Kezkaren taupadak
Usarraga-zar
Aurtzaroaren arratsa,
aundi naiaren egunsentia.
Bizitzaren leen lore-sorta,
arros ta arantzez betea.
Zure amalau urtek
sor diguten kezka,
maitasun arrobiko
gure errai puska.
Atzo ume ziñana
gaur eginda neska,
suagandikan kea
bezela igeska,
nora ote zijoaz
utzirik seaska.
Zure zai egon gera
egun eta ordu,
eta uste gabean
mugaraino eldu.
Esia igarotzen
nola ez lagundu,
sasi ta arantz artean
etzaitezen galdu
egunez ez dezaizun
zerutik ilundu.
Zure aurtzaroaren
barrengo bakea,
ezin izango dezu
beti irautea.
Beharko gaituzu-ta
alaba maitea
utzi, bihotzez bedik
zurekin joatea,
zure poz-penen irri,
negar izatea.
Txori-umeak pozik
kabitik igesi,
ez daki ehiztariak
dezakenik jausi.
Amak esan nahi dio
txiru ta karrasi,
jakin nora zoazen
nun gorde ikasi,
askatasun osoan
inor ez da bizi.
Ehiztari asko ditu
zoazen basoak,
tiroz eta gezurrez
iltzeko usoak.
Mugatu nahirik
zure bide ta pausoak
gaitzesten erakutziz
sendi gurasoak,
bildotx abotsez mintza
ori diran otsoak.
Gero sortuko diran
akats sendagarri,
eskeiniko dizute
«Droga» jauntxo ori.
Negarra altzoan dun
uneko poz-irri,
zauri bat sendatzeko
egin zazpi zauri,
bizitzeko baratz hau
biurtuz il-erri.
Itsasoaren tripak
or dabiltz orruka,
gainean olatuak
bat bestearen aurka.
Zu larritzen bazera
jaurti bihotz-soka,
gurasoan «kai» onek
lekua badauka,
emen babesteko zu
ta zure txalupa.
Ez zaitugu lotu nahi
gure lokarrian,
zeuk jarri zeure mugak
al dezun neurrian.
Barru-poza billatu
negar, naiz irrian,
sufritu gabe zail da
eder Aberrian,
arros arantz gaberik,
ez baida lurrean.
Txarraren egin otsak
entzun dizkiguzu,
obe zan izan zure
alde onan meisu.
Gure bizitz apala
ezagutzen dezu,
daukagun ona artu
bestea lor zazu,
ojala al bazendu
torizu bi musu.
|