Uraren dizdizari abestia
Karol Wojtyla
euskaratzailea: Igotz
(Jesusek erantzun eutson: Ur onetatik
edetan dauana barriro be egarri izango da;
baiña nik emongo dautsadan uretik edaten dauana,
ez da sekula egarri izango»
(Jn 4,13)
Siken pozuaren karel ertzean
Ikus uraren zidarrezko ezkatak.
Bere ondarrean pozuak ikara dagi,
begiaren niniak lez irudia bertan erneten danean.
Osto-orrien isladurak
uraren azalean
zure arpegia ikutu ba'dagie,
nekearen betazpiak garbitzen dautzuz.
Urrun dago oraindik iturburua.
Begi nekatu ta betazpitsu orreik
gaueko ur illunpetsuak, diñoste,
zure otoitz-itzetan dagozala gaiñezka.
(Gure arimak zumel dagoz, oso zumel).
Baiña pozuaren argitasunak dardar dagi zure malkoetan,
amesen aize-dardar batek
ori uste dabe bidez doazanak
biotzetik erne-eragin dabezanak.
Pozuak dizdiz dagi orriakaz zure aurrean
eta orriak zure begietan dira zimeltzen,
bitartean aren berdetasun diztiratuak
zure arpegia beilatzen dau
islatzen dauan barrenaren gaiñean.
Urrun gagoz oraindik iturriburutik?
Giza-taldeak dira Zugan dardaratzen,
zure itzak alderen alde zaurituta,
begiak lez uraren argitasuak.
Zuk ba-dazauzuz gizonak, danak,
nekean eta pozean.
Begiak zabalik olatuen ondarrean
Joana da euria
eta txingar-jaurtika dagoz arri diztikorrak
bidez dabiltzanen oiñen azpian.
Gaua dator. Zenbat gizonek ateak igaroten ete
burrunbada batean edegirik?
Zenbat ez dira geratzen leioetako argiari ukondoz?
Gaba da. Giza-ormea, noizik bein,
ausi egiten da bidaztiren baten betartez,
eta au leioetako argitasunak
beste toki batera daroa, urretxo.
Giza-ormea zabal egiten da, meetu,
baiña beti da ber-bera.
Aren illuntasunaz lilluratu egin da soa.
Lau ta bakuna da ormea.
Esan dautzut: zure begitua bakar-bakarrik
tinkatzen da samurkiro gizonengan,
argizko iragarkien zintan ilten diranengan;
euren ezkutu sakonenetatik agertzen dira,
eta iñundiko sugarrek ezingo ditu iruntsi.
Begiak inguratzen dozuzanean,
gero ta beteagoa egiten da uts-unea,
ondobako gai geiagoz beteten da,
jenteki illuna igali eldu baten antzera zabaltzen,
eta bere barren-aldetik kanporantza dator
ontasun onenganantz,
eta onegaz, ixil-ixillik, gosea dozu asetzen,
eta berau, oiu-oiuka, auts dozu biurtzen.
Ez, zuek etzarie bakarrik;
eta, zuek bakarrik ba'zarie be,
zuen begierak orduan ba-dirau
eta gero ta geiago agertuz doa;
naiko da begiak beste era batera zabaltzea,
oi bezela barik beste era batera zabaltzea,
eta ikuspenari eutsi
begiak asetu daitezan
Emakumearen itzak osin-ondotik urrintzean
Oraindixek nire ezjakintasuna
itxi egin neure atzetik,
sartu ziñan atea bezela
nik ez dakidan guzti a jakiñik
Itzik egiteke igaro zara,
neure gomutamenean zear,
ainbat pertsona, ainbat urriñeko bide
eta ainbat kale,
txingar ixiotu lez ariman diranak.
Alkar-aurkitzea gero gogora ekarrita
Ez litzateke iñor Aren antzera begiratzen ausartuko,
ezta, orrela, ikusten be, ber-beraren kautan.
Aren ezagutze erea bai dala bestelako!
Ozt-oztan jasoten zituen begiak,
baiña Aren ezagutzearen osotasuna!
Aren arpegikera zan
uraren argia pozuan bezela:
izpillu bat..., pozua lez..., barne-barneko argi-diztira...
Ez eban izan Bere baitatik urten bearrik,
ezta begirik jaso be, igarteko.
Ikusi nindun, Beregan erraitu nindun,
nirekin jabetu zan ezeren zoztorrik bage;
nigandik jalgi-azo eban lotsakizuna,
eta baita pentsamenturik ezkutuenak be.
Buru-lokien giltzak ikutu bide eustazan.
Bat-batean, arindu nindun neure neke aunditik,
eta zelako guritasunaz!
Aren itzak, lau-lauak danak,
ardi lilluratuak lez inguratzen ninduen.
Eta gogoan euren abietan lo egozan
txoriak esna-erazten ebezan,
eta neure ezkutuetan ziran sartzen,
eta neure pekatuetan.
Autor eizu... Onek ekarri dautzu
begia bete oiñaze:
(oldozpenen uin-arroa bat-batean jat itxi).
Ixillik zagoz, baiña ba-dakit nik,
zute itzetara betikoz zabalik nagon ezkero,
nire neke-miñak ezin izan dauala urreratu be
zurearen neurritara.
