Etxean daukadan xaguari bertsoak
Jose Antonio Gesalaga «Zaldubi»
Xaguaz behar dut hasi
bere kontuk kontarazi
etxean sartu ta egin zaigu
etxeko nagusi,
gauez asko amorrazi
bere soinu eta guzi,
zenbat gauetan horrek dit neri
loa galerazi!
Negua hemen igaro
ta horrek jan du oparo,
denetik nahiko daukan lekuan
bizi nahi luzaro,
katurik ez du itxaro
ta nagusitu zeharo,
etxe honetan xaguarentzat
beti da uztaro.
Nauka amorruz beterik,
ez dut pentsatzen besterik:
ez dudala nahi gehiago hemen
hori egoterik,
ezin asetu goserik,
ez dago aberasterik,
tranpa guztiei ihes eginik
hor dabil librerik.
Zuloak nahi ditut itxi,
bainan ezin dut iritsi,
itxi orduko beste aldetik
xaguak dit hautsi,
ezin daiteke sinetsi
beregan hainbat zientzi,
etxea neure izanagatik
ezin diot eutsi.
Ekarriko dut katua
xagu madarikatua!
inork ez dakin egun txarrean
nere etxera sartua
eta hontaz gustatua
nahiz ni egon naskatua,
gaurtik aurrera bila ezazu
beste ostatua!
Agur eta hurren arte
joan zaite txit aparte,
pakea eman ezazu behintzat
ikusi bitarte,
txarrak dira zenbait urte
janari gutti dakarte,
munduan zehar izan ezazu
hemen haina zorte!
|