L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1984 (1987) —Hurrengo artikulua







 

 

Politikari berriei

 

Jose Antonio Gesalaga «Zaldubi»

 

Emanaz politika

berriaren berri

bertsoak jarri diet

hamaika akerri,

lana baino hobe da

gezurra elkarri,

mingaina arina ta

ezer ez ekarri,

engainatu sarri

kale ta baserri,

dirutan hasberri,

gose ta egarri,

heuren esanak dira

engainagarri.

 

Eskeintzeko orduan

ez da hain makala

besterena eskaini

berea bezala,

denei adierazi

abertzale dala,

bainan mitin denetan

erderaren gala,

horrek du apala,

gezurra nahi hala,

ez da hain apala,

gerriz da zabala,

sinesten dion horrek

eros dezala!

 

Mitinean ari dela

gogor ohiukatu

horrek hasitakorik

ezin du bukatu,

fraileen sermoi denak

ditu azpiratu,

mundua zeru gisa

nahiz horrek famatu,

lanean nekatu,

eskuak zulatu,

nekez etxeratu,

inoiz ez gozatu,

lanak du langilea

madarikatu.

 

Politikoak ez du

lanaren beharrik,

hitz gozo asko bainan

dena da alferrik,

inoiz ez du aipatzen

dauden gauza txarrik,

horri entzuten inoiz

ez galdu indarrik,

ez dago bakarrik,

begi iratzarrik,

ba ote du negarrik?

Hainbat lotsagarrik

merezi du askotan

gauza ederrik...

 

Gezurrak esan ditu

denak banan, banan,

inork ere ez daki

horrek zer daraman,

ongi agertu ditu

nik sines ditzadan,

horrek uste ote du

ergel ote garan?

hitzegin patxadan

botatu dezadan,

dena nahi eraman

ta sines beragan?

hamar eskaini eta

bat ezin eman.

 

Gauzak jarri ditu

horrek azpikoz gain,

gezurra dela dena

hartu diot usain,

hitzak esanagatik

ahal bezain apain

guztiak esan ditu

merke edo dohain,

promesetan bikain,

emanetan hebain,

zorrak ezin ordain,

bainan bera lirain,

horrek izan nahi beti

herriko artzain.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.