Nire maitasunak orain zure oiñazea bi i nai leuke,
Zuri kendu ta bertan batu soingaiñeko latzean lez.
Baiña berandu da. Orain
biurtzen dauzstazun sufrimentu bakotxa,
neugana bide dagian bitartean,
maitasun biurtuz jaongo da.
Zelako laburpen, zelako ontasun
zure ezaugerarena!
Eta begiak jaso be ez dozuz egin;
zeure begiakaz bakarrik mintzatu ziñan nigaz,
eta euretan dirdirak egozan
pozu sakonaren islarenak.
Berak eta jenteek, aregan, daukien alkar-izketa
Jenteak, illunkera aretan,
onan bide egozan izketan:
Ez uste bakarrik zabiltzanik;
neu lez, beti daukazuz jenteak lagun,
aldatu gareanok, guregan
zure isladurak sartu diralako.
Bai, zure isladurak...;
itz apurkor batzuk argian eztituak...
Neu lakoxe jentek...
euren illunetatik jagiak
Zuk goian ixetzen dozuzan izarretarako bidean.
Gauetik urtendako jenteen artean,
antxe dago emakume a bere.
Eta orain Ak aren bitartez itz dagitse:
Ez zoaze bakarrik.
Egundo bere ez, une baten bere ez,
nire begiera ezta aldenduten zuengandik.
Eta nire begiera egi sakon biurtzen da,
itxasotik urten olatuak baiño sakonago.
Eta nire betarteak be laguntzen dautzue,
zeuen arimen lekaroz lekaro txigorturiko
betarte onek, zeuen ames nekatuen aizez
eta ats-aldiz beti egurasturiko onek...
Zergaitik ez dozuez nigandik kentzen zeuen kurutzeak,
nik neurea zuengandik erauzi neban legez?
Erreten egoan zuen besoetan,
bere pisu guztiz zuen bularrean murgildua.
Eurak:
Illunabar tristean alkar aurkitzen dabenean
gure arpegi arrain antzo labankorrakaz,
ainbeste kruseilluren argiz limur egiñakaz,
arat-onat nabaitzen dogu geure odola
eta beragaz eraso gengike.
Neure odolaz pisua makur-aztera etorri naz,
itomen ixillaren billa etorri naz,
zeuen ideko, bat geiago, egiñaz.
Samaritarra
Zurekin lotu-azo nau osin-artz arek,
zure nor baitan murgildu nau.
Gure artean ez egoan ezer, ezer bere ez,
begi-nini garbi baten antzera
dardar dagian argitasun sakona ezik,
osin-ertzeko arriaren biran sartu ezik.
Argitasunak murgildu nindun zure begietan
eta euretan itxita laga nau.
Bein barriro gomutapena
Neu, neu, neu neu,
osorik itxartuta,
ur ibillen diztira garbian
bere burua ezagutzen daunaren antzean
eta, bat-batean, begitu izpillu barik
eta berenera biurturik,
bere arnasa geldi-azo
eta arritua lez aurkitzen da,
bere argi-gaiñetik dantzari...
Osteangoa, ba, aurrerantzean,
ene itxartze augaitik?
Edo-ta ormea edegi zalako soilki,
beti ibilli nintzan lekutik,
konturatu barik (itsu-itsuan)
neugandik bananduz niñoala
eta ez neugandik bakarrik?
Bai, itxarrik nago
eta ondo andi-manditua!
Alan be, dana dirudi doala leen bezela:
zamariak auzoko muiñotik
euren zama-sortakaz datoz,
mundu osoa (arnas-artuz legez)
gora ta beera dabil
neurrizko era bikaiñez,
igonaz doaz arpegiak aire oztiñez
(alperrik, alperrik!)
argitan dagozan kruseluak diztituta
eta zain dagozan izarren azpian.
Ariñago edo beluago,
ezagutu bearko dot pisu bat
kendu daustazula, neure neke
eta indar-egiteen neurrikoa,
Zuk ito-bear barik daukazun
armoni ain lau-eder orrenzati
pitin bat eskuratzearren...
Eta amai bakoa dana!
Begira: zati pitintxo au
nekez iraun-azten da niregan,
baiña ba-dakit lepotik kendu daustazun
kargea, ez dabillela utsean igeri;
ez dago aztagaillurik bera pisatu leikenik,
ezta aldea atzemotekorik bere.
Eta olan, aldakuntzaren bat
jazo balitz lez, oldozketan nago,
eta arindua somatzen naz.
Su-garra bezelatsu,
zugatz idorretik bizkor jauzika,
bere egada diztikorraz
gau-estalkia jaso daroanez.
Uraren dizdizaren abestia
Pozu onen barrenaren dizdira,
ontatik neure pedarra bai nai dot bete,
aspaldi joian nere begi-niniai itsatsiz...
Osin onen dirdaian emon izan jat
iñoiz izan ez dodan lako bizipena,
eta olan estalgetu dot neure utsune aundia.
Ondo dago, ondo! Ezin zaitut
osorik eroan neugan,
baiña lot zaitezala nai dot
osin onen izpilluan tinko,
ostoak eta lorak bezelatsu,
goitik aizeak erauziak,
nire begi lilluratuen so-aldian.
Oi nire begi orain tristerik ez dagozanak!
Zuk zeure argiaz bete daustazuzalako nunbait!
|