| 
 
 
Zerbait irakurri nuen
 
 
 
G. Aresti
 
 
 
Hugo Bettik etxea uraren gainean
 
Ai zer ustelkeria jauregi barnean
 
Bideak okertuko dirade trenean
 
Ahuntzak ur artean galtzen direnean
 
        Nire izenean
 
        Nahi duzunean
 
        Eguaztenean
 
        Neskanegunean
 
Konprenituko nauzu egun azkenean.
 
 
 
Inor gertatzen bada munduan poeta
 
Hori izanen duzu Edgardo Poe ta
 
Upel lodi batean sarturik kopeta
 
Erroi zorrotz batekin egin du hizketa
 
        Urratu zapeta
 
        Egin zuen eta
 
        Moztu ganibeta
 
        Ze marioneta
 
Musekin ibiltzeko nai zuen pareta.
 
 
 
Errosalia Castrok enamoratua
 
Bere buruarekin egin du tratua
 
Higuinduko duela eremu ingratua
 
Madrileko doanatik han ateratua
 
        Padroneratua
 
        Justizi hartua
 
        Ez bateratua
 
        Ez separatua
 
Europatasunaren ate zarratua
 
 
 
Argizagizko gizon supergaindikoa
 
Burlatzearen aita apostolikoa
 
Puritanotasuna akedemikoa
 
Napoleontasunen gizon herrikoa
 
        Hori betikoa
 
        Ez britanikoa
 
        Bai atlantikoa
 
        Ken hai hortik hoa
 
Zur begira dago gure mutikoa.
 
 
 
Papinik oso bista laburra daduka
 
Argi bizien kontra egin du burruka
 
Satorrak ezin duke eguzkirik buka
 
Naiz eta litzakeen haren brintzak uka
 
        Iluna musuka
 
        Eginen du truka
 
        Haurrik ez eduka
 
        Esku baleduka
 
Zarratuko lituzke eskolak oihuka.
 
 
 
Franz Kafkak gazteluan ba zuen meritu
 
Enplego txar batean zelako metitu
 
Peredako tunelak mila metro ditu
 
Zentimetro bederan etsai bat aurkitu
 
        Kableak finitu
 
        Jaberekin kitu
 
        Zero infinitu
 
        Ez dut konprenitu
 
Maraiaren nikelak miloi bat ardit du.
 
 
 
Josepe Asuntziok tiroa botarik
 
Beste mundu batean ez du gloriarik
 
Hemen ez zuen euki deus galantziarik
 
Egia ez zuela ezein galerarik
 
        Kanpora aterarik
 
        Ez dauka lotsarik
 
        Ez dakusa Marik
 
        Harengan penarik
 
Zeruan ez delako galtzen poetarik.
 
 
 
Joane Paulo Sartre antiojoduna
 
Bere benturagatik ez da euskalduna
 
Horregatikan hura ez da fededuna
 
Esku zikinak ditu arima astuna
 
        Hori da fortuna
 
        Guk dadukaguna
 
        Gogorra beruna
 
        Burnia beruna
 
Ardura haundia da esaten diguna.
 
 
 
Salinisek ezautu digu bere zorra
 
Gure mintzoarekin dagikun izorra
 
Arrazoi guztietan izan da gogorra
 
Maitasuna beretzat izan da oporra
 
        Pasio doilarra
 
        Hori zer atorra
 
        Mailua ta porra
 
        Itsu eta gorra
 
Arroda gaberikan ez dabil motorra.
 
 
 
William Faulknerrek dauka konterri aparta
 
Alabama-aldean lurralde galanta
 
Dominazio hartan ez ezeren falta
 
Interpretatzen daki negroaren kanta
 
        Indioen planta
 
        Blankoaren kasta
 
        Dadin adelanta
 
        Infernutik salta
 
Irakurtzen ez daki gurasoen karta.
 
