Bide-ikara
Muniategi'tar Sabin
I
Egun bakoitzeko amets-irudi atsegin sortuz,
Izadi bitartez kolko, arima guztia suspertuz,
bidera nator biotz-begiak bizitzara itzuliz,
asetu eziñik argimin ditudan gose-egarriz...
O, bizitz aldakor, eriotzaren erro emaigarri:
ementxe oakit ura bezela sartzetik igesi;
ementxe oakit larri, ementxe aramat urduri,
aize arin bat bezela ikutuz, orririk orri!
Ur lasterrak bezela betiko ioan ta etenez,
ementxe oakit beñere berritu ezin dan ioanez;
ementxe oakit nerez-nere, betikotasun miñez,
beiñere berdiña izango eztan bide-ausnartzez.
Ta, bidezko ar-eman, bizigai itun-alaietan,
bai mitxeleta auskor eta, erle eztilariakin,
atea irikiz nabil bai, aizearekin aizetan,
ikara datorkidazan eskuratze goigarriakin.
Arginabar garatsu edo, arrats izartsu, argiz
bere Loreil-ezetasun ta, odol-udaberritsuz;
edo neguaren elurgiro, eragozpen mingarriz,
bere odei-mataza illun, azpitasun orbeltsuz.
Bide alai, bide goibel... Goi-irabazte neketsuz
bideak eta bide! O, bai, anitz gorabera dira,
bere laztan egarri bere, zorion maite-ikutuz,
munka datoztenak irrintzika, biotzaren erdira.
Arruz-arru ta, zeru goietan gora... izar, laño,
mendi eta zelaiz, iturri garden, emaipe garbiz;
ogia izango dan gariburu, bere ale gorriz
barnez-barne ta, sakon-azalez, txikiz-aundiraño...
Gorroto ta maitasunpe, poz eta, negar biziz
bere irripar, itxaropen, begiratze samurrez;
bere esnatze garbi edo, eriotasun loikeriz,
bere gurari baikor edo, beruntasun baldarrez.
Beti egunari buruz eta, egarri tenka, narrez,
beti, gerokoz, izamin... ai! zer ote bete aldez!
beti, bizia aztertuz bizi billa, muin-barrenez,
beti, bai, amespean, mundua dan itxaso zabalez!
O, biotz! Aldizka, lo-zorrozko negugiro beltzez,
bare-kurkullu antzera, burua estalduta, nekez...
edo, adar iasoakin barazki billa goitasunez
erabat nabilte agurka, Udaberriari oles.
Auxe da bizitza eta, ementxe naiz zauritua,
bidean zutitu, bidean etzan, gogoz nekatua;
ementxe il-ikaraz ta, biziari deika aizetua,
gizalur aztunez ain emen eta, urrutiratua.
Eskuak egunera beartu eta, ametsak berrituz
ementxe naiz bidea gozartuz iturriz-iturri;
ementxe bai, egunbera, negar-malkoak legortuz,
iantzi alai bat ezin soñeratuz gogo illari.
Eta, ainbeste ur-azaleratze, borbor ixillez,
ementxe naiz eman-emana, ibai eta zelaiez;
ementxe, egunberri bakoitzari darion ederrez,
ementxe bai, begiakin eleka itxaropen betez.
II
Olaxe egibera, malluka, bizian emaitua...
nere amets, nere gurari, biotztasun apalez,
bideak narama izardi-kezkatan barrendua,
nere egaltxo, bazter batean izateko pozez.
Eta, giza-erlauntzarteko aize bigun, ekaitzez,
bizia dabilkit besape, nere arima bazterrez,
oñetan gilbera, muxu-laztanka, muin-azalez
txustar billa, nun egunduko arratsik izartsuenez.
Eta, izar-erriak ikustatuz munduaren egalez,
egunoroko balbe, egunoroko argi-itzalpez,
bizia dariot kutunki, nekezko zauri gordiñez,
bizia dariot minsor, nere arima ta gorputzez.
Lur amaren egope, on-ederra dan ekin garbiz,
nerezko betean... ementxe naiz esku, bizi billa;
ementxe bai, danez galdua etorri azalgarriz,
ementxe gerokoz, soindu eziñik egiaren zilla.
Eta, biziz-bizi, bere arnas-berritze, sorkundez...
eskura datorkit guztia, aldakuntza sakonez;
eskura datorkit argi-mintzaira, aize zorgiñez,
egun-oñeratze ta, itzal-doñuzko dei kutunez.
Eskura datorkit bai, bere igarokuntza beartsuz,
bidezko diran sasi ta sastraka, esiak garbituz;
ixilpe urduriz datorkit bai, oñots alegintsuz,
biotzaren utsune eta, arima bitarteak betetuz.
Lore-pinportasun eta, ezetasunezko iantziz,
Udaberriak bezela adar utsak orri-berrituz
edo, Udazken antzera, orbel illak oinperatuz,
bidebera nabilte, ametsik onenak erantziz.
