Aizearen kideko...
Muniategi'tar Sabin
Bai, bizi nai degu bai, bizi, ementxe izan,
ta, gero ere izan, egun berri batean!
Izan!, Izan! Bai, ni naizen onek dei ta oiu,
oiu dagit neure ezur eta aragipean,
oiu dagit neure izatearen zador oni;
oiu zer ote geran, oiu dagit ta intziri,
neure gizagai, neure gogobide itzaltsu,
barne-muiñetako ari matasa beltzari.
Oiu dagit gure bizitzako ioan-etorri,
gure nortasun, itzal-argizko goi esturi...
oiu dagit gure egun, gure arnasartze,
gure argi-txinpartaren tximist igesi,
gure amets-orbelen eragin, lurreratze,
gure oldozmen, gure ikusmen ikusgarri,
gure ezaumenaren gutasun, argiratze,
«ni» diogun sorburu, gizabide ezkutuari.
Ta, gure biotzaren, gogoaren laiño artean,
gure odol, aragiaren sustar barrenean...
deadar ta oiu dagigu Iaungoiko bearrean
deadar gure ibilte eta gure egonean,
deadar gure bakartaderik bakarrenean,
deadar altzo, magal billa, karraxi betean,
deadar argirik-ezaren utsune utsean,
gure geroaren sarrera, arrats illunean.
Deadar, oiu dagit bai, leiza-zulo ertzean,
deadar gizonaren goibe, itxaso zabalean,
deadar bere simaurtza, bere ontasunean...
Gizona dan aingeru, gizona dan belar txar!
Batzuetan onez ta bestetan pizti, xapu zar,
bere ankerkeri ta bere errugetasunean...
ai! deadar dagit ibilli onen gau beltzean,
zer izango arresi orren beste aldean!
Ta, adin-adiñean, barrenki itzegiñez,
odolaren urmel ezkutu, zurkuluetatik,
odolaren ibaitza, ioan-etorrietatik...
bai, emen ari gera bai, geuretu eziñez,
emen ari gera bide zar ta berrietatik,
emen ari gera billa, argi-aztarrenez,
emen ari gera negar-sotiñez beterik,
ezer-utsezko zabalune gordin-gordiñez...
Ai! zer ote zer, kezkarazten gaitun bidemin,
zer gure gogo, gure biozgai, izate iaukal,
zer gure gorroto, maitetasunezko itzal,
zer gure arrokeri, gure amets-ausnartze,
zer gure burruka, gure gogai, buru-auste,
zer gure aundigura, gure indar-alegin,
zer gure goikeri, gure gezur-irabazte,
gure ondamendizko bizi, buru-agertze.
Ta, olaxe une bakoitzeko bidaldietan,
zenbatzu bizi-itxaropen ernetzen diran
abots goxo, abots ezti, abots baten deira
zenbatzu gora-nai eguzki ta illargira,
zenbatzu erorketa bai usin ta putzura,
bideko arri kaskar, bideko lokatz-artez...
bein ta berriz zutituz, beti, izatekotan,
iñoizko egun-sortze, egunik ederrenez!
Ta, gure biotzondo geromindu ezkutuan,
bakar-mintzozko ixil-aldi deigarrienetan,
gure geroaren atedi, barren kezkatsuan,
gure barren-barreneko bitarte estuan...
ai! emen ari gera oldozgarri mingarrietan,
(gure bizi-izatearen, geroaren geroan)
emen ari gera billustasun uts-utsean,
izarren bat noiz goituko gure gau beltzean.
Beti zer, nun izango gure aterpe, beti...
Ai, au gauaren gaua, illunpe bildurgarri!
Emen ari gera geurez, gogai aztunetan,
ementxee biotzeko mami, gure ezurretan,
ai! nola sugarrez erre ta kiskaltzen geran,
odolaren ibai-erreka ta itxasoetan,
nola lur gurenez argi-atxurka gabiltzan,
arimako baratz-soro, egi bazterretan!
Ta, geurez-geurezko mintzaldi ta ekiñetan,
bizi-izatezko besteratze, oarpenetan...
Itzak dira bai, itzak oguzten ditugunak,
lillurazko itz eder, itz bultzakor, ioranak...
biotzez maite-kutunka, egan datozkigunak,
edo, alako... itz illun, itz doillor, zekenak,
gure izakeraren antz ta berri ematean,
gogoz edertu edo zikintzen gaituztenak.
Bai, itza dan itzak... itz guri, itz giartsuak...
benetako itz sustartsu, itz argi, itz goituak,
nola Iainkoratzen gaitun bere ondasunez,
bere goitasun biozgarri ta bizigarrienez;
ostera, madarikatuzko itz loi, itz gaiztuak,
gure itz biurri, itz aztun ta itsu-itsuak,
nola epotzen gaitun deabrukeri zekenez,
bere muturkeri makur, kopeta illunez.
