L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1980 (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

Jose Aierbe adiskideari

 

Gaztañaga'tar Jesusek

 

(Aierbe'tar Joxe'k aspalditxo «LA VOZ»-en -1978-10-1

argitaratu zituan bertsoentzat egindako-erantzuna).

 

Taju egokiz landu dituzun

amar bertsoak, ederrak;

baiña eskubi t'ezker aldetan

ez dira pozik bazterrak:

oientzat zure iritzi danak

izango dira alperrak.

Laguntzagatik, adiskide on,

zor dizkitzut gaur eskerrak!

 

Jose Aierbe, bertso berriak

egiten guztiz trebea,

adiskideak gora jasotzen

oraindik askoz obea.

Jaso Euskera, jaso Erria,

—au da izkuntza-jabea!—

eror ez dadin, sendo ditzagun

bere sustrai ta abea.

 

«Zure bidetik —esan didazu—

ba-da iun nai lukeanik».

Egia esan, biderik ez da

iñola «nerea» danik:

Erri-euskera jatorrenaren

billa nabil betidanik,

Euskera gure izkuntza

ori Erriarena izanik.

 

«Ain maite duzun Euskera, gaixo...

eta nai dezu sendatu ».

Itz oien bidez egi-egia

zuzenki duzu asmatu.

Gaixo dagona, sendatzekotan,

ezin nola-nai tratatu,

baiña zer esan, emen batzuek

nai ba'lezate ondatu?

 

«Etzauden toki baten legez

egon bear zendukena»

esan duzunez, erantzun bear

ez dala gauza zuzena.

«Lege» egiñik ikusi dugu

diktadoreen ordena:

batzuena on, besteena txar,

berena «lege» onena.

 

Ba-da jenderik, ez dagokion

toki-barnean nagusi,

zartagiari ala diote

kirtenetikan or eutsi.

Erria noizbait asiko zaie

zuzen-okerrak non kausi,

legekeriak alaxe bear

bai-ditu Erriak autsi.

 

Neure tokian euskal-lanikan

etzait gaur arte faltatu,

Euskera landuz bizi-berritzen

ba-dugu zertan saiatu.

Ez nagon toki ta maillarik

etzaidazu, ez, aipatu;

daudenak, berriz, egunen batez

Erriak bitza epaitu.

 

Amil daiteke gurdia, irten

ezkero bere bidetik...

Geroz galdugo, sartutzen dana

basa-bide okerretik...

Erantzi geurez, eta jantzi nai

gaituzte besterenetik.

Erriarekin Erriarentzat

jo dezagun zuzenetik.

 

Tekhnik, urbano, moderno, klase

politik, zientzi, kultur,

akademia, kulturala ta

kontenutua ta natur,

skhema, phantasma, valore, symbol,

ez ote da EUSKARANTUR?

Mentu arrotzez kito Euskera

ez buru, ez anka-mutur!

 

Landare ona indartu oi da

iñausiz adar alperrak...

Zugaitz zaar dan Euskera oni

zuzenak ken, utz okerrak,

moztu adarrak, pitza gerria,

ebaki zaiñen zuzterrak:

ondapenera zuzen darama

batzuen jite ta errak.

 

Besteen oker guztiak, noski,

bear ditugu salatu,

ala baratzan landare txarrak

zaiñetatik sasiratu

eta berela igalidunak

toki berean landatu:

Indar guztiak bil ditzagun, ba,

eta elkar-laneratu!

 

Guztia esan asmorik gabe,

jo dezadan amaitzera.

Eskerrik asko, JOSE AIERBE,

jarrai ezazu aurrera.

Lanaren lanez bildu ditzagun

datozkenak zuzenera

eta orrela betiko indar

dezagun danon Euskera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.