L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1983 (1984) —Hurrengo artikulua







 

 

Esopo'ren ipuiñak

 

Esopo

euskaratzailea: Igotz

 

131. Atuna eta izurda

 

Atun bat, izurdeak erasota, zarata aunditan ebillen. Etsaiaren autzetan jausizori egoelarik, bere jauzi edo saltu-indarrak, konturatu bage, ur-ertzeraiño jaurti eban. Antzeko oldarrak eraginda, izurdea be toki ber-berara egotzia izan zan. Atunak itzuli ta izurdea ikusi eban azken-arnasa emoten.

        —Ez daust ardura il-arren —esan eban—, neugaz batera ilten ikusten dot-eta nire eriotzaren errudun dana.

        Ipuin onek erakusten dausku: ezbear eta naigabeak errez eroan oi doguzala eurok dakarskuzanakaz erdi banatuta ikustean.

 

 

132. Osagille ezjakiña

 

Osagille batek gaixo bati kontu artzen eutson; besteak esana eben, arriskuan ez egoan arren, gaixotasuna luzarokoa izango zala; ezjakiñak bakar-bakarrik esan eutson artu egizala berak agindutako guztiak, urrengo egunetik etzala igaroko-ta.

        Egun batzuen buruan, jagi zan gaixoa, baita kanpora urten be, naiz-ta laru ta nekez ibillirik. Bidean aurkitu eban gure medikuak eta bota eutson:

        —Zelan dagoz, adiskide, inpernuko arimak?

        —Trankil —gaixoak ari—, Leteu'ko ura dabelako. Baiña azken orduan Hade'k eta Erio'k zemai (amenaza) ikaragarriak egozten zituen osagilleen aurka, gaixoai ilten izten ez dautselako; olako danak eukezan euren liburuan idatzita. Zu be apuntetara joiazan, baiña ni arein oiñetan auzpeztu nintzan zu ez ziñala egiazko medikua zin-egiñaz, eta errazoi barik salatu zinduezala esanik.

        Ipuin onek ixeka ta barre dagi osagilleen lepotik, berba ederrak baiño esaten ez dakien osagilleen lepotik.

 

 

133. Osagillea eta gaixoa

 

Mediku batek bere zaipean eukan gaixo bat. Il zan au, eta medikuak illetetara joiazanai esaten eutsen:

        —Gizon onek ardaoa itxi ba'leu, eta bisusturak ipiñi, etzan ilgo.

        —Adiskide —erantzun eutsoen—, ezta orain ezertarako balio ez dauanean au esan bear zenduan ordua, leenago baiño, zure onua (kontsejua) ongarri izan eitekenean nunbait!

        Onek erakutsi daroa, adiskideai laguntza emon bear jakela orren premiñan aurkitzen diranean, eta ez jakitun itxuraz berba egin euren auziak galdurik dagozanean.

 

 

134. Mirua eta sugea

 

Miru batek suge bati oratu ta eroan eban goiak zear. Sugeak, arrapakariagana biurturik, kausk egin eutson; biak goitik beera amiltegi batera jausi ziran; eta mirua an galdu zan betiko. Sugeak ordun onela:

        —Zoro! Zergaitik kalte egin nai izan dautsozu egiten ez eutzunari? Zuzen zigortua izan zara ni arrapatu nozulako.

        Gizon batek bere griña txarrak eraginda bera baiño argalagoai kalte dagitsenean, bera baiño indartsuago bategaz aurkitu daiteke iñoizkoren baten, eta orduan kitutuko dauz uste ezean aurretik egin zituan txarkeri guztiak.

 

 

135. Irrintzi egin nai izan eban mirua

 

Miruak antxiña beste abots bat eukan, abots zoliagoa. Baiña bein zaldi: bati entzun eutson irrintzi ederra egiten, eta berak be orrela egin nai izan eban. Baiña saio ta saio ibilli arren, ez eban egokitu al izan zaldiaren abotsa, eta gaiñera, bere abotsa galdu egin jakon. Olan zaldiaren abots barik eta bere antxiñako abots barik geratu zan.

        Izaki xume ta bekaiztiak euren izaeraren kontrako egokitasunak nai izan oi dabez, eta dagokiezanak galdu.

 

 

136. Txori-eiztaria eta suge-gorria

 

Txori-eiztari bat, likea ta likazturiko abartxoak arturik, joan zan eizara. Bidean zozo bat ikusi eban zugatz jaiki baten ganean, eta axe bereganatu nai izan eban; ortarako, ipiñi zituan lurrean sarturik, oi diran lez, zotzak eta adi-adi jarri zan gora begira; burua jasotzean, etzan konturatu, eta lo egoan suge bat zapaldu eban ankeaz; onek, iraulirik, aginka egin eutson. Eta eiztariak, il-agiñean, esan eban bere kolkorako:

        —Doakabe! Arrapakin bat eskuratu nai izan dot, eta ez nintzen oartu neuk neure burua eriotzaren arrapakin biurtzen nebanik.