 
 
Erdi zen euskotarra Gabriela Mistral
 
Erderaz eskribitzen ez zen hori makal
 
Gaztelani txarrari hartu dio itzal
 
Andre artean izan zen hura jeneral
 
        Abogadu fiskal
 
        Apezpiku legal
 
        Ez du higuin ahal
 
        Arima sendoal
 
Baina bularra berriz flako urri argal.
 
 
 
Hernandezek tximista dauka bihotzean
 
Bero haundia dauka abendu hotzean
 
Bere fortuna zaio botako zotzean
 
Gordetzen da bizia haren hilotzean
 
        Bere gorputzean
 
        Eta gurutzean
 
        Manera motzean
 
        Garbia funtsean
 
Haren oroitzapena dator huntzean.
 
 
 
Rainer Maria Rilkek irakurtzen ditu
 
Bere bertsoak nola esanen balitu
 
Jainkoaren gloriak haren espiritu
 
Zabala ez da mundu honetan finitu
 
        Hortik dut aurkitu
 
        Gizon bat horditu
 
        Zena Larraskitu
 
        Hauzoan detritu
 
Zikin batean nuen lore bat kausitu.
 
 
 
Knut Hansum haundiari ez diot barkatu
 
Nire fede sendoa baitzuen urkatu
 
Ba dakit erruz egin dudala bekatu
 
Ezer ez sinestea zaigu debekatu
 
        Ez dut nik ukatu
 
        Ezta komekatu
 
        Hor daude sei katu
 
        Zerua bukatu
 
Libertatearekin nintzen estekatu.
 
 
 
Alabatuko dugu Mikel Unamuno
 
Mundu arlote honek hortik diraueno
 
Errondan hasirikan Barrenkallerano
 
Gizon argiagorik ez dabil oraino
 
        Ze manetofono
 
        Eta telefono
 
        La tia Tula no
 
        Abel Santxez bueno
 
Errez da konfunditzen hi-to eta hi-no.
 
 
 
Ez zen jenio baina bai idazlari on
 
Nik egiten dut burla zuek hortik konpon
 
Trapezio gainean Jilberto Chesterton
 
Aste batean sortzen ditu zazpi gizon
 
        Barkatuko nion
 
        Txikotez zer dion
 
        Ederra da London
 
        Ni bizi naiz Bilbon
 
Zoritxarrez daukat beharra Klaudion.
 
 
 
Leon Caminok zeukan ahoa zikina
 
Eta blasfematzeko haundia premina
 
Erlijo-kontuan teofago fina
 
Politika-kontuan anarkiaz grina
 
        Egiaren mina
 
        Bere okarina
 
        Eta jabalina
 
        Satanek egina
 
Bertan hartuko balu petxuko anjina.
 
 
 
Pariseko gortean dago Jean Mirande
 
Goiko zeru gorenak goibeltzen dirade
 
Irtendu sentimendu bortitzaren alde
 
Zer geran zer ez geran egiten du galde
 
        Poztutzen gerade
 
        Oro da debalde
 
        Que hombre mas grande
 
        Tiene un afan de
 
Bizkaia Zuberoa junta balirade.
 
 
 
Teodor Dostoiefski Siberian dago
 
Ni berriz zoritxarrez Klaudion banago
 
Hura baino askozaz desditxatuago
 
Erori nintzen hura baino beherago
 
        Zikindu geiago
 
        Bizi gutxiago
 
        Enbiro-hordago
 
        Lausengo balago
 
Hamalau arditekin hartu nuen pago.
 
 
 
Ramon Ballek bizarra kariziatzen du
 
Falta zaion eskuak suspiriatzen du
 
Bere sorterritikan laster zen aldendu
 
Madrileko gortean gero zen ostendu
 
        Bere pentsamendu
 
        Eta sentimendu
 
        Dena egiten du
 
        Baladatik kendu
 
Ihauteri horretan zer irabazten du.
 
