L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1963 III-IV Minezko ezpata (1963-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz emanik

 

Aldapeko

 

Oraingo neskatillak

 

                       I

Oraiko neskatilek, ordinariozki,

Xalantak nahi tie ororek jaun-handi,

Jenerus eta propi, plazent, elhestari,

Taharnetan khantari, plazetan dantzan,

Gaiaz eta egünaz bethi paseiari.

 

Oraingo neskatillak, ez da arrigarri!

Galaiak nai dituzte gustizko jaun aundi!

Eskuzabal ta galant, iztun, gustagarri;

Taharnetan kantari, plazetan dantzari,

Gauaz eta egunaz paseatzen ari.

 

                       II

Dienian ezkuntü, ordin beste khuntü:

Beste gisaz aitzinara behar da ajitü;

Hanitx eraiki, aphür despendiatü,

Zühür eta txüt izan, bekhan paseiatü,

Taharnak ützi eta dantza kitatil.

 

Ezkondu direnean izaten da kontu,

Beste moduz gerora bear da jokatu;

Asko biltzen saiatu ta gutxi gastatu,

Zuhur eta zintzo izan, urri paseatu,

Tabernak utzi eta dantzan ez pentsatu.

 

        I

        Lenengo ahapaldiko «ordinariozki» —ots, comunmente, corrientemente, ordinariamente— alde batera utzi eta beste tankeran itzultzeko libertadea artu dugu. Bigarren neurtitzeko «ororek» bitxi egiten zaigu mendiz egoaldeko euskaldunei. Jon Miranda-Aiphasorho jaunak berorren argibide eman zidan itz ernegarri oien bitartez: «Ororek» duzu Zuberoan komunzki darabilgun forma, aktivuan. Bigarren r hori ezda noski etymologikoa, bainan idazleek jarri dute erakusteko o eta e bereiz oguzten direla, ots oroék edo laburtuz oék. «Orok» berriz ez dugu Zuberoan erabiltzen — manexean ez dakit; han, dena dela, guzia ta guziak, pluralean guziak eta guziek esan oi dute; guk ordea ez dugu guzi itza erabiltzen, non ez ba da «güzi-o(r)otan» elkar jarritako expresioan. «Orok» lenago erabiltzen zela ba dakit, textu zaharretan irakurririk, baiñan ez oro ta oroek bezala pluralean, baizik singularrean; adibidez Bernat Etxepare'koaren neurtitz honetan:

        «Munduyan den giçon oroc beharluque pensatu.»

        Orrá, beraz, Jon Mirande'ren iritzi baliotsua itz bitxi oni buruz. Azkenik, oar txipi bat ahapaldi onen itzulpenari. «Elhestari» ren itzulpena —«iztun», alegia—, «plazent» dagoen tokian jarri dugu eta au atzera eraman, librexamar itzulirik —«plazent» gure «atsegin» baita— puntuak ala eskatzen baitzigun.

 

        II

        Ahapaldi ontan, «dantza kitatü» ren ordez (ots, «utzi», «abandonatu»), «dantzan ez pentsatu» ezarri dugu, gipuzkeraz emanik askoz apaiñago eta egokiago gelditzen delakoan. Gaiñerakoa itzez-itz Azuli dugu. Larrasketa'k dionez, bi ahapaldiok baiño geiago ere kantatu zituen seguru aski Etxahuen'ek, baiñan, gaiñerakoak galdu egin zaizkigu zorigaitzez. Beraz, gaiñerakoak arkitzen ez diren bitartean —eta paperen batean gelditu ez baldin ba'da, abozkorik gero ta zaillago izanen da arkitzen— kondartxo auekin amor eman bearko dugu.

 

 

Gaztalondo handian

 

                       I

Gaztalondo handian agitü niz arrotz,

Apaidü bat egin düt ezpeitzen gorgotz.

Untsa bazkaltüren nintzala nintzan botz.

Khümitazalia aberats nilakoz.

        Gero zopak arthoz,

        Salda ahül-gatxotx,

        Godalia hur hotz,

Eta hetaik landa bi pattako erhotz.

 

Gaztalondo aundian gertatu naiz arrote,

Oturuntz egin dut, ez ordea gogoz.

Ondo bazkaldu ustez ai zer nolako poz,

Bazkari-emaillea aberats zelakoz.

        Gero zopak artoz,

        Saldak jai du gustoz,

        Godalia ur otz,

Ta oiezaz gaiñera, bi patata asko joz.

 

                       II

Ni so zer othe nükin pattako hekiko:

Etxekanderik ordin ekharri artho,

Ogirik etziala apaidü hartako,

Bestela ez segürki phürü enetako.

        Zieta nin sakho

        Gathülia manddo

        Kullera zurrezko

Xatharrot xar bat aldiz, tahallatako

 

Zai nengoen patatok zerkin lagunduko,

Ontan jarri digute mai gaiñean arto,

Ogirik etzuela oturuntz artako,

Ez ere beste noiz-nai, beintzat niretzako.

        Platera da basto,

        Katillua manko,

        Kutxara zurezko,

Zapi zatar bat berriz maia estaltzeko.

 

                       III

Ai! Etxekanderia, aberats zira zü,

Jenerus ere bai, handiak ba'tüzü,

Bena nahi ba'zina izan uhuratu,

Etzünukian behar txipiez txipiez trüfatü;

        Ardu düzünian

        Bester butillatü,

        Haier ez eskentü:

Holako kunpañetan eniz agitü.

 

Ai! etxekoandrea, aberats zera zu,

Eskuzabal zaitute aundiak aitortu,

Baiñan, nai ba'zenduke ohorez jokatu,

Obe zenduke ez ola txipiez burlatu.

        Ardo ona ba'duzu,

        Batzuei zabaldu,

        Bestei ez eskeindu:

Olako konpañitan ez naiz ni arkitu.

 

                       IV

Bazkari ürhentzian bi paper nik hartü,

Apaidia nahi beninan phakatü.

Zük, etxekanderia, ordin ardu hartü,

Orori butillatü, eni ez eskentü.

        Nik hura galthatü,

        Nahiz ardu hartü;

        Zük ez kunprenditü:

Berset hoik zuri deitzüt hartakoz huntü.

 

Bazkal-ostean nuen dirua luzatu,

Oturuntza nairikan nik ari pagatu.

Zuk, etxekoandrea, ardoari kontu,

Denei zabaldu eta niri ez eskeindu.

        Nik ura eskatu,

        Nairik ardo artu,

        Zuk ez konprenditu,

Bertsuok ortarako dizkitzut paratu.

 

        I

        Larrasketa'k zuzen dionez, gure koblariak ironiaz eraxten dio Gaztalondo ibarrari «handia» adjetibua emen eta beste leku barzuetan. Izan ere, ibar ontako etxe onenetako batetik ots egin baitzioten bazkaltzera eta bertako etxekoandrea zekenki portatu zitzaion.

