Garbitokia
Dante
euskaratzailea: A.O.
IV Kantua
Muiña: Nekez baiña mendira igotzen dan lekura eldurik, bi Olerkariak bide-zidor estu malkartsu baten sartzen dira; esku-oiñekin hide egiñaz dijoazki aurrera, mendiak duen len-ordokiraiño. Emen eseri dira, eta Bergili'k eguzkia zergatik aurkitzen dan bestekaldean azaltzen dio Dante'ri. Onek, berriz, arkaitz itzalpean etzanik dauden arima askoren artean, Belakua alper-ontzia ezagutzen du. Onek adierazten dio nola dauden bertan, bizitz-burura arte, Jainkoagana biurtzea atzeratu zutenak.
Atsegin naiz oiñaze eragiñez gure almenetarikoren bat sorgortu oi danez, arima ere bere baitan kiribiltzen da, eta, itxura danetik, ez dio beste indarri men egiten; au, ordea, guregan arima baten ondoan beste batek arnas dagiala uste dutenen aurka dago; ortik, arimea zur ta lur egiñik daukan zerbait entzun naiz ikustean, aldia gizasemeak konturatu gabe dijoa bere bidean aurrera; bat bait da entzuten duen indarra ta beste bat arimari oso eusten diona; au loturik bezela daukazu, ta aske bestea. Ondo nabari izan nuen au ezpiritu ari entzun eta bera mirestean; eguzkia berrogetamar mailla gorago igoa zan, ni artaz oartu gabe, arima aiek, danak batera, «Or dago zuek galdetzen dezuten bidea» deadarrez asi zitzaizkigun tokira iritxi giñanean.
Nekazariak sarri, maatsak gorrizkatzen diranean, zulo aundiagoa ertsi oi du sasi-eskutadaz, arimak gugandik banandu ziranean guk, Gidariak eta nik, igo genuen zuloa baiño. Sanleo'ra eltzen da. Noli'ra jatsi, Bismantova'ra, tontorreraiño, oiñez ere igotzen da, baiña an egaz egin bear zan, ego ariñez esan nai dut eta gurari bizizko lumaz, itxaropena ixuri ta argia ematen zidan urak zuzenduta noski baiño noskiago.
Aitz zartatuen tartetik zan gure igoera; alde bietatik estutzen ginduzten aien ormak, eta azpi latz malkorrak esku-oiñak erabiltzera beartzen. Arkaitz garaiaren goiko labarrera, leku irikira iritxi giñanean, nik esan nuen: « Ene Maisu, orain zein bide artuko?». Eta ark erantzun zidan:» Urrats bat ere etzaitez atzeratu; jarrai zakizkit mendian gora atzetik, zuzentzaille trebe bat ager dakigun arte».
Oso garaia zan mendi-kukutza, begiekin garaitu eziña, eta aldatza orratz-laurenetik, erdiunera jeisten dan lerroa baiño aski erripeagoa. Nekatua nengoan, eta oiuz asi nintzakion:» O aita samur! Biur zaitez eta ikus; astiroago ez ba'zabiltza, bakarrik gelditzen zara!» «Ene semetxo esan zidan, saia zaitez oneraiño etortzen» . Eta alderdi artatik mendia osorik inguratzen zuen mail-koska bat goraxeago erakusten zidan.
Adorea bait zidaten aren itzak erantsi, saia nintzan aren ondora igotzen, azkenez ere nere oinpean ikusiz aitz-mokor troska. An exeri giñan biok, eguzki aldera begira, igo giñean lekurantz noski, ibilli dan bideari so-egitea atsegingarri izan oi da-ta. Lenengotan nik beeko sakonera zuzendu nitun begiak; gero eguzkira jasorik, miretsia geratu nintzan aren izpiak gu ezker-aldetik joten ikusiaz. Laster oartu zan olerkaria ni sor-lor nengoala argiaren gurdia gure eta Ipar (Akilon) artean igarotzen ikuskatuz. Esan zidan: «Kastor eta Polux, guri goitik eta beetik beren argia bialtzen digun izpillu urarekin batera ba'leude, Zodiako ikusiko zenuke, gorrizkatua, oindio urbillago ikusiko zenuke Artz-izarretatik, biraka noski, bere oizko bidetik irtena ez baldin ba'dabil beintzat. Au nola daiteken jakin nai ba'duzu, irudi ezazu, zeure baitan bilduta, Sion eta mendi au, onela daudela lurraren gaiñ, biak dauzkate osertz berdiña eta boil-erdi ez-berdiñak; ortik, ba, ulermena argi ba'darabiltzazu, laster ikusiko duzu, Faeton'ek bere txarrerako ibiltzen jakin ez zuen bidea naitaez doala mendi onen alde batetik eta lenengoaren alde aurkakotik.
