Gau argi zerutsu batian
Muniategi'tar Sabin
I
Gau argi, zerutsu batian,
nere gogozko egote biziz
begiak zuzenduz goi-gora,
arkitu nintzan zerua dan ederrez,
bere izar eta, illargi,
bere egadun laiño txuri-gorriz,
bere goi argi, dizdikera,
zerutar emaitza pozgarriz,
benetan bai, lilluragarri!
Arkitu nintzan urduritasun lorez,
amaigabeko sakontasunian,
gaudi loretsuan eortzia,
nere eder-nekezko bakartadian,
nere biotzaren tristura,
eta, bizimin betiraungarria,
argi gose eta, egarria,
gogoaren egakada epeletan,
negar ixillezko intziriz,
begietan, biozbera adieraziz.
Eta, nere gogo, nere anima,
nere gurari eta, amets dana,
zeru lurraren soñekoz jantzi da,
bizitzara narrezka edatua,
bizitzara egarriz bideratua,
eriotzaren laño-dardaraz,
eriotzaren bildur-ikaraz,
bizikari bizi, amurratua!
II
Eta, alik eder, biotzeren,
goi-beak biotz-animaratuz,
(bizia baita danetan ederren!)
biziaren muina eskuratuz,
bizia nai nuke osasunez bizi,
apal eta Jaungoikoti,
Bere goitiar ikutuz,
nere biotz illa, indar gorituz!
Ai! bai aundi, sakonak dira,
goietan altsu, zeruetako bideak;
gogoarentzat ain eskuera
eta, ala ere, ain urruti,
betiratasun argiz beteak,
ain eder eta, ikusgarri!
Baña, nere oñak lurrean daude,
lurkeri beltz illunez bete,
eta illunkeriz iantzia,
goiruntza nai eta, zirkinge,
lurraren gerriari lotua,
nere izakera, nere bizia,
lurraren aragian sustartua.
Eta, lur gaineko bide ezean,
arkitu naiz bai, zugatz-lurrin,
eta, landare guri, lerdenakin,
eder-goratze ikutugarrian,
ibai arinkari baten, ur mian,
berriro ere zeruetan igeri,
berriro ere goiari begira,
buruz-bera, uretan zerutua,
ispillu gardenian ikustari
goramin ibilgarriz berpiztua,
anima guztia, nereka, igesi...
III
Olaxe, surrumur egati, gozoz,
lizar-azpiko urez, ibaibera,
biotz-egoak naramate gozoz,
arraitxo bat bezelaxe, urbera,
zugatz biziz iantziriko zeruan,
(pizti kantari, bizidun artean)
bere izar eta illargiarekin,
bere laño txuri-gorriakin,
ametsak eralgiz biotz-bera,
nere zerutxo guztiakin batera,
itxasorako bide egaztarian,
ase eziñezko Iainko egarriz,
ur bide gurenetan, gorabera,
ontzikari naramate, betira,
erortz bildur-ikara dardaratiz.
|