Elhartxü eta Biñau
Aldapeko
I
Jente hunak, erranen deiziet mementin
Zer ikhusi düdan Pau'erako bidin:
Elhartxü eta Biñau aski aide gaitzin,
Nihauk ikhusi tüt, Belere'ko hegin,
Hamarna lüs eskin,
Jokhatzen beitziadin
Zuñ lehen jun bidin,
Elhartxü huñez, Biñau zamari handin.
Jende onak, esango dizutet pozikan
Zer dudan nik ikusi Pabe'ko bidian:
Elhartxu eta Biñau asarre bizian,
Neronek ikusi'tut Belere aldian,
Amarna lus segidan
Jokatzekoak ziran
Zein lenen joan bidian,
Elhartxu oiñez ala Biñau zamarian.
II
Oren baten bürüko, Gan'era ziradin,
Biñau'en zamaria eñhez ezin-bestin.
Elhartxü aldiz juiten galopaz aitzinin,
Bagoz eskalanpuak handirik beitzütin.
Arueita handi zin,
Gan'eko pabatin,
Sü jauz-erazten zin:
Biñau gaixuak hamar lüs'aisa galdü zin.
Ordu baten buruko Gan'era ziraden,
Biñau'ren zamaria neketan zebillen,
Elhartxu eiñaletan iritxi zen aurren,
Eskalaproi aundiak jarri baitzituen.
Kale-arriak zuten
Ots aundia egiten
Ta su-gar ateratzen:
Biñau gaixuak amar tus galdu zituen.
III
Gero zütien lanak, Pau'era zirenin,
Hanko Proküradore ta jüjen aitzinin.
Elhartxü aisa mintzo, diharia beitzin,
Biñau ere bai trixte, frank'arrazuekin:
Ais'obtenitü zin,
Elhartxu'k bai ordin,
Tribunal zibilin:
Prozesa ere Biñau'k harzara galdü zin.
Gero zituzten lanak, Pabe'era eltzean,
Ango Prokuradore ta juezen aurrean.
Elhartxu itz-jario, diru babesean;
Biñau gaixua triste zorigaitz beltzean.
Tribunal zibillean
Alkartu zirenean,
Elhartxu gallurrean!
Auziak jo baitzuen Biñau'ren kaltean.
IV
Paueko kuntrolürak, oi! zer lan egin zin,
Bilhutaik Elhartxü'ri lothü izan zeionin!
Berak ere pelüka bertan lürrian zin,
Bi beharrondutarik Eihartxü ilhagin!
Bertan phentsatü zin
Zer egin behar zin:
Elhartxü'k bai ordin
Kuntrola-erazi zin papera mementin.
Pabe'ko eskribauak marka zuen egin,
Illetatik tiraka Elhartxu'ri ekin!
Aren peluka berriz, burutikan amil,
Bi belorrondotatik Elhartxu ilhagin!
Olako gizonekin
Nola joka ba-zekin
Atereaz etekin:
Paper batean zion firmatu eragin!
V
Etzatin dolügarri, ai! kuntrlür jauna,
Behar ükhenagati sinatü papera:
Behar izan deozü, orano audela,
Zihauek abantzatu berrehun libera.
Elhartxü'k ezpeitzin,
Beharrüne handin
Paperaren ordin
Preskebitzeko edo amandaren phüntin.
Ez al-zen kupigarri, ai! eskribau jauna?
Bear izanagatik firmatu papera,
Bear izan diozu orretaz gaiñera,
Zerorrek aurreratu berrehun libera.
Elhartxu'ren sakela
Utsikan dagoela
Estutxo dago bera.
Multaren ordaintzeko, nundikan atera?
VI
Bena Elhartxü'k, nula gizun galant baita,
Berhala satifatü dizu kuntrolürra
Eman ükhen diozü zerbütxü sarila,
Diharü ederretan berrehün libera;
Abertitü bera,
Aurhide bezala
Emakion fida:
Aisa bilho thirakan bürüzagi dela!
Izanikan Elhartxu gizon bat prestua,
Lasai egon diteke gure iskribaua;
Eman dizkio laister, bai, alajainkua!
Berreun libera eder eta bostekua!
Baiñan, baita abixua
Oso benetakua,
Argi ibiltzekua:
Illeak ateratzen zela txit yayua!
VII
Pau'eko kuntrolürrak etzian phentsatzen
Ai! Elhartxü'ren phasta zertzaz eginik zen,
Khalamu hariz ala larrüzko hedez den,
Buhame kasta dela gogun igaraiten;
Deio hitz emaiten
Eta etxekiren
Etzola lothüren;
Sobera lotsa dela ja basa-gizunen.
Pabe'ko iskribauak etzuen pentsatzen
Ai! Elhartxu gurea zertaz egiña zen,
Kalamu arriz ala larruz izanarren,
Ijito kasta zela dudarikan etzen;
Laister dio agintzen
Eztuela eginen
Egonikan kartzelen:
Alako basatiak dutela izutzen!
VIII
Elhartxü, phüntü hetan, inkiet ere zen,
Hiru lau gaitzi bürüz abiatürik beitzen:
Emazte gaxto baten galantago-razten,
Prima kexakor baten emakor-erazten,
Auher handi baten
Agüdo-erazten,
Eniz espantatzen:
Elhartxü phüntü hetan aisa inkiet zen.