 
 
Federiko Garzia Granadan hil zuten
 
Ez dakigu oraindik zer atera duten
 
Haizearen negarrik ez dugu entzuten
 
Tiro doilor haiekin mututu ginduten
 
        Ez dut erantzuten
 
        Zetzaz ziharduten
 
        Parkekin iruten
 
        Eta katabuten
 
Freskura galantean ginaden etzuten.
 
 
 
Pelegrinos a Roma joaten dira oinez
 
Kristau onak badira pozik abionez
 
Poeta gallegoa Frantzisko Enriquez
 
Alta San Inazio adoratuz auspez
 
        Bizi da negarrez
 
        Esperantzarik ez
 
        Ez darabil fedez
 
        Ta bai karitatez
 
Hispanian gerade kondenatzen errez.
 
 
 
Madarikatu harek Karl Baldelario
 
Benedikatzen ditu lau esposario
 
Aitona bi zeduzkan Gabino Dario
 
Nireganako herrak ahotik dario
 
        Ezkontza kario
 
        Puta ta pario
 
        Aker tu dario
 
        Zaldun tenplario
 
Loreak gaiztotzeko hogei usario.
 
 
 
Hernandez Arjentinan txit ezagutzen da
 
Kantatu duelako gautxoaren enda
 
Panpa luze zabala Hernandezen prenda
 
Ande mendi gorea asko maitatzen da
 
        Guztirik lehen da
 
        Herriko lejenda
 
        Negarrez hasten da
 
        Kantuz bukatzen da
 
Gautxoaren moduan errez mintzatzen da,
 
 
 
Otero ta lagunak bertan danzari lo
 
Mihin-puntan ez dute hoiek ezein bilo
 
Bain arimako zolan biloika bazilo
 
Hautatu behar dute hori korapilo
 
        Zeruan lau zilo
 
        Egin dute nilo
 
        Txatarraz eun kilo
 
        Hor daude erdi-lo
 
Negarrez entzunikan hiru krokodilo.
 
 
 
Paul Verlainek egin du erreberentzia
 
Hain giza-legetsua delako Frantzia
 
Arnoaren indarrak ba du pazientzia
 
Poetari ematen dio lizentzia
 
        Gur esistentzia
 
        Da penitentzia
 
        Zure presentzia
 
        Edo susentzia
 
Izanen da txarrabet bateko antsia.
 
 
 
Tennessee eta Kentucky zelaia egia
 
Williams baldin badator higuinkorregia
 
Kristalez egin dute bestia-tegia
 
Kateme bero bati dagoka alegia
 
        Zabalik begia
 
        Esanen egia
 
        Gure jauregia
 
        Jad ardandegia
 
Komediaren kosta garestiegia.
 
 
 
Frantzesek alemanek euskaldun arabe
 
Maitatu behar dute Tomas de Meabe
 
Izan zen zuhurtasun zoroen mirabe
 
Eta zorakeria zuhurraren jabe
 
        Poliki suabe
 
        Ezertxo jan gabe
 
        Ezeren herabe
 
        Pobrearen habe
 
Esperantza gozoak dirakien labe.
 
 
 
Ependoklesen soinak daude nekaturik
 
Bere gorputz guztia oso kantsaturik
 
Italianoaren izena harturik
 
Ganber ilun batean dago zoraturik
 
        Ez dauka damurik
 
        Urrikalmenturik
 
        Dago bentzuturik
 
        Eta penaturik
 
Holderlinek ez dauka ezagumenturik.
 
 
 
Pirandellok ez daki zer den brioa
 
Ezta beraren obrak zer den herioa
 
Lore galantegia baita lirioa
 
San Josepek gordetzen du usarioa
 
        Horri darioa
 
        Ederra trioa
 
        Ta amorioa
 
        Ez da karioa
 
Konprenitzen nauzue ze misterioa.
 