        GORGOTZ, «correct», «poli» (correcto, cortés), itzultzen dute Lhande-Larrasketa'k bertso oinpean. Lhande'ren iztegian GORGOTS ageri zaigu eta «homme sérieux, correct» itzultzen du. Nik uste izan nuen, Lhande'ren itzulpenaren arabera, «gorgotz» pertsonari zegokiola. Alegia, etzela egoki eta gizalegeko Etxahun'entzat, oturuntzera gomitatua izanik, ez agertzea; baiñan, ideia osagarri au ezta ageri bertsoan eta orretxegatik Jon Mirande ene adiskide onari argitasun eske idatzi nion. Ona emen bere itz jakintsuak: «Apaidü bat egin düt ezpeitzen gorgotz»: ez da emen ezer falta, apaidua da «gorgotz» ez zena alegia. Onela itzul daiteke: bazkari bat egin dut egoki edo gisakoa ez zena. Aitortu bear dut alaz ere «gorgotz» itz ori ez dudala ezagutzen, ez eta ene etxekoak ere. Beste lekuetako Zuberotar batzuei galdegin diet eta aiek ere ez zuten aren berririk. Larrasketek ez dakar bere iztegian («Le Basque de la Basses-Soule Orientale» delako istudioan). Lhandek bai ordea, «gorgots» idatzirik, eta zentzu auiekin: «1.° dur, sévère, inflexible; 2) homme sérieux, correct.» Etxahunen neurtitzari bigarren zentzua dagokio beraz; baiñan lenengo zentzua kontuan artuta, sumatzen dut «gogor» en metathesis bat dela (?).

        GATXOTX, «fade», «insipide» (soso, insípido) itzultzen du Lhande'k bere iztegian. Itzez-itz «sans sel» omen da, Lhande-Larrasketa'k diotenez bertso oinpean. Beraz, itz onen lenengo osagarria «gatz» da.

        GODALIA, Lhande-Larrasketa'ren bertsopeko notak dionez, «mélange de bouillon et de vin, que l'on prend en terminant son potage (usage béarnais, «la goudale») tres répandu en Soule». Ots, «eltzekaria bukatzean artzen den salda eta ardo nahasketa». Zuberoa'n oso zabaldua dagoen Biarno'ko usadioa (la goudale). Itz au dagoenean utzi dugu, ezpaitu ordezkorik, nik dakidalarik, gure artean.

        PATTAKO, patata, Zuberoa'n.

        ERHOTZ, Larrasketa'k erdi-otz dela dio. Niri iduritzen zitzaidan, ahapaldiaren bi azken bertsoen zentzuei eldurik, «ere hotz» ote den. Ona, gure Jon Mirande'k uste auei buruz diona: «Erhotz» ere ez dut itz bakar bezala ezagutzen. Bearbada arrazoi duzu, «ere hotz» esan nai duela, eta ez «erdi hotz», Larrasketek dion bezala. Bainan orduan «e hotz» pronuntzia laiteke, r osoki galtzera utziz; eta zergatik orduan Zuberotarrek «erhotz» kantatzen dute? Bearbada er- ori ez dator «erdi»tik («erthotz» igurfki liteke), bainan aurrizki zaar bat da, esaterako «(h)erots» («(h)ots»-etik) zuberotar itzean aurkitzen dena (??). Oneraiño Jon Mirande jauna. Irakurleak igarriko dionez libre xamar itzulitako bertsoak, bigarrena, selgarrena eta zortzigarrena dira.

 

        II

        Ahapaldi ontako lendabiziko bertsoa illunxko gelditzen zen niretzat. «Ba-dirudi —esaten nion ene adiskideari— aditz osagarria falta dela «nükin» eta «pattako» ren artean, «eginen» esaterako». Jon Mirande-Aiphasorhoko'k onela erantzun zidan: «ni so zer othe nükin pattako hekiko» zuzen da, eta ez da aditz-izenik falta, zuk uste duzun bezala. Alegia, alderdi onetako euskalkietan ez dugu «euki» eta «ukan» bi aditzen artean bereizkuntzaik egiten, zuek askotan egiten duzuen legez, gazteleraren ereduari jarraikiz noski (tener eta haber) eta «nükin» esan nai du emen «eukiko nuen». Itzulpena auxe da beraz: «ni begira, zer ote eukiko nukean (edo neukakean) patata aiekiko». Ots, zer besterik emango zidaten, patatekin jateko».

        ARTHO, Larrasketa'k bere oarretan «méture» (pain de mais) itzultzen du. Nunbait, ezta taloaren berdiña, au, Lhande'k «gallette de mais» itzultzen baitu eta sinonimutzat ematen ditu «pastetx» eta «arthopila». Oso jakingarria da Larrasketa'ren oarkizun au: «Le pain était considéré comme luxe, MAIS ON OFFRAIT DU PAIN AUX HOTS, et non de la méture (pain de maís). Alegia, ogia lujozkotzat jotzen ba'zen ere, arrotzei, gomitatuei, beti ogia eskeintzen zitzaien eta ez arto-ogia. Beraz, Etxahun'ek ba-zuen zuzenezko arrazoirik minbera egoteko.

        PHURU, du moins, por lo menos, beñepein, beintzat.

        ZIETA NIN SAKHO, platera nuen urratua, kraxkatua. «Zieta», nunbait frantsesesko «assiette» etik artua dago. «Sakho», ébréché itzultzen du Larrasketa'k bertsopean; gazteleraz, mellado.

        GATHULIA MANDDO, katillua kirtena autsirik. «Manddo» itza onela itzultzen du Larrasketa'k: «beharria hautsirik», ots, beharria edo kirtena. Lhande'k bere iztegian: «(bol, etc.) dont l'anse est cassée», kirtena autsirik duen katillua edo bestelako. Beraz, belarridun katilluaz mintzo zaigu Etxahun. Nik eztut beste alderdirik izan —bertsolari batek, zalantzarik gabe, egingo zukeanez— gaztelerazko «manco» itzaz baliatu baizik. Ene ustez, gaiñera, itz au ezta guztiz arrotz euskaldunen ezpaiñetan. Bertsotako zillegitasunen ate zabalak ez al-dute gaitzetsiko. Bestalde, besoa falta zaionari «manco» esaten ba'zaio, kirtena falta zaion katilluari ere, tankeraz, berdin esan genezaioke.

        XATHARROT, chiffon (trapu, zapi), bertso oarpean dakarrenez.

        THALLA (tafalla, dafaila), «serviette de table, nappe de table» (mantela) bertsopeko oarrean. Lhande'k bere iztegian «nappe de table et d'autel», ots, maietako eta aldaretako zapi estalgarria.

Gure irakurleak oartuak izanen dira, noski, bosgarren bertsoan «sakho» ren ordez —kraxkatua, urratua esan gura baitu— «basto» erabilli dugula. Emen ere erdal iztegira jo bear izan dut nire estuasunetik ateratzeko, baiñan, gure bertsolariak ez dute batere kezkarik izan sekula itz ori erabiltzeko. Bestalde, ezin aditzera eman izan dut platera urratua zegoenik, baiñan, inportanteena platera akats baten jabe egitea da eta nik plater kraxkatuaren ordez plater bastua atera dut. Ba-dakit denek ez dituztela ontzat emango ateraldi auek ; alakuok sala bitez bertsuok obeki biribiltzen.

 

        III

        Ahapaldi ontako bigarren bertsoak onela dio bere bigarren hemistikioan: «handiak ba'tüzü», ots, aundizkiak, aberatsak baldin ba'dituzu. Era ontan eta ongi ulerteraziz luzeegi jotzen zuelako, beste itzaz —eskuzabal zaitute «aundiak aitortu»— bizi-laburtu dut. Alare, zeatzago nai dezanak, onela alda dezake: eskuzabal ere bai «aundiak ba'ituzu». Niri, ordea, etzait gustatzen. Gutxieneko «ba'dituzu» erabilli nai nuke eta neurriak eztu onesten.