Elhartxu'k gai oetan kezkarik ba-zuen,
Iru lan gaitzi buruz abiaturik baitzen:
Emakume gaizto baten onera ekartzen,
Neskatxa asarrekor bat otzandu-erazten
Eta alper aundi baten
Lanerako griñatzen,
Enaiz bada arritzen.
Elhartxu kezkati baldin ba'zegoen!
IX
Elhartxü, behakhigü et'-erragük bertan
Eia zertara hizan hiru lan horietan.
Bai lanian azkarki, bena auherretan:
Izkribatzen ari hiz huraren gañian!
Utzak arren oithian
Mihisia plegian
Tabala deno lotan,
Et'ihau bizi nunbait hor bazter batetan.
Elhartxu, entzun zaiguk eta aguro esan
Zertako ari aizen iru lan oietan.
Bai lanian galanki, baiñan alperretan:
Izkribatzen ari aiz uraren gaiñean!
Bego oia pakean,
Tanborra maindiretan
Lo dagoen artean
Eta eu bizi lasai baztertxo batean.
X
Nik ba-ditit bost küñat galantik halere,
Segürki beraieki huntarzün beitie.
Hek eni goraintziak igorten deiztade,
Phiper eta biñagre, oliorik batere;
Nik haier deüs ere
Ezpeitüt deüs ere
Nihauenik ere:
Hati na,hi nikezü ereñak bil ba'litzade!
Bost koñatu dizkiat, ederrak orratik!
Ontasunez beteak, eztaukat dudarik.
Goraintziak jasotzen ditut aiengandik,
Dena piper ta ozpin, ez noski oliorik.
Aiei zer igorririk,
Nerea den gauzarik
Deus ere eztaukat nik:
Uzta jaso bezate ereind'ako azitik!
XI
Andreak gizonari:
Eztik kuntrolür jaunak, ez, erran gezürrik,
Basa-gizuna zuñ den, harek ba-dakik.
Irati'n et'Arboti'n hik ba-dük lagünik,
Nüzpaiko paganuer lekhik idokirik:
Ez, ire ereñik
Eztiagü beharrik,
Khen hakhit hebetik,
Eta hanti güti'igor jagoiti berririk.
Eztik iskribau jaunak, ez, esan gezurrik,
Basa-gizona nor den arek bai-baitzekik.
Irati'n eta Arboti'n ik ba-duk lagunik,
Antziñako jentillai lekua kendurik:
Ez, ire ereintzarik
Eztiagu bearrik,
Ken akigu emendik,
Eta andik ez bidali gaurgero berririk.
XII
Gizonak andreari:
Enañ ez igorriren, hik ni, Irati'rat,
Ez Holtzarte'rat ere, gütig'Arboti'rat,
Sarri ni jinen be'niz Elhartxünia'lat,
Etzütün, ez hik, hantxe manhatüren bestak,
Hitz emaiten deñat:
Nik han matütiñak
Khantatüren tiñat.
Bertsolariak:
Prozesa galdü zian emazten bilkhüak.
Gizonak andreari:
Irati'ko basora ez naun bialduko.
Holtzarte ta Arboti'ra are gutxiago,
Elhartxunea'n berriz, laister naun izango,
Ango festak orduan, ik ez aginduko.
Aditu zaidan ondo:
Aski naun kantatzeko
Matutiñak gaurgero.
Bertsolariak:
Auzia zuten andrak galdu sekulako.
XIII
Etziña izigarri balia, Jinkua!
Emazte erho horiek eginik bilkhüa.
Zaragolla hobenak haienak zirela!
Aisa ere gizunen, büzagi zirela!
Kapiten arrasta
Gizunen bitalla
Aski franko zela!
Bena, aurthenko huntan, trünpaturen dira.
Etzuen deus balio, ez ala-fedea!
Emakume ero oiek egiña billera;
Galtzarik bikaiñenak berenak zirela!...
Gizonez gallentzeko zeukaten ustea!
Kalamuzkoa dela
Gizonaren jazkero
Onegi da sobera.
Baiñan ustea zaie ertengo ustela.
XIV
Gizonak andreari:
Bas'arhantzia lili, arhantziareki
Haren frütia huntzen gaitzago da bethi.
Uzten hait mintza hadin amuriareki,
Pheti behala beita hor üharrieki,
Esparantxareki,
Denborareki,
Jinen zaital'eni
Emazte bat eginik phasta gaxtueneti.
Aran arbolarekin, basarana lorez;
Baiñan onen frutua ontzen da samiñez.
Maitale txar batekin abil libertadez
Peru laister ortxe dun naikeri ujoldez.
Nago itxaropenez,
Denborak duen epez,
Nigana eldu baietz
Emakume bat antzu dagona bertutez.
XV
Andreak gizonari:
Egün hun, oi! Jan Pierra. zü ene senharra!
Jinkuak egün hunik hanixko deizüla!
Gaxki bizi beikira, dakizün bezala,
Oroi gitin iseia, gü, kunbertitzera;
Adora Jinkua,
Irabaz zelia:
Lüze da denbora
Beste gañeko mündin eternitatekua!
