Orreaga...!
Albisu'tar Anastasio
Azken-gudako odola oraindik
nabarmen zan ezpatetan,
etzun erdoiak kabirik egin
euskaldun guda-tresnetan.
Burruka batek beste berri bat
zakarren beti zaiñetan...
Pakea nai-ta, etzan pakerik
Euskal-erri mendietan...!
Erri koxkor bat besterik etzan
garai artako Euskal-erri...
Erri koxkor bat, arkaitz artean
pakean bizi zan erri...
Askatasuna ez galtzearren
egin zitzaigun gudari...
Amaika odol ixuri zuan...
Il ziran gazte ugari...!
Lengoak lengo, oraingo etsaia
KARLOMAGNO bera degu.
Gudaroztea biltzen ari da,
ROLDAN gaztea du buru...
Amets bakar au, aren buruan:
euskalduna menderatu...!
Maltzurkeriaz, lapur-antzera
Euskal-erriaz jabetu...!!!
ALTABIZKAR'ko artzaiak, orde,
begia luze urrutira.
Arei etzaio ezer izkutu,
ba'dauka nora begira...
Gudari aien burni-jantziak
eguzkietan dizdira...
Maltzurkeria, maltzurkeri da
besteak lotan ba'dira...
Guda-santsoak jaiki erazi du
ARTIZAR buruzagia...
Urte asko-ta, aren begiak
ez dute lengo argia...
ARTI gazteak emango dio
ark jakin nai-dun berria...
Zenbatutzea ez da erreza,
aitor dezagun egia...!
Zelai batean besar bezela
ager dirade etsaiak.
Millaka dira. Millaka asko,
ezin zenbatu erdiak...!
Amil-arkaitzik ez ba'digute
ematen gure mendiak,
ez dira asko, aiek danentzat
Euskal-erri'ko geziak...!!!
Amets gozotan, sartu da, sartu
ROLDAN gazte ORREAGA'n.
Euskal-erri'ko neska gordiñak
irrika ark biotzean...!
Ezagutzen ez...! Ikus nun dauden
mendi-gallur guztietan...!
Etsai-artean erregin baiño
il naiago gudaketan...!
ORREAGA'ko meargunea
estua eta luzea,
illobitzako ederragorik
ez da errez billatzea...!
Ez da bizirik andik irtengo
ROLDAN qudari gaztea...!
Odol-erreka biurtuko da
arkaitz-arteko bidea...!
Ea mutillak, orain dek ordu...!
Aska errotik arkaitzak,
zilipurdika irauli eta
artu eskuan ezpatak...!
Bizirik ez dek iñor irtengo...
Indartu zuen biotzak...!
Euskal-erria'n gu gaituk nausi
lekurik ez dik arrotzak...!
Meargunera eroritako
arkaitz zirrikituetan,
diz-diz dagite ildako danak
illargizko argietan...!
Ixilik dago ARTIZAR ona,
begi biak malkoetan,
bertsolaria jeiki da eta
ekin dio bertsoetan...!
Ilketa aundia egin ba'degu
ez da errua gurea,
iñortxok ere ez du maiteko
guk maite-aiña pakea...!
Euskal-erri'ko askatasuna
ezin galdu da ordea,
ikus bezate emen etsaiak
guk degun joka-legea...!!!
|