Eusebio Erkiaga
«Endaitz»
Muniategi'tar Sabin
Lekeitio, Bizkaia'n. Itxas ertzeko erri ikusgarri, langillea. An sortua dogu euskal elertiaren zorionerako, Eusebio Erkiaga Alastra, 1912'ko Irailla'ren 4'an. Izenordez «Endaitz». Olerkari gozo eta samur bezin idazle ona: amaika eleberri, antzerki eta gaiñontzeko idazlan gogoangarrien egillea. Berein sari jasoa arlo guztietan.
Olerkari dagokionez, tamalgarria da bai, aren lan ederra, aren olerki ezti, gozoak, liburu baten bilduak, jasoak ez izatea. Olerkari aundi-maunditu txepelagorik ikusten da bazterreten. Ez bakarrik, euskerearen alor, barrutian, baita bere erdaldunetan. Sakabanatua aurkitzen da Erkiaga'ren olerki-lana, aintziñako Euzkadi, Ekin, Yakintza, Euzkerea, Euzko-Gogoa, Egan, eta abar, ainbat aldizkari eta egunkariren euskal orrialdetan. Batzuk goi-maillkoak, besteak ez ainbeste, baiña, danetan daurkikegu, aldiberako gure (guda-aurreko eta isil-ondakoz ganera, egunotarañoko) olerkigintzaren lekukotasuna, aren etenbako ekintzaren lorratza eta aren idazkeraren euskalduntasunezko yasa. Ez dira ain ardura gitxiz baztertzekoak, aintzakotzat artu barik sastegira jaurtitzekoak. Aberri-miñezko aldi bateko edestiaren agiriak dira. Erri txiro baten euskalatal jakingarriak. Ezer ez daukagu alperrik galtzeko. Euskerea ia aintzakotzat bere artzen ez zan garaikoa dogu. Abertzaletasunaren ernemiñezko garralditik sortua. Azkatasun eguzkiaren lenengo argidurakaz lekuratu zana... Erkiaga'k, (lenengo aldiz atxurra eskuratu duanaren antzera) bearbada, bere lenengo bertso-atxurkadak, ez ebazan emongo nekazari ortaratu baten egokitasunez edota maixutasunez. Apur-apurka egiten da bat, ikasiz, ikusiz eta norberezko naimen, gogo biziz... Berez, euskal olerkari batek diñoanez... «Berez... Batere ez».
Endaitz gaztearen asierako olerki batzuk (euskeradun abertzaletasunak eraginda, jakiña ba) atzerriko bakartadean nintzala an, Filipinasetako ugarte batean, etxetik noizik bein bialtzen eusten Euzkadi egunkariaren euskera utsezko orrialdetik maitasunez jasotakoak dira, beste askorenakaz batera; orduko bertsogintzaren labatik arako opil beroak: nire euskerazko maixuak, gaur be, ordutik ona galdu barik neure eskuetan dirauenak, bildumatuak. Endaitz'enak aunek dira: «Lipar Gurena», «Ames-lilia», «Kisto Bakaldun» eta emen doakizuen Ondarroa'ko Euskeltzale Bazkuna'k eratutako Agate Deunaren Olerki Txapelketarako egindako olerkiaren atal bat:
«Neskutz done bat aintzaldu eta
oiturak indar barritu
orrelan asabaen lorratzai
guk jarraituko dautsegu.
Urte oker ta illunak zirean
aldi artan kistarrentzat:
zoritxar antzeko egun areik
zorun ekarle guretzat.
Kistoren jarraitzalle artian
gendun Agate donia:
oker-ziñeskuntzaz kutsubako
ta neskutz garbi-zalia.
Garbitasunaren iturri
Kisto jaunagan ekusan.
Kintzen erri-buru nagosijak
uka-erazo nai eutsan.
Agate deunak ez nai ukatu
bere kistar ixaterik,
espetxe illunean sartun eben
ukapena lortu nairik.
Alperrik ziran etsayen lanak
neskutza orbandu nairik;
orra ba, Agate areyo eskuz
il, bularrak ebagirik...