Egun on, oi, Joan Peru, zu zaitut senarra!
]ainkua'k urte luzez kontserba zaitzala!
Gaizki bizi izan gera, dakizun bezala,
Obeak izateko ba-dugu bearra!
Iaungoikoa alaba,
Mundua, berriz, laga.
Zerua goian baita
Betikotasunean luze da denbora!
XVI
Gizonak andreari:
Hunki jin ziradila, prima anderia,
Zük ikhasi ahal-zü oroi zeküria:
Utzezazü Phetiri; jiten ba'da beharra,
Gure gobernadore hura franko beita:
Egin da bakia,
Den bezala legia:
Gizuna nausia!
Emaztek aski die hari behatzia.
Ongi etorri zaitez, andre nagusia,
Zuk ikasi al-duzu dotriña berria?
Utzi ezazu Peru, ba-da tenoria,
Zure senarra bedi gobernadoria.
Ein dezagun pakia,
Den bezala legia
Gizona da nausia!
Andreak aski dute senarra zaitzia!
XVII
Nik ba-düt abis hunik emazte legünen:
Aisik izan ditian bere gizun phestien,
Beldürti eta lotsa aldiz kokien;
Haien gobernatzia eztela emazten:
Makia azkarren,
Praubi' aberatsen,
Emaztik gizunen
Bortxaz ere dira esküpin izanen!
Andrientzat kontseju nator ni ematen,
Senar prestuentzako on-onak ditezen,
Dollorrarekin jakin burua makurtzen,
Ez baitzaie zillegi aiek gobernatzen.
Makalak indartsuen,
Txiroak aberatsen,
Emazteak gizonen
Mendean naitanaiez dirade egonen!
XVIII
Andreak gizonari:
Hik ba-dük abis hunik emazte legünen,
Nik ba-dikiat gizun ezkuntzekuen
Eztitin sober'ebil primer khort'egiten,
Gibeleti manduer bazkaren ezarten;
Mando gaxtuaren
üzter-ostikuen
Süstut ferradunen,
Bena lotsago izan prima handien.
Emakumientzako aolku ba-duk ik,
Gizonentzako, berriz, saltzen dizkiat nik:
Kortejatzen ez ari alaba nausirik,
Manduari ez eman jatena atzetik;
Mandoak baldin ba'dik
Ostikada gaiztorik,
Ez eduki orratik,
Alaba nagusiai aiñako bildurrik!
XIX
Ni izan niz hebetxe ogen agerzale,
Areta ba-nütin nihaurenak ere,
Ziek, behazaliak, hobeki egizie:
Josaffat'en ba-date heiagor'egile,
Gü jüj'izan gabe,
Jesüs han beitate:
Gütiala bere!
Aski batükegü nurk guriak ere!
Nik agertu dut emen pekaturik asko,
Naiz-ta neriak izan kontatzeko naiko;
Zuek, aditzalleok, ez izan olako.
Josafat'en ba-date deadarra franko.
Antxen gera bilduko
Eta gu juzgatzeko
Jesus da agertuko:
Norgeren utsak ordun agertu bearko!
«Elhartxü eta Biñau»en izenpean bildutako bertsoak bear bestean uler ditzagun, premiazkoa zaigu ixtori orren argibide bat ematea ipuiaren ariari zuzen jarraitzeko eta bertsoetan ageri etzaizkigun zenbait xehetasun mamitsuen aditzera emateko. Lanbide au Jean Larrasketa jaun apezak egiña duen ezkero Etxahun'en bertso ezagutzalleai galdekizunak egin ondoren, noski, bere ager-saioa itzez-itz aldatzea iruditu zaigu egokiena. Onatx, bada, Larrasketa'ren interpretaziñoa:
«Elhartxu eta Biñau»en bertsoak, Barkoxe'ko baserritar maltzur eta auzilari baten zenbait gertakari eta bere emaztearekiko eztabaidak agertzen dizkigute. Baserritarrari Elhartxü deritza. «Arranuak Bortietan» eresi onen bikaiña! eta «Hartzen dit hartzen ofiziua» osatu zituen olerkariaz ari ote zaigu? Aita Lhande agurgarriak eztio ezkutu azkuregarri oni argibiderik eman ahal izan.
LENENGO ZATIA. Dema parregarria: Elhartxu'k ogei luseko dema egin dio Biñau'ri, au zaldian baiño, bera oiñez lenago joan baietz Barkoxe'tik Pabe'ra (47 km.). Perratzallearekin konpondurik, Biñau'ren zaldiari perrak atzekoz-aurrera jarri-erazten dizkio (1). Au ezta oartzen bere leikideak egindako jokaldi maltzurraz eta bere zaldia alper-alperrik neka-erazten du. Zati au biziki eta lasaiki emanik mintzaira xarmant eta aoxurigarri batean idatzia dago. Euskera aski ezpa'zaio, bearnesa datorkio lagungarri bere itzik politenak eskeiñiz.
(1) Xehetasun au garrantzi aundikoa izanarren, jakin-erazi ezik ezpaiditeke konprendi oñiez zaldirik motelenean baiño len irixtea, Etxahun'ek eztigu aditzera ematen bere bertsotan. Nunbait, Jon Mirande'k dion bezala, aldi artan mundu guziaren jakiñekoa zelako gertakizun au, etzuen aditzera eman.