Olaxe, egunka... asmo zindo, amets-lillurakin,
bai baserririk baserri ta, bere arto-gariakin;
uriaren kalegiro urduri, neonezko argiakin,
twist ta muist bere, zinema eta aurrerapenakin.
Bidean naiz zer neretuko egun, geroari emana,
beti, egi billa nere eguerdi eta, arratsez;
beti arimaz zirkindua beti, bai, neregana,
oinkada bakoitzeko ogi ta, egun-irabaztez.
Eta, dana da, argi-unezko ale pozgarri bat,
dana, arpegi ikuste bakan, bizitza berri bat,
dana, utzi-bearrezko doñu igeskor, ildura bat,
dana, eriotz-bildumazko orbeltasun triste bat.
Batzuetan, ai! zerurik argienari ene baitara
bere itzal, gautasun, tristura illuna dario;
beste batzuetan gaurik illunenari, maitebera,
nere pozak bere, izar, goirik argiena damaio.
Eta, nere lur, itxaso, biotz-ibarretako lañoak
nerekin datozte bizi-ikara, bide laztantsuz;
nere zelai eta larre, nere alor eta soroak
nerekin datozte bai, nerea izatera lagunduz.
III
Eta, naizen ezer-ez uts au, bizirik naizen arte,
betiko gorabera minkatzez, Izadiz galdezka,
egunik egunera, mintzo ixillean, bakarka,
neretu eziñik, Iaungoikoka, gosez naramate...
Itxasoratuz naramate bultzada ariñetan,
il-dardaraz naramate bai, bizitzako uiñetan,
bere, ondar-malko bere, kresal gatzitasunez,
eskura datarkidazan odei-bitarte laztanez...
Eta, arri, zugaitz, ibai, iturri... bai, egiak dira,
beatz-begipean betikoz dabiltzanak neretan;
maldan gora, bidearen utsune, bidearen koskatan
beretuz naramatenak argiaren bide argira...
Egunka naramate bidezko amets-eskuratzez,
egunaren biotza azter ta, gauarena zulatuz,
kilikilitasunez naramate erantzun eskez,
esku minduok otoi, arrenka, egietara beartuz.
Olaxe bidenabar, goi-arimaratze ausnartsuz,
dei ezti, mintzakorrez, gauzak, bai, berean naukate;
barnez-barne itaunka, ene zeru lurrak egatuz,
bere osin sakonera, goituz-goituz naramate...
Nerezko biozkadak dira bai ta, Izadi bitartez
nere itxaso, nere zelai, amets-atedi zabalez,
kezka-arduratan ditudanak albiste min, lorrez...
beti, nekepean, egiaren atzez-atze, deadarrez!
Mintzo ixillez begipe datorkidan igurdi ori...
biziaren iraun, mindura, bidezko nai, alaia da;
biziaren oñaze latz, biziaren arnas suspergarri,
bere gatz ta, berakatzezko oretasun bildura.
Auxe da bai, lor estuz, bizitzako ioan-etorriz
bidearen zauri! Gure aurretik ta, gugaz batera
doana.. argi-itzalpean norezka, gose-egarriz
bidegune bakoitzaren eten eta berbizkera!
Auxe betiko goradi, gau-egun, amets-berritze
biotzaren ikara-eguzkikorrez ernemindua!
Auxe benetako eriotz, itxaropen lurperatze
egunoro iantzi berriz egunoro lokastua!
Baño ezkutuak ixillari eman, biotza irauliz
neretuz nabil bai, zugatzondo, ibai ta, belardiz...
alako, latsondo, alako bazter, mendi, iturriz,
nere goi-egada argi-ametsak piztu itzaliz.
Neretuz nabil bai, egunaren uneak eskuratuz,
alako bidelagun alako gizon ta emaztez;
alako ume, zar-gaztez... ainbeste bide bioztuz,
egunoroko begi-irripar, alkar ezagutzez.
Ta, bidezko bidetasun garbi, lagun urkoratzez,
nereak ditut bai, illargi eta eguzkiaren poza;
nereak neguko mindura, elurraren txuri otza,
Aldiari dariotenak bere bizi, indar aldatzez.
IV
Nereak ipar-aize garbi eta itxasoaren orroak,
ekaitz-aldietako zigortasun, negar-intziriak;
nereak, urpeko zeru-berritu illargiz iantziak,
ta, aizepean, eroriz lurrera datozten ostoak...
Nereak orririk orrirako aizearen ibilliak,
odei arinketa eta, eguzki sarrera gorriak;
nereak arginabarreko goi oztin, esnatze garbiak,
poz betea dakarren goiz-ikaratxo amesgarriak.
Nereak goizeko ego-txintada ta arrats epelak
iantzi-erantzi ezberdiñez bizira datoztenak;
nereak kantari diran txitxarra eta, bai igelak,
maite-aldietan alai, illargiari deitzen diotenak.
Eta, itz dagit bai, barrenki, nere lur, bidezkoakin,
itz dagit nere zelai, nere zugaitz, arkaitzakin;
itz dagit eskua luzatuz, il ziran gurasoakin
eta, nere arima zar ta zeruko izarrakin.