...eta, abar... onela darrai, Agate Deunaren gertakaria arildu ondoren, emen ez datozen sarrerako bertsoen antzerako agur bertsoekaz «etxeko sendi jatorra, euzkotar zinduak»-eta, agurtuz...
«LIPARR GURENA»
Enau bildurtzen erijotzeak;
bildurtzen nau zelan ilteak.
Done erijotzea
nai nayen neuke.
Lipar gurena gizon orontzat
erijotza da; gero zaritzutzat
artu daikegu
bakoitzarentzatt.
Eta, onen antzerako bertso-antilamenduz amaierea emoten dautso «zelan iltearen arduratusanaz».
AMES LILIA
Zoro-amesketan sortu
eban olerkariak
ta Jaunak entzun bai-zituzan
olerkariaren
erosta negartiak
zitoria baizen guri
egin eutsan arpegia
ta begietan ezarri.
Geiago luzatuko...
Aberriaganako maitasunak eraginda euskal alorrean bere biotza ezarri daben gaztearen lenengo Iorratzak begiztazen ari gara. Aren ziñezko lenengo oinkada pozkarriak.
ETEN KATIOK!
Ona ba, zer diñon:
«Maitasunik iñun eztogu
Ama'ri zor yakon aña;
erbestekua nayago dogu,
bego Ama'ren samiña.
Gure lurreko
zeru-aldian
orain baltz ta len
urdiña...
lokarri gabe
legoke Ama
seme zintzoak
ba'giña.
* * *
«Ene esaben Erri maitia,
Euzkadi zorigaiztoko,
eun urte baiño len ez aldogu
morroitza barik utziko...?
Ama lotuten
dauan katia
oñazpiratu
orduko
etsayak bera
il ba'dagisku,
agur! euzkuok
betiko...!
* * *
Begira beste olerkitxu au bere:
ABERRI BAT; ZATI BI
«Itxas berberak laztandu,
odol berberak biztandu.
Ibai medar ta mendaitzak z
ati bijak oi batzandu».
ARROTZ ERRI biren mende
ABERRI bakar osua,
semiak itsutasunez ija gal dabe gogua.
Euzkadi ama maitia;
zeure semioi bialdu
gogo eta argi betia».
Agirikoa da Endaitz'en olerkari sena. Euzkadi egunerokoaren euskerazko atala izan zan ainbeste gutarikon ikastola. Batak bestearen olerki, ipuin eta poematxoak irakurriz zerbait gaitu giñan. Kirikiño, Orixe, Lizardi, Udalaizpe, Lauaxeta, Erletxue, Otxolua eta abar izan ziran gure argibidezko edanlekuak, iturburuak... Iturri ortatik edanda biztu zan gazte batzuen olermena. Endaitz dogu bat. Gizon egiña dakusgu gaur. Idazle ta olerkari on. Olerkera...? atzokoa? gaurkoa? Ez atzoko, ez gaurko. Betikoa. Egun bakoitzez bizi dana. Lengoa ikasbidetzat artuta, dana bertanbera, lengoa dala-te itxi barik aurrera dagin egiazko, zuzentasunezko asmobidez. Aukeratutako bidean biotza ereiñez, argi izpiak nunbaitetik jasotzen diran bitartean. Ibillizko munduan gabiltza gu be, ta gauzak aldatzen dakusguz aldibera, apur-apurka, la oartu barik baiña, ala da; jazkerak, oiturak, oldozkerak... ta, gizona beti ari da gauza barriak asmatzen, bere argitasun arabera gauzak egin eta desegiten. Batzutan onerako, bes-tean txarrerako. Eta, ainbesteren artean... iraultzalleak sortu oi dira, danetariko asmo eta erabidez...