        «Ardu düzünian» bertsoan, Etxahun'ek lasai asko puntua austen digu. Nik, nolabait ere, punturatu dut.

        BUTILLATU, «manier la bouteille» (edaria botillatik serbitu), Lhande'k bere iztegian.

        Seigarren eta zazpigarren bertsotako «bester» (besteri, bestei) eta «haien (aieri, aiei) itzen ordez, «batzuei» eta «bestei» erabilli ditut argitasunaren obe-ustez.

 

        IV

        Lendabiziko bi bertsoei buruz onela mintzo zaigu ainbestetan aipatutako Zuberotar Maixua: «Lenengo neurtitza: gaizki ulertu duzu emen; ez dizkio etxekoandreak Etxahun-i «bi paper» pasatu; poetak dizkio etxeko andreari bi paper (au da, bi «diru-paper», bi banku billete) emaiten, edo emateko jestua egiten beintzat, andrea iraintzeko aren zekenkeria gatik». Emen esandakoak gogoan arturik, lendabiziko bertsoan, letrari baiño ideiari zorrotzago lotu natzaio.

        Bosgarren neurtitzeko «hura» ri buruz eskatzen nion argibideaz, umoretsu erantzuten dit ene adiskide onak. «Nik hura galthatü»: izpidean zaude, emen hura H2 O da, ots pozoi zital ori (ttantta bat aski da koñak onena gastatzeko...) eta ez izen-orde erakuslea. Mintzatzean ambiguitateari itzur egiteko, r eztia oguzten dugu «agua» denean; eta ez bestela.

        Irakurleak igarriko zion, Etxahun'ek, laugarren ahapaldi ontan, zortzi bertsotatik irutan darabillela «hartü» itza puntua emateko. Erabilkizun au oso itxusia delako, nik lendabiziko bertsoan «luzatu» jarri ahal izan dut ordezko eta irugarrenean «kontu». Onela, itzulpenean, «artu» bakarra gelditu da, seigarren bertsoan.

 

 

Barkoxe'ko eliza

 

                       I

Egün Barkoxe'n beita

        Libertitzeko besta,

Jaun Erretorak emanik berak beitüt süjeta,

Bi kobla khantatü nahi tüt, soniareki aldika.

 

Gaur Barkoxe'ko plazan

        Ai, zer festa jarri dan!

Jaun Erretoreak gaia emana dut aukeran,

Kanta ditzadan bi kopla soiñuarekin txandan.

 

                       II

        Gure jaun erretora

        Dügü jaun khorpitz gora!

Bena Jinku'k egin zian bihotzez ere hala,

Bortxa ikhusirik beita harez jente aphala.

 

Gure erretorea

        Gorputzez da luzea;

Baiñan Jainkoa'k egin zun txit aundikizalea,

Txarkeriaz baitarabil arek jende pobrea.

 

                       III

        Barkoxe'ko eliza,

        Handi eta eder bastiza.

Erretorak fitsatürik, han ba-da jaunen plaza,

Haren manuz ezpeitioke hanti praubik entzün meza.

 

Barkoxe'ko eliza,

        Aundi eta bortitza,

Erretoreak jarririk an da jaunen egoitza,

Bertatik jende pobreak ez dezake entzun meza.

 

                       IV

        Praube bat izan düzü

        Jaun haien khantin sarthü,

Bi jaun handi harat jinik, hura artin baratü:

Jaun erretora feit horrez hüllan desesperatü.

 

Pobre bat, ontan, zaizu

        Jaunen tokian sartu.

Bi aundizki ara joanik, ura bertan gelditu:

Erretorea orrekin gutiz da amorratu.

 

                       V

        Meza zinian hasi,

        Praubia zian ikhusi,

Bi jaun handi haien artin, ber'arropa txarreki:

Igorri elkherazlia, sabre handiareki.

 

Meza zinian asi,

        Pobria zun ikusi,

Bi jaun aundien artean zarpatsu ta itxusi;

Aren aginduz, orduan, jaun batek aterazi.

 

                       VI

        Praubia zenin jalkhi

        Bere afruntiareki,

Juan zeion zerbaiten galthoz, nahiz beztitü hobeki:

Baratzian hura gorde, ezpeitzin nahi ikhusi.

 

        Pobria ertetzean

        Apal ta lotsapean,

Arropa oberik zuen, joan zitzaion eskean,

Baiñan, au ez ikusteko, gorde zen baratzean.

 

                       VII

        Praube hura da izan

        Zazpi erresumatan;

Bai eta ere mez'entzün bi mila elizatan:

Barkoxe'n ükhen afruntia ihunk'aphezek ez eman.

 

        Pobre ura da izan

        Amaika erreiñutan;

Baita ere meza entzun bi milla elizatan;

Apaiz-iraiñik jaso da Barkoxe'n bakarrikan.

 

                       VIII

        Izan nüzü Sen Jaka'n,

        Loreta'n eta Erruma'n,

Aita Saintien mez'entzün bi kardinalen artian

Arropa txar'ükhena gati, ihurk ere ez detis erran.

 

        Izan naiz Compostela'n,

        Loreto'n eta Erroma'n,

Aita Santuan meza aitu bi kardenal artean,

Jazki txarrez egonarren, iñork ere ez deus esan.

 

                       IX

        Barkoxe'n Besta-Berri

        Lehen günin besta handi.

Zük galeraz'ükhen düzü kostüma eder hori,

Desplazer egitia gati hebenko popiiliari.

 

Festa aundi zen beti.

        Barkoxe'n Besta-Berri

Zuk galerazi izan duzu oitura eder ori,

Naigabe emateagatik emengo jendeari.

 

                       X

        Zer gati uhure hori

        Ideki düzü Jinkua'ri?

Arrolatü izan beitzen mündian praubiari,

Zük ez nahi uhuratü aberats ezten'ageri.

 

Zergatik omen ori

        Kendu Jaungoikoa'ri?

Munduan nai izan zuen urbildu pobreari,

Zuk bakarrik aintzat artzen aberats dena ageri.

 

                       XI

        Jinkua zelin ba'da

        Zü elizan bezala,

Lekhü ederren haitatzez, kargüdünak gora,

Gü taula petan girateke, jente gradoz aphala!

 

Jainkoa ba'da Goian

        Zu bezala elizan,

Leku ederrak autatuz aberatsak buruan,

Gu berriz, jente apala, egon bearko beian.

 

                       XII

        Barkoxe'n neskatilak

        Ezin egin phastoralak!

Atsolbitü beharrez higatürik oski zolak,

Eta orobat haier so egitera jun zirenak.

 

Barkoxe'n neskatillak

        Ezin ein pastoralak!

Barkapena iritxiko urratzean zapatak,

Berdin aiek ikustera joan ziraden guziak.

 

                       XIII

        Atür hurak ba'lira

        Izan düke-alhaba,

Edo bestel'eman ba'leie orok present bedera,

Atsolbitürik ziratin Barkoxe'k, aphezekila!

 

        Izan ba'lira artistak

        Duke-alaba argiak,

Edo opari bat beñepein eramanik bakoitzak,

Barkapena lemaieke Barkoxe'ko apaizak.