        Geure urko-lagunari zelata-sarea jarten dautsagunean, geu gara lenengo zori txarrean jausten gareanak.

 

 

137. Zaldi zaarra

 

Zaldi zaar bat errotarriari eragiteko saldua izan zan. Bere burua arriari loturik ikustean, ots-egin eban negar-zinkulinga:

        —Lasterketetan ainbat itzuli eder emon ondoren, ona nun aurkitzen nazan orain bira oneik emoten!

        Ez arrotu, otoi, gaztaroak naiz izen onak emoniko indarragaitik. Askok eta askok aitu oi dabez euren zartzaroko egunak lan neketsuetan!

 

 

138. Zaldia, idia, txakurra eta gizona

 

Zeus'ek gizona sortu ebanean, bizitza laburra emon eutsan. Baiña gizonak, bere adimenari lan eragiñik, negua eltzean etxea jaso eban, bertan bizi izanik.

        Otzak gogor-azten eban egun batez, eta euria goitik, zaldiak geiago eroan ezinda, gizoganaiño eltzen zan bizkor be bizkor, eta aterpea eskatu euson.

        Baldintza bategaz egingo ebala erantzun eutson: zaldiak egokiozan urteetatik zati bat itxi bear eutsola. Zaldiak baietz. Andik laster idia be an agertu zan: ezin eban onek be eroan eguraldi txarra. Gizonak bardin erantzun eutson: ez ebala beragaz artuko bere urteen zati bat izten ez ba'eutson; idiak baietz, eta berarekin artua izan zan. Txakurra be, azkenez, otzaren otzez il bearrean, an agertu zan, eta, bizitzeko eukan aldiaren zati bat itxirik, lortu eban aterpea.

        Ona ondorena: gizonak, Zeus'ek emondako aldia beteten dabenean garbiak eta onak dituzu; zaldiagandik daukezan urteetara eltzen diranean, bulartsu ta arroak dira; idiarenak daukiezanean, agintzaille biurtzen jatzuz: eta txakurraren aldira eltzerakoan, euren bizitzaldia amaituz, asarrekor eta umore txarreko egiten dira.

        Ipuin au ondo dagokio agure marmarati ta triperreari.

 

 

139. Zaldia eta zaldizaiña

 

Zaldizain batek ostu ta saldu egiten eban bere zaldiaren garagarra; baiña, orren truk, egun osoa emon oi eban zaldia garbitu ta txarrantxatzen. Zaldiak esan eutson:

        —Ederra ikusi nai ba'nozu egiazki, ez eizu saldu neurea dan garagarra, neure jatekoa da-ta.

        Alegi onek erakusten dausku: zekenak euren itz ederrez eta koipekeriz jolas-eragin eta alaitzen dabezala burubako ta zuntzunak, bear dabena be ostuten dautsela.

 

 

140. Zaldia eta astoa

 

Gizon batek zaldia ta astoa eukazan. Egun batean, eurok bidez joiazala, astoak bota eutson zaldiari:

        —Ar eizu nire kargatik zati bat, nik daroadan bizimodua interesgarri ba'jatzu.

        Ez entzun egin eutson zaldiak, eta astoa lurrera jausi zan ziplo ta antxe il zan. Jaubeak orduan karga guztia zaldiaren lepora bota eban, baita astoaren narrua be. Eta zaldiak murmur intzirika:

        —Nik bai zoritxarra egiaz! Sorta ariña artu nai ezagaitik, orain zama osoa eroan bear, eta narrua gaiñera!

        Ipuin onek erakusten dausku: aundiak txikiakaz alkartzen ba'dira, biak olan euren bizitza ziurtzen dabela.

 

 

141. Zaldia eta gudaria

 

Gudari batek, gudak iraun eban arteiño, garagarrez janaritu eban bere zaldia, bere neke ta arriskuetako laguna axe bait zan. Baiña, guda amaitu zanean, zaldiak morroi-lanak eta batez be karga astunak ara ta ona eroaten jardun bearra eukon; janaritzat, barriz, lastoa bakar-bakarrik.

        Guda barri baten albistea iragarri zanean, turut-otsez iragarri be, jaubeak artarako jantzi ta iskillotu eban bere zaldia; azkenez zaldira igon zan. Baiña zaldia, indarga, txitean pitean jausten zan lurrera. Atzenean, esan eutson bere ugazabari:

        —Oa orain oiñezkoen artera, zaldia nazala asto egin nok eta. Zelan gura dok asto bat zaldi biurtzea?

        Trankil eta seguru bizi gareanean, ez daiguzan aaztu zoritxarra gaiñ genduaneko egunak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.