L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1969 I-II Udaberri (1969-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Ez da inportantea

 

J.M.Z.

 

Udaberri arratsaldean

euri-ondoren

arkaitzak

eta malkarretako pago berdeak

denak serio ta garbi

diren bezela.

 

Pentsatzen ari naiz

—Igande arratsaldean bakarti—

gizonak ez dakiela

bere maiteak utzi duenentz

edo hortik zehar joan dela

edota penaz dagoen ere.

 

Bakarti dabil

bere ibil-bidetik;

Igande arratsaldean

—besteak—

ez daki

zeini agurrik egin

edo kotxea nun utzi.

Kotxean dabil,

edo bere oinetik,

kalean ez dago gauza berririk,

kamiñotan ere ez

kamiñoa besterik;

errekatan betiko ura;

ez dago inun ezer konpondu beharrik.

Udaberriko

Igande arratsalde bustia

serio dago,

inun karraxirik gabe,

espanturik egiteke,

gizon bat paseatzen utzita,

gizon bat, nunnahitik.

Udaberriak ez du jarri

Igande arratsaldean ezer diferenterik.

 

Maitea zuenean,

halare,

helduta joaten ziren

hortik zehar;

jostunetan zer egiten zuten,

edo ofizinan,

—ez dakizu nola maite zaitudan,

ene bihotzeko erregina—

fabrikako kontuak

edo haizea dabilenean

zigarroak nola

piztu behar diren,

—zure ama ez dut gaur ikusi-;

futbolean ere

egondu ziren behin.

 

Ez dire akordatzen

ezagutzen dutela jenderik

horrela sekula mintzatu ez denik.

Eta gizona hor dabil,

bakarti,

eta ez da akordatzen

ezagutzen duela jenderik

—bakarti—

horrela sekula mintzatu ez denik.

Udaberri arratsaldean

euri-ondoren

arkaitzak

eta malkarretako pago berdeak

denak serio ta garbi

diren bezela.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.