BIGARREN ZATIA.-Biñau'k bere dema galdu du, baiñan, orra bi apostulariak auzitegian. Emen gertakizun berria: auzi parregarria, Elhartxü'k, asarrekor baita, auzitegiko prokuradoreari egiten dio erru. Borrokari ekiten diote, Majistratuak bezeroa illetatik atzitzen du. Onek, erantzuki, peluka erauzten dio. Auzi gaiztoa! Majistratuak oker egin du eta konponketa baterako prest dirudi, batez ere Elhartxü'ren ukabilla ezagutu ondoren. Gure baserritarrak bere ageri-paperetan iru auzigai zorigaiztoko ditu oiturazkoak eta meatxuzkoak (2). Alkar konpontzea onena. Elhartxü'k jakin-erazi dio prokuradoreari, bera maixu dela ille tiraketan, baiñan, berreun liberako erregalu bat egiten dio bere egite txarrak ahaz ditzan. Alaxe egin zuzen (3).
(2) Xehetasun onen berri ere etzaigu ageri Etxahun'en bertsotan; Larrasketa'k aterea dugu, noski, aztarren au.
(3) Eztut uste Larrasketa zuzen dabillenik 200 liberako erregalua egin ziola esatean. Jon Miraude'ren iritzia besterik da: «Elhartxü'k atzera ematen dio kuntrolurrari onek aurreratutako dirua, 200 franko zor baitzizkion ain zuzen, eginerazitako paper ofizialak eta multa gatik».
IRUGARREN ZATIA. - Amaitzeko, ezkontide arteko auzi motel bat Elhartxü eta bere emaztearen artean. Onek, zakurraren ipurdira bialdu nai du senarra. Elhartxü'k ortzak erakusten dizkio. Golpean menderatzeko, «ezpal gaiztoko emakume galant bat» etxeratuko duela zemai egiten dio. Itzok aski dira: emakume erregarria berealako otzan billakatzen da. Eta ekaitz ondorengo ortze urdiñaren antzo, azken ahapaldiak leialtasunezko, mendetasunezko eta pakezko aolkurik zintzogarrienak emanaz bukatzen dira. Azkenean, bertsolariak bere burua pekataritzat jotzen du. Baiñan aditu ditzagun gatzez eta piperrez ezezik, pipermiñez (4) ere ondutako euskeran, errankizun gordiñaz eta maltzurkeri irri-abartsuz ornitutako mintzairan, ahapaldi ariñok, puntuak biziro eta aidoso erabillirik, Zuberotar arimaren iduri.
(4) Egilleak «poivre» (pimienta) eta «piment» (pimiento) itzak darabilzki. Nik, eztut «pimienta» itzultzeko itzik ezagutzen euskeraz eta orretxegatik «pipermin» (guindilla) itzaz baliatu naiz ideia berbera adierazteko.
I
Ahapaldi ontako lenengo bertsoko «mementin» (momentuan), gipuzkoar bertsolari batek «segidan» esango luke, bainan, itz au beheraxeago erabiltzea bearturik arkitu naizelako, «pozikan» erabiltzeko libertadea artu dut. «Aide gaitzin», Jon Mirande jaunak jakin erazten didanez, «indarka» da; «gaitz» itzak «geienetan «indartsu», «bortitz» esan nai du Zuberoan». Nik, puntuari atxikiaz, «asarre bizian» itzuli dut esakera au.
II
«Eñhez ezin-bestin», Larrasketa'k «n'en pouvant plus», itzultzen du. «Eñheatu», Zuberoa'n gure «nekatu» dela esanak gera lenago ere. Onetxegatik, eta puntuaren eskabidea aintzakotzat arturik «neketan zebillen» itzuli dut. Aitortzen dizut ala ere, esaera onek eztuela jatorrizkoak aiñako indarrik. «Bagoz eskalanpuak handirik beitzütin», oso bitxi egiten zaigu emengo euskaldunei eta makiñabat buruauste ibilli ditut berorren zentzua atera naiean. Jon Mirande ene adiskide onari bere iritzia eskaturik, onela iardetsi zidan: «Bagoz eskalampuak handirik beitzütin» ez du «bagozko eskalampu handiak beitzütin» besterik esan nai. Egia da jarraitzen dio Zuberotar olerkari gallenak ahapaldi ontako nire galderai erantzunaz kantagilleak ez duela azaltzen Biñauren zaldiari arotzak (perratzalle, Zuberoa'n) perrak alderantziz ezarri zizkiola, bainan hori, erri guztiak zekielakotz gertakariaren berri». «Arueita» bearnes itza da eta itzulirik dugun bezala «otsa» esan gura du.
III
Zalantza apurtxo bat neukan «bai ordin» esakerari Zuberoa'n ematen dioten zentzuaz. Orra, Jon Miraonde'k gai ontaz esaten didana: «Bai ordin»: emen eta urrengo ahapaldian «bai, orduan» gipuzkeraz bezela esan nai du. Baiñan egia da zenbait aldiz «ordin zuberoeraz zuen «beraz» adi erazteko erabiltzen dugula («beraz» ez dugu erabiltzen). Bertso puntuak eskaturik nik libre-xamar itzuli bear izan ditut ahapaldi ontako neurtitz laburrak eta esakera ori kanpuan gelditu da.
