Izarretatik aruntz
Luken Larreategi
Nere lagun Patxi Zabaleta zanaren omenez.
I
Gaur, ez aiz azaldu
Gizona, munduan erromes:
gaur bai ta biar ez...
Zer egin diagu, Patxi adizkidea,
artzeko izarretatik aruzko bidea?
Ain gaizki engoan,
emen, gure ondoan,
alkartasun gozoan...
negarrez uzteko sendi eta taldea?
Ez uan gugandik jun nai; eri bateri,
otu zitzaioan, i itzala bere janari:
Asi eta jarrai,
etzian utzi nai,
bizitzen lasai.
Gaur, bukaera eman ziok, lan zikiñari.
Nere lagun trebe, mendizale bizkor!
egun zoragarri asko, nizkian iri zor:
Mendian barrena
kirol ederrena
artuz aize gardena,
udaraz, gaindu giñuzan amaika tontor!
MORKAIKO, estaldua zeok, samiñez,
eta bere anaiak, zer esanik ez.
Aren errekatxoak
ik goraldutakoak
odeien malkoak
daramazkitek, dastate mingotsez.
Gutxi izango dituk, izadi edontzitik,
i aña ase diranak, edanez gogotik:
Gure miñakin naasiak,
Basarte'ko txoriak,
ixil, gaur, eztarriak.
Euren abestiz, ezin esna agon lozorrotik.
Egin zak, bai, egin, Zerutar lo gozoa,
danen adizkide ona, nere lagun zintzoa:
Kepa Deun esker zaleak,
ondo neurtuz ire oñazeak,
iriki dizkik urrezko ateak.
Orain, ikasi bearra dek, Aingeru-mintzoa.
II
Jostaketa oroi
Pozean ibilli
ta utsean itzuli...
Patxi guztiz jatorra, Patxi alaia,
gure aldrako lagun txeratsu ta ernaia:
Akeit-artze aietan
larunbat gauetan
etengabeko berriketan,
milla bidar, zorabiatzen uan maia...
Beñola, agertzen zian aldiko etsaia,
isatsetik zeriola, adar-jotze usaia:
Ik, bereala somatu,
eztabaidan sartu
eta bera azpiratu
arte, ez itzan, iñolaz, gizon lasaia.
Patxi guztiz jatorra, Patxi alaia,
berez, sakona uan umore-sustraia:
Batzuen errenaia aseaz,
akeit-gela, beterik keaz.
Ire Parias purtzillak ezin arreaz
alako baten... egan artzen zian ibaia.
Baño, ai ene!, eldu zaik garaia,
lurrari biurtzeko ire soin tantaia:
Gaur, Gorbean, ittun,
ta nolako ixiltasun
ikaragarria degun.
Biotzetan, berez ager, iganako onginaia.
III
Naigabez
(Alargun, alaba ta semeai)
Begiak parrez parrez,
biotza negarrez...
Bederatzi illabete luzetan gau ta egun
zenbait atsekabe, zenbait estuasun,
igaro dezuten.
Egiñalak egiten,
gaixoa pozten,
Yosu! nolako arlo astuna izan bear dun.
Arpegiz argi, baño barnean, kezka ixillak.
Zuen biotzai, zoritxarraren idizillak,
egunero zauri berria,
sakon, mingarria.
Bizikera errukarria,
kutunaren eriotza, oartu zun arte, ezkillak.
Bizitz ontan, bera zenduen geien maita.
Baña ziur egon: Zure senarra, zuen aita,
bere sasoian,
ibilkera lasaian,
dana ikusnaian,
Zeru-muño diztikorrak, gaindurik baita.
Berakin oroitzean, artuko dezuten miñak,
lñoizka, aterako dizkizute negar-zotiñak.
Ezta, ez, arritzekoa,
baizik legezkoa.
Otoi nik Zuri, Jainkoa:
Emendik aurrera, emaiezu egun atsegiñak.
IV
Eskaria
Galdu ezkero, da ezaguna
osasuna...
Sendakintza sallean, zabiltzaten jakintsuak,
zuei eskatzen dizutet, tolestuta eskuak:
Dezuten adimen argia,
landu guzti-guztia,
menperatzen minbizia.
Naikoak obiratu ditu, bada, madarikatuak.
Badakit, gai ontan, aspaldi zabiltzatela,
gizadiaren laguntzalleak zeraten bezela.
Gizon apalak,
biotz zabalak
eta leialak:
Azkar jantzi zazutela, garalleen txapela!
Naiz-ta, ille luzedun, abeslari txoroak,
askorentzat izan, zuek baño bearragozkoak:
Aiek, kitarraz,
gorputza ikaraz
ta eresi zatarraz,
entzuten dituzte, bai, amaigabeko txaloak.
Biziko gera, ba, itxaropenez, biziko ustean,
egun txit zoriontsu ori, eltzen dan artean.
Ta galdetzen det nere
baitan, zuen adore
eta kemena, batez ere,
goraltzeko, nola ain motzak izan giñezkean.
|