Hitzak
Karlos Santisteban
Etsipenez
Paper asko beharko nuke
ukan
zerbaitto idazteko
idatzi
eta aldakortasunean finkatu
tinko.
Tinta ugari nahi nuke
nahi
beharko nituzkeen paperak
burutapenez margotzeko.
Ez dut
ostera
beharrezko
odola
neure nahiak
neure nahiez
gorritzeko.
Besteren gorriak
odolduko ditu
hitzak...
Mahai gaineko
ogitxo puxkek
ez dute asetzen
ez dute asetzen
nire jangura
haundia.
Askatasun-horbelak,
biziazkenean erori,
ez daki zertzen
nire hegalaldi
garaia.
Munduko basotzarrek,
zuhaitzen tapaki,
ez dute estaltzen
nire begien
b-a-s-a-m-o-r-t-u-a.
Nire etxeko ateek,
otsoen jarleku,
ezina dute hertsi
ernaltze-polenen
bidea.
Nire mihiaren ahoak
ezin, ez, dezake,
hartu
hitz guztien
saporea.
(Eta nire tximiniatik kea iheskor...)
Utz nazak, arren, baketan
gezurrezko hitz arina;
naramaten, betiko, haizeek
dagokidan hildotik bizi.
Askotan, bai!, entzuna diat
hire ahoan toleskeria;
guttitan ordez ikusi haut
baieztatzen elekeria.
Utz nazaten nire txokoan
zinismoaren mozorroek;
neure burua bakartzea nahiago baitut
zinizmopean irautea baino.
Mundutik at zertuko dizkiat
neure baitaren aiherrak;
neure kabuz dena egingo
ixilik bakardadean.
(Baina lur gainean gauden artean
oraina dugu
hurrengo xede...)
Mihi zorrotz
oihu ozen
hitz biluzi
oihartzun motel,
MIRANDE.
Populua edena zegok
hira basotiko
hondakinez,
eta oraino, egarri,
duk,
Mirande...
Zorro gabeko
hitzak
eskaini hizkigun dohainik,
zorretan gaituk
milesker!
Euskal Herria
iratzarriz zihoak,
heuga,
eriden ibilbide...
Hire, Mirande, hitzak,
zabaldu behar dizkiagu!
(Ni umezurtz hirekin...)
Tauki-tauki
euki-euki,
tauki-tauki
mailu eta beso...
Ingudea mutu
mailua entzungor;
hitzaren errementari
diagu, eguna,
hauxe eguna!
Ferra iezadak!
nire nihiaren ahotsa
(desgastatuz baitoa hitza)
eta
a!, orain ozendu-bizi!
Hitza behartsu zegok,
ba dik,
aldiz,
harotz.
(Taukika-taukika,
honetan, hitza...)
Aizak!
Aizak!
eten pixkat urratsa.
Aizak!
Aizak!
atzetik aztarnak mintzo.
Ez zaidak solasketa laket
baina ba nian amiltzen hitza;
ez diat, agian, zeren;
noren, bai, ordea.
Hatorkit, bada, gaurkoan
malkor honetara
larratuxea baitut gogoa.
Aizak!
Aizak!
hasperen hori duk egia.
Ez zekiat gizagaixo honek,
benetan aiherra nabari
eta egiazko hitzak dituk.
Aizak!
Aizak!
entzun daukadan egia.
Ez nikek egingo okerrik
negikeena... hutsik... bakarrik;
eta horretan ba duk,
NEU nauk,
hiretzat nire gorputza zegok
(nire hutsa)
Otordua iritsi zaigu
guri
hagingabeok,
betiko barauretan behar!
jangura betiko jasan!
Aizak!
Aizak!
bego berean joana.
Tzitzi-Pitzi
tzurruntzuntzu;
zurrustada batto
Tzutzu-Putzu!
Pittinka-Pittinka
piri-para;
oilar goiztarrak
«kukurruku».
Esan. Esan.
Arren. Arren.
Hits.
Hitz.
Hitz
hits
ni.
Euskara
Txairo-txairo
lirain, edder,
a!, bizi-lorea!