IV
Etxahun'ek darabillen «kuntrolür» frantzesezko «controleur» berbera da, noski. Itz au gazteleraz iztegiak onela ematen dute: «registrador», «inspector». REGISTRADOR, persona encargada de anotar algo en el registro (lenengo zentzua). INSPECTOR. empleado que tiene a su cargo la inspeccion y vigilancia de un servicio (bigarren zentzua ). Jon Mirande'ri bere iritzia eskatu nion gai ontan eta orra bere erantzuna: «kuntrolür» frantzesezko «controleur» da dudarik gabe; bainan ez dakit batere zer izan ditekean auritegiko «kuntrolür» bat... Susmatzen dut hala ere gaztelerazko «registrador» dela emen, hots, frantzes korrientean auzitegi bateko «greffier» delakoa». Beraz, escribano eta apika notario ere izan diteke Etxahun'en «kuntrolür»a. Onetzegatik, gipuzkoar bertsolariaren aboan «iskribau» edo «eskribau» itza dela egokiena iruditu zaigu. Ahapaldi ontako beste korapilloa azkeneko bertsoan dugu: «Kuntrolaerazi zin papera mementin». Ontaz ere Jon Mirande jaunari galdegin nion eta orra zer erantzun zidan: «Ez dakusat garbi zer paper Elhartxük kontrolaerazi zion; beharbada, Etxahun'ek esan nai du Elhartxuk firma erazi ziola auzitegian gertatu zenaren akta, kontrolurra oker ibilli baitzan Elhartxü joaz (??)». Bertso laburretan jatorrizkoan sei silabakoak eta gurean zazpikoak libre-zamar aritu gera, baiñan, zentzu nagusitik apartatzeke.
V
Ahapaldi ontako lenengo bertsoa, ots, «Etzatin dolügarri, ai! kuntrolür Jauna», galdekizunean obeto legoke Jon Mirande Jaunaren iritziz eta alaxe ipiñi dugu gipuzkeraturik. «Etzatin» aditz-jokoari buruz onela mintzo zaigu olerkari Zuberotarra: «Zuk diozun bezala, «zatin» hori «zatean» edo «zatekean» da («zatekin» ere esaten dugu) eta itzulpena, beraz, «ez al zen dolugarri», «ez ote zen dolugarri». Zuberotar ene adiskidearen itzulpena osoki errespetatuz tankera guzietan baita jantziago jakitez ni baiño esango nuke, ideia ori zeatzago itzulia legokela beste tankera ontan: «Etzen, noski, kupigarri...». Itzulpenean, ordea, Jon Mirande'ren aburuz eman dugu, naturalkiago datorrelako. «Deozü» aditz-jokoari buruz auxen idazten dit Sorhuetar ene adiskide unak: «Dativuan «deiot, derozü, deio» zuka edo ika ari ez geranean erabiltzen ditugun formak dituzu (baita «derot, derozü, dero» forma beteak eta «deot, deozü, deo» edo «dot, dozü, do», forma oraindik laburtuagoak ere erabiltzen ditugu). Zukan, «deiot» en ordez, «diot» edo (zuzenago dirudina) «diozüt» esaten dugu. «Deio» ren ordez, «deozü». Ikan, «deiot» en ordez, «dioait» edo «doat», eta «dioant» edo «doant». «Deio»ren ordez, «diok» eta «dion». Ahapaldi onen azkeneko lau bertsoak tankeraz ulerkaitzak egiten zaizkigu mugaz beitiko euskaldunei. Onatx, beroien ideia nola jasotzen duen Jon Mirande gure aidiskideak: «Elhartxük ez zuelako orduan, bear aundia zuelarik, papera preskebitzeko edo multa ordaintzeko dirua». «Amandaren phüntin» delakoak esan nai du «amanda den bezenbatean», «amanda dela-ta».
VI
Ahapaldi ontan Etxahun'ek diotsa Elhartxu'k iskribaua «satifatü» duela. Zer tankeran kontentatu du, ordea, auzitegiko gizona? Larrasketak dionez, berreun liberako erregalua egiñaz eta Jon Mirande'ren iritziaz, «Elhartxük atzera ematen dio kuntrolurrari onek aurreratutako dirua, 200 franko zor baitzizkion ain zuzen, eginerazitako paper ofizialak eta multa gatik». Sei silabako bertso laburrak zazpiko biurturik lasaiki itzuli ditugu, baiñan, ikus ditekeanez, ideiaren ariari jarraiki. Itzulpen zorrotza onelatsu litzake: «Abertitu du iskribaua, senide edo adiskide on bezala, eztakiola fida».
