| 
 
 
Udazkenekoa
 
 
 
Muniategi'tar Sabin
 
 
 
            I
 
Udazken alaz
 
negar ulu, intziriz
 
zugatzetatik eroriz
 
osto bakanetan,
 
azken arnasaz
 
aizearekin burruka
 
ai! ene arima!
 
Bizia dator lurrera
 
aize boladatan
 
eriotz ikaraz.
 
 
 
Eta, beeraka, iauziz
 
batzuk, lokatz artean
 
eortzi dira betikoz;
 
beste batzuk ostera
 
ontzitxoak bezela
 
ur gañean duaz poz,
 
itxasora bidean
 
azkonengo aldiz
 
agurka, biziari.
 
 
 
            II
 
Eta, zugatzak-zugatz (orri gabe)
 
goitik berañoko itun, naigabez,
 
larru gorrian dauden tantaietan
 
eriodun pentsamentu ikarati
 
eta, mingarrienakin iantzi dira
 
kabi utsezko adar billutsetan,
 
eskuak luzatuz arrenka, otoitzez;
 
begiak zeruratuz irauntza eske,
 
lañoa ezin urratuz, argibera
 
eguzkimin... bitarterik bitarte!
 
 
 
Ta, adarrez gora, bildur-miñetan
 
aize gogor ta, ekaitzaren menpe,
 
bizimiñezko arnas-ots-betean
 
ai! ze estutasunez ta, ze larri,
 
benetan minbera aukat bai, lorrez
 
itoinka, igesiz duakidan bizi...
 
ai! ze negarbide gogo-gaueratze!:
 
egun otzaren oñaze, beltzuran
 
eriobera ta, tximista bildurrez
 
buruauste gerokorretan nabilte.
 
 
 
            III
 
Alere... sustarrak bere egonean,
 
Negu beltzari arpegi emanaz
 
ta, lurrera biotz-muiñak sakonduz
 
zugatzak, bizimin, itxaropenez...
 
beti itxaropenez! Ederberaz,
 
deika daude, begiak iturrituz
 
gau luzearen etorri illunean
 
biziari deika, lenaren sor-bidez.
 
 
 
«Nun ote diran betiko estaldu
 
ainbeste lilluradun gauza bakan;
 
nun ote diran illargi eta izar,
 
ainbeste iturriño, emai garbi,
 
odolaren oinkada ta, eskuarte;
 
nun diran sar ta, betiko illundu
 
ainbeste goiz-gora, egada-laztan
 
ozkarbi sakonaren irriparre!»
 
 
 
Ai! Biotz! Nora itzul, nora iges,
 
nun galdu ote zaigu zidar-urrez
 
ahapaldi gozo, ederrenetan
 
zeruratzen zan doñu eta, abots;
 
nun ote dira il, ta, betikotu,
 
elkar-bidezko gorakuntza eme
 
nun, ainbeste biotz-eskuren anots
 
eta, egunik egunerako ederpe?
 
 
 
Bizitza aril, atzeraka biziz
 
atzeraka eio eta, gogoratuz,
 
Lenaren sua dabil bai, bizigarri,
 
ioandako zabalune, alaitsuetan
 
txoriakin lagun aidean aide,
 
abesti xamur, egobide eztiz
 
maitasunezko iturriz-iturri,
 
oroipen zar ta, biotzenak berrituz.
 
 
 
Ta, Aldi'ren ontzian betikari
 
beltzuraz datozten gogai, ametsez...
 
Ibilliz dabiltz Eguzki ta Illargi,
 
ta, ibilliz dua bai, gure bizia
 
beeratze betean, laño, orbelez...
 
ibai ertzetan unerik unera
 
erantziz... biotz ta, arima guztia...
 
ai! nai eta, nai-ezko beera bearrez!
 
 
 
              
             |