|
Tellapeko enaratxo
Usarraga-zar
Egin naiaren bultzaz
esnatuz gogoa,
gogoak amets bitxiz
bete dit burua.
Buruak nai du
baño ezin opildua,
ain miresgarri zaidan
«Enaran» mundua,
utz, daikedan neurrian
aitatzera nua.
Negu amaian edo
udaberri leen,
leiotikan begira
egun sentia zen.
«Enaran» tellapean
kabia egiten,
sortaldeko zulotik
sartu eta irten,
iezko txori bera
ote zera aurten.
Lengo bera bazera
urteon enara,
ta ongi etorria
bernia bazera.
Or daukazu atea
or dezu ganbara,
egin zure kabia
nai dezun erara,
bion jaiotetxean
kabituko gera.
Zergatik ote zaizu
erri au ain gozo?
«Enaren»- Aberria
dalako akaso?
Jaio ziñan lekuan
izan nai guraso?
Euskadiren izena
nai al dezu jaso?
dana dala onartzen
zaitut enaratxo.
Aldiz joaten zera
guregandik urrun,
an egoteko mutu
goibel eta illun.
Maite-min danan labe
kabi leku bigun,
txirrioka egadan
ainbat jolas txukun,
ez dituzu egiten
emen beste iñun.
Zure kantua edo
txirrio bizia,
ez dakit dan izketa
ala karrasia.
Beste txorietatik
zerbait berezia,
ba dirudi mendiko
artzai irrintzia,
aiek zuri, ala zuk
aiei ikasia?
Ai ni, zu zeran bezin
euskotarra banitz,
Euskadin da euskeraz
bakarrik naiken mintz.
Nabil neurea utziz
erdal babak jaulkiz,
erri bat ote geran,
asko dudan dabiltz,
lotsaz il bearko nuke
ez bein, milla aldiz.
Beste doai bat duzu
nauana arritzen,
guk egiñetik ezer
ez dezu lapurtzen.
Xomorroak eizatuz
dakizu mantentzen,
aldi berean gure
egurats garbitzen,
nork aginduta zabiltz
zu guri laguntzen?
Zure apaltasuna
ispillutzat artuz,
gorasarre dagizut
bertsoz edo kantuz.
Jarrai Euskalerriko
tellatu tellatuz,
zure kabi gozotan
umeak bazkatuz,
zure ta nere erri
jator au edertuz.
Udazken soillaren
egunsentia gaur,
urrun bideruntz zuaz
isil, buru makur.
Gogoetan zer dezun
nik badakit ziur,
lur au utzi aurretik
pentsatzen noiz biur,
Udaberrira arte
Enaratxo Agur.
|
|