Ta, itzak itz... gure estura, gogo-oiñazetan,
gure bizitzako ausnartze aldakorretan,
gure oillokeri oillo, ta koldarkerietan,
gure usotasun uso ta biozgarrienetan,
gure maite-girozko lillura bakanetan,
gure gizarteko elkarbide egokietan,
gure gogozko ibillaldi ta egonetan...
ai! zer ote norbaitzen gaitun sugar ori!
Zer ote zer asarrearen itzalpe aztuna,
zer maitasunaren bularpe goxo, otzana,
zer gure abots garbi, abots sendo, laztana,
zer gure itz arro, gogaikarri ta illuna,
zer gure odolpeko gose eta egarri,
zer gure arnas, gure almen, gure kemena...
O!, zer ote zer barnemintzen gaitun illunti,
gutasun onen ezkutapen ta izakuna!
Aizearen kideko, aizearen antzeko da bai,
gure ibillaldi, gure biotz-egurasketan,
txinta-txintari, ain begikor ta zoragarri,
muxuz laztantzen gaitun besarkada ori!
Batzuetan larrosatasun, lurrin usaitsuetan
Maiatz-buru, Maiatzik argieneko loregai,
ta, txuri-gorridun odei-ontziz apaindua...
bizi-eskeintzaz betea datorkigu, noranai,
bere laztan-mintzoko goi-aldi pozgarrietan,
etorbide emaikorrenez udaberritua.
Beste batzuetan ostera, zigorpean makur,
Otsail illun, Otsail biurri baten antzera,
bere naigabe, argirik-ezaren lor otzez,
bere negar-malko, bere tristura samiñez,
bere illetazko dolumin, illun-illunez,
bere eragozpen mingarrietan erdibitua,
ekaizperik ekaizpe, geroko orren bildur,
il-soiñekoz iantzia datorkigu minbera,
gogoaren eriotasun-itzalez negutua.
Ta, odolaren goraldi, burruka bizietan,
gogo desorrituaren soinpe, negar-aldietan,
gure gautasun orbantsu, bidarte latzean...
gure barrunbe erbestetu, esku gabean,
gure amets desegiñetako orbelpetan...
Ai! zenbatzu egun-galduzko aize zirimol
nabaitzen dira gure gogo ta ezurretan,
ta, zenbatzu uskeri utsezko aize ikol,
itxaropenik gabeko ixilpe estuetan!
Olaxe miñez, geure billa gabiltzan arte,
gure barrenbidezko ezkutu ixilletan,
gure itzar-aldi, argibide argienetan,
gure barrenpe, gure goi sakona io arte...
Ai! zenbatzu aize berakor, aize izutik,
zenbatzu aize gogor, aize il ta mingarrik,
astintzen duen gizonaren bitarte ituna,
ioanez-ioan egun bat bezela duakiguna!
Alere... itzal-argizko ogibide latzean,
gure bizi-irabazte, mallukada artean...
zenbatzu goi-egada eder, egun loratze!
zenbatzu izarbide ta lillura ausnartze!
Zutituz, eroriz... egun argi, gau illunez,
gure argalkeri, gure oiñaze, negarpean...
Bai, aizea da bai, bizi-mintzen gaituna
aize arin, aize bultzakor, aize biguna...
Aizea da bere onbide, bere goi zabalez,
bere ioera begikor, bere ikutu laztanez
besarkatzen eta bereganatzen gaituana...
aize egaztari, aize biozkor, aize lume,
gure pinpirin-pinpirintxo aize kutuna,
Iparretik, Egoatik, nunnaitik datorrena
ta, bere oialtasun, biotzondo atsegiñez,
bizitz egoki, on baten poza damaiguna...
aize alaikor, aize loreti, aize erle,
gure aizerik goigarrien, aizerik gurena.
Baita aizea da... aize gorri, aize zekena,
dana sastakatuz, dana, lurreratzen duana...
negar-mintzozko aize gordin, aize ituna,
gure aize lardazkari, biozge ta, kirtena,
iñolaz gorets, onetsi ezin daikeguna,
ta, bere indar-aginte, gogorkeri gogorrean,
betiko illerritu, ondatu nai gaituana.
aize berun, aize zital, aize edenduna.
Ikus-ezin nabarmenaren itzal gaiztoko,
aize lupu, aize zaputz, aize il, ustela...
argirik-ezaren simaur ta lokatz-arteko,
aize naskagarri, aize pozoikor, zikiña,
gure ur geldietako aize likits, zazkala,
gorrotozko aize otz ta firiri-farala...
Negarra ta negarra, odola ta odola,
odola darion aize deunge, aize ergela.
O!, aize on batek ar bedi gure eguna,
ioanak ioan, laster batean datorkiguna!
|