Barne-oiuak
Joxe Azurmendi
1) Biar
Eta urak, ur berdeak itxasoa bezala,
eta urak, ur aundiak itxasoa bezala,
urak itxasoa bezala
bete-beteko du askatasunak oparo
euskal lurraldea.
2) Esaidazute
Zer den galdetzen dut lana,
zer den justizia, esperantza,
maitasuna. Zer diren gizonak.
Zer den aide argia, zer den
ogia, lur landu biguna,
aurren eriotza, esaidazute zer diren.
Galdetzen dizuet guztioi
zer den pobreen kulpa
iñoiz iñork barkatu nai ez duena.
Belaunbikaturik
dizuet galdetzen guztioi,
arren, esan zaidazutela noiz
argituko duen egun berriaren goiza.
Esaidazutela zer den zerbait,
zer den edozer gauza, esaidazutela.
Gezurrak ta diruak
kutsatu gabeko zerbait zet den.
3) Gabez
Nekatuta nago!
Nekaturik irixten naiz beti gabaren atera
ta zin egiten dut ez sekula geiago
afan alferretan lerregiteko.
Ta goizero argiarekin asten naiz atzera,
berriz billa ta billa, esperantza zoro batez.
Zeiñek aterako lidakean biotzetik
maitasunaren sustrai orpoa!
Zeiñek emango lidakean
presondegi urte batzuen atsedena!
Edo eriotza.
4) Eskuak
Argia debekatu zaigu.
Poza, itxaropena
ta argia debekatu.
Pobreak gera-ta...
Arratsaldeak euri egiten du
euskal mendi saietsetan.
Pobreak gera-ta
ez dago aterperik guretzat,
debekatu zaigu.
Askatasuna debekatu zaigu
kostako aize leunak
alamerako neskatxen illea,
ikurrin moduan,
askatzen duelarik.
Amar dirade mandamentuak
ta amaika bai
pobrearen naigabeak.
Debekatu zaigu
gizon izatea.
5) Kate
Kate onek lotzen nau,
kate onek nau iltzen,
kate onen gogorrak
nau ederragotzen.
Kate onen erpetan
bizitza bizitzen,
deabruzko fede au
luzaro sofritzen.
Eztarrian kantua
kate zakar onek
dit gabez itotzen.
Katean loturik
bizitzaren gabean
urruntzen joan ala
Rembrandt-en illun-argiz
pintatzen zaidala
nire zortearen
imajina zitala
itxaso barearen ertzetan.
Kate mingarri onek
nau ederragotzen.
Nau gizon biurtzen.
6) Desterrua bide
Nire ariman desterrura
begi apalez nentorren.
Betidaniko bidea
luzea da,
luzea, bai, eta aldatza
eriotzeraiño.
Itxaso, ibar eta mendi,
naiz gau ilun naiz eguzki,
kalbario gora
nintzaden ibili.
7) Zu baiño ederrago?
Zu baiño ederrago?
Aingeru bat.
Aingeru bat?
Zu baiño ederrago
zeu bakarrik,
triste ta
begira begira,
amodio eske.
8) Langilleak
Au diagu
pobrearen jakitea:
lanegin, lanegin,
lanegin ta iltzea.
|