 
 
Walt Whitman bizarduna ba doa kantari
 
Patri Arka berri bat dirudi ta hari
 
Ekarri dizkiote loreak ugari
 
Ohorea diola udaberriari
 
        Goiko mendiari
 
        Eta hibaiari
 
        Emakumeari
 
        Eta gizonari
 
Bainan oroz gainetik bere buruari.
 
 
 
Thomas Eliot haundia jaio Amerikan
 
Ez zuen inoiz ere hartu parterikan
 
Modu dotore batez hango politikan
 
Gizon honek ez zuen ikusi Gernikan
 
        Inoiz hilotzikan
 
        Behin bakarrik
 
        Apaiz bat hilikan
 
        Kanterburitikan
 
Zein ederki ez duen ikusi gaitzikan.
 
 
 
Leonidas Andreief erruso zarista
 
Ezin esan liteke denik komunista
 
Herenegun etorri zitzaigun albista
 
Loiolan sartu zela behin jesuista
 
        Pasaturik lista
 
        Barnean zimista
 
        Hori fatalista
 
        Ilarra dilista
 
Emaiozu Sargarod ez dakion trista.
 
 
 
Pio Baroja jauna gizon pausosoa
 
Bere gogoa izan da guztiz porosoa
 
Kontra ibili zaio eliza osoa
 
Ez dakigu oraindik nor den tranposoa
 
        Dirudi zozoa
 
        Txori temosoa
 
        Ta amorosoa
 
        Kuzinan gozoa
 
Txillardegik ez dio denik briosoa.
 
 
 
Ez nenkien euskeraz eginen dut negar
 
Baina ikasiko nuen hizkuntz hori azkar
 
Liburuetatikan egin nuen zeihar
 
Lizardi Loramendi Lafon Bouda Tobar
 
        Nengoela dardar
 
        Ez espanturik har
 
        Eta herrian sar
 
        Jator eta zahar
 
Maisurik hoberena izan zen Atsular.
 
 
 
Lady dotore harek abaniko motza
 
Wilde gertatu zitzaigun idazle zorrotza
 
Emakumearentzat ez dago bihotza
 
Parisen bizirika dabila hilotza
 
        Mutilaren hotza
 
        Hori duk izotza
 
        Ai ze soldadotza
 
        Juezak diotsa
 
Irlanda guztiaren zera bekorotza.
 
 
 
Hor dago zure Ana Bella Piura Bella
 
Txepaduna maingua txatoa ezkela
 
Ausartuko naiz orain esaten bai dela
 
Hain itsusia da ta gainera ergela
 
        Baitirudi bela
 
        Amata kandela
 
        Ez egin gau-bela
 
        Ederra zarela
 
James Joyeek egin zuen aintzina-gibela.
 
 
 
Hart Cranek zubitikan botarik burua
 
Ez daki nun dagoen bere asturua
 
Bertsoen prezioa da guztiz karua
 
Musari pagatzeko ez dago dirua
 
        Dirudi mirua
 
        Ijito zoroa
 
        Eta toreroa
 
        Bedlamit eroa
 
Kulatatikan irten baitio tiroa.
 
 
 
Komunisten artean don Pablo'Neruda
 
Fortuna deseatu batera heldu da
 
Zer den negu ez daki eta zer den uda
 
Ezta zer den bakea edo zer den guda
 
        Bertan biluztu da
 
        Eta beztitu da
 
        Ez liteke muda
 
        Ez dut ezein duda
 
Bere kantuan Txili nekez ulertu da.
 
 
 
Gizonaren aurrean Faniko Fallada
 
Zerua laudatzeko ba daukat parada
 
Begi nabarrez egin nuen gurdikada
 
Eman zidan neroni gogorrik bultzada
 
        Hau da besarkada
 
        Bere begirada
 
        Oso ederra da
 
        Dirudi enada
 
Parean dakuskit bi gurutze gamada.
 
 
 
              
             |