Ibillaldia...
Muniategi'tar Sabin
Igande,
goiz eder bateko
ipar aize bigunez,
baserri girozko
mendibide osasuntsuz,
bideak geuretuz...
Benetan ibillaldi,
ikuste atsegiñak ziran bai,
bidezko zelai,
latsondo,
zugatzartez...
baserririk baserri,
gure gaztedi alai,
ta bikote ederrakin
zantzo ta irrintziz,
goirik-goi,
gero,
egunbera
ene gazte oroimen ioanak
arnas berrituz,
illunabar argiaren
etorrera garbiz.
Eguraste eder,
bidaldi osasungarri!
Egunaren azkenera,
an itxaspe,
urruti-urrutian
eguzkia agurtuz...
Gaua,
gure Gau naro,
Udako Gau ederra,
odei arin, txuri-gorri artean...
gautuz-gautuz zetorren
bere izar-tantozko
ixiltasun sakonez...
gautuz zetorren bai,
bere aopekotasun bare,
bere zador-ikutu,
bere izar-mintzozko
zerudi argi,
zabalaren aunditasunez...
gautuz zetorren,
Illargi beteari eskua eman
ta, gure biotz begietara,
(ene biotz begietara)
alako egun,
alako ibilbide,
biotzaldi amesgarri baten poza
gogora ekarriz...
II
Bai,
len ere
gaur bezela,
eskurik eskurako begiarte
gau-egunak ziran;
bere gurari
ta izan-miñezko
amets-lilluraz sustartuak,
ta, askotan,
egi garratzez
gaur-gero zulatuak...
Bide arin,
bide argi...
O, bai,
gaur ere
urrutikuskin ta irrati,
ainbeste aurrerapen,
iolasbide izanarren...
Gazteak,
beti gazte,
ametsak pillotuz,
ametsak metatuz
bata-bastearen pozera,
lenago bezela
bere kutuntasun,
eskuz-eskuzko
ikusterik baikorrenez,
bai eguzkiz
ta, izar-illargipe,
maitari doazte.
Bizia ausnartuz
eskuz-esku.. .
itz goxo, legunakin,
bidea luzatuz,
bidea betikotu naiean,
geldiro doazte.
Bai,
gazte bideak ziran ta bideak dira,
ogei urteko gogo,
odol pilpillez...
bizitzan gora,
bizitzan aurrera datoztenak
ametsik ederrenez...
Dana,
maite-girozko itxaropen etorritsu,
eskuarte zoragarriz;
dana,
gazteari,
biotz-begietara datorkion
bizi-naitadazko,
zorion-egarriz!
|