VII
Ahapaldi ontako illunalditxo bakarra «etxeki» aditzean dagoela esango nuke. Lhande'ren iztegiari gatxizkiola, itz onek ba-ditu bi esangura gurean ongi datozenak. Batetik «soutenir» (sostener), alegia, emandako itzari eusten diola ez duela lotuko. Bestetik «observer (une loi, etc.)». Ontaz, itzul genezakean «Dio itz ematen eta «kunplitzen» eztuela lotuko», uste baitut, kasu ontan «observar» edo «cumplir» berdintsu dela. Jon Mirande'k, zalantza oni buruz onera idazten dit: «Etxeki» (Laphurdi'n atxiki) sostener da geienetan; baiñan egia da izkuntza horietan ere erabilli oi dugula: «Hitza etxeki» (tenir sa parole); «legea etxeki» (observer la loi)». Ondikotz nik eztut itzulpena eman ahal izan itzez-itz eta eztut itz onen kidekorik erabilli.
VIII
Etxahun'en ahapaldi ontako «galant» itzaren zentzua, Larrasketa'k bere iztegian dakarren «pas mechant, calme, paisible», da zalantzarik gabe. Beraz, emakume bat otzana, xamurra, ona biurtzen saiatzen ari zela esan gura du eta orrela itzuli dugu «onera ekartzen». «Prima kexakor», «neskatxa asarrekor» itzuli dugu, nik dakitelarik «prima» (oiñordeko emea) ezpaita ezaguna gure euskalkian eta eztut uste ere ordekorik duenik. Bestalde, egia da geroago ikus ditekeanez Etxahun'ek zitalkeri bereizi bat erantxi nai diola edonungo «primai» ots, alaba nagusiai, oiñordeko bear dutenai, eta ori orrela izanik, «neskatxa» itzarekin itzuliaz, bertsolariak bere pentsamentuari eraxten dion kolorea matiza, alegia moteldu egiten da. Beraz, alderdi ortatik, «prima» itza kontserbatzea obea litzakeala uste dut. «Emakor» Lhande'ren iztegian «qu'on peut apaiser, calmer, radoucir, apprivoisser. Ene ustez au da ongien dagokion itzulpena, ots, neskatxa asarrekorra otzan-erazi, ezi. Jon Mirande k «otzandu» baiño «ezi» naiago lukenarren, lenengoa ezarri dut -erazten eraskiñarekin obekiago baidator.
IX
Zer egia edo errealitate ezkutatzen digu Etxahun'ek ahapaldi onen bertso laburretako metaforaren azpian? Orra, iru bertso misteriotsu auek Utzak arren oithian - mihisia plegian - tabala deno lotan nola itzultzen eta esplikatzen dituen Larrasketa'k: «laisse le drap à son pli, tant que le «tambour» se tait», ots «laisse ta femme tranquille, tant que ses cris sont «en sommeil». Orra Jon Mirande'ren iritzia gai beroni buruz: «Neronek ere, ez dut illun zaizun neurtitz irukoa oso ongi ulertzen, itzez-itz bereren, Etxahunek zer esan nai duen argi agiri baita (Lhande-Larrasket'ek, emandako interpretazioa dudarik gabe). Nere ustez, bertsolariak bi metafora erabiltzen ditu emen alkarren ondozka: 1.° «tabala deno lotan» «tanborra lo den artean» = «emazte oiuzalea ixilik dagoen artean». 2.° «utzak mihisia plegian», ots, «ez ezak ikutu aren ogea», esnatu ez dadin, alegia». Gaiñerakoan, lexikoari gagozkiola, «arren» gure «bada» da (donc-pues) eta ez «otoi». «Oithian», ostera, «otoi» da Zuberoa'n. Lhande'k, par faveur, je vous en supplie, itzultzen du. Iru bertso laburrok, batez ere «mihisia plegian» maindirea tolesturik eztitut itzez-itz itzuli ahal izan, baiñan, zentzua zuzen-zuzen jaso dutelakoan nago.
X
Seguru aski, Larrasketa'k oker eman zuen ahapaldi ontako «beitire» aditz-jokoa eta orretxegatik aldatu egin dugu «beitie» ezarriz Jon Mirande Jaunaren baiespenarekin. Pasivoko mintza-moldea bitxi egin zitzaidan kasu ortan eta Zuberotar olerkariari argibidea eskatu nion. Onatx, onek itzez-itz erantzundakoa: «Segürki beraieki huntarzun beitire» ez duzula ongi entenditu? Ez dut miresten, verboa oker baitakarte bertso ontan Lhande-Larrasket'ek; «beitire'ren» ordez, «beitie» bear luke, ots, «baitute» (beitie = baitute eta beitire = baitira, berdin-berdin oguzten ditugu). Emengo bertso laburretan ikus deitekeanez, Etxahaun batzuetan oso zaharra dugu bertso-lanketan. Guk, puntua aldatuz ebitatu ahal izan dugu bi «deus-ere» eta irugarren «ere» jartzea bertso amaigarri. Azkeneko bertsoa beste ontara ere eman diteke: «Uzta jasoko al-dute ereindako azitik»; alabaiña, lenbiziko hemistikioan bi silabekin (ko-al) diptongo egin bearko litzake zazpiko neurria gordetzeko.
