Nire sortetxea
Arrugain
Ene sortetxe maitagarria,
Mendizka baten zagozana!
Egunoroko gomutak doaz
Nere gogotik zeuregana.
Ames gozotan ikusten ditut
Zeure lurralde pozgarriak;
Baso zugatzez beteak eta
Zelaietako belardiak.
Baratzetako lora politak,
Ortuetako barazkiak.
Ibarretako landa zabalak,
Arkaitz azpian iturriak.
Soloetako garitza ederrak,
Troka ganeko sagastiak,
Errekaldeko makal-sugatzak,
Lurlan ertzeko mahastiak.
Sator itsuak bere lanakin
Egin daroan lur-konkorra
Beresi aldean, kea darion
Ikazkintzaren su-txondorra.
Epertargien argi zurizkak,
Saguzarraren egazkerak,
Gabontz motzaren begi zabalak,
Mozoloaren ibilkerak.
Arranoaren goi-egazkadak,
Zeru-zolaren kresailluak,
Oianetako zugatz tantaiak,
Errekastoen izpilluak.
Usain gozodun bedarrondoa,
irametaen gain-tontorra,
Atadi aurreko zabalunea,
Etxe barruko zokondoa.
Eskaratzeko bastertxo baten
Aiton-amandren zizailluak;
Albo batera, egur-pilloak,
Erdi inguruan sukatuak.
Ormatik bera lapiko-padel,
Euren lekuan urontziak,
Andik-emetik yarleku ugari
Etxeko tresna bereziak.
Goiko bizitzan etxangu argiak,
Gizategi ta lantegia;
Orma ondoan erloiu zarra
Aititen aitak erosia.
Gaillur aldean lastategia,
Aldamenean ganbarea,
Sagar umoak, arto ta gari
Ondo zaintzeko aterpea.
Meza entzuten doazen lagunak,
Yolas-zelaiko gaztedia,
Briskan dabiltzan emakumeak,
Bolatokiko gizadia.
Urtez beteko abade jauna
Eleiz barruan otoitzean.
Arkupetako frontoi txikian
Mutiko batzuk ekiñean.
Irudimenez entzuten ditut
Ardi-bildotsen bekerekak.
Zaldi-beorren irrintzi soillak
Idi ta beien orroekak.
Oillar arroen kukurrukuak,
Oillo zintzoen kokoratzak,
Txita makalen pio-piokak,
Paita nagien paiparatzak.
Garitza arteko galeperraren
Pospolinketa luzangeak,
Etxe gaiñeko usategiko
Urrumakada maitaleak.
Elai ariñen txirrio latzak,
Larratxorien abestiak,
Suge zarraren txistu sarkorrak
Bela baltzaren garraziak.
Erlauntzetako zunburrunketak,
Txirtxil kaxkarren kirkirkadak,
Zugatz-orrien pir-pir samurrak,
Basa piztien alarauak.
Burdi-ardatzen kirrinka luze,
Su basterreko txinparketak,
Aize boladen durunduekin
Zugatz-adarren txistuketak.
Errrekastoen txurru biguna,
Atxurlarien koskakadak,
Egurgillaren aizkora soiñu,
Abere arranen dunbakadak.
Kaskabarraren kristel-krikadak
Trumoitzarraren burrunbadak,
Euri-yasaren zarata bizi,
Txarritegiko kurrinkadak.
Orrez gaiñera nabaitzen ditut,
Menditarteko poz-narea,
Baserritxoen alaitasuna,
Bizitza garbi ta bakea.
Orreik guztiok ikus ta entzutez
Nere amesen iruditan,
Biotza eztiz gaiñezka daukat,
Gogoa pozez irrikitan.
Orko zoruna billatzen nabil
Mundutik zear eten barik;
Eztot aurkitzen iñun bakerik,
Eztot aurkitzen zorionik.
Ene sortetxe maite-laztana,
Nere gomuten oñarria!
Zeure altzoan emon nai neukez
Azken orduak ta bizia.
|