.
Amairu milla
milloi argi-urte
aldetik aldera;
ontatik, Pioner
zein beian dabillan
kontuak atera.
Suziri Pioner,
i baiño geio nauk
egon eta ibil;
nere barrenean
atergabe ari
zaizkidak lau gurpil.
Bi txiki, bi aundi,
morroi ta nagusi,
ia alkarren etsai;
amaika burruka
eman oi zigutek!
alkar mendera nai.
Batez bat gaztetan!
lau oien ekiña
neurriz doanean,
gaztea gizon duk,
ez zârra bakarrik
zugurtasunean.
Lau oien izenak:
adimen, naimen
irudi ta gale;
alkarri zirika,
maitagarri diran
gauza denen zale.
Baiña koketatik
atera balediz,
ai zer iskanbilla!
Gaztealdi ua,
neretzat beinik bein,
itzul ez dedilla!
Gurpil ortzadunok
alkar artu eta
koketan dirala,
gorputz animetan;
ez degu sumatzen
pakea makala!
Ekiñ eta jardun,
ortz oriek noizbait
legunduko dira;
egunen batean
gorputza ta anima
bakanduko gira.
Baiña guk ekiñ au
ez degu galduko
erdi au galduta;
beste erdi au bizi
geldituko zaigu
trabak askatuta.
Ez ola Pioner.
Egunen batean
eingo du eztanda,
ta, animik ez baitu,
xirtxikatuko da
eguratsak janda.
Gorputza piztean,
biok berdin gera
lau doaien bidez
argi eta zailu,
sarkor eta min-sor,
bakandu eziñez.
Goga bezain laister
nonai gerta gaite
izarrak zulatuz;
aien igurtziaz,
aien zulatzeaz
miñik eziñ artuz.
Eztaiak, eztaiak!
Bildots arenetan
ez da atergunerik,
ez eztaiondorik,
ez atsedeterik,
ez baita nekerik,
Atozte guziok,
gizon, emazteki,
erri eta enda,
ospa daigun dantzan
Jainko-Bildotsaren
betiko gurenda.
Au da dantza-kanta:
«Gure Jainkoari
bekio onespen
argi ta jakite,
esker on ta dedu,
indar eta kemen,
sekula guzien
sekuletan. Amen».
(Apo., XII-12)
Suziri = cohete.
Eztanda = explosión.
13.000.000 argi urte. Prantses artikulu batean irakurria.
|