 

                       XIV

        Barkoxe'ko kuntsellin

        Dirade phena handin,

Aphezen ezin ezariz laket liratin lekhin.

Musde Merzi, ezartzü, zük, zure jauregi ederrin.

 

Erriko kontsejuan

        Dira pena aundian,

Apaizak ezin ezarriz leku eroso batian.

Alkate Jaun, 'jar itzazu zure etxe ederrian.

 

                       XV

        Alemanak beitira,

        Españulak bezala,

Bere pekuen mendekus eta ürgüllüz gora,

Zük erakusten deiküzü kasta hartarik zirela.

 

Aleman izakera

        Españoten tankera,

Bekoekin zital eta arrokeriz sobera,

Zuk erakusten diguzu kasta artako joera.

 

                       XVI

        Gure Erretor berria,

        Juanak ez üdüria:

Haiek bijitatzen beitzien jente miserablia,

Zük aldiz ezin ikhusi elizan ere praubia.

 

        Erretore berria,

        Joanen antzik gabia:

Aiek bijitatzen zuten jende miserablia,

Zuk, berriz, elizan ere ezin ikusi pobria.

 

                       XVII

        Barkoxe'n sarthü zinenin,

        Ukhen zünin «hunki-jin».

Ustez gizun hun batez düntzera ginandin:

Bena plazer dikezügü, juaiten ziratianin.

 

Barkoxe'n sartu ziñan

        Ongi-etorriz aukeran,

Gizon zintzo ta zuzen bat zindugula ustean,

Baiñan, ai zer aisegiña aldentzen zeranean!

 

                       XVIII

        Gure Jaun erretora,

        Nuiz dükegü plazera

Züre juiten ikhustekua, ez ützültzekun seküla?

Eztügü nigarrik eginen, azken bi juner bezala.

 

        Noiz, Jaun erretorea,

        Izango guk suertea

Zu joaten ikustekoa, bein betiko, ordea?

Eztugu negar egingo, euki ortan fedea!

 

                       XIX

        Barkoxe'ko aphezak

        Oro dirade manexak.

Ezkiniua üken ahal Ziberu'ko artzañ bat,

Prauben eta aberatsen afable lizatekin bat?

 

Barkoxe'ko apaizak

        Denak dira manexak.

Ez al-genitzake euki Zuberotar artzaiak,

Pobreen eta aberatsen gogoko lirakenak?

 

        I

        Lendabiziko bi bertsotan aldakuntza arin bat egin dut —tankerarena, mamiarena baiño obeki— puntuaren aldabearrak eskatuta.

 

        II

        Irugarren bertsoa dago mintzo tankeraz aldatuenik, emen ere puntuz aldatu bearrean arkitu baigera.

 

        III

        «Handi eta eder bastiza». «Bastiza» gaztelerazko «construcción», «edificación» izanik, alderantziz bear zukean joskerak, ots, «konstruziño aundi eta ederra». Ba-dirudi, puntuak bearturik erabilli duela bertsolariak zillegitasun nabarmen au, edo itz laburragoz, zillegikeri au. Ona, zer dion ontaz Aita Lhande'k: «C'est un rare exemple de l'adj. précédant le substantif». «Bastiza» itza «edificio» esangurarekin, frantzeseko «Bátisse» (obra) etik artua dago, naiz-ta frantzesez —orain beñepein— edifiziñoari «bâtiment» deitu.

        «Egoitza» itza bere bi osakiñen zentzuz artu bear da soilki, ots, «egoteko tokia» eta ez gaur dauzkan beste zentzutan, ots, estancia, residencia, morada, habitación. Puntu ontarako ez dut beste itzik arkitu ahal izan eta gure artean ezin nezakean «plaza» itza erabilli frantzesezko «place» (lugar) itzaz baliaturik, iñork ezpailioke igarriko egiazko zentzuari.

        «Ezpeitioke» (ezpeitiroke), gure ezpaitezake.

 

        IV

        «Khantin» (khantü-an eta emendik khantian), Etxahun'en forma laburtua. Lhande'k onela itzultzen du: «proximité, côté, marge». Euskeraz, aldamenean, alboan, ondoan, urrian. Beraz, bigarren bertsoa itzez-itz onela itzuli bearko litzake: «Jaun aien aldamenean sartu». Baiñan, naiz «aldamen», naiz «albo» erabilli, luzegi jotzen digu gure zazpi silabetan sartzeko. Au dala-ta, libertade pixkabatekin itzuli dut bertsoa, gipuzkeraz sendoago eta jatorrago gelditzen delakoan. Gaiñera, Etxahun'ek irugarren bertsoraiño ez tu aipatzen bi jaun ara etorri ziranik. Beraz, ez dirudi itxurazkoa bigarrenean esatea «jaun aien aldamenean» sartu zela. Gure erara itxuragabetasun oni itzul egin diogu.

        «Baratü», «demereurer, rester» (gelditu), itzultzen du Lhande'k.

        «Feit horrez», itzez-itz «egite ortaz». Naiko buruauste eman zidan delako «feit» itzak, Lhande'k beste zentzurik ematen baitio bere iztegian, ots, «jugement, état normal» (zentzua) eta esangura onekin ezin bertsoak tajuzko zentzurik ar. «Feit» ek gure «egite» (gaztelarren «hecho») izan bear zuela burutik pasa zitzaidan, itzaren tankerak eta bertsoak artzen duen zentzu onak ala eskatzen baitzuten, baiñan Aita Lhande'ren kontrako iritziak ateak itxi zizkidan. Orduan, gure Jon Mirande'ri idatzi nion galdezka eta ona bere erantzuna: «Jaun erretora feit horrez hüllan desesperatü»: feit itza, zuri bitxi deritzaizuna, oso ezaguna da Zuberoa'n; auzoko erromantzetik artua da: frantsesez fait; espaiñolez hecho; latinez factum eta euskera jatorrean, «gertari» esan nai du: ots, gertatu zelakotz Etxahun bi «jaun aundi» ren artean geratzea, jaun apaiza ia etsitu zela. Nere ustez, biarnesetik jesana dugu; naiz oraingo biarnesean; naiz oraingo biarnesean «heit» eman duen latinezko factum-ak (gazteleraz bezala latinezko f- letra h- biurtu delakotz biarnesez eta gaskoin izkelki geienetan), dembora batean f- oguzten bide zuten, oc-izkuntzako beste izkelkietan orain ere egiten den bezala. Edo biarnesean berezkuntza egiten dute heit = participio pasado eta feit = substantivoen artean (aski sakonki ez dakit biarnesa puntu ortan gainene nik erabakitzekotz); edo bestela biarnesaz besteko izkelki batetik artua dugu (???; naiz itz gutxi batzu languedocien edo limosinetik euskeraratu izan diren: ala nola jai = pesta; baiñan trobadoreen bitartez noski).