«Egi-egiaz, ene maisu erantzun nion, ez nuen egundo orren argi ikusi adimurri nirudian alako gauzetan, orain bezin nabari, goiko borobillaren erdian dagon oboa, lur-gerri edo antzeren baten Ekuadora deritzana, eta beti uda ta negu tartean dirauna; ori dala-ta, emendik urrun dago ipar aldera ebertarrak alde berorantza ikusi oi zuten bestea. Baiña, eder ba'zaizu, leiatsu jakin nai nuke zenbat bide ibilli bearra dugun oraindik, mendi au nik begiz iritxi daikedan baiño gorago igonik doa-ta».
Ak jardetsi zidan: «Alakoa bait da mendia, igotzen asikeran beti neketsu, baiña batek gorago ta neke gutxiago nabaitu oi dizu. Orixegatik, urtiraren barna leun-leun doan ontzia bezin azkar zoazala iruditzen zaizunean, orduantxe zagokez bide-txiorraren azkenean. Gorde ordukoxe zure atseden-irritsa. Ez dizut beste ezer eskatzen, auxe bakarrik bait daukat ziurtzat».
Ark itzok ebaki besterik ez, abots au aditu zan ondoxean: «Aurretik, bear bada, eseri bearra izando duzu!» Ori entzuean buruak biur genitun biok, eta arkaitz mokor aundia ikusi genun geure ezkerretan, aurretik ez nik ez arek auteman ez genuena. Urbil giñan arengana, eta arkaitz ostean nor batzuk ikusi genitun; itzalpean gizaki nagi-ustelak egon oi diran bezela, etzanik eta geldi. Areitatik bat, niri nekatua iruditu zitzaidana, jarririk zegoen eta belaunak kurutzaturik, arpegia beuron artean eukala.
«O ene jaun atsegin! jalgi nuen nik; jar ezazu begia, zakur zuria bere aizpa ba'lu baiño ere fardelagoa dirudin orregan». Ura ordun guregana itzuli zan, aztertu giñuzan, bere berna-gaiñez begiak bialtzen zizkugula, eta irauntsi zuen: «Zoaz, ba, gorago, ain adoretsu agertzen zarean azkero!».
Ordun oar nintzan nor nuen; oraindik ere arnasa iñausten zidan pizkat, baiña ez nuen oztopo izan arengana urreratu nendin; eta ni bere ondo-ondoan ikusiz, oztoztan jaso zuen bere burua, esanaz: «Ondo ikusi ote duzu eguzkiak nola daraman bere gurdia zure ezker aldetik?» Aren ikara nagi ta itz laburrak erdi-iriki zizkidan ezpaiñak irri-parretan; gero asi nintzakon esaten: «Belakua, onezkero' ez natzaizu errukior, baiña esaidazu: zergatik zauzkat emen ain eseria? Bidariren baten zai al zagoz? Edo-ta betiko nagikeriak mende bir-artu?».
Eta arek: «Ai, anai! Zer ete dakar gora igotzeak? Jainkoaren aingeruak, ba, garbitokiko atean jarrita dagonak ez dit araiño irixten utziko. Leenen bearrezko da, zeruak ni kanpo nengoela, nere bizitz-aldian eman zitun aiña bira eman ditzala nere inguruan, nik azkeneraiño luzatu bait nituen nere damuzko negar-zotiñak; Jainkoaren grazian bizi den biotz batetik jaikitako otoitzak lagun ez ba'datorzkit, besteak zer balio didate, zeruan entzunak ezpa-dira?».
Olerkaria, bitartean, igoaz joian gure aurretik, au esanaz: «Zabiltza onezkero; begira, eguerdi-orratza ikutzen dago eguzkia, eta gauak ere laster jarriko du Marruek itxas-ertzean bere oiña.
|