Gabon-gaba
Martin Ugarte
Ator bai ator, Gabon-gaba,
Elur-loretan mara mara...
Seaska zarra kulunkaz darrai,
alaz aurtxoak begiak ernai...
Nork ito dio lo-miña berai?
Aiton-amonak orra billobai:
Dantza mutillak! Dantza neskato!...
lurrak bere dik bein-betirako
egizko bide bakarra!
...Ontziok bete, barrunpe-aztal,
intxaur zukulu, bakallo-ezpal...
Gaztain errean zirrara...
Gure baserri sukaldeetan,
apal-orduko irri-karkara,
pozaren-pozak sendi bilduan,
beteaz sabel-ijara...
* * *
Ta ordu berez Belen urixkan,
Jose ta Mari otz-otzik,
jaio bide dan aurtxoa amets,
legorpe txatxar-bat ezik.
Eta antzera ainbat senditan,
erruki bear luzaroz...
Giza-arteak jaurti ta ospel...
Aurtxo beraren itxaroz!
Orra Zeruak len-agindurik argi dizdira,
bein-betirako giz-aro denen bigungarri.
Dena lezaken Jaunan almenak utsa bailira,
aur txatxar dela ezerezaren ezaugarri...
Gau-otz luzean, eta billotsik lasto gañean,
seaska orde ganbela baten otzak dar-dar.
Jainkoa bera gure errukiz giza soñean,
abere biren arnasa dula epel bakar!...
|