        «Lhandek konfusio bat egiten bide du bere iztegian «FEIT N. = jugement, état normal» ematen duenean. Ba da benafarreraz beste itz bat: fleit, nik izkuntza (expression) onetan baizik ezagutzen ez dudana: «ez naiz fleitean» = «ez naiz ondo, ez naiz (zerbait egiteko) egoeran edo estatuan» (Zuberoeraz «ez niz trempían» esango genduke). Itz ori ere Aita Lhandek bere iztegian dakar: «veine, bonne disposition» itzulirik. Ez dakit nondik datorren fleit itz ori; bainan, fl- orren gatik erromantze batetik artua dela ageri da. Itauntzen didazu nolaz «jugement» frantsesez «état normal» izan ditekean; jakin bear duzu frantsesez «jugement» ez dela «epaiketa» bakarrik, bainan bai «zentzu ona, ezagutza ona» ere. Orrengatik du Lhandek orrela itzuli; bainan definizio ori fleit itzari obeki dagokio feit itzari baiño».

 

        V

        «Igorri elkherazlia, sabre handiareki». Itzez-itz onela litzake: «Bialdu atera-azlea sable aundiarekin». Nik, ordea, libre xamar itzuli dut. Bertso au jatorrizkoari lotuago eman nai lezanak, naiz-ta gogortxoago, onela egin lezake: «Aterazlea bialdu bere ezpata ta guzi».

 

        VI

        «Afruntia», afrenta, librexamar itzuli dut, ots, «apal ta lotsapean».

 

        IX

        «Günin», Etxahun'en adizkera laburtua. Berez «Günian», gure «genduen».

 

        X

        «Ideki düzü Jinkua'ri?». IDEKI ordez ez ote da IDOKI? —galdetzen nion Jon Mirande ene adiskideari—, «ideki» rekin ezpaitiot zentzurik billatzen. Izan ere, «ideki»-ri ezpaitio «ouvrir» beste zentzurik ematen Lhande'k eta «idoki», ostera, gure «kendu» bezala baita. Ontaz dio Jon Mirande'k: «ideki eta idoki bi aditzak (erro berdinetik eratorriak ordea) naasten dira Zuberoan, lekuaren araura. Esaterako nik ere «idoki» (= kendu) esango nuke emen, zuk bezala, Sorhüta eta inguruneetako usantzari jarraikiz (au baita nik tradizioz dakidan euskara bakarra, besteak irakurtzez bakarrik baititut geienik ikusi), eta «ideki» enetzako zuen «iriki» da (guti erabiltzen dugu ala ere, «zabaltü» naiago dugu esan). Bainan ba dakust goian aipatutako Larrasketen iztegian: «ideki: extraire, enlever». (Nik iztegi au ez nuen eskuartean euki ahal izan Mirande'ri karta egitean. Gero, ordea, konprobatu ahal izan dut ene adiskide Zuberotarrak diona.)

        «Arrolatü», «avoir des retations», Lhande'k dionez. Alegia, Jaungoikoa'k, gizondurik, pobreekin izan zuela artuemanik geiena edo pobreengana urbiltzen zela maizenik.

 

        XI

        Jon Mirande jaunari galdera au egiten nion: Laugarrren bertsoko lendabiziko hemistikioak onela dio: «Gü taula petan girateke». «Taula» gure «ola» da, gaztelarren «tabla» edo frantsesen planche. Baiñan ene ustez Etxalaun'ek emen «tablado» edo frantsesen «estrade» aditzera eman nai du emen. Ontaz dio gure adiskideak: «Bai, taula, tabula latinetik, guretzako zuen ola = planche da (ez ote da obe ol, -a-rik gabe? ezen zuberoaeraz ere ba dugu itza ohol = «bardeau» frants., au da, etxeak estaltzeko tablatxoak, zurezko tellak; ez dakit orko erdaraz nola esaten dan). Bestalde, taulak pluralean «tablado» esan nai duela egia da, zuk uste izan bezala; alaz ere ez da Etxahunen esakuntzaren zentzuan oso garbi ageri; nik ere uste dut Etxahunek emen pastoral edo edozein antzerki-ikusliarren lekuekin komparazio bat egiten duela: pagatu aal zezaketentzat «taulak eraikitze» zituzten, ots estrado bat jasotzen zuten, obeto ikusi dezaten gatik; txiroak berriz lurrean bertan egoten ziran, aal zuten bezala so eginez, bainan pagatu gabe.

        GIRATEKE aditz jokoaz galdera au egiten nion: Eztut arkitu ahal izan Campion'en Gramatika'n. Orra, onek dakarzkien joka-erak: Nizate, zirate, date, GIRATE, zirateye, dirate. Erortzen girate = nosotros caeremos. Girate au eta Etxahunen girateke berdiñak al-dira edo matiz bereizia daukate biok?

        «Lendabizi jakin bear dezu —dio galdera oni erantzunaz Jon Mirande'k—, -ke-dun formek euskera komunean potentziala adierazten ba dute ere, oraingo zuberoeran beintzat geien-geienenean futurum adi erazten dutela; eta allocutivo ez diren formetan (au da, ez itanokan, ezta zukan baiñan idaztean eta askorekin mintzatzean, ala nola apaizek prediku egitean, erabiltzen ditugunak) -teke-ren ordez askotan -te soilki esaten dugu. Orrela girate edo girateke; tokan gütükek; nokan gütüken; zukan gütükezü, = izango gera».

 

        XII

        Ahapaldi onen zentzua zuzen ala oker jaso ote nuen galdetzen nion Zuberotar Maixuari eta ona bere erantzuna: «Ahapaldi ontako irugarren neurtitzaren esanaia enetzako (eta ene aitarentzako) ere ez da oso garbi ageri; zuk bezala pentsatzen dut koblariak esan nai izan duela Barkoxeko neskatxek, pastoral bat emanaz «pekatu» egin dutelako, bearko dituztela oski-zolak gastatu berriz eta berriz apaizarengana absoluzio eskatzera joanaz.

 

        XIII

        Ahapaldi oni ezin nizaiokean zentzurik ar, bigarren neurtitzeko «düke» (izango du) aditz-jokotzat artzen bainuen. Espejismu ontaz ona zer dion gure Maixuak: «Aitor dut ahapaldi onek oso illun ematen duela lenen begiradan... eta ene aitak ere ez zuen tutik ulertzen. Oso argi gelditzen da ordea «düke» eta «alhaba»-ren artean tillet bat (guión) ipintzen baldin ba duzu: düke ez da ukan aditzaren forma, emen, baizik aundiki titulua (duque) «aktriz aiek izan balira duke-alabak» apaiz aundikizalea ez zitzaien asarretuko, pastoral bat emanikan ere... Beraz, ez dago ahapaldi orretan batere lizunkeriarik (gauza arradoa ba da ere Zuberotar baten gandikl...).

        ZIRATIN, aditz-jokoa Larrasketa'k onela itzultzen du: «ziratekian - izanen zirezken». Nik, ordea, Campion'en aditz-formetan ez nuen «ziratekian» arkitzen, «ziratekien» baizik eta onela galdetzen nion ene adiskideari: Gipuzkerak eztu «ziratekian» en kideko jokorik (ellos hubieran) eta «izango zirakean» (orain «izango ziran» geiago esaten da) ots, «ellos habrían sido» itzuli bearko litzake. Campión'en jokaldia berriz onela da: Nintzatekian, zinatekian, zatekian, gintzatekian, ziratekiEn, ziratekiEn eta gazteleraz «yo hubiera» itzultzen du. Erori nintzatekian = yo hubiera caído. Nire galdera au da: Bi tankerak al dira zillegi ala bat bakarra? ZiratekiAn ala ziratekiEn?

