Gripe gaitzari
Ibai-ertz
Aurten Urrilla ona jun zaigu
baiñan gaitzakin beteta,
gripe zitala berekin zuen
eta etzan berriketa!
Bizkarretikan otzak
eta dardaraz ortzak
denok oean gordeta...
Ezur da azal gelditua naiz
lendik argal negon eta!
Amabost egun oean pasa
eta indar danak falta,
alimentua auxen izan det:
porrusalda eta malta.
Sugarra eten gabe
gorputz guzia labe
gaitz au olakoa da ta,
nai ordurako nik ez det
artu gaitzaldi onetan alta!
Jeiki orduko txorabioa
gela jira eta bira,
len indar gutxi baldin ba-nitun
etorri zaizkit erdira.
Andreak lagunduta
besotikan elduta n
oiz eroriko begira...
Une onetan nere kemenak
ikusgarriak ez dira!
Sendagillea saiatua da
nere onez gogotikan
bixitatzera etortzen zaidan
egunero goizetikan.
Termometroa jarri
ikusten nindun larri
ortan ez daukat dudikan;
zenbat «balazo» sartu ditutan
nik atzeko «leiotikan».
Mediku jaunak ez jakin arren
nik milla proba egiñak,
amonatxo bat auzoan ba-det
eta aren elegiñak!
Sendagaiak prestatu
naiz neri ez gustatu
ain ziran garratz, gordiñak,
nere ustetan sendatu naute
enplasto ta belar miñak.
Alakon baten agur egin dit
neregan jabe zan gaitzak
auldadearen mende nagola
ez dira agoko itzak.
Kilotan bajatuta
kolorez ajatuta...
Lengoak billatu itzak!
Erropa danak dilin dalanka
ta zer esanik ez galtzak!
Negua laixter gaiñean degu
ba-datoz elur, izotzak,
zer datorkigun pentsatzeakin
pozik ez nere biotzak.
Eguzkia motela
odola nik epela
ta egunak labur motzak...
Ene, Jainkoa, ez nazala il
datorren neguko otzak!
Ni ikusita arriturikan
gelditzen dira jendeak
bildurtzen ditu danak osoro
nere itxura trixteak.
Kolorez nago ori
egi aundia ori
jun ziran lengo usteak...
Pozik artuko nituzke orain
Urtain'en indar sobreak!
Ez nazala ni gaitz onek galdu
lagun bezait Jaungoikuak
len ere Berak altxa oi ditu
bizkor gure modukuak.
Ori da eskaria
eta ez uskeria
jaso eroritakuak...
Negu ondoren txusper nazala
Udaberriko kukuak!
Gaitz petral onek nola utzi naun
orra garbiro itzegin,
beste guziak benetan txarrak
baiñan au ezta atsegin.
Aitortu ditut danak
nigan pasa diranak
jendea entera dedin...
IBAI-ERTZ'ek au gertatu arte
gripen berririk etzekin!
|