Anitz urtetan
ohe-lagun,
bizi-lagun,
nigan izana.
Mozkorti nauk
hire ardotan itoa,
hainbat aldiz!
hire leihoan suizida.
Akelarre diagu!
maitteño kuttuna,
larunbat iluna
biluzik gorputzak!
Argizagiak dar-darkari
jolasaren
ikusle urrunak.
A! maitte maitteño
nire labearen
lama,
titi emankor...
Hitz zaharra
ahots galdua,
fosil herdoildua;
utz lekua
ekintza azkarrez
gaurko egunari.
Giza haragi
haragian giharre
giltzaturiko
kontzeptu-mailu.
Gogotik
gizontxo koxkor,
edan
gezal gazitik;
irudizko itsaso honetan
ur haundiko
dabilur goxo...
Nora zoaz
nigandik
ponpoxa;
nora zoaz
punpuila hauskorra...
Zergatik batzutan
sarkor
hezerik;
zergatik bestetan
agor
biluzik.
Klimaxean hiztegi loretsu
alimaleko basamortu hoztean.
Hitz-jario
iturri oparo
arbasoan ahoetan.
Ezti goxo
usain zaharra
euskaldunen zuhaitzetan.
(gaur)
Gatazka erreta
liskar ezberdin;
bularrak tente
begiak mintzo.
Disputa itzela
borroka mingarri;
burua lepoan
ta jarrai aurrera!
(bihar)
Goiztiri arriskutsuan,
garaiz,
ilunsentia heldu;
meatzeetako burdin indarra
giza zizel trebetsu egingo.
Ideien bidaztiak
izango gaitu bere altzoan;
ateka hertsiak
ireki ukitu;
baldinezko uretan...
bakea...
Ahaidekeriaren hitzak
ez dira
semez erdiko;
eta apaldura bakarrik
ilobek haziko.
Semantikaren hitzuntziak,
enbataren indarra lagun,
zehartatuko ditu adorez,
esames arrunten hitz-mugak.
Ziñezko hitzak
Neguko gau hotz hartan
gizadia ixildu ondoren
nahikundeak zertzeko eretian
jantziak oro erantzi.
Haragiak suzko dantzari
hotza jokuek irion,
honantz-harantz zirkinka
oldarkor zainak, hanturik.
Gelatxo zantar idortuan
sabaileihotik hilargi-guneak,
eboluziozko iheste gorritan
elkarren arteko orekan.
Gainerakoa orduan sobera
mundukoi guztia debalde,
gartzelaturiko lixturak oro
honetan zaintxuri tenk.
Pirpiren ispilu hertsian
bederen batetan ausart,
maitasunezko haziak blai-blai,
azala lohitze bizian.
Kanpotiko lurrinik ez dager,
giza lurrinak bakarrik omen,
hilzorian atzoko orduak,
etortzear uhin kuttunak.
Zerraldo mihi petralak
lurpean dauka hobia,
hodeiertz zabala hurrean,
extasiaren hunkipena hurbilkor.
Ingurua delizien bidetan
hasperenen hezea dastatzen,
horretara hitza EGIA
dena kontatzen duena.
Hitz edderrak
Pailasok deitu ninduen
komedianteen etxera
eta ni eramatera
etorri nirera.
Aurpegi-barra
xamurrak
erakutsi zidan etxea
Pailasoren etxetxoa...
Handikan ibilia
eriden nuen gaueko
eta argiko txoriñoa.
Pailasoren etxean
denok daukagu tokirik
geure
tristezian...
Nork ez du amestu
Pailasoz
bere haurtzaroan?
Hurrundik
Aberriaren deia
zein indartsu urrutiko soinuz!
zein ezberdin
atzerriko ispiluz!
Haizearen horbeltxoa barreiatzen da
gure antsien eremu
irekietan,
eta nahi genuke
arbola tantaia
hezerik
bizitsu... dastatu oso.
Iturriñoaren uretik
datorkigun abesti bustia
zein lehor urruneko errekan!
(Gure itsasoa handia da...)
|