        Ona Jon Mirande'ren erantzuna: «Alaber ziratin —dio girate-girateke'kin eta euren alokutivoekin paralelismu bat egiñaz- (ziratían leenago, eta orain Basaburu'ko toki zenbaitetan) edo ziratekin (ziratekían); tokan gütükiá, nokan gutukuñá; zukan gutukézun = «izango giñan». Campiónen «ziratekiEn» erratum bat da noski; edo bestela Benafarroako forma bat, zuberotartzat emana.

 

        XIV

        Irugarren neurtitzeko LIRATIN, Larrasketa'k onela itzultzen du: liratekian, litezken. Aditz au Campión'en condicional presente saillekoa dugu, noski, ots: Nintzate, zinate, lizate, ginate, zinateye, LIRATE (Mirande'k zuzen dionez errelativoan erabillirik). Ni erorten nintzate = yo eayera. Gure adiskide Zuberotarra onela mintzo zaigu: «Liráteke edo liráte; tokan lütükek; nokan lütüken; zukan lütükézü = lirake. Eta relativoan, Etxahun'en neurtitzean bezala, liratín (liratían) edo liratekín (liratekían). Relativoan ez ditugu guk, ez eta Lapurtarrek edo Benafarrek ere, forma alocutivoak usatzen; bakarrik baiezko edo ezezko esaeretan erabiltzen ditugu; ona etsemplu batzu: norbaitekin itanokan ari naiz eta esango diot: «Alako, gizon gaixtua dük»; «Alako, eztük gizon huna»; bainan: «Zer da Alako»? «Alako, gizon huna othe da»? «Alako, gizon gaixtua dela ba dakiat»; «Alako hori den bezain apho (sapo = oso gaixtua) gizon güti dük»; e. a. Leenago eztabaida bat izan genduen biok puntu ortaz. Nik esaten nizun nere ustez alderdi ontako euskaldunak zuek baino zuzenkiago mintzatzen ginela, ortan beintzat; eta zuk erantzun zenidan oraingo giputzek, kaletarrek eta baserritarrek, forma allocutivoak beste gertarietan ere usatzen zenituztela, ez bakarrik baiezko edo ezezko adizkeretan. Arrazoi dukezu ortan; alaz ere, geroztik gipuzkerazko textu zaarrak artaz irakurri ditut, puntu orri kontu emanaz, eta konturatu naiz lenago zuen aurkitzan ere guk bezalaxe berezkunntza egiten zenutela alokutivo eta alokutivo ez diren forma artean». Oneraiño gure adiskide Zuberotarra. Lerro oietatik, ordea, aditzera eman nai nioke ene adiskide onari, nire ustez, aldi artan ez niola auzirik jarri gai ortan; alegia, berak Bidaso'z andiko euskaldunen artean obserbatutako legea gure artean kunplitzen etzanik, ez dut uste esan nionik, baizik eta ni ez nintzela lege orren kunplimentuan oartu eta oraindik ere ez dut segurantzirik, baserritarrekin eta erri txipietako euskaldunekin mintzatzeko aukera aundirik ezpaitut izaten eta izatean ez naiz gogoratu obserbatzea.

        Laugarren neurtitzean, «Musde Merzi» ren ordez «Alkate Jaun» ipiñi dut. Jaun onen nortasunak ezpaitu gaur ezaumenik ezta Zuberoa'n ere eta izen joana denez bertsoak asko galtzen du. Seguru aski, erriko alkatea, ziñegotzia edo bestelako jaun aundikiren bat izango zen. Jon Mirande'k ere deus eztaki, baiñan nik bezala pentsatzen du. Onetxegatik, bertsoa pipertu bearrez, «Alkate Jaun» ezarri dugu.

 

        XV

        MENDEKUS, «vindicatif, plus usité que mendekazale dans son emploi d'adjetij», dio Larrasketa'k bere iztegian.

        Alabaiña, Lhande'k eztakar berean tankera ontan, MENDEKIUS baizik eta baita mendekatzaille, mendekari eta mendekati.

 

        XVII

        Lenengo bertso edo neurtitzean «zinenin» aditz-jokoa gure «ziñanean» dela esan bearrik eztago. Bigarrengo «zünin» (zünian), gure «zenduen». «Düntzera» gure «jabetzera», Larrasketa'k dionez «düntü, düntze = devenir possesseur de ...». Jon Mirande'k dionez, «Düntu» aditza forma oso errikoia da Zuberoa'n, «jabetü» bezain errez ulertzen duguna. Itz berri oso palita, gainera, ez zaizu iduri? Zuzen eta egokia ere bai, «zendu» askok erabiltzen dutenaz geroz. Aita Xabañoren gandik ikasi nuen «dendu» forma ere euskal idazle batek (ez zan gogoratzen nor zen) erabili duela «irazan» (crear) adierazteko: Jainkoak mundua DENDU zuela...

        Irugarren neurtitzean GINANDIN aditz-joko bitxia ageri zaigu. Ontaz dio Mirande'k: «ginandin (eta zinandin, in MUSDE TIRAZ, IV) pentsatu duzun araura «ziñan», «giñan» dira. Ala uste dut beintzat, ez baitira oik Sorhütan eta Garindanen erabiltzen diren formak —guk ginen edo ginaden, zinen edo zinaden, esaten dugu— Barkoxeko aurkientzakoak izango bide dira».

        «DIKEZUGU»z esaten nion: ezagun du «dükegü»ren forma alocutiva dela. Gurean, izango dizugu (= izango dugu), te habremos, te tendremos. Mirande'k gaiñeratzen du: «dikezügü zukako forma alokutivoa da: düket = izango dut; tokan dikiát; nokan dikiánt edo dikiñát; zukan dikézüt. Pluralean: dükegü - «izango dugu»; tokan dikiágü; nokan dikiángü edo dikiñágii, zukan dikezügü.

        ZIRATIANIN atzizkidun aditz-jokoari buruz onela galdetzen nion: Nizate, ZIRATE, date, girate, zirateye, dirate, saillekoa al-da? Campión'ek «futuro presente» esaten dio eta onela du itzultzen: «Ni erortzen nizate» = yo caeré. Baiñan, ala ba'litz, ZIRATENIN esango zukean Etxahun'ek. Nundik du sortze, orduan, «ziratiAnin» ek. bere «A» orrekin? Orra, Zuberotar adiskidearen erantzuna:

        «Ziratianin: zirate-tik dator, -anean aditz-atzizkia erantsirik (een gure euskalkian atzizkia -anean da, ez -nean soillik, kontsonante (düt - düdani(a)n) eta vokal baten atzean ere: orrela zirate = «izango zera» eta ziratianian edo ziratianin edo ziratinin —- «izango zeranean» (edo bestela, -ke atzizkia gordez: ziráteke, ziratekianían, ziratekianín, ziratekinín».

 

        XVIII

        Ahapaldi onen azken neurtitzaren bigarren hemistikioa libre xamar itzuli dut, puntuaren biribiltasunari begiraturik. Alabaiña, errima asonanteaz baliaturik, Etxahun'en esanari urbil-urbilletik jarrai gatzaizkioke. Onela:

                «Eztugu negar egingo, azken joanei bezala.»

        Itzulpen au, ordea, ez dut begiko.

 

        XIX

Manex. Joanes, Ioane, Ioan izena da Laphurdi'n eta Benaparroa'n. Zuberotarrek «Johañe» esaten diote izen berberari.

