|
Zugatz eder bat
(1968-VI-23)
Anai
Amets eder bateren
gerizpe goxuan
lilluraturik nago
izarren onduan.
Laiño zuri txikiak
maitasun beruan
agur egiten dauste
laztanduz muxuan.
Nor egon leitekean
betiko zeruan.
Izar batek dirausta
alai eta pozez
«laguntxo, zatoz neugaz
eta poztu zaitez»,
ta laztan bat emonaz
goxo maitasunez
beragan artuten nau
ama batek legez,
bere zorionean
ni murgildu naiez.
Zeruko edertasun
lilluragarriak,
aingeru zuri lirain
ta maitagarriak,
izar argien diz-diz
ain ikusgarriak
ta euskal asaba zar
zeruan jarriak
ikusarazten daustaz
izar gurgarriak.
Zeruan nabillela
nere lagunagaz
iru aingeru zuri
begiztatzen dodaz
aurpegian irripar
on xamur bategaz
bealderantz begira
buru makurrakaz,
izar argi lirain bat
dabela eurakaz.
Ikustean ain alai
berantza begira
izarrari diñotsat:
«zertan ari dira?»
Berak diñost: «ar zazu
neronen dizdira
eta begira zoli
or beko ludira.
Jaunak gizonentzako
eindako tokira».
Izarraren dizdira
begitan arturik
begiratzen asten naz
guztiz arriturik;
ludi zabal guztia
goi ta be osorik
argitan ikusten dot
illuntasun barik,
eneban siñistuko
iñoiz olangorik.
Begira nagoala
zeru zorionez
argi bat ikusten dot
alai-irriparrez
baratz eder batean
garbi, maitasunez
bere urrezko brintzak
danei emon naiez
zeru goiko eguzki
beroaren legez.
Ezagutu naiean
bere nortasuna
ain argi biziaren
sorkunde biguna,
bistea zolitzen dot,
aztertu zentzuna
ta ara nun datorren
izartxo laguna
beragaz dakarrela
nere erantzuna.
Euskalerrian dago
baratz dotorian,
errekatxo dantzari
baten egalian,
zugaitz zabal orlegi
bateren gaiñian,
txori alai ta lirain
askoren erdian,
euskaldun erri jator
orren biotzian.
Bai, antxe ikusten dot
gozaro, baketsu,
zugaitz aundi eder bat
lerden ta loretsu,
jantzi orlegiagaz
alai, zoriontsu,
danari irriparrez,
danakin eskertsu,
frutu barri emoille
euskal seme gartsu.
Bere adar artean
txoriak kantari
bake ta alaitasuna
emonaz danari,
gertu lagunduteko
ezin dauanari,
al daben osasuna
gorputz gaixuari
ta Jaungoiko bizitza
danen arimari.
Zuaitzaren erdian
txorien artean
lore garbi eder bat
ixiltasunean,
zeru edertasuna
dauala aldean,
usaiñik gozoena
bere magalean
ederragorik ez da
zeru ta lurrean.
Itzez ezin azaldu
bere edertasuna
eta semeentzako
maitasun sakona,
begi artean diz-diz
goi argitasuna,
ain da eder liraiña
ain garbi txukuna
ezin naigabez egon
beragaz dagona.
Baiña zer gertatzen da?
a ikuskizuna!
Bere inguru artan
begiztatzen dana!
Danak etorri dira
lorearengana,
zugaitzaren gaiñeko
argiarengana,
danak irriparrezka:
a alaitasuna!
Zugaitzeko txoriak
abesti artian,
baratzeko txori ta
lorakaz batian,
auspezturik ain lore
onaren aurrian,
jartzen dautsie pozik
berari soiñian
urrezko koroa bat
maitasun bizian.
Olan eskertzen dautsez
lore garbiari berak
eindako lanak,
ain on ta urduri
emondako eskerrak
seme guztieri,
eta egiten dabe
guztien gidari
danen ama xamurra
biotzen zaindari.
Zer dan jakin naiean
ikusten dodana
itandutera noa
izarrarengana
«Zer da, diñotsat, izar,
or bean dagona?
zer zugaitz ta txoriak?
zer lore txukuna?
zer eguzkiak aiña
dizdira daukana?»
«Euskalerria, diñost,
da orko baratza,
Karmengo konbentua
erdiko zugaitza,
karmeldarrak txoriak
animen bizitza
Ama Birjiña lore,
poz zorion utsa,
euskal sinismenaren
egizko jaiotza».
Larra'ko komentua
ta praille taldea
euskalerriko biotz
ta zuzenbidea,
ez da arritzekoa,
komentu maitea,
zerutikan ain eder
nik zu ikustea,
zeu izanik lurrean
Jaunaren berbea.
Ta zu Karmen'go Ama
zerutik jatxia,
zeruko edertasun
guztien jaubia,
maitasunen maitasun,
poz danen bidia,
zelan izan ez zugan
ain argi bizia
zeu izanikan argi
guztien argia!
Larra'ko praille orrek
eta euskaldunak
koroatzen zaitue
batutikan danak;
onartu zuganako
euren maitasunak,
zaindu ainbesteraiño
maite zaituenak,
zaindu zure euskaldun
semetxo kutunak.
Zeruan egonarren
izar argiakaz,
neu be euskalduna naz
euskal odolagaz:
artu nagizu, Ama,
ta eroan zeugaz
bizi naiten Larrea'n
neure anaiakaz,
koroatu zaidazan
neuk ere eurakaz.
Zeruko erregiña
ta euskaldunena,
izan zaite betiko
gure zoriona,
gure erregin eta
amatxo kutuna;
zaindu Euskalerria
eta euskalduna.
Agur, Karmen'go Ama,
Amatxo laztana!
|
|