Eta, aintziñakoak: «Zenbat buru ainbat aburu». Edota, arako españar olerkariarena: «Todo es según el color del cristal con se mira». Batzuk itxurazale: prakatan txatal batzuk ezarri ta langilletasuna aldarrikatu. Baiña lana beartsuentzat itxi. Gauez naiago dabenak ibilli eta ez egun argitan. Erkiaga benetako olerkari langille zintzoa dogu, burua agertu bearrik ez daukan orreitakoa bere olerkiari edertasunezko argibide bat emoteko eraturarik sentikor eta, alik txukun, garbienez... Aurrera dagina da, atzean geratu barik esateko bildurrez. Baiña, gizonki, bere bideari jarraituz.
Bere gazte aldian, gazte aroan maitasunaren eskutik ibilitakoa dogu abesti gozoak abestuz: Errota Zuri, Ene Maitia, Maitale Biak, Uso bi iduri, Amesa? Argiñe, Goiza, Ezkontza, Txintak, eta abar... Danak lenaldikoak. Oraintsuagokoak ditu «Izarrak Isillik» eta Biok erdal itzulpenaz datozenak A. Onaindiak aukeratutako «Las Cien Mejores Poesías de Amor de la Lengua Vasca» n. Politenetariko bat:
ERROTA-ZURI
Erreka ertzean altza,
ertzerago errotea;
inguruetan ederren
errotako alabea.
Marti zozoa kantaten
bidez goiko sagastian;
astotxu zarra zamauta
nekezka, aldapa erdian.
Erreka ondoko bolu,
zuria goitik beeraiño
gordeta daukan pitxia
eztot ikusi gaurdaiño.
Bolutxuko neskatilla,
larrosa eder dirudi
ibar osoan ezta iñor
ai, zeu baizen maitagarri!
Epalla lenen-egunak,
garia aspaldi erne zan
oraindik ezta lorarik
eskaratzeko arasan.
Neskatil zoragarria,
emeretzi udabarri
ire ibilkera yayoak
aundikiena dirudi.
Txakurrak zaurk etxaurrean,
atak errekan igeri;
neskearen ezpanetan
barrea loretu bedi.
Errotatxuko elabak
urrezkoa dau biotza;
ai, ederra! nork leikean
zuganik baietza.
Mendi artean ibarra,
errekertzean errota;
bolu aretan euskotar
neska garbi bat gordeta.
Nun dira gaur orduko irin zuriak, nun errotak, artotzak, garitzak, nun orduko loratzen zirean nekazari laborantzak? Aldakuntza nabarmenak ordutik onakoak. Baiña, Endaitz'en lauki gomutagarri au emen dogu zuzpertzeko gazteagotako biotzak.
Jarraitu daigun aurrera bere orduko beste olerkitxu pinpirin batzuk irakurriz eta, beingo batean oartuko gara lauki auetan olerkariak jaso dabezan biozkada sentikorren taupadakaz.
ARGIÑE
Putz-egian bigun
ego-aize meiak,
legun erabiltzan
orri ta adarrak;
astegun zan eta,
udazken giroa,
aize guzietaz
buru zan egoa.
Oi, goizaren eder,
biotz pozgarria,
goiz artan bai neban
izan poz-aldia.
Enparantzan betaz
yarririk nengoan,
aurrez-aur eleiza,
etxeak ondoan.
Enparantzan oste
gaitza sal-eroska;
batak au agindu
ta besteak uka.
Lasaiki nengoan
noranai begira,
enparantzara ala
eleiz atadira.
Alako batean
zabal da atea
eta, eleizatik
urten zan maitea.
Apalki yantzia
ta, biotza garbi...
Bera izango al dot
ene bizitza argi!
Ederto eratutako olerkia. Zai zegon enparantzan gure mutilla noiz agertuko bere maitea, begira alde batera eta bestera... Lasai? Ori diño baiña... «Alako batean...». «Alako» onek azaltzen dau olerkariak poeman adierazi nai deben maite-mindu begiralearen bigiratuen norabidea.
Ain adikera bizi, atsegiñez egindakoa danez, emen jartzen dodaz «Lekeitio'ko andra aurreskua» deritxonaren zortziko batzuk:
«Gona baltzak yantzirik
ta gorantz gorriyak,
buruko zapiyetan
arro txori biyak;
sorbaldatik txairo
loradun krespoiak,
anilan egiñiko
dedazko mantoiak».