XI
Ahapaidi ontako bi bertsuok, «Irati'n et'Arboti'n hik ba-duk lagünik - nüzpaiko paganuer lekhik idokirik», Zuberotarrek aipatutako eskualdetako jendeaz duten kontzeptuaren oiartzuna dira, noski. Jon Mirande'ri galdetu nion oien berri ba'ote zekien, eta orra berak erantzundakoa: «Ez dut Iratiar eta Arbotiurren famaren berririk; Irati baso bat delakotz, adierazten bide du bertsolariak hangotarrak basaiak edo basajendeak direla; dena dela, ernagarri da ahapaldi hau, erakusten duelakotz oraindik ere badirela Zuberoan (edo ba zirela joan den mendean) aintzinako Jentilen gaineko tradizio batzu; Zuberoan izango naizen urrengo aldian inkesta bat eginen dut hortzaz; oraingoan zorigaitzez ezin erran dezaizuket ezer segurrik».
XII
«Emazten bilkhü» orri buruz Jon Mirande'ren iritzi zuhurra emanen dut aburu zuzenean dagoela uste baitut: «Emazteen bilkura» hori niretzako ere adigaitz samarra da, orain artean Elhartxü emazte bakarrari mintzatu baitzaio; beharbada, egilleak jakinerazi nai du, ez soilki emaztea, bainan etxenko emakumeak oro (alaba, erreiña e. a.) etxeko jaunari jazarri zaizkiola.
XIII
Ahapaldi ontan maratilla askotxo ditugu ideki bearrak. Goazen, beraz, emeki-emeki. Mintza gaitezen aurrean «etziña» (ez ziña! aditz jokoaz. Jon Mirande'k idazten digu: «Ez dut garbi ikusten zergaitik egilleak «etziña» darabillen lenengo bertsoan, hori «forme allocutive» delako bat baita, emaztekiekiko ikan usatzen duguna, ots, «EZ ZUEN» (zia, ziña edo zi, zizün). Ba-dirudi, beraz, emakumeei zuzentzen diotela egilleak ahapaldi hau. Itzez-itz, honela dijoa gipuzkeraz: «Ez zuen asko balio, (ala) Jainkoa, emakume ergel horiek egin ba zuten batzarrea» (1). Bertso laburrak, oi bezala, luzeak baiño libreago itzuli bear izan ditut. Ala ere, ideiari zeatz lotu natzaio. Jon Mirande'k, itzez-itzezko itzulpen au eman zidan: «Kalamu-(oial)-ondakiñak Larrasketa'k, les restes de tissu de chanvre gizonen jaunzkeratzat (bitalla (tzat), bitalla (garri) franko naikoa zirela». Eta komentari au osatzen dio olerkari Zuberotarrak itzulpenari: «Ez dakit gizonezkoek kalamuzko oialkiak usatzen zituztenetz jaunzkerako Etxahun'en denboran. Beharbada, egilleak erran nai du kalamuzko oiala, zatarrenetatik izaki (zaku edo olako egiteko bakarrik erabiltzen zena) hala ere aski on litzakela gizonentzat, emakumeen ustean». Amaitzeko, ene adiskide onak ahapaldi oni egiten dion beste iruzkin bat aipa nai nuke. «Bestalde dio Mirande-Aiphasorho jaunak gizonen buruzagi izateak ez du erran nai, Zuberoeraz, gizonen nausi izanen zirela emaztekiak, baizik gizonak baino geiago, indartsuago, gorago... «Bürüzagitü nitzozü», erran nai du, guretan, «gaillendu dut», «garaitu dut».
(1) Onaix, Zuberoeraz Campion'en Gramatica de los cuatro dialectos'etik aterarik (Ekarri) nikan-niñan'en konjugaziñoa: nia-niña, ian-ian, ZIA-ZIÑA, ginia-giniña, zieya-zieña.
XIV
Lenengo bi bertsoak Jon Mirande'k onela itzultzen ditu itz-lauz: «Sasi-aran-ondoa loratzen da aranondoarekin (= aran-ondoaren dembora berean). Haren frutua ontzenago edo umotzenago, eta gaixtoago da (ez egiazko aran-ondoarena bezala, beraz)». Giputzok, bigarren bertsuaren zentzua beste era ontan artuko genduke: Basaranaren frutua zaillago dela umotzen baratz-aranarena baino. Guk bertsotan eman dugun itzulpena beti naturaltasunari jarraiki ez da zeazki ez bat eta ez beste, baiñan ideiaz atxikiago zaio Jon Mirande'k emandako zentzuari. Laugarren bertsua ere Pheti behala beita hor üharrieki ez da garbi-garbi ikusten denetakoa, baiñan Mirande jaunak, esaten dit ongi jaso dutela ene itzulpenean (Peru laister ortxe dun naikeri-ujoldez).
