Aldaketa
Jose Mari Azpiri
Nere Ait-amak erabakirik
Ni mundura ekartea,
Euren izen da ondasun danak
Aurrera eramatea,
Jainko onari eska ondoren
Beraren borondatea,
Apurturikan sabel barnean
Lotutzen nitun katea,
Ama maiteak iriki zidan
Mundu ontako atea.
Negarrez egin omen nuan nik
Mundu onetan sarrera;
Baiño etxeko danak pozikan
Artu nere etorrera.
Garbitu eta eramanikan
Amaren beso artera,
Aspertu gabe nai zuan aña
Laztan neri ematera,
Gero, zai zauden bularretatik
Esne ona edatera.
Urteak joanik beti aldatzen
Oi dira lurrean gauzak.
Aldatze oiek neretzat beintzat
Ez dira izan errezak.
Utzi nituan garai bateko
Ipuñak eta jolasak;
Aldatu nere txiki denporan
Ibilitako solasak,
Aspalditikan buruan ditut
Beste erako amesak.
Lo-gelan sartu bakarrik eta
Irikirik leiotilla,
Nere amesak argitu nairik
Asi nintzan egi billa.
Burua jaso nuan unean
Biztu zaidan barne illa.
neri begira parrez zegoan
Leiotikan neskatilla,
Itz batik ere ez nion egin
Naiz gogoan izan milla.
Une berean argiturikan
Neregan nitun zalantzak,
Kontura nintzan zergatik zidan
Aspaldiko nere gaitzak.
Maite-mindurik aurkitzen zera
Esaten zidan biotzak;
Utzi ezazuz alde batera
Zure kezka eta lotsak,
Baña ez aztu lore artean
Sortzen dirala arantzak.
Lilluraturik aurkitzen ba-naiz
Zergatikan izan lotsa?
Orain arteño ez nekin zer-zen
Maitasunaren jaiotza.
Baña oraintxe ezagutu det
Ames guztien ardatza.
Biztu zaitez ta irten plazara
Gaixorik zauden biotza,
Eta eskeiñi maiteñoari
Zorioneko bizitza.
Neskatxak nola jarraitzen zuan
Leiotik neri begira,
Itz egin nion, esanaz maite,
Jetxi zaitez atadira.
Zuri aitortu bearrez nago
Ta, gauza on-onak dira.
Nik illunean ez det nai ezer
Etorri zaitez argira.
Alkar maitatzen duten gazteak
Egoten diran tokira.
Gu aurrez-aurre aurkitutzean
Etxeko malladietan,
Nere asmoak agertu nairik
Asi nitzaion izketan.
Maite al nozu? Galdetu nion;
Esaidan oraintxe bertan.
Malko darioz begiak eta
Irriparra ezpanetan,
Bai maite zaitut; erantzun zidan,
Gañera bene-benetan.
Au entzutean eztakit nola
Biotza etzaidan lertu,
Gorderik zegon izar berri bat
Orain neri zait agertu.
Leno arantzadi zan tokia
Loretegi da biurtu.
Orretxegatik kezka guztiak
Egingo ditut agurtu,
Eta lorerik ederrenakin
Bizi guztiko alkartu.
Gure artean sortuko balitz
Garbitasunan etsairik,
Sekula ez ditut bizi guztian
Galduko zure lotsarik.
Maite diranei etzaie falta
Jainkoaren laguntzarik.
Mundu onetan nik ez nuke nai
Zu gabeko bizitzarik.
Maitasun utza zera loretxo
Zugan ezta arantzarik.
|