«Zeure bular arteko
kabeliña alpakaua,
zeure begira dago
erriko eskribaua...
Luisatxu Kaiganeko
gaur be gomutaua,
aurreskua eiteko
beraz izentaua».
Neskatil zoragarri
gitxitxu lakuak
sokan oi ziran
lora udabarrikuak;
laguntzaz bai topau be
euron gustokuak
mutil kolore eder ta
bana-banakuak».
«Bira eta artaziyak,
irradan puntuak...
aurrera atzerakadak,
oin-muturrekuak...
Gero neska-mutillak
bizkor pandanguak,
arin-ariñak eta
biribillekuak».
Izkera errikoia darabil gure olerkari onek, bere erritik atan be, artutako lauki eder ontan. Endaitz aldizka irrikoi agertzen yaku, geienetan ameslari eta irudimentsu. Ona zer zer dirauskun berak «Bazenike» olerkitxuan:
«Bazenike zuk buru-eiaran
nik ditudan gogoetak!
Alez beteak ler agiñean
nire ametsezko lekak».
* * *
Erkiaga, lekeitiar errikoseme jator au, euskera alde, lan asko egindako eta, egiten ari dan gizon trebea dogu: Bizkaieraz batez be, eta baita gipuzkeraz eta lapurdieraz be, galantasunez idazten dakiena. Bai itzlauz eta bai neurtitzetan. Jaungoiko mentasunezko olerkari bioztun eta argia. Begira emen Donosti'n 1951 garrenean saritutako «Azkue'ren Heriotzan» neurtitz batzuk:
Iondone Martin bezpera,
bozkarioa alper da:
Seme handi bat galdu du eta Euskal-Herria minez da
Ozkarbi dago ozkarbi,
hegoa dabil zoroki;
Bilbo'ko ibai ertzean biltzen iende mordoa isilki.
Gora da lerden iguzki,
ezta hedoirik ageri,
halarik ere nire kantua egun, hileta eresi,
Kanpaiak astunak dorrean
dulun ta dulun hitsean,
zinkurin bana lotu ezinik bat bederak ezpainean,
Azkue handi, Azkue!
Euskerak zuen zutabe,
amarengandik ikas-mintzoan euskaldunon irakasle.
* * *
Eta ain ezti, gozo «ANDRE MARI»-ri zuzendutako bitxi eder ontan:
Ikusi duzua, txori polit orrek,
Andre eder bat hemen zeihar iragaiten?
Zerua zeraman soinekotzat harek
oinetan hegalak aizea urratutzen.
Ikusi duzua, lili txairo hcrrek,
Jeriko lore baino hobe denik?
Bai, eta aranetan sortu loretoak
hura ikusiz geroz, huna ahalkerik.
Ikusi duzua, ene iturri garden,
deus garbiagorik zure barne baizen?
Andre Eder'en pare ene kolko barren
hau lohia duzu, arre ta baltzeren.
Ikusi duzua, gaueko izar txuri,
illargi antzeko argi xarmantarik?
Zilar illargia oinpean artuki
iguzkia bainon aregoko iguzki...
Zer duzua, beraz, ikusi hoin eder
txori, lili, iturri, zilarrezko izarrok?
Erregin handia, Andrerik ederren,
Andre Mari dugu ikusi guztiok...!
* * *
Erkiaga'k zentzubidez, argi ta garbi, jakinduriz, ezti, samur, bizitza-zear itz-lauzko ainbat nobela, antzerki-lan eta abar, olerkitza zapuztu gabe eratu izan dau asieratik gaurko egunetaraño, tarteka-marteka idatzi daroa, beti, ederrik ta zorrotz, neurtitzlari on baten biotzondo ta sakontasunez. Tamalgarria euskaldunontzat beren olerki guztiak, bilduma baten ez izatea. Guda aurreko gizon batenak. Euskaldun zintzo, fededun batenak.