XV
«Prima anderia», nolabait itzuli bearrez, «andre nagusia» itzuli dugu. Ez nau kontentatzen itzulpen onek, baiñan, ezin asmatu dut «prima» nola aditzen eman eta bertso ontan naitanaiez aditzera eman bear da XVIII'garrenarekin daukan alkarkizunarengatikElhartxu'ren emaztea oiñordekoa zela. «Oiñordeko andria» itzul nezakean, baiñan, orduan, bigarren hemistikio onek silaba bat geiegi dauka, bi itzak diptongoz ez jostekotan beintzat. «Zeküria» itzaz ba-dugu auzi. Larrasketa'k la sagesse itzultzen du, ots, «zuhurtzia». Pierre Lhande'k ostera, genre de vie. Zalantza onetan Jon Mirande'ri galdegin nion eta onatx Zuberotar olerkariaren aburua: «Zeküria» (= «zekürü»-a) ez dugu nire aurkintzan (lurraldean) geiago erabiltzen. Lhanderen arabera «façon de vivre» erran noi omen du, eta zentzu hau, Larrasketek emaiten duena baiño onargarriago zait, etymologiari begiratuz. Alabainan latiñezko «saeculum» «seculu(m)»-tik dator euskalitz han, eta saeculum'ek erran nai zuen latiñez, «mendea»z bestalde, mundua, munduko erak e. a.». Guk, bertso neurriak beartuta, libre xamar itzuli dugu baiñan asmoa aldatu gabe. Bestetxo: zentzuari gagozkiola «gure gobernadorea» Elhartxu dela pentsatu bear ba'da ere, mintza-moldeak beste zerbait pentsa-azten du. Mirande'k, xehetasun oni buruz esaten dit: «Gure gobernadorea» senarra da, hots, Elhartxu, naiz bera izan mintzo, aundi ba zaizu ere. Hala ulertzen dut neuk, bai eta nire aitak ere; bitxi ez dut nik arkitzen Elhartxuk bere buruaz mintzo delarik «gure» erraitea: hori «pluralis majestatis» delako bat duzu».
XVI
Euskal-iztegi guziak arakatu eta dantzatuarren, delako «phestien» misteritsuaren itz sustrairik ezin arkitu iñun. Itz illun onen baitan sartzeko, beti bezala, maratilla Jon Mirande gure adiskide onak ideki digu eta uste ez genduena ikusi. «Phestien» itz aurki-ezin hori «pherestü-en» baizik ez duzu, ots «prestu» (Zubero'an esan oi denez) eta bigarren bertsoak erran nai du: «mana- edo agindu-errezak, esaneko, izan ditezentzat beren gizon prestuentzako». Azken neurtitzeko «bortxa» itzaz, berriz, onela idazten dit Mirande adiskideak: «Bortxaz» ez du «indarraz» erran nai, bainan nai ta nai ez (frantzes errikoian «forcement» bezala) eta azkenengo lau neurtitzak honela itzultzekoak dira: «Nai ta nai ez, aula indartsuen eskupean, bearduna aberatsen (esku-pean) eta emakumeak gizonen (esku-pean) izaten dira». Ene ustez, bertso ontan, mamiz beñepein, egilleari urbil-urbilletik jarraitu natzaio.
XVII
Nik uste izan nuen bigarren bertsoko «ba-dikiat», «ba-ditiat» (ba-dizkiat)'en utsegite bat zela, baiñan, Jon Mirande'k, orrelakorik eztela esaten dit. «Diki»t» = «duket» (ots, izango dut) omen, gizonekiko itanokan eta «dikiñat» edo «dikiánt» emaztekikoan, azentua azken silaban emanaz. Guk, ordea, eztugu « duket»en ordezko gerogarririk bizirik esan gura dut, ez zukan eta are gutxiago ikan eta orretxegatik «dizkiat» erabilli dut. Ahapaldi ontan, «prima», «alaba nausi» itz bikotearekin itzuli dut. «Uzter-ostiko», Llhande'ri jarraiki, ostiko eman erreza da eta «süstut», Larrasketak dionez, «bereziki», «batez ere», ots, Barkoxe'n erabilli oi den itza bearnesetik artuta. Azkeneko lau bertsoak onela ematen ditu prosan Jon Mirandek: «Mando gaixtoaren (batez ere perradunen) ostikoen beldur izan, baiñan prima aundien beldurrago izan». «Egia da -jarraitzen du Zuberoatar olerkari gorengoakmandoai ez zaiela bazka atzetik ematen, eta horrela eman nai ba lie batek, ostiko bat emango liokete... Erran nai bide du gizon ezkongaiak, atzetik, hau da, ebazka, itzulinguruka, prima aundiei gorte egiten ausartzen ba dira, ostiko bat, hots, afruntu bat biltzeko zorian daudela».
XVIII
Ahapaldi ontan iru aditz-joko gerogarri ageri zaizkigu gipuzkeraz ezin eman ditugunak, «ba-date» (izango da), «beitate» (izango baita) eta «batükegü», (baidukegu, izango baidugu). Lenengoa errespetatu egin dut, gipuzkeraz oraindik naturalki irakurtzen delako, gerogarri auek euskera komunekoak baitziren aintziña. Beste biak -ko ezaungarridun gerogarriaz trukatu ditut. «Areta» itzak («ata» oguzten dugu) dio Jon Mirande'k Larrasketek jartzen dion zentzua dauka, gutxi gora bera; frantzesez «et pourtant, et quand meme...». «Gütiala», eztut uste esan bearrekoa denik gipuzkerazko «gaituala» dela. Ikus ditekeanez, bertso laburrak jazkiz zerbait aldatu ditut. «Ogen», ezta «pekatu», «erru», «uts» edo «falta» baizik. Alabaiña, bertsoaren jatortasunak eskaturik «pekatu»gatik aldatu dut. Eta eztut uste beste esatekorik daukatenik «Elhartxu eta Biñau»ren Ahapaldi xarmangarriaz.
|