Ezkillaren deia
Usarraga-zar
Ermitatxoko kanpaia
entzun det zure din-daia.
Gizonen billa zeartu dezu
egurats aize ibaia,
meza santura deitutzen omen...
neure mezetara naia.
Mendi-bide aldatzean
baserri baten ertzean.
Amonatxo bat mar-mar goxoan
bere bakar otoitzean,
billobak lagun zituelarik,
bana esku bakoitzean.
Amonatxo au galtzadan
beste bat ango estradan,
lizar arteko bide-askatik
aiton bat nun agertzen dan,
danak goruntza, fede batzarra
ospatzen bai da ermitan.
Elduz Eleiz atarira
samiñez negon begira.
Aiton amon da aurtxoak zeuden
gazteak nun ote dira?
kristau larreko osiñan iges
ez al doaz otadira?
Orma zar auen babesa,
torreko ezkillen otxa,
madarikatuz zergaitik zabiltz,
jaurtiz biraozko pitxa?
bizi poz gabe nora zijoaz
gizaki soil barru utxa.
Ordez ermita barruan
gaurra lotuaz geroan,
ongi naiaren aterpe ontan
ni baitan pentsatzen nuan,
gizona gizonago ote dan
fedearen esparruan.
Altaretikan apaiza
batzarre onen ardatza,
ain zan aberats auzotar auen
sinismeneko baratza,
osagarritzat eskeini nien
nere bertsozko otoitza.
Egunon eleiztar anai,
berdin etorri ezdanai,
erri maite au biur dezagun
pake ta zorionan kai,
gorroto sasiz estalitako
erririk ez genduke nai.
Aita, zein egun aundia
entzun gure eskaria,
erri zar oni goza eiozu
miñez dadukan zauria,
negarra eta samiñan ordez
eman poza ta irria.
|