Baiña darraiogun asitako arloari ia bukaera emoten dautsegun. Ortarako beste ainbat aitatu barik itxi-arren, luzeegi ez egiteko azalbide au, Aresti'ren Omenez idatzitako poemaren barri damotzuet: KANPAIAK ERE. «Behar ditugu kanpaiak ere, behar ditugu» diño olerkariak. Baserrietan batez be, (gaur gitxiago baiño) oso bearrezkoak:
Aurtzaroan
eta gaztetxotan ere,
kanpantorre ondoan
durundi iario atsegiñez
egunen iragan-jokoan.
Kanpaiak aldatzeke du aho-mihi;
alaere, mintzo ta esangura,
doiñu ta oihartzuna,
maiz aldakor eta berri.
Anitz esangurako baitira
joareen durundak,
noizko, nungo ta nolakoak diren;
zoli, azkar, arin...
astun, motel, illun;
batzuetan argibide,
iñoizka negar-ereagiñen.
* * *
Kanpai-otsak alaitasunezko doiñu egakor eta ariñez edo illetatsu, astun, barri illuna aizeratuz. Jaiotz-eriotzazko gizabizitzaren kristau agiriak. Zertako ta zergaitik -itauntzen dau olerkariak.
Zertarako ta zergaitik
oihu berezi?
Aho-mihi duten gauzak
direlakotz
itzik gabeko mintzo bizi.
Gaiñera
kanpai
olerki
aiña da,
gurari
betea
doiñutan
emana.
Gizonak
eskuaz
ukitzen
duena
ez baita
betiro
gauzetan
Ai, Goethek entzun kanpai
Pazko-goizekoak!
Ele ederretan barrena xurga ta
ura zirrararen goxo
sentimenaren muiñean!
Eta alaxen urteoro ailitz,
bake-soiñuzko goiz ura,
Jaun onari dakioño.
AIZEAREN egoetan
oihartzunak bide bihurri,
baiña beti aske,
txoriek baiño ere askeago,
albakoan, eguerdiko amabietan,
abemaritakoetan,
eta arimen kanpaietan.
Gauez ari kanpaiak, ordea,
izua du emaitz,
neke eta gaitz
aldarrika:
estura-itz, el-oihu,
kezka, ximiko ta
auzo-premiaren ulu.
IZUA urbil denean
kanpaia nahi guk lagun;
deusez bait gara,
zurtz eta alargun.
EGUNEZ entzun kanpaiak
zaizkigun atsegin,
neurrian emanak,
ebakia berdin;
alaxe odolak
bere igi-tintin
osasun denean.
Entzumenak atxikia,
ez eskuk ukia.
Ez baita
betiro
gauzetan
onena
gizonak
eskuaz
ukitzen
duena.
ETA kanpaia bera
uki badeza ere,
doiñu-durundia
ihesi doa,
animaren intziria
doan bezela,
ezin atzemana,
aizetan barrena.
ERRIMIÑEZ mozkortzen gaitu
joare jakiñen mintzairak,
iri aundibera bizibehar onek
giro itogarrira erakarriok,
ta ala, urrun-miñez ero ditugu
begi ta belarriok.
KANPAIAK ere behar ditugu, -kanpaiak ere.
GAIÑERA
kanpaia
olerki
aiña da,
gurari
bizia
doiñutan
emana.
ZERUMIÑA sorrarazten duena,
olerki esan-eziñaren
muin eta kamena,
iñoizka elkarrizketaz
argi ezin ditekeena.
AI, Goetheren
kanpai xamurRak,
alaiak
Pazko goizean!
Munduko bekaitzen ondagarri
odei txurien egalean.
GIZONEN mintzoak
bai gezurti, ez zintzoak
zitalagotzean,
zoin den eder
dilin-dalan leuna
gizonaren bake-gosean,
zuzen eta askatasunean!
Auznar edota geure buru-errotetan eio al ba-doguz ondo, Endaitz'en olerkiok, Euskal-Erriaren berarizko gogo sendoaren urun ogigarri, usaitsu ta, gozo; urun zuri-eder bataz aurkitu gara, arbasoen doiñua, oraindik bizi-bizi, taupaka, gure biotzetan ari dana...
|