Itz dagiot bai, ni izan nintzan ama maitearen ume
eta ni izan nintzan gazte bizkor ta mutillari;
itz dagiot bai, egunbera, galdetuz nere buruari
nola iaso nitun ainbeste guda eta gurutze!
Itz dagit, eta, itxaroz nabil bizitza betean,
biotz zauriak eguzkitu eta, ezurrak alaituz
itz dagit bai, otoika, oinbidea pozez agurtuz
norberatzerik ta ederrena dan besteratzean...
Eta, ibilliz daurkit bideari darion ederra,
bai, larrosa txuri-gorriz ta, elorriaren latz, miñez...
bai eremu legor, edo, Iorrail euritsuaren belarrez
sin eskurakor, berez naraman igesi lasterra.
Bide ortaz txakur zital batzuek, amurruz diardute
zaunkari... eta, bare zikin, suge itxusiak narrez,
bideari, ai! bere loitasuna ezarri nai diote,
ainbeste adur-arrastaka, zatarkeri likiñez!
Erabat, au ikuskizun, aldaketa negargarri;
su munduaren itzalpe, gezurtasun, zori-naastua,
au gari ereintza argal, alerik ez dun lastua,
illunbiderik ezezkorrenaren azao sugarri!!
Tximist bildurgarriak ere iabetu dira goiakin
ta, ekaitzak asarre io gaitu arima izutuan;
ta bein ta berriz emen gera, eurite, ugoldiakin,
gorrotoz ingurututako lurralde azpituan.
Ondar bigunera datozten olatu beltzak dira,
bata-bestearen gibel, bere erokeri gogorrez,
bits-aparretan, ontziak eraso, iruntsi bearrez...
ai! orroaka datozten pizti, otso maltzurrak dira.
Alere... bizitza, bere goibera, zoztor guztiakin
maitagarri da bai, eta, eramangarri benetan,
bai gaztaro argikor eta, elduaro garaienetan,
berezko orbel erori, lillura igeskorrakin.
Maitagarri osasunezko oñeratze bakoitza,
urregorrizko ari ezez, amets garbiz egiña;
maitagarri Udaberri garatuaren goi aratza,
bere goitasun azal-berritze ta, ego ariña...
V
Gazigeza diran bizigai ta ozkarbi legunez
bai, arriaren aztun, egozko bide urdin zabalez...
bidean naiz erori-zutituz, negar atsegiñez,
bidean goramin, egunaren eskukada gordiñez.
Olaxe bizitzako goibera, biozbegi, eskuartez...
betikoz nabil, betirik betira, begiak irikiz
eta, egia zer dan, zer eztan, naizena eskeñiz
bidegune bakoitzak dakarren arimatasunez.
Eta nere ibilbide, amets-aizeratze auetan,
(oñak lur-zale dirala ta, gogoa izarretan)
gauza guztiak naukate bere muin ta ondarretan,
goi-ikaraz sortutako berezitasun gorrietan.
Baño, aldizka, bakar-unezko gogai aztunetan;
bizi-eraso, amets illun ta, nekaldi gorrietan,
eriotza datorkit bai, ixilki, belarri ondora:
«Bai! zu ere, betiko iaioa, ez, betiko ez zera!»
Aurpegi zimur, zurbildua ta, belaunak eratsiz
irudi negartiak dira bai, oldozkun beltzetan
oial illun-illunez datoztenak nere oarketan,
aizeari emanak azkena dan illeta eresiz...
Ta, zearo larritua, odol-izardi otza darorkit eta,
begiak aul, belaunburuak askosaz aulago;
ziprez-irudizko bide samingarri bat dabilkit
eta, nerez at, ilkizun beltzari iosia nago...
Zega zorrotzaren ebaki, eriozko il usaira,
arrano erpatsu, bela beltzak etorriko dira
eta, gautxori egada eta karraxiakin batera,
arrak ere, kirrin-karrankaz, esnatuko dira...
Ara ba, emen nere burua, gorputza zan guztia,
ezerrez dan auts ustel, lur apurño baten biurtua;
ara emen nere odol ta ain maitea zan bizia,
oarkizun mingarriz betiko ixillean bildua.
Eta, oinpean zapaldutako belarra bezela,
ementxe naiz ezin bizkortu, ezin iasoz burua;
ementxe, egoa ausi dioten txoriaren antzera,
negar-irudi beltzenetan lurrera makurtua.
Alere... O, atsegin, pozgarri zait bai, eskuetara
goiz-arratsez datorkidan bizi-oñots, aizekada;
atsegin zait bai, gau ondorengo itzartze algara,
eguna luzatuz datorkidan bizitza dardara!
Eta, izatea dan amets-giro, egun baikorretan,
atsegin zait bai eta, begiak argiz ditudan arte...
ai! nere azken-arnasaldiko il-begiratzean,
egi... ikusterik argiena emango al didate!!
|