        Ioanes izena, done-izenetan zabalduena delako eta batez ere izan delako —Erdi-Garaiko agiriak aztertu besterik eztago ontaz jabezeko—, Zuberotarrek, ainbeste «Manex» somaturik beren errialdez kanpo, izen au erantsi zioten Laphurtarrei eta Benaparrei. Lhande'k zabaltasun aundiagoa ematen dio «Manex» itzari, «tout basque non souletin», baitio bere iztegian. Baiñan, zalantza egiten dut, gure Zuberotar anaia maiteak Auñamendi'z egoaldeko euskaldunok «Manex» izenarekin ezagutzen gaitutenik. Alaber dio Lhande'k : «dialecte basque autre que le souletin. Manexez mintzo düzü, il parle bas-navarrais». Etsenplu ontan ematen digula uste dut Lhande'k «Manex» itzaren itzulpenik zuzenena, auzo urbillari geiago begiratzen baitzaio beti urritikoari (Laphurdi kasu ontan) baiño. Larrasketa'k, ene ustez, obeto mugatzen du izen onen esangura: «Manex, Jean, prénom d'homme, en B. Navarrais et en Labourdin. Les Souletins les ont baptisés de ce nom, qui leur paraissait bizarre» (Zuberotarrek izen au erantxi die, arraru iruditzen baitzitzaien).

        EZKINIUA aditz-jokoa eztago batere xare guretzat. Niri «ez al-genduke» iruditu zitzaidan, baiñan oker ikusi nuen. Zuberotar Maixuak onela argitu zidan: «Ezkiniua» = «ez ingiro + a galdekizunekoa». Zuberoan -iro- aditz formak usatzen ditugu geienetan, -ezake- formen ordez. Eta -iro- forma oriek ez dute -ke baldintza-atzizkiaren bearrik. Beraz ezkiniua = ez al-genezake.

        LIZATEKIN: Aditz-joko oni buruz ere ene ustearen sendotzea nai izan nuen eta orra Mirande jaunak diona: «ongi ikusi duzun bezala, aditz forma hau lizateke + an relativuaren atzizkia da (hemen ere -ke atzizkia ez da preminazkoa, eta lizate, lizatin ere esan diteke, naiz aditz horrekin -ke-dun formak relativuan komunago izan, ene familian usatzen dugun euskaran beintzat)».

        Azkeneko bi neurtitzak askartu -pluraliatu- egin bear izan ditut, beroien puntuak bi lendabizikoekin bat egin zezaten.

 

 

Musde Tiraz

 

                    I

Musde Tiraz, zük enaizü

        Nahi ükhen kobesatü

Zeren tildan Barkoxe'ko

        Aphezen khantorik huntü.

Hez plañitü zirelakoz,

        Zihauk ükhenen dütüzii.

 

Musde Tiraz, zuk didazu

        Aitortza niri ukatu,

Nik baititut Barkoxe'ko

        Apaiz bertsoak paratu.

Orren kejaz zeralako,

        Orain zerorrek aditu.

 

                    II

Eskiula'n Musde Tiraz.

        Plañüz entzün tit zützaz,

Bethi ziradila galthoz,

        Arranda beitüzü eskaz

Mila lüsez eztirozü

        Urthin zure büria haz.

 

Eskiula'ko Musde Tiraz,

        Kejak entzun ditut zutzaz,

Beti zeradela eske,

        Errenta baituzu eskaz,

Milla lus urtekoz ezin

        Bearrak ase iñolaz.

 

                    III

Sei hilabete dizü egin

        Eskiula'ra zirela jin:

Gerozti sei barrika ardü

        Edan tüzü ordenari,

Beste sei ükhen ba'züntü,

        Bardín edan beitzuntükin.

 

Sei illabete ba-dira

        Apaiz zaudela Eskiula'n,

Geroztik sei barrika ardo

        Edan dituzu segidan,

Beste sei izan ba'zenitu,

        Denak ustuko abaillan.

 

                    IV

Omize'n egon zinandin,

        Mila lüs ttipi bateki.

Bena Eskiula'en behar düzü

        Zamaria ere hazi:

Beste mila lüs herriari

        Behar tüzü emanerazi.

 

Omize'n egon ziñan len

        Milla lusekin egoki,

Baiñan Eskiula'n zuk bear

        Zaldi bat ere eduki:

Beste milla tus bearko

        Erriak eman zintzoki.

 

                    V

Eskiulatarrak, kuntzebi

        Musde Tiraz dela handi!

Satifatzeko behar dila

        Mila lüs emendü hori.

Zeren kapita zakia

        Largatzen zahartziari!

 

Musde Tiraz dela aundi

        Eskiulatarrak sinetsil

Ase dadin bear baitu

        Milla lus geiagoz bizi,

Zartzearekin baitzaio

        Sabela gogotik azi!

 

                    VI

Musde Tiraz'en Jinkua

        Thipiñan handi kozina;

Hareki Ama Birjina

        Ollaki salda gizena;

Eta haietarik landa

        Ardu eta likür huna.

 

Musde Tiraz'en Jainkoa

        «Eltzeko» eder guria;

Arentzat Ama Birjiña

        Oillaki salda lodia,

Eta oezaz gaiñera

        Ardo eta likoria.

 

                    VII

Musde Tiraz behar düzü

        Bikaritto bat galthatü.

Hari lan eragin eta

        Zihaurek untsa phausatü.

Zeren lanik egitia

        Partida handia düzü.

 

Musde Tiraz bear duzu

        Bikariotxo bat eskatu,

Ari lan eragin eta

Zerorrek deskantsu artu,

        Lan egite orrek, noski,

Alderdi onik ezpaitu.

 

                    VIII

Sarrantze'ko aphez saintik

        Dira zü bezañ jakintsik:

Hek emanik amust oroz

        Jesüs errezebitzen dit:

        Egün oroz jun ba'nendi,

Ukheitek'esparantxa dit.

 

Sarrantze'ko jaun apaizak

        Dira jakintsuak guztiz;

Aien eskuz bi astero

        Jesus artzen dut egarriz,

Alatsu artuko nuke

        Egunero joango ba'nintz.

 

                    IX

Eskiula'n Musde Tiraz,

        Barkoxe'n Musde Zenmartzo,

Hurak biak perfeit dira,

        Bai herri aizuentako;

Bena Jinkuk lagün bitza

        Hoiek, nik maitha artino.

 

Eskiula'n Musde Tiraz,

        Musde Zenmartzo Barkoxe'n,

Oiek biak onak dira

        Aparte egon ditezen;

Baiñan, naiko lan izango

        Nik oiek iñoiz maitatzen.

 

        I

        «TUDAN», onezkero aditz-joko laburtu onekin ezautasunak egiñik gaude eta ba-dakigu «ditudan»i dagokiola.

        «Plañüz», kejaz itzulia bearrean, kejak erabilli dut, egokiago gelditzen delakoan.

        Bigarren bertsoan ere «entzün TIT» ageri zaigu. «Tit» ori «ditit»en laburpena dela eztago dudarik eta Larrasketa'k «ditut» en berdintzat jotzen du. Alabaiña «ditit» eta «ditüt» en artean alderik ote dagoen azkureak zirikatzen ninduen eta oi bezala Jon Mirande'rengana jo nuen. «Bai», «tit» ori «ditit»en laburtzapena da. Ona darabilzkigun formak:

        1.— «Alocutivo» ez diren adizkerak: sin. düt; plur. (dü) tüt.

        2.— Forma alokutivoak (au da itanoka eta zuka): sing. diat, gizon bati; diant edo diñat, emakume bati; DIT edo dizüt, zuka ari gatzaizkion bati. Plur.: (di)tiat; (di)tiant edo (di)tiñat; (DI)TIT edo (di)tizüt.

        Sorhütan, Garindainen (eta nik uste, toki geienetan, orain bederen) diant, tiant, DIT, TIT, erabiltzen dugu, ez diñat, tiñat, dizüt, tizüt. Bainan kantuetan auiek ere aurkitzen dira erruz.

        ARRANDA, gurean «errenta».

        LUS, Lhande'k «écu, louis». Eskudu edo Luis izenekiko txanpon auen balioa ezta erreza neurtzen. «Mila lüs = trois mille francs», dio Larrasketa'k. Ots, libera zaharrak eta 1946'garren urtekoak.

        EZTIROZU, gure «eztezakezu»ren senide da, -IRO- aditz-gunak ezpaitu eskatzen -KE atzizki ahalkorra, -EZA-k bezala.

 

        III

        «Edan tüzü ordenari», edan dituzu eskuarki, komunki, korriente. Ordenari, habituel, ordinaire, itzultzen du Lhande'k.

        «Ba'züntü» = Ba'zenitu,

        «Edan beitzuntükin», gipuzkeraturik «edango baitzenituzkean» esango genduke, aditz-tankera berdiñaren faltan. Campión'ek, «pasado remoto» izenarekin jasotzen ditu tankera ontako aditz-jokoak. Ots, «Nik ikhusi nütükian, ZUNTUKIAN, zütükian... = yo los hubiera visto». Etxahun'ek, oi bezala, -IAN'en ordez -IN egiten du. Gipuzkerak, esan bezala, eztu aditz-joko auen kiderik eta «futuro remoto» delakoaz baliatu bearko genduke nolabait itzultzeko, ots, nik ikusiko nituzkean, zenituzkean, zituzkean... yo los habría visto.

        Jon Mirande'k zalantza egiten du aditz-jokera au ongi erabilli ote duen Etxahun'ek. Ona bere itzak: «Ene uste apalez (Arruek esan oi duenez...), azken bertsoa -«edan beitzüntükin»- zuzenago izango zen Etxahunek «edanen beitzüntin» esan ba'lu. Ene euskalkian usantza olaxe da beintzat. Ezen «edan beitzüntükin» ez da «irreal»-a; esan nai du «bearbada edan dituzu, bearbada ez dituzu edan, nik ez dakit». Bainan «beste sei ükhen ba züntü» irreala da; Etxahun'ek argi aski adierazten du Musde Tiraz'ek ez zituela beste sei barrika oriek izan. Etxahun aundiak izkuntz uts bat egin ote du? Naiago dut uste izan Barkoxe'ko usantza gramatika puntu orri dagokionaz gureaz bestela dela».

 

        IV

        Ahapaldi ontako «zinandin» gure «ziñan» dela jakinerazi dugu «Barkoxe'ko eliza» deritzaneko XVIVgarren azalkeran.

 

        V

        Susmoa nuenez eta Jon Mirande jaunak sendotzen didanez, irugarren neurtitzeko «behar dila —Zuberotar adiskidea ari zaigu izketan— dü-tik dator, ots dü + ala atzizkia (gure euskalkian ala baita, ta ez ela: niz - nizala; alaber erlativuko atzizkia an da, ez en). Beraz dü + ala - diala, ta azken forma au, diptongoa ezeztaturik, dila. «Diala» oraindik bizi da Basa Buruko toki zenbaitetan; bainan an ere diptongo gabetutako formak eremu artzen ari dira.

        EMENDU, Lhande'k eztakar tankera ontan, «mendio» baizik, augmentation, supplément. EMENDATU = augmenter. Larrasketa'k, ostera, bai, «surcroit» (aumento) eta «supplément» itzulpenez.

        «KAPITA ZAKIA» (Kalamu zakua). Larrasketa'k dio: «la panse, apparemment; «la chemise», d'aprés le R. P. Lhande, interprétation plausible, mais moins conforme au style d'Etchaun. Ots, sabela, iduri gixa arturik; «alkandora», Aita Lhande agurgarriak dionez; ditekeana, baiñan, Etxahun'en tankerari nekezago egokitzen zaiona. «Kapita» onela itzultzen du Lhande'k: chanvre grossier (cáñamo basto, ordinario) edo grosse etoupe, estopa ordinaria.

        «Largatu», frantzeseko «large» (ancho) itzetik artua dago, nunbait, infinitivuan «élargir» (ensanchar, extender) esaten baita. Irakurleak igarriko zionez, libre xamar itzuli dugu ahapaldi au guzia.

 

        VI

        THIPIÑA. Etxahun'ek berekiko -A'rekin ematen digu, bestela «thipiñean» idatziko baitzukean eta ez «thipiña»n. Baita Larrasketa'k ere bere iztegian. Lhande'k, ordea, «thipin» eta beronen aldakuntza bezala «dupin». «Marmite (olla), gros pot (olla) de fer ou de terre», itzultzen du Lhande'k eta Larrasketa'k alatsu.

        KOZINA. Larrasketa'k, oarrean, «le pot-au-feu» (eltzekoa), la viande cuite dans la marmite», ots, eltzean egositako aragia. Lhande'k, ordea, beste bi zentzu ematen dizkio: «potage de légumes et herbages», ots Laphurdi aldean ain ezaguna den «eltzekaria» eta «ordinaire d'une maison», au da, eguneroko bazkari arrunta.

 

        VII

        PARTIDA. Larrasketa'k oarpean «ennemi» itzultzen du eta iztegian adigarri au osatzen du: «gizun horrek lana partida dizu», cet homme-là a le travail comme ennemi. Lhande'k berdin itzultzen du: «Muthiko horrek lana du partida», l'ennemi de ce garçon, c'est le travail.

 

        VIII

        Irugarren bertsoko «amust oroz», gure «amabostero».

        «Jesüs errezebitzen dit», errezebitzen dizut edo dut. Alokutivo tankeran mintzaturik.

 

        IX

        PERFEIT. Larrasketa'k oin-oarrean dio: «En Souletin, on dit perfeit, sans l'article pour l'adjectif attribut. En labourdin et en bas-navarrais, il faudrait perfeitak». Irakurleak igarriko zionez, esangura «perfecto» da.

        «Herri aizuentako», emen ere joskera trukatua darabil Etxahun'ek, baiñan, bearbada eztago bortxatua «handi eta eder bastiza» bezala, erriak naturalki onar baitezake aldaketa ori.

 

(1) Jon Mirande jaunari ene uste au sendotzeko eskatzen nion, ezpai'nuen argi ikusten -iro- aditz-gunak -ke atzizkia onart zezakeanik. Orra, bere atsegiñazko erantzuna: «Bai, ezpeiti(r)o eta ezpeiti(r)oke (au da, zuen dezake) biak erabiltzen ditugu; -iro- aditz-formak ez dutela -ke atzizkiaren bearrik egia da; bainan horrek ez du esan nai ez dutela delako atzizkia onartzen, naiz -ke